60. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

65E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, larrialdietako egoeretan ekintza humanitario espezializatuaren arloko dirulaguntzen deialdia onesten duena 2021erako. DDBN identifikazioa: 550191.

Krisi egoerei aurre egiteko gaitasun txikia duten populazio ahuletan naturak edo gizakiak eragindako hondamendien kopuruak gora egin izanak nazioartearen erantzun humanitario azkar eta espezializatua eskatzen du. Nafarroako erakundeek, gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziari adi, funtsak bideratzen dituzte giza tragedia horien ondorioak gutxitzeko eta herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrean laguntzeko ekarpen solidario gisa. Funts horiek Garapenerako Laguntza Ofizial gisa ematen dira, eta, zehazki, laguntza humanitariorako eta larrialdietarako bideratzen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da, garapenerako lankidetzako ekintzak sustatzeko, besteak beste, funts publikoak erabiliko direla, eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzaren modalitateetako bat laguntza humanitarioa dela, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden populazioei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.

Isthanbulen 2016an egin zen Laguntza Humanitarioaren Munduko Gailurra gertatu eta gero, Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzaileak bere gain hartzen ditu “Grand Bargain” delakoaren konpromisoak, besteak beste ukitutako tokiko herritarren parte-hartzea, bere gaitasunen indartzea, eskubideen babesa eta erantzunen koordinazioa, laguntza humanitarioaren oihartzuna eta eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Era berean, larrialdi egoeretan berehalako erantzuna ematea beharrezkoa dela adierazten da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da urteko deialdi baten bidez ezarri eta finkatzea ekintza humanitario espezializatuko proiektuak 2021ean gauzatzeko dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak, dirulaguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, kontrolaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa, eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko orduan ekitatearen eta efizientziaren printzipioak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Larrialdietako egoeretako ekintza humanitario espezializatuaren arloko dirulaguntzen deialdia onestea 2021. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira 240.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004 91100 4819 143103 partidaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak, larrialdietako egoeretako ekintza humanitario espezializatuaren arloko dirulaguntzenak, 2021erako

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak dirulaguntzak banatzeko deialdi bat egin du 2021erako, nazioarteko lankidetzan espezializatuta diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE aurrerantzean) ekintza humanitarioaren arloan egindako esku-hartzeak finantzatzeko.

2. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGE-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

3. Ekintza humanitariotzat hartuko dira populazioen aldeko jarduketa ez-baztertzaileak, bereziki, garapen bidean diren herrialdeetako populazio ahulenen alde egiten direnak. Laguntza hau hondamendi naturalek edo giza jatorria duten gatazkek eragindako mugako egoeretarako da, eta haien oinarrizko helburua da ukitutako pertsonen eta erkidegoen oinarrizko eta berehalako beharrei erantzutea. Honako hauek dira helburuak:

a) Larrialdiko fasean, laguntza eta babesa ematea hondamendien biktimei, izan hondamendi naturalak edo gizakiak sortuak, eta hondamendien zuzeneko ondorioen biktima direnei, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak ahalik eta azkarren emanez, bizirik jarrai dezaten bermatzeko eta ukitutako pertsonen sufrimendua arintzeko.

b) Krisi humanitario kronikoetan, behar den laguntza eta sorospena ematea ukitutako populazioei, bereziki, populazio horiek ezin dutenean sorospenik jaso beren agintariengandik, edo inongo aginterik ez dagoenean.

Bi kasuetan, osasun publikoaren larrialdi egoeraren aurrean, bereziki garrantzizkoa da COVID-19 pandemiaren aurka eta haren ondorioen aurka borrokatzea lehendik ere krisi humanitarioko egoerei aurre egiten zieten populazioetan.

4. Jarduketa hauen bidez, ondasun eta zerbitzu hauen hornidura eginen da zuzenean, presaz eta berehala:

a) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza herritarrentzat, laguntza psikosoziala barne, hondamendi naturalak, gatazka armatuak eta endemien, pandemien eta epidemien gorakadak daudenean.

b) Elikagaien banaketa eta nutrizioa, elikadura arloko segurtasuna bermatzeko, gaizki elikatutako populazioan bereziki.

c) Ura eta saneamendua, herritarrek edateko ura izan dezaten, behar adina eta behar den kalitatekoa.

d) Elikagaiez bestelako elementuak banatzea, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak, batez ere herritar desplazatu eta errefuxiatuentzat.

e) Hezkuntza zerbitzuak: larrialdietan edo krisialdi kronikoetan kalitateko hezkuntza ematea, haurrak izanik onuradun nagusiak.

f) Diruzko laguntza (“poltsa ekonomikoak”), oinarrizko beharrei aurre egiteko zuzenean.

5. Esku hartzeko proposamenean, jarduketa-proposamen orokor bat eginen da, lurralde eremu jakin baten mugak gainditu beharko dituena, salbu eta entitate eskatzailearen estatutuetan edo eraketa-agirietan kontrakoa xedatua baldin badago. Proposamen horretan hondamendi egoera baten aurrean erantzuteko estrategiak, akordioak eta erabili beharreko prozedurak jasoko dira; alegia, hondamendi horrek larri kaltetutako jendearen behar humanitarioei erantzuteko erabiliko direnak.

6. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren eta entitate onuradunen artean erabakiko da nola jokatu aurrera eramaten diren misio jakinetan larrialdi edo krisi egoerak gertatzen diren unean, eta bai entitate eskatzaileak bai Administrazioak egin ditzakete proposamenak.

Esku-hartze guztiek aintzat hartuko dute genero ikuspegia bere diseinuan eta exekuzioan.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, guztira, 240.000 euro bideratuko dira, 2021eko gastuen aurrekontuko “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004 91100 4819 143103 partidaren kargura.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE):

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak bere izaera juridikoaren arabera, eta inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (GNLEA-AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

f) Ekintza humanitariorako plan estrategiko bat edo antzeko dokumenturen bat edukitzea, eta nazioarteko ekintza humanitarioa izatea erakundearen helburua, estatutuetan berariaz jasoa.

g) Berariazko esperientzia frogatzea laguntza humanitarioko eta larrialdietako ekintzetan, deialdiaren dataren aurreko zortzi urteetatik azkeneko seietan, eta gutxienez 12 ekintzatan parte hartu izana eta gutxienez bi milioi euro kudeatu izana.

h) Xedeko herrialdean bazkide edo partaide bat baldin badago, bazkide hori herrialde onuradunaren legediaren arabera eraturiko pertsona juridiko bat izanen da, eta hura izanen da esku-hartzea gauzatuko duena.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten ekintza humanitarioko esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Bat etortzea deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuekin eta martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin (foru lege horrek hizpide du garapenaren aldeko lankidetza).

b) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

c) Ekintzak 2021. urtean eginen dira.

d) 120.000 euro eska daitezke gehienez.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntza guztiek ez dute sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako esku-hartzearen kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin eta jarduketa-modalitatearekin bat datozenak, betiere deialdian ezarritako epean egiten badira. Hauek sartzen dira:

a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.

a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileria gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak dira.

B) Zeharkako gastuak: %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Diruz lagundutako gastuak berrerabil daitezkeen ekipamendu eta materialen hornidura egiteko baldin badira, horien erosketa finantzatuko da, bakar-bakarrik, baldin eta proiektua bukatutakoan onuradunen esku gelditzen badira. Bestela, ekipamendua edo materiala erabili behar den denborari dagokion amortizazioa baizik ez da diruz lagunduko.

3. Diruz lagundutako gastuak erabiltzen direnean ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

4. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2. Eskaeren muga: entitate bakoitzak eskaera bat aurkezten ahalko du gehienez.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko. Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalari zuzenduta.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek iragarriko dute eskaera bidali dutela, mezu elektroniko bat igorriz servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKE-en Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Hirugarren oinarriaren c), d) eta e) atalen arabera onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

a.3) Plan estrategikoa edo antzeko dokumentua, ekintza humanitarioari buruzkoa.

a.4) Entitatearen estatutuak.

a.5) Ekintza humanitarioko eta larrialdietako esku-hartzeen zerrenda, azken zortzi urteetakoa, ekintza bakoitzaren zenbateko ekonomikoa zehaztuta.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

d) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, dirulaguntza eskaerarekin batera, aurkez dezakete deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

b.1) Jarduketarako proposamen orokorra, inprimaki ofizialean, gehienez 60 orri edukiko dituena, Arial 11 letra motarekin eta 1eko lerroartearekin. Orriak zenbatuko dira II. apartatutik “Entitate eskatzailearen gaitasuna” III. apartatura “Jarduketarako proposamen orokorra”, biak barne. Orrialde kopurua baloratuko da soilik adierazitako mugara ailegatu arte.

b.2) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak segurtasun protokoloak dituela, kontingentzia eta ebakuazio planak barne, eta protokolo horiek bere langileei aplikatzen zaizkiela, bai atzerriratuei bai bertakoei.

b.3) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2018, 2019 eta 2020), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

b.4) Eskaera inprimakian eskatzen diren eranskinak, behar bezala identifikatuta.

C) Dirulaguntza emanez gero, esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:

c.1) Esku-hartze zehatzaren memoria tekniko eta ekonomikoa, inprimaki ofizialean.

c.2) Esku-hartzearen kokapenaren mapa zehatz bat.

c.3) Dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. Dagokion balorazio atala adieraziko da, eta analizatu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztuko da.

c.4) Ekintza tokiko bazkide batek gauzatuz gero, eta hirugarren oinarriko h) atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:

–Estatutuak.

–Legezko eraketaren frogagiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

–Legezko ordezkariaren egiaztagiria.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, agiri bat aurkeztuko du zeinak frogatuko baitu administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, adierazi beharko da dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Atal hauetan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea: zortzigarren oinarriko A, B.b.2 eta B.b.3.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokion guztian, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien ponderazioa kontuan hartuta.

