60. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13/2021 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berariazko prestakuntzako ikastaro batzuen deialdia egiten baita lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan eskuratutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko prozeduran (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren bidez arautuan) aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritu nahi dutenek behar den gaikuntza lor dezaten.

Lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen duenez, aholkularitza eta ebaluatze lanak administrazio eskudunek horretarako gaitutako pertsonek beteko dituzte. Errege dekretu horren 22.3 artikuluak zehazten du, orobat, autonomia erkidegoetako administrazio eskudunek aholkularitza eta ebaluatze lanak bermatzeko behar diren pertsonak gaituko dituztela.

Bestalde, eginkizun horietan aritzeko gaikuntza lortzeko, errege dekretu horren 25.1 artikuluak ezartzen du esperientziari dagokionez zenbait baldintza bete behar direla, eta berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditu. Era berean, adierazten du administrazio eskudunek antolatu edo gainbegiratu behar dutela ikastaro hori.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuak arautu zuen pertsonek lan esperientziaren edo bestelako prestakuntza bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide gaitasunak Foru Komunitatean ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura nola ezarri, baita horretaz arduratuko den antolakuntza eredua ere. Foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du Nafarroako Kualifikazioen Institutuari dagokiola prozeduraren orientatzaileak, aholkulariak eta ebaluatzaileak prestatzea eta gainbegiratzea.

Ikusita Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuak aurkeztutako txostena, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozeduraren aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko ikastaroen deialdiari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gaikuntza ikastaroen deialdi bat onestea, uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak araututako prozeduran aholkularitza eta ebaluatze funtzioak betetzeko, ebazpen honen 1. eranskinean biltzen diren oinarriei jarraikiz. Prozedura horrek bide ematen du lan esperientziaren edo bestelako prestakuntza bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeko eta egiaztatzeko.

2. Lanbide Kualifikazioen Ataleko Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzua organo arduradun izendatzea gaikuntza ikastaroak antolatzeko, emateko eta segimendua egiteko.

3. Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuko zuzendariari baimena ematea behar adina ebazpen emateko, deialdi honen garapena egokia izan dadin.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpena eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazioen Atalera eta Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora.

Iruñean, 2021eko martxoaren 3an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

a) Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean berariazko hiru prestakuntza ikastaroren deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, horien bidez gaikuntza emateko Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eskaintzako heziketa zikloekin lotutako lanbide kualifikazioen gaitasun unitateen ebaluatzaile eta aholkulari lanetan arituko diren pertsonei.

b) Ikastaro hauek eginen dira:

–Ikastaro komun bat aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko.

–Ikastaro bat aholkulariak gaitzeko, dagoeneko ebaluatzaile gisa gaituta daudenei zuzendua.

–Ikastaro bat ebaluatzaileak gaitzeko, dagoeneko aholkulari gisa gaituta daudenei zuzendua.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

a) Ikastaro horiek egin ahal izateko, interesdunek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:

Ikastaro komunaren kasuan:

–Lau urteko esperientzia, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketaren eskaintzako heziketa zikloekin erlazionaturiko lanbide kualifikazioekin lotua, deialdi hau argitaratzen den egunean zenbatuta, eta kolektibo hauetariko batean:

–Hezkuntzako administrazio publikoko irakasleak –katedratikoen, Bigarren Hezkuntzako irakasleen edo Lanbide Heziketako teknikarien kidegoetan onartutako espezialitateetan–, Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eskaintzako heziketa zikloetako lanbide arloetan irakasteko eskumena dutenak.

–Hezkuntza sistemakoak ez diren prestatzaileak, Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eskaintzako heziketa zikloekin lotutako gaitasun unitateetan adituak direnak. Kasu horretan, urteko esperientzia 600 prestakuntza ordu eman izanaren baliokidetzat joko da.

–Hezkuntzaz kanpoko administrazio publikoetako edo enpresetako profesionalak, adituak direnak Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eskaintzako dituen heziketa zikloekin lotutako gaitasun unitateetan. Horien artean daude Lanbide Heziketako espezialitateetara parekatutako irakasleak, baldin eta funts publikoak dituzten ikastetxeetan Lanbide Heziketako heziketa ziklo itunduak irakasten badituzte.

–Profesionaltasun ziurtagiri edo titulu ofizial bat izatea, gaikuntza lortu nahi den kualifikazioaren maila bera duena, gutxienez. Baldintza hori ez da nahitaezkoa izanen administrazioko funtzionarioentzat.

–Beste edozein ikastaro egiten ez egotea, lanbide gaitasunak aitortzeko prozeduretan aholkulari edo ebaluatzaile aritzeko gaikuntza ematen ahal duena (prozedura horiek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautzen ditu).

Dagoeneko aholkulari edo ebaluatzaile gisa gaituta dauden eta beste profilaren gaikuntza lortu nahi duten pertsonentzako ikastaroetan:

–Aholkulari edo ebaluatzaile gaikuntza egiaztatzea, kasuaren arabera.

