63. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

HIRIBERRI AEZKOA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Hiriberri Aezkoako Udalak, 2020ko abuztuaren 2an egin osoko bilkura arruntean, hasierako onespena eman zion Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzari.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2020ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 24an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta gertaera hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

ORDENANTZA, HIRIBERRI AEZKOAKO HERRI-LURRETAKO
APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Hiriberri Aezkoa udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, betiere Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua alde batera utzi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Hiriberri Aezkoako Udalak herri-ondasunei dagokienez hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Administrazio Lokalari buruzko Foru Legean eta hori garatzeko Erregelamenduetan ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak baimena eman beharko du eta, hori baino lehen, Hiriberri Aezkoako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea eginda, Hiriberri Aezkoako Udalaren herri-ondasunen inbentarioan sartuko dira berriro.

Administrazio Lokalari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahi tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean eratutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Hiriberri Aezkoako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuta. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

9. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahalko da, zehaztuko den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Hiriberri Aezkoako Udalak itzuli egin beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

11. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lur horiek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

12. artikulua.

1.–Oro har, Hiriberri Aezkoako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako edo abeltzaintza-ustiategietako titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den edo judizialki gaitua dagoen adingabea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa erregistratua egotea gutxienez urtebeteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

3.–Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Hiriberri Aezkoako Udalak osoko bilkuran batzarturik, Mendien Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

13. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalaren herri-larreek baterako ustiapen-unitatea osatzen dute, eta honako aprobetxamendu-eremu hauetan banaturik dago:

a) Berrendi mendiaren goiko esparrua, hegoaldean eta mendebaldean Berrendi haitzarekin eta iparraldean Aezkoa mendiarekin muga egiten duen lursail guztia hartzen du.

b) Berrendi haitzaren azpiko esparrua, iparraldean Berrendi haitzarekin eta gainerakoan 1985ean eraikitako arantzadun alanbrezko itxiturarekin muga egiten duen lursail guztia hartzen duena.

c) Gainerako herri-lurrak, Hiriberri Aezkoako udal-mugartearen larreen aprobetxamendurako irekitako herri-lur guztiak –a) eta b) letretan sartzen ez direnak– hartzen dituena.

14. artikulua. Herri-larreak modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan aprobetxatutako dira:

a) Herritarrentzako zuzeneko esleipen bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

15. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo lagatzeko. Horretarako, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan alta emanda egon beharko da eta helbidea Hiriberri Aezkoan izan, uztailaren 2ko 150/2002 Dekretuari jarraikiz; era berean, ordenantza honen 12.1 artikuluan xedatu baldintzak ere bete beharko dira.

16. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua azienda larriarentzat (behorrak eta behiak) eta azienda xehearentzat (ardiak eta ahuntzak) gordeko da. Bazkatzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Hiriberri Aezkoako Udalak irizpide hauek zehaztu ditu:

a) Berrendi mendiaren goiko esparrua.

Azienda mota orok bazkatzen ahalko du, abelburuen mugarik gabe, urriaren 1etik maiatzaren 10era bitarte.

Maiatzaren 10etik uztailaren 6ra bitarte, debekatuta egonen da Berrendi mendiaren goiko esparruan azienda mota oro sartzea.

Uztailaren 6tik urriaren 1era bitarte, azienda larriak bazkatzen ahalko du, betiere 17. artikuluan abeltzaintza-ustiategi bakoitzerako ezarritako muga betez.

b) Berrendi haitzaren azpiko esparrua.

Azienda mota orok bazkatzen ahalko du, abelburuen mugarik gabe, urriaren 20tik maiatzaren 10era bitarte.

Maiatzaren 10etik uztailaren 6ra bitarte, azienda mota orok bazkatzen ahalko du, betiere 17. artikuluan abeltzaintza-ustiategi bakoitzerako ezarritako muga betez. Horri dagokionez, Udalak 2 bazkatze-eremu markatzen ahalko ditu, azienda larria eta xehea bereizita.

Uztailaren 6tik urriaren 1era bitarte, azienda xeheak baino ezin izanen du bazkatu eta Udalak adierazitako bazkatze-eremuan, betiere 17. artikuluan abeltzaintza-ustiategi bakoitzerako ezarritako muga betez.

Urriaren 1etik urriaren 20ra bitarte, azienda mota orok bazkatzen ahalko du 17. artikuluan abeltzaintza-ustiategi bakoitzerako ezarritako muga betez, eta Udalak bereizten ahalko ditu, azienda larrirako eta xeherako ezarritako 2 bazkatze-eremuetan.

c) Gainerako herri-lurrak.

Gune horretan azienda mota orok bazkatzen ahalko du, abelburuen mugarik gabe, urte osoan.

17. artikulua. 16. artikuluan xedatutako salbuespenak salbuespen, Udalak herri-lurretan bazkatzen ahal duen gehieneko azienda karga finkatzen ahal du urtero, Larreak antolatzeko Planaren bitartez edo Osoko Bilkuraren erabaki bitartez, herriko abelburu kopuruaren arabera, baita herri-larreen bolumenaren eta kalitatearen arabera ere.

