56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

443/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, betebehar espezifikoko kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 27an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen irakasle eta ikertzaileen 2018ko lan publikoaren eskaintza. Eskaintzan kontratupeko irakasle doktore baten lanpostu bat dago, Ramón y Cajal programa amaitu duen eta I3 egiaztagiria daukan ikertzaile doktore bat kontratatzeko, Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.3.i) artikulua aplikatuz.

Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an onetsitako erabaki baten bidez, 1. motako kontratupeko irakasle doktorearen (Ramón y Cajal programa eta I3 ziurtagiria) 4025 zenbakidun lanpostua atxiki zitzaion Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Aljebra jakintza-arloari, eta onetsi egin ziren deialdia eta hautaketaz arduratu behar duen Kontratazio Batzordea.

Ikusirik Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48. artikulua eta hurrengoak, unibertsitateak irakasleen eta ikertzaileen lan-kontratazioa egiteko gaitzen dituztenak.

Kontuan izanik apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea arautzen duena, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegia, 2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuena.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontu-hartzailetzak txostena eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Betebehar espezifikoko kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketaren deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Kontratazio Batzordeko kideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau helaraztea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusira, ukitutako saileko zuzendariari, Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzara eta kontu-hartzaileari.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko otsailaren 26an.–Irakasleen Gaietarako errektoreordea, Inés Olaizola Nogales.

BETEBEHAR ESPEZIFIKOKO KONTRATUPEKO IRAKASLE DOKTORE BAT KONTRATATZEKO LEHIAKETAREN DEIALDIA (RAMÓN Y CAJAL PROGRAMA ETA I3 ZIURTAGIRIA)

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketa arautzea da oinarri hauen xedea (I. eranskinean ageri den lanpostua betetzeko).

1.2. Deialdi hau arau hauetan ezarritakoak zuzenduko du: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak (maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak), apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua (Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea arautzen duena), Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen araudia (2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluak onetsia) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak gerta litezkeen beste edozein arau orokor.

1.3. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (3. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/irakasle-eta-ikertzaileen-deialdiak

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

b) Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren egiaztapena izatea kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako edo unibertsitateko edozein irakaskidegotako lanpostuetarako.

c) Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.3.i) artikuluan ezarritakoaren arabera, Ramón y Cajal programan aritu den eta programa amaitu duen ikertzailea doktorea izatea, eta I3 ziurtagiriaren jabe izatea (Ikerketa Jarduera Sartzea eta Areagotzea Sustatzeko I3 Programa).

d) Ez egotea baztertuak edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, ez egotea ezgaituak funtzio publikoak betetzeko, edo irakaskuntzarekin bateraezina den kargu edo funtzioren bat edukitzea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

e) Izangaiak Europar Batasunekoak ez badira, Espainian legez bizitzea.

Espainian bizi ez diren atzerritarrek ere parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

2.2. Deialdi honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan emanen da argitara. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasleentzako-lehiaketa

3.2.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskaerak (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia-erkidegoetako administrazioetako erregistroetan, toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren kopia.

b) Doktore tituluaren kopia.

c) Kalitatea Egiaztatu eta Ebaluatzeko Agentzia Nazionalak jardueraz emandako ebaluazio positiboaren egiaztagiriaren kopia.

d) Ikertzailea Ramón y Cajal programan doktorea izan dela eta programa bukatu duela egiaztatzen duen dokumentua.

e) I3 ziurtagiriaren kopia.

f) Laugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.

3.4. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak edozein unetan ikusten badu izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izena eta “Kontratupeko irakasle doktoreen lehiaketa” identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdiaren iragarkia argitaratu baino lehenago gutxienez hilabete batez lan-eskatzaile moduan inskribaturik egon direnak, betiere izena emateko epean inolako lan-eskaintza egokiri uko egin ez badiote, eta sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari uko egin ez badiote salbu eta justifikaturiko arrazoiengatik. Halaber, beharrezkoa da lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea hilabetean.