–Beste edozein ikastaro egiten ez egotea, lanbide gaitasunak aitortzeko prozeduretan aholkulari edo ebaluatzaile aritzeko gaikuntza ematen ahal duena (prozedura horiek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautzen ditu).

b) Ikastaroaren bi modalitateetan, interesdunek interneterako sarbidea eta informatikaren oinarrizko ezagutzak, erabiltzaile mailakoak, izan beharko dituzte.

3.- Deialdiko plazak.

a) Berariazko prestakuntzako ikastaro komunean lanbide arlo bakoitzeko gehienez ere 10 ikaspostu eskainiko dira, aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko. Eskaera kopurua eta baldintza orokorrak aztertuta, zenbait talde sortzen ahalko dira eta ikastaroa txandatan banatu, denborari dagokionez egokien ikusten den moduan antolatuta. Hezkuntza administrazioak baldintzak betetzen dituzten interesdun guztiei bermatzen die prestakuntza hau eginen dela.

b) Ikastaro komuneko plazek ez dute berariazko baldintzarik (irakasle funtzionarioentzat edo adituentzat). Horrenbestez, beste administrazio publikoetako funtzionario eta langileek, hezkuntza sistemako irakasleek, prestatzaileak eta enpresa arloko adituek ere eskatzen ahalko dituzte aipatu ikaspostuak.

c) Eskainitako plazek aholkulari eta ebaluatzaile rola emanen dute, eta Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eskaintzako heziketa zikloekin lotutako edozein lanbide profiletakoak izaten ahalko dira.

4.–Izena emateko eskaera.

a) Ikastaroan parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete behar dute, zer kualifikaziotan parte hartu nahi duten lehenetsita, 2.a) eta 2.b) eranskinetan ezarritako ereduei jarraituz, nork bere kolektiboari dagokiona.

b) Eskatzaileek eskabide-orrian zehaztu behar dute zer kolektiboren bidez hartzen duten parte, hiru hauen artetik bat edo batzuk aukeratuta: hezkuntzako sistema publikoko Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoak (funtzionarioak izan ala ez), kasu horretan, irakasle espezialitatea zehaztu behar da; prestatzaile espezializatuak; edo administrazio publikoko edo enpresako profesional adituak.

5.–Izena emateko dokumentazioa.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, kasuan kasuko eskabide-orriaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo Atzerritarren Identifikazio Zenbakia (AIZ). Kopiak agiri horren aurreko eta atzeko aldeak izan behar ditu. NAN edo NIEren bitartez Nafarroan bizitokia dutela egiaztatzerik ez duten pertsonek eguneratutako errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

b) Enplegatu publikoen kasuan: Zerbitzu orria. Ondorio hauetarako balioduna izanen da Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Atariaren bidez eskuragai dagoen dokumentua:

Hezkuntzako langileak:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/15980/Hoja-de-servicios-del-personal-funcionario-del-Departamento-de-Educacion

Beste departamentuetako langileak:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/15936/Certificado-de-servicios-prestados-en-Gobierno-de-Navarra-)

c) Gainerako kolektiboen kasuan:

1. Curriculum vitae-a.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindako lan bizitzaren ziurtagiria.

3. Jarduera profesionala egin duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria, berariaz datu hauek jasoko dituena, 2.c) eranskineko ereduaren arabera: kontratazio aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan. Agiri horiek aurkeztu ezin badira, eskatzaileak lan kontratuak aurkezten ahalko ditu.

4. Prestatzaileen kasuan, eman dituzten ikastaroen ziurtagirien kopia, berariaz adierazita zenbat ordu edo kreditu izan diren eta zer eduki izan dituzten.

5. Bidezkoa denean, profesionaltasun ziurtagiria edo titulu ofiziala, lortu nahi den lanbide kualifikazioaren gaikuntzaren maila berekoa, gutxienez.

6. Baremoan meritu diren edo eskaeran alegatzen diren beste frogagiri batzuk. Nafarroan dagoeneko gaituta dauden aholkulariek edo ebaluatzaileek, beste profila egiaztatu nahi dutenean, ez dute aurkeztu behar aurreko gaikuntza egiaztatzen duen dokumenturik.

6.–Onartzeko irizpideak.

Aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko ikastaro komuneko eskaerak eskaintzen diren plazak baino gehiago badira honako hautaketa irizpide hauek erabiliko dira:

1. Bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean dutela egiaztatzen duten pertsonek izanen dute lehentasuna.

2. Parte-hartzea ordenatuko da Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lehentasunezkoak jotzen dituen profil profesionalen arabera.