18. artikulua. Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kalitatea eta bolumena lortzeko komenigarri izanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eskualdeetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Hiriberri Aezkoako Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

19. artikulua. Bazkatze-eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Hiriberri Aezkoako Udalak honako baliokidetza hau finkatu du azienda mota ezberdinen artean:

AZIENDA MOTA

ADINA

AzLU BALIOKIDETZA

Behiak

heldua (2 urte baino gehiago)

1

zekorrak (1-2 urte)

0,70

Behorrak

heldua (2 urte baino gehiago)

1,5

Moxalak (2 urte baino gutxiago)

0,70

Ardiak

0,15

Ahuntzak

0,60

20. artikulua. Honako erabilera hauek berariaz debekatuta daude:

a) Txerriek bazkatzea.

b) Simaur mordoak uztea.

c) Aziendari jaten ematea.

21. artikulua. Berrendiko larreetan dauden finken jabeek finka horiek bazkatzeetatik kanpo geratzea nahi izanez gero, hesitu egin beharko dituzte. Udalak, jabeari laguntzeko, itxituretako taketak emanen dizkio.

22. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak abeltzaintza-ustiategiaren liburuan erregistratuta egon beharko du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen denaren arabera, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu saneamenduari, gaixotasunen tratamenduari eta hildako animaliei dagokienez.

23. artikulua. Larreen aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten abeltzaintza-ustiategiek Udalak urtero zehazten duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, dagokion epean eta moduan.

24. artikulua. Udal-aurrekontuaren onespena dela-eta, Udalak urtero finkatuko du larreen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona, azienda espezie eta larratzeko eremua bakoitzerako.

25. artikulua. Hobariak. Murrizketa berezia ezartzen da lanbidearteko gutxieneko soldataren pareko edo horren azpiko pentsioa jasotzen dutenentzat.

Ordenantza honetako arautzen diren zerga-egitateei dagokien kuotaren partea %50 murriztuko zaie orokorrean aplikatzen denaren aldean, ordaintzera behartuak Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren prestazioa jasotzen badu, non eta prestazio horren zenbatekoa ez den lanbidearteko gutxieneko soldata baino handiagoa, edo halako 1,2, gehienez ere, ezkontidea badu edo ezkontzaren antzeko harremana duen norbaitekin bizi bada, bien dirusarreren guztizkoa batuta. Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo desgaitasun bat duten dirusarrerarik gabeko seme-alabak), lanbidearteko gutxieneko soldata halako 0,2 handituko dira aipatutako muga ekonomikoak, mendeko pertsona bakoitzeko.

Nahiz eta aurreko baldintza bete, ez da murrizketa berezi horretarako eskubiderik izanen baldin beste dirusarrera batzuen bitartez urtean lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen bada, izan eskatzailearen beraren dirusarrerak nahiz etxean harekin bizi direnen sarrerak. Orobat, eskatzailearen edo bizikideen ondare higigarria nahiz higiezina ez da izanen 21.000 euro baino handiagoa, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Eskaera.

2. Jasotzen den prestazioaren ziurtagiria.

3. Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizikideen dirusarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.

4. Bizikidetzako ziurtagiria, Udal Erroldakoa.

Betiere, murrizketa bereziaren onuraduna izanen da larreen aprobetxamenduaren titular.

Udalak edozein unetan ikuska dezake murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen dio baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunei, baita behar diren frogagiriak aurkezten ez dituztenei ere.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Nafarroako Gobernuak onartu eta Mendi Ataleko langileek, udalerrian indarrean dagoen Basoak Antolatzeko Planaren arabera, markaketa egin ondotik, Hiriberri Aezkoako Udalak etxerako epaitza edo egur sorta emanen die urtero ordenantza honen 12.1 artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, eskabidea aurkeztu baldin badute Udalak ezarritako epean eta moduan.

Era berean, epaitz edo egur sorta bana bi urtetik behin emanen zaie familia-unitateei, betiere titularrak arautegi honen 12.1 artikuluaren c) letran xedatutakoa betetzen ez badu.

27. artikulua. Epaitz edo egur sortak zuzenean baliatu behar dira, pertsonalak eta besterenezinak dira eta ezin dira saldu, ezta laga ere, baldin eta, azken kasu horretan, Udalak ez badu berariaz baimenik ematen.

Aprobetxamendu-epea urte naturaleko abenduaren 31n amaitzen da. Nafarroako Gobernuko Mendien Atalak errekonozimendu-akta egiten duenean aprobetxamendua gauzatu gabe baldin badago, ezin izanen da beste sortarik eskatu egiteke dagoen aprobetxamendua gauzatu arte.

28. artikulua. Sortaren aprobetxamendua egiteko, Udalak egindako mozteko lizentzia izan beharko da. Mozteko lizentzian, 28. artikuluan jasotako aprobetxamenduaren baldintzatzaileak zehaztuko dira eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Mendien Ataleko langileek entrega-aktan adierazitakoak.