Honela egiaztatuko da inguruabar hori:

–Enplegu-eskatzaile gisa izena emateari dagokionez, behar den Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, eskatzailea zein egunetan inskribatu den adieraziko da, eta berariaz adieraziko da inskripzioak iraun bitartean ez duela enplegu-eskaintza egokirik baztertu, eta ez diola uko egin sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari, arrazoi justifikatuak zeudenean izan ezik.

–Hilero lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik jasotzen ez bada, interesdunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean), lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5.2. 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.

5.4. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean) lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5.5. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Kontratatzeko proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 12. oinarrian adierazitakoarekin bat.

5.6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

6.–Kontratazio Batzordea.

6.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegiko 13. artikuluak ezartzen duen Kontratazio Batzordeak epaituko du lehiaketa. Kontratazio Batzordearen osaera oinarri hauen II. eranskinean dator.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak zuzenduko du Kontratazio Batzordea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onartzen duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak. Aipaturiko legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, Batzordeko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute kalifikazio epaimahaiko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

6.3. Kontratazio Batzordeko buruak, gainerako batzordekideekin kontsultatu eta gero, informazio hau jakinaraziko die interesdunei, gutxienez ere hamabost egun naturaleko aurrerapenaz:

–Kontratazio Batzordea non, noiz eta zer ordutan eratuko den, gehienez ere hiru hilabeteko epean, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita. Eratzen den unean, Kontratazio Batzordeak finkatu eta jendaurrera zabalduko ditu izangaien balorazioa egiteko erabiliko dituen irizpideak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen Arautegiaren I. eranskineko kontratazio baremoaren arabera (8. oinarrian dago jasoa).

–Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangaien aurkezpen-ekitaldia. Ekitaldi horretan, lehiaketara atera den lanpostuaren jakintza-arloko irakasgai baten programa zehatza emanen diote izangaiek Kontratazio Batzordeari (hiru kopia, hain zuzen). Honako hauek jaso behar ditu programak: gaitegia, bibliografia, helburuak eta irakasteko metodologia; horretaz gainera, izangaiaren curriculum vitaea, orain arte egindako ikerketak eta hemendik aurrera egin nahi dituen ikerketen proiektua. Izangaiek alegatutako irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu behar dituzte; merezimenduren bat behar bezala egiaztatzen ez bada, ez da aintzat hartuko. Kontratazio Batzordeak, halaber, lehen probarako dei eginen die izangaiei. Deialdian zehaztuko du proba zer tokitan, egunetan eta ordutan eginen den. Lehiatzaile bat baino gehiago badira, proba egiteko hurrenkera zozketatu eginen da. Azkenik, probarako deialdia eta proba egiteko hurrenkera argitaratuko ditu.

7.–Hautaketa-prozedura.

7.1. Izangaiak hautatzeko prozedurak bi proba hauek izanen ditu:

a) Lehen proban, gehienez ere ordubete iraunen duen ahozko azalpena eginen du izangaiak Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen da harekin honako hauei buruz: izangaiaren curriculum vitae agiria, irakaskuntza-proiektua eta aurkeztutako ikerketa-proiektua.

Lehen proba bukatuta, Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak Batzordeko buruari txosten arrazoitu bat emanen dio, izangai bakoitzak azaldu dituen curriculum vitae agiria, eta irakaskuntza- eta ikerketa-proiektuak baloratzeko, eta zenbakizko puntuak emanen zaizkio. Eskatutako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten eta bigarren proba eginen duten lehiatzaileen zerrenda ordenatua onetsiko du Kontratazio Batzordeak. Lehen probako emaitzak argitaratu ondoren, Kontratazio Batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan eginen den bigarren proba.

b) Bigarren proban, gehienez ere ordubete iraunen duen ahozko azalpena eginen du izangaiak Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen da harekin, izangaiak bere irakaskuntza-proiektuan aurkeztutako eta berak hautatutako gai bati buruz. Kontratazio Batzordeak izangai bakoitzaren balorazio arrazoitua eginen du, eta zenbakizko puntuak esleituko dizkio.

