6. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Urteko deialdia, dirulaguntzak emateko kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, berdintasunaren, gazteriaren eta landa garapenaren arloetan jarduerak egiten dituzten Tebas-Muru
Artederretako entitateei. Laburpena

Alkatetzaren abenduaren 2. ebazpenaren bidez onetsia.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/539400). DDBN identifikazioa: 539400.

Lehena:

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea dirulaguntzak emateko, babesteko Tebas-Muru Artederretako udalerrian egiten diren kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, gazteriaren, berdintasunaren eta landa garapenaren arloetako ekintzak eta jarduerak.

Bigarrena:

Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak izanen dira udalerrian jarraikiak diren edo bertako pertsonak zuzeneko onuraduntzat dituzten jarduera programatuak. Halako jarduerak egin beharko dira dirulaguntza eskatzen den urtean, eta udalerriaren mugapean; alabaina, salbuespen izanen dira, helburua edo inguruabarrak direla eta, udalerri barnean egin ezin daitezkeenak. Jarduerok arlo hauetakok izan beharko dute:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta landa garapena.

Hirugarrena:

Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

a) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egiten den beste edozein obra.

b) Entitate eskatzailearen funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak etab.).

c) Ondasun higigarri eta higiezinak eskuratzea.

d) Tebas-Muru Artederretako herritar interesdun guztiek sarbiderik ez duten jarduerak (betiere, jarduera orok duen zentzuzko plaza kopuru mugatuaren barnean).

Laugarrena:

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean honako baldintza hauek betetzen dituzten entitateek eska ditzakete dirulaguntzak:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateak, elkarteak edo pertsona fisikoak izatea; pertsona fisikoen kasuan, partikular gisa edo, bestela, noizbehinkako ekimenak egiteko, inskribatu gabeko talde edo elkarte baten ordezkari gisa diharduten pertsona fisikoak izatea. Horretaz gain, ekintzak Tebas-Muru Artederretako udalerrian egin behar dira.

2. Tebas-Muru Artederretako Udalarekin sinaturik ez edukitzea lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo bestelako kontratu edo konpromisorik dirulaguntzaren xede den proiekturako, eta Tebas-Muru Artederretako Udalaren dirulaguntzarik jaso ez izana jarduera hori bera gauzatzeko.

Bosgarrena:

30 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita.

Udalak hilabeteko epean ebatziko ditu eskaerak, haiek aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Eskabideak Tebas-Muru Artederretako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Karrika Nagusia, 42), 09:00-14:00 ordutegian, edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Seigarrena:

Eskabideak egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Eskabide bat jarduera bakoitzeko, entitateko buruak edo behar bezala frogatutako eskuordetzea duenak sinatua. Adieraziko da dirulaguntza zer programa edo jardueratarako eskatzen den. Erantsitako ereduaren araberakoa izanen da eskabide-orria (1. eranskina).

–Egitekoa den eta dirulaguntza eskaeraren xede den jardueraren/programaren aurrekontu osoa, xehakatua, erantsitako ereduaren arabera (2. eranskina).

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, betea (3. eranskina).

–Tebas-Muru Artederretako Udalaren Elkarteen Erregistroan izena emanik ez daukaten elkarteen edo patronatuen kasuan, estatutuen ale bat aurkeztu beharko da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, entitate interesdunari eskatuko zaio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela iritziko zaiola. Betiere, aitzinetik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturik dagoenarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskatutako agiriez gain, entitateak edo elkarteak nahi dituen agiri guztiak aurkezten ahalko ditu, bere proiektuaren berri emateko.

–Finantzaketa:

Dirulaguntzak emanen dira horretarako berariaz urte bakoitzean gaituriko aurrekontu-partidaren kargura.

Partida hori ez da handituko, eta zenbatekoa proportzionalki banatuko da aurkezturiko eskabideen artean, horiek aurreikusitako zenbatekoa gaindituko balute.

Tebas-Muru Artederretako Udalak gehienez ere 1.200 euroko dirulaguntza emanen dio, denera, irabazi-asmorik gabeko entitate bakoitzari.

Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Zazpigarrena:

Dirulaguntzak emateko, honako irizpide objektibo orokor hauek izanen dira:

a) Jardueraren interes orokorra Tebas-Muru Artederretako Udalarentzat.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntza edo hezkuntza alderdiak sustatzea, herritarren bizi kalitatea hobetzen dutenak.

d) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien baldintza sozialei, kulturalei edo dagokion garapen-esparruko beste baldintza batzuei.

e) Jarduerak zer neurritan dauden Tebas-Muru Artederretako herritarren eskura, eta iritzi publikoa sentsibilizatzen zenbat laguntzen duen.

f) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzeko jardueren eskasia.

h) Oinarriko kirola eta kultura sustatzea.

i) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

j) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

k) Eskatzailearen gaitasun teknikoa eta antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

Zortzigarrena:

Eskabideak aztertu eta gero, Alkatetzak ebazpena emanen du, eta dirulaguntza esleituko du kasu bakoitzean egoki jotako zenbateko eta ehunekoarekin, gainerako zinegotziekin batean inguruabarrak balioztatu ondoren.

Bederatzigarrena:

Ematen diren laguntzak erabili beharko dira proposatu den jarduera edo programarako.

Dirulaguntza emanda dagoenean, ez da onartuko beste deusetarako erabiltzea.

Deialdi honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak berekin ekar dezake dirulaguntza galtzea.

Hamargarrena:

Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza zer jarduera, proiektu eta programatarako ematen den, horiexek finantzatzeko erabiltzea.

b) Udalak eskatzen duen gisan frogatzea dirulaguntzaren xedea bete dela.

c) Onuradunek beren sinbolo eta anagramen publizitatea egitea baino ez dute zilegi izanen, hala propagandan nola jardueretan bertan, eta Udalarenak ere agertu beharko dituzte, eta Udala laguntzaile dela adierazi.

d) Dirulaguntza eman dien jardueren publizitatea egiten ahalko du Udalak, adierazita jardueraren laguntzailea dela.

e) Dirulaguntzak Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzeko baldintza izanen da onuradunek beren zerga-betebeharrak beteak izatea, bai eta, horrelakoak badituzte, Gizarte Segurantzari dagozkionak ere.

f) Jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta egiaztatzen bada ez direla erabili laguntza lortu zuten jarduera, programa edo proiektuetarako; edo ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

g) Kontrol-organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen jarduketak onartzea, eta halakoek beren eginkizunak betetzean eskaturiko informazio guztia ematea.

Hamaikagarrena:

Diru-laguntzaren onuradunekegin behar dute diru-laguntzaren xedea den jarduera, eta urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalean:

a) Egindako jarduerari buruzko memoria zehatza.

b) Entitateko idazkariak emaniko ziurtagiria, ziurtatzen duena gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela.

c) Dirulaguntzaren xede izan den jarduera, proiektu edo programa gauzatu izanaren ondoriozko fakturak.

d) Entitateko idazkariak emaniko ziurtagiria, frogatzen dituena jarduera horrek ekarritako diru-sarrerak.

e) Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bana.

Hamabigarrena:

Aurreko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa.

c) Jasotzailearen NANa edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Enpresa hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

Hamahirugarrena:

Oinarri honetan ezartzen ez denerako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

Tebasen, 2020ko abenduaren 15ean.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

Iragarkiaren kodea: L2015374