29. artikulua. Sortaren aprobetxamendua egiteko, gutxieneko segurtasun-baldintzak bete beharko dira arropari, oinetakoei eta babes-kaskoari, zuhaitzak mozteko tresnen erabilerari eta abarri dagokionez, Mozteko Lizentzia emateko unean indarrean dagoen legedi sektorialari jarraikiz.

30. artikulua. Zuhaitzak moztea eta ateratzea honako baldintza hauek betez eginen da:

1.–Debeku da adjudikatutako sorta pistak bustita edo hezeak dauden egunetan ateratzea.

2.–Ezin izanen dira zuhaitzak arrastaka eraman pistetan barna.

3.–Adarrak ahalik eta gehien aprobetxatu ondoren, pistatik kanpo atera beharko dira eta, nolanahi ere, ez dira pilatuta utzi behar, ahal dela. Sorta tokian bertan aprobetxatzen baldin bada, kasu horretan ere ez da pilatuta utziko, ahal dela, landare gazteak ez kaltetzearren.

4.–Alanbre-hesi, pista, areka, estolda, aska eta abarretan eragindako kalte oro lehenbailehen konpondu beharko du kaltea egin duenak.

Ez bada betetzen, urtebetez egur sorta jasotzeko eskubidea galduko du, zigor modura; horrek ez du esan nahi Udalak ez duenik eskubiderik izanen eragindako kaltea konpon dezan edo kaltearen balioa ordain dezan eskatzeko, dagokion zigorra jartzeaz gain.

31. artikulua. Eroritako haritzak. 12.1 artikuluko a), b) eta d) letrak, gutxienez, betetzen dituzten familia-unitateek eskatzen ahal dituzte. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko da Udaletxean; Udalak, Nafarroako Gobernuaren Mendi Atalaren bitartez, kubikatu eta tasatu eginen ditu.

32. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean. Hobariei dagokienez, 25. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

33. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalak egur sortak ematen ahal ditu eraikuntzarako, nekazaritza-lanabesetarako edo beste behar batzuetarako. Adjudikazio hori eskuratzeko, ordenantza honen 26. artikulutik 30. artikulura bitarte xedatutakoari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

34. artikulua. Ehiza-barrutiaren eraketa –herri-lurrak barnean hartzen dituela– eta ehizaren aprobetxamendua honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta hura garatzeko araudian, eta Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan.

35. artikulua. Ehiza-aprobetxamenduek, gainera, Ehiza Antolatzeko Planean eta aprobetxamendu bakoitzaren adjudikazioa arautzen duten Baldintza Agirietan bildutako jarraibideei jarraituko diete.

36. artikulua. Udalaren baldintzak bete beharko ditu herri-lurren okupazioak, herri-lurretan harrobiak ustiatzeak, eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntzak. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez, gutxienez, eta onespena eman beharko du Foru Erkidegoko Administrazioak.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

37. artikulua. Hiriberri Aezkoako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horien eraginpeko proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

38. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz familia-unitate interesdunek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute. Hona hemen segitu beharreko prozedura:

1.–Hiriberri Aezkoako Udalaren erabakia, onespena emanez dagokion proiektuari eta herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamenduari.

2.–Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta erakundearen erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

3.–Nafarroako Gobernuaren onespena.

39. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu eraginpeko herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei eragiten zaizkien kalte eta galerengatik ez du kalte-ordainik emanen, ezta lurretan eginak zituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

40. artikulua. Tokiko erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

41. artikulua. Faltak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

1) Falta arinak: baliatzea zuzenean eta pertsonalki ez gauzatzea; 28. artikuluko baldintzak ez betetzea.

2) Falta astunak: 20. artikulua ez betetzea; debekuen egunak ez errespetatzea; bazkatze-eremuak ez errespetatzea; azienda bazkatzen izatea Udalari horren berri eman gabe; falta arinak metatzea; hildako animaliak abandonatzea; azienda larreetatik ez ateratzea Udalak hala eskatuta; dagokion auzo-aprobetxamendua behar ez bezala edo osoki ez egitea; herri-lurra adjudikatu denaz besteko xede baterako erabiltzea.

3) Falta oso astunak: falta astunak errepikatzea; nahita gaizki tratatuta aziendei min egitea.

–Udalak faltatzat hartzen ahal du herri-larreak zuzen ez aprobetxatzea, eta larritasunaren araberako zehapena ezarriko du, Ordenantza honetako zehapen-prozeduraren eta falten mailaketaren arabera.

42. artikulua. Faltengatik ezarriko diren zehapenak honako hauek izanen dira:

–Falta arinak: 50 euroko isuna.

–Falta astunak: 51 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna, eta larreetatik eta/edo beste aprobetxamenduetatik baztertzea urtebetetik 5 urtera.

–Falta oso astunak: 1.200 eurotik goitiko isuna eta Jarduera Lizentzia iraungitzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Hiriberrin Aezkoa, 2021eko urtarrilaren 20a.–Alkatea, Miriam Burusco Arrese.

Iragarkiaren kodea: L2103132