7.2. Bi probetako puntuazioak batu eta gero, lehiatzaileek baremoa aplikatuta lortu dituzten kalifikazioen zerrenda ordenatu bat eginen du Batzordeak. Berdinketarik balego, Kontratazio Batzordeko kideek bozketa bat eginen dute hurrenkera erabakitzeko; bozketa horretan berdinketarik badago, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

8.–Kontratazio baremoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegiko I. eranskinak kontratazio baremo hau ezartzen du:

1. Ahozko lehen proba: 80 puntu gehienez ere. Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertuta geldituko dira.

Izangaien jardueraren eta lanpostuaren profilaren arteko lotura baloratzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Izangaiek egindako ikerketak eta argitalpen zientifikoak, dokumentu bidez egiaztatuak (30 puntu gehienez).

b) Unibertsitateko irakaslanak, kontratu bidez eta irakaskuntza-jarduera baloratzen duen txostenaren bidez behar bezala egiaztatuak (20 puntu gehienez).

c) Irakaskuntza-proiektua (10 puntu gehienez).

d) Ikerketa-proiektua (10 puntu gehienez).

e) Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez). Atal honetan, honako hauek baloratuko dira, Kontratazio Batzordearen irizpidearen arabera: unibertsitatetik kanpo egindako lan profesionala, hizkuntzak, espezializazio ikastaroak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiatzaileak eman eta egiaztatutako beste edozein datu.

f) Unibertsitateko irakaskidegoetarako egiaztapena izatea: 5 puntu.

Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak bere aldetik baloratuko ditu izangaien merezimenduak, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da proba honen puntuazioa.

2. Ahozko bigarren proba: 20 puntu gehienez ere. Irizpide orokor gisa, bai azaldutako edukiak bai azalpenaren beraren irakaskuntza-kalitatea baloratuko dira. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertuta geldituko dira.

Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak bere aldetik baloratuko ditu izangaien aurkezpenak, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da proba honen puntuazioa.

3. Azken puntuazioa bi probetako puntuazioen batura izanen da.

9.–Kontratazio proposamena.

9.1. Bigarren proba egiten denetik 7 egun balioduneko epean gehienez ere, Kontratazio Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ordenatua eta kontratazio proposamena, eta proposamena igorriko dio irakasleen gaietan eskumena duen organoari.

9.2. Ez da zilegi Kontratazio Batzordeak lehiaketaren xede den lanpostu kopurua baino izangai gehiago proposatzea, baina bai ordea txikiagoa den kopurua. Halaber, zilegi da Kontratazio Batzordeak lanpostua hutsik geratzeko proposamena egitea, lanpostuaren baremo espezifikatua aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

9.3. Kontratazio proposamena eginez emanen zaio amaiera Kontratazio Batzordearen jarduerari.

10.–Kontratazio proposamenaren aurkako erreklamazioak.

10.1. Interesdunek zilegi dute erreklamazioa aurkeztea Kontratazio Batzordearen kontratazio proposamenaren aurka Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hamar egun balioduneko epean proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.2. Kontratazio proposamenen aurkako erreklamazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoan kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuei buruzko araudiaren 17. artikuluan ezarritako Erreklamazio Batzordeak aztertuko ditu.

Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu baloratuko, eta izangaien aukera berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du.

Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordezkatu Kontratazio Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

10.3. Kontratazio proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta hautaketa-prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

10.4. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Kontratazio Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, horiei buruzko txostena egin dezan.