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu.

3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere laugarren oinarrian ezarritako muga gainditu gabe.

4. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

5. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, proposamenaren kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak, laguntza ematea bidezkoa bada, eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea, eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntzen aurrerakinak.

Gardentasun betebeharra bete ondoren, dirulaguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Txostena aurkeztea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua, esaten duena aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla.

b) Funtsak igorri direla eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa, eta igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten banku-agiriak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, www.cooperacion.navarra.es Nafarroako Atarian eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non zehaztuko baitira, gutxienez, lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, agertu beharko da auditorea jardunean dagoela Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, baldin haren izendapena Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, dirulaguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” apartatua: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” apartatua: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gainera, ikuskatze prozesuan honako hauek egiaztatuko dira: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza benetan ordaindu egin dela; eta gastua diruz lagungarria dela, oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren gastuaren frogagiriak jasotzea onuradunaren kontabilitate erregistroetan; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

4. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan; funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontu-partiden arteko aldaketak ere, aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

c) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

Nolanahi ere, pertsonei buruzko datuak (esku-hartzeen azken onuradunenak eta esku hartzen duten profesionalenak) sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

e) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 25., 27. eta 28. artikuluetan lankidetzako langileei eta boluntarioei buruz jasotako betebeharrak betetzea.

g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. atalean aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Hartutako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamazazpigarren eta hemezortzigarren oinarrietan jasotako kasuetan, eta Gizarteratzeko eta Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak baimendutako esku-hartzeetarako aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuetan.

l) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

m) Ezinezkoa bada dirulaguntzaren aurrerakinak lehenbailehen igortzea xede-herrialdera, diru horiek ezin dira jarri entitate adjudikaziodunak kontrolatu ezin dituen kanpo-eragileen menpe, eta nonbait inbertitzea onartuko da, bakar-bakarrik, funtsak ez igortzeko kausa jakin bat baldin badago eta, betiere, inbertsioa bermatua badago eta arriskurik ez badu.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik behartuta badaude gardentasun betebeharra betetzera, jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, ahal dela Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzetzat joko da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako dirulaguntza.

5. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

Larrialdietako egoeretako ekintza humanitario espezializatuaren arloko proiektuetarako balorazio irizpideak 2021erako

1.1. Entitate eskatzaileak erakunde gisa duen gaitasuna (50 puntu gehienez):

A) Gaitasun estrategikoa (25 puntu gehienez):

–Ekintza humanitarioaren plan estrategikoaren edo antzekoaren agiriaren analisia (5 puntu gehienez).

–Proposamena Plan Estrategikoan sartzearen justifikazioa (5 puntu gehienez).

–Segurtasun arazoak edo arazo medikoak sortzen diren kasuetarako segurtasun protokoloak eta ebakuazio planak izatea (5 puntu gehienez).

–Xedeko lurraldean tokiko agintari eta eragileekin koordinatzeko prozedurak; nazioarteko erakundeak; kluster edo sareren batean sarturik egotea (5 puntu gehienez).

–Koordinazio protokoloa Espainiako kooperazioak COVID-19aren krisiaren aurrean erantzuteko estrategiaren lehentasunarekin (5 puntu gehienez).

B) Jarduteko gaitasuna eta finantza-gaitasuna (25 puntu gehienez):

–Larrialdietarako ekipamendu teknikoa eta beste baliabide batzuk (5 puntu gehienez).

–Larrialdietan erreakzionatzeko batez besteko denbora eta larrialdiari erantzuteko baliabideak (5 puntu gehienez).

–Azkeneko 8 urteotan ekintza humanitarioaren arloan izandako esku-hartzeak (5 puntu gehienez).

–Ekintza humanitarioaren arloan, entitate eskatzaileak azken 8 urteotan kudeatu dituen funtsen bolumena (5 puntu gehienez).

–Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

1.2. Proposamen orokorraren kalitate teknikoa (50 puntu gehienez):

–Dohaintza Humanitario Egokiaren eta Funtsezko Arau Humanitarioaren printzipioetara nola egokitzen den eta laguntza humanitarioaren arloan dauden jokabide-kodeei atxikita dagoen (4 puntu gehienez).

–Nola txertatu diren proposamenean Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearen zeharkako ikuspegiak (4 puntu gehienez).

–Esku-hartzearen eremua aukeratzeko erabilitako irizpide orokorrak (6 puntu gehienez).

–Testuinguruaren azalpena, beharrak identifikatzea, tokiko gaitasunak indartzeko eta herritarrek parte-hartzeko baliabideak (8 puntu gehienez).

–Ahultasun egoeran dauden kolektiboak lehenestea; onuradun izanen den populazioa hautatzeko irizpideak (6 puntu gehienez).

–Arriskuen analisia (6 puntu gehienez).

–Ebaluazio eta jarraipen sistemak (6 puntu gehienez).

–COVID-19aren aurka borrokatzeko erantzun-plana (10 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F2103002