3. Lanbide esperientziarik handiena duten langileek izanen dute lehentasuna, baremo honi jarraikiz:

a) Lanaldi osoan lan egindako urte bakoitzeko: Puntu bat. Denbora tarte laburragoak, egun batera bitartekoak, proportzionalki kalkulatuko dira. Esperientzia aldia kalkulatzeko, deialdi hau argitaratzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

b) Hezkuntza sistemakoak ez diren prestatzaileen kasuan, esperientzia emandako ordutan edo kreditutan adierazten bada, emandako 600 eskola ordu urtebeteko esperientziaren baliokidetzat joko da. Denbora zatikiak ere zenbatuko dira: 2,5 ordu egun bakoitzeko. Kredituen kasuan, ezartzen da kreditu batek 10 orduko balioa duela.

c) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen garapenean edo egiaztapen prozedura laguntzeko tresnetan edota profesionaltasun ziurtagirien garapenean parte hartu izanagatik: Puntu bat.

7.–Eskaerak aurkeztea.

Parte hartzeko eskaerak, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazioen Atalari zuzenduko zaizkio, eta 2021eko martxoaren 22tik 28ra aurkeztuko dira, departamentu horretako Erregistroan, ahal bada, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan. Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Sistemaren atarian argitaratuko da horren esteka (http://cualificaciones.educacion.navarra.es/). Bestela ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak dioen moduan aurkezten ahalko dira eskaerak eta dokumentazioa.

8.–Onartuen zerrendak.

Onartuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atarian argitaratuko dira 2021eko martxoaren 31n. Zerrenda horien aurka erreklamazioren bat aurkeztu nahi duten pertsonek hiru egun balioduneko epea izanen dute horretarako, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onartuen behin betiko zerrendak 2021eko apirilaren 13an argitaratuko dira.

9.–Ikastaroen ezaugarriak.

a) Ikastaroen edukia bat dator lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 4. eta 5. eranskinetan ezarritakoarekin.

Ikastaro komunak 40 prestakuntza ordu ditu osotara; horietatik 12 aurrez aurreko prestakuntzakoak izanen dira, eta 28 urrutiko prestakuntzakoak. Aurrez aurreko saioak apirilaren 15ean, 20an eta 22an eginen dira, 16:30etik 20:30era.

Urrutiko fasea 2021eko maiatzaren 14an bukatuko da.

b) Falta duten profila lortzeko aholkularientzako eta ebaluatzaileentzako ikastaroek 20 prestakuntza ordu dituzte; horietatik 8 aurrez aurreko prestakuntzakoak izanen dira, eta 12 urrutiko prestakuntzakoak. Aurrez aurreko saioak egun hauetan izanen dira: Apirilaren 29an eta maiatzaren 6an, 16:30etik 20:30era.

Urrutiko fasea 2021eko maiatzaren 21ean bukatuko da.

10.–Gaikuntza.

a) Aholkularien eta ebaluatzaileen prestakuntza ikastaroak gainditzen dituzten pertsonak lanbide gaitasunak egiaztatzen dituzten prozeduretan aritzeko gaituta egonen dira, eta kasuan kasuko erregistroetan sartuko dira.

b) Prestakuntza gainditutzat jotzeko, parte-hartzaileek ikastaroa probetxuz bukatu beharko dute, aurrez aurreko saio guztietara joan, eta ezartzen diren jarduera guztiak egin. Aurrez aurreko saio batera huts eginez gero, ez da gaikuntza lortuko, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Aurretik jakin ezin diren inguruabarrak hartuko dira ezinbesteko kasutzat, edo, aurreikusteko modukoak izan arren, ezinbestekoak direnak, eta gehienez ere aurrez aurreko saio batera joatea galarazten dutenak. Kasu horietan, inguruabarra frogagiri bidez justifikatu beharko da, aurrez arreko saioa egin eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

c) Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak eginen du gaitasun agiria, eta Estatuko Administrazio Orokorrak nahiz autonomia erkidegoek lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko egiten dituzten prozeduren deialdietarako balioko du gaikuntza honek.

d) Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten pertsonen gaikuntzak honako kasu hauetan izanen ditu ondorioak:

–Irakasle funtzionarioen kasuan, irakaslana zein lanbide arlotan duten esleitua, lanbide arlo horretarako guztirako.

–Prestatzaileen eta enpresaren arloan adituen kasuan, norberak irakaskuntzan eta lanbidean duen eskarmentuaren arabera zehaztuko diren kualifikazioetarako edo gaitasun unitateetarako.

e) b) letran adierazitakoari jarraikiz, deialdi honen bidez gaikuntza jasotzen dutenek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren prozedura deialdietan parte hartzeko, ebaluatzaile gisa edo aholkulari gisa, justifikatutako arrazoiren bat ez badago.

f) Deialdi honen bidez aholkulari edo ebaluatzaile gaikuntza lortzen duten pertsonak ezin izanen dira hautagai gisa aurkeztu Nafarroan egiten den hurrengo deialdian, gaikuntza lortu duten kualifikaziokoan, Nafarroan horietarako egiten den lehenengo deialdian.

2.A) ERANSKINA

Eskabide eredua irakasle funtzionarioentzat (PDFa).

2.B) ERANSKINA

Eskabide eredua beste kolektibo batzuentzat (PDFa).

2.C) ERANSKINA

Jarduera profesionalaren ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103602