10.5. Erreklamazio Batzordeko kideek dokumentazioa aztertu eta erabaki hauetako bat har lezakete, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipiorik ez dela urratu, Kontratazio Batzordearen proposamena zuzenean berrestea.

b) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Kontratazio Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu Kontratazio Batzordearen proposamenean, izangaien hurrenkera alda dezakeelako.

c) Baldin eta atzematen bada prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera arte atzera egiteko proposatzea.

d) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Kontratazio Batzordearen proposamena.

10.6. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

10.7. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan.

Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

11.–Behin betiko kontratazio proposamena.

Behin betiko kontratazio proposamena daukan ebazpenak hautaketa-prozesua amaitzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, deialdi honi dagokion aipamenarekin. Argitaratze horrek interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa izanen du ondorio guztietarako.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan.

12.–Kontratuen formalizazioa eta sinadura.

12.1. Bost egun balioduneko epean, behin betiko kontratazio proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, lanpostua eskuratu duenak, 5.5 oinarrian aipatutako dokumentazioaz gainera, ondotik zehazten diren agiriak aurkeztu beharko ditu Giza Baliabideen Zerbitzuan, dagokion kontratua formalizatu ahal izateko:

a) Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko afiliazio-txartelaren fotokopia, kasua bada.

b) Bankuko datuak nomina sartzeko.

c) Bateraezintasunik ez izatearen aitorpena.

12.2. Ezarritako epean, ezinbesteko arrazoirik egon ezean, agiriak aurkezten ez dituztenek edo, agiriak azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betebeharreko baldintzaren bat betetzen ez dutenek kontratatuak izateko eskubidea galduko dute.

12.3. Araudi honen eta dagozkion deialdien ondorio den lan-kontratua Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenaren mende egonen da.

12.4. Kontratuak idatziz eginen dira, dagozkien ereduetan. Kontratua sinatzearen ardura norberarena eta besterenezina da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan eginen da. Eginkizunak betetzen hasi baino lehen sinatuko da kontratua, gehienez ere 10 egun naturaleko epean lanpostuaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Kontratua adierazitako epean sinatzen ez bada, interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da. Kasu horretan, hurrengo izangaiari deituko zaio, Kontratazio Batzordeak proposatutako ordezkoen zerrendaren arabera, eta izangai horrek epe bera izanen du kontratua formalizatzeko.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen eta Kontratazio Batzordearen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoak jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan eta forman, 10. oinarrian aurreikusitako kontratazio proposamenaren aurkako erreklamazioaren aurka izan ezik.

Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Oharra: genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.

I. ERANSKINA

Deialdiko lanpostua

Lanpostu zk.: 4025.

Kategoria: Kontratupeko irakasle doktorea.

Saila: Estatistika, Informatika eta Matematika.

Jakintza-arloa: Aljebra.

Irakaskuntza-eskakizuna: Jakintza-arloarena.

Ikerketa-eskakizuna: Jakintza-arloarena.

II. ERANSKINA

Batzorde titularra

Batzordeburua: Consuelo Martínez López andrea, unibertsitateko katedraduna Oviedoko Unibertsitatean.

1. batzordekidea: Luis Miguel Ezquerro Marín jauna, unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2. batzordekidea: Lucía Sanus Vitoria andrea, unibertsitateko irakasle titularra Valentziako Unibertsitatean.

Ordezko 1. batzordea

Batzordeburua: María Dolores Pérez Ramos andrea, unibertsitateko katedraduna Valentziako Unibertsitatean.

1. batzordekidea: Julio Pedro Lafuente López jauna, unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2. batzordekidea: Concepción Martínez Pérez andrea, unibertsitateko irakasle titularra Zaragozako Unibertsitatean.

Ordezko 2. batzordea

Batzordeburua: Teresa Crespo Vicente andrea, unibertsitateko katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean.

1. batzordekidea: Carlos Gustavo Ochoa Lezaun jauna, unibertsitateko irakasle titularra Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2. batzordekidea: Luis Martínez Fernández jauna, unibertsitateko irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean.

Iragarkiaren kodea: F2103315