56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Udal ludotekaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza behin betiko onestea

Txulapaingo Udalak, 2020ko abuztuaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ludotekaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza.

Onespen erabakia 2020ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 24an, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsirik gelditu da. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Markalainen (Txulapain), 2020ko abenduaren 12an.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.

UDAL LUDOTEKAREN FUNTZIONAMENDUAREN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Txulapaingo Udalaren ludotekaren funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek. Ludotekak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen du bere zerbitzua.

2. artikulua. Oinarria.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, Udalak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

3. artikulua. Zerbitzuaren titulartasuna.

Udal ludoteka zerbitzuaren titulartasuna Txulapaingo Udalarena da; hortaz, berak kudeatzen ahal du zuzenean edo administrazio publikoen kontratuen gaineko legerian bildutako prozedurak baliatuz.

4. artikulua. Zerbitzuaren helburua.

Josteta da pertsona orok etorkizunean beharko dituen trebetasun sozialak haurtzaroan eskuratzeko faktoreetako bat, eta, horrenbestez, hona etortzen diren haurrek bizipen ludikoak izan ditzaten diseinatu da, nahita, ludoteka.

Haurrak jostatzeko tokia da ludoteka, eta helburua haurren parte hartzea bultzatzea da, aisia eta astialdiko aukerak ematea, haurren garapen integralean lagunduko duten balore, jarrera eta portaerak jostetaren bidez bultzatzea eta hainbat lantegi eta jarduera egitea.

Dituen baliabideak haurren garapen integrala laguntzeko balio izatea da udal ludotekaren lehen helburua. Garapen integral hori bilatuko du ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeak, eta helburu partikular hauei jarraituko die bere hezkuntza jardueran:

–Familia kontziliazioa ahalbidetzea.

–Haurren josteta bultzatu eta indartzea.

–Haurrei aukera berriak eskaintzea josteta eta hezkuntza aldetik eta aisialdirako.

–Topaleku bat eskaintzea haurrei, josteta lagunekin elkartzeko.

–Garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala bultzatzea, inguru ludiko batean, ahalik eta modurik osasungarrienean.

–Jostetaz gain, komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako errespetua bultzatzea.

–Haurren autonomia sustatzea, hautatu, erabaki eta ardurak hartzeko aukera emanez.

–Portatzeko ohitura eta jarraibideak indartzea hainbat arloren inguruan: higienea, errespetua, ordena eta bizikidetza, arau eta ohitura sozialak eskura ditzaten lagunduz (lagunekiko, hezkuntza taldearekiko eta materialekiko errespetua)

–Guztiei aukera berak eskaintzea jostatzeko, sexu, arraza, maila ekonomiko, ezintasun eta abarrengatik inor ez baztertzeko lan eginez.

–Gizarte integrazioa, elkartasuna eta dibertsitatearen aldeko begirunea sustatzea.

–Generoen berdintasuna lantzea, bai jostetan, bai ludotekan gauzatzen den hezkuntza jardueran, neskek zein mutikoek era guztietako jostailuak erabiltzea bultzatuz.

–Irudimena eta sormena bultzatzea jostetaren bidez.

–Naturaren eta ingurumenaren aldeko begirunea bultzatzea.

–Gaztelaniaren eta euskararen arteko bizikidetza bultzatzea elkarrenganako errespetuaren giroan.

–Gurasoak orientatzea, pedagogia eta hezkuntza arloetan dituzten eskaeren aurrean.

Haurrak dira, beraz, ludotekaren erabiltzaileak, haientzat sortu baita.

Horregatik sortu da zerbitzua, eta arau honen bidez erregulatzen da Udalaren prestazioa.

5. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Aitak, amak edo tutoreak ordezkatuta, 3tik 12 urte arteko haurrek erabiltzen ahal dute udal ludotekaren zerbitzua, baldin eta Txulapainen gutxienez urtebetez erroldatuta egon badira. Erabiltzaileek eskolaturik egon behar dute haien izena ematen den urtean. Haur Hezkuntzako 1. mailan daudenak azarotik aitzina hasiko dira ludotekaren zerbitzuan. Funtzionamendu arloko irizpideak direla-eta, beharrezkoa da haurrak bere esfinterrak kontrolatzea, eta heldu baten arreta etengabe eta erabatekoa behar ez izatea.

Banandurik edo banantzekotan dauden aita eta amen kasuan, bietariko bat Txulapainen erroldaturik baldin badago, haien seme-alabak erroldatutzat joko dira ludotekaren zerbitzuari dagokionez.

Subsidiarioki, eta lekurik baldin bada, ludotekara etortzen ahalko dira, Txulapainen erroldaturik egon gabe ere, Txulapainen erroldatutako lehen eta bigarren mailako ahaide odolkideak dituztenak edo beren guraso edo tutoreetariko bat Txulapainen lanean dituztenak.

Subsidiarioki, Txulapainen erroldatuta egon ezean eta leku librerik egonez gero, Atezko eta Berriozarko bizilagunek izanen dute lehentasuna.

Eguneko asistentzia zerbitzuaren edukiera baino handiagoa izanez gero, udalerrian erroldatuta daudenek izanen dute lehentasuna hura erabiltzeko, eta horien artean, txosten teknikoen bidez haren erabileraren gomendioa dutenek (osasun txostena, Gizarte Zerbitzuena etab.).

6. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko araubidea.

6.1. Ludotekaren zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileen aitak, amak edo tutoreak izen emateko fitxa bete beharko du udal jarduerei buruz urtero argitaratzen den programan ezartzen den epean. Fitxa horretan adingabearen datu guztiak agertuko dira, baita bi pertsonaren datuak ere, edozein gorabehera dela eta, haiekin berehala harremanetan jartzeko. Orobat, haurra biltzeko baimena nork duen, haren datuak agertuko dira eta zerbitzua erabiltzeko baldintzen onarpena. Haien berri, ludotekaren funtzionamenduari buruzko gainerako informazioarekin batean emanen zaio erabiltzaileari.

6.2. Ludotekaren ardura duten langileek eginkizun hauek bete beharko dituzte, besteak beste:

1.–Jarduera eta programak diseinatu eta garatzea.

2.–Jardueren plangintza eta betearazpena.

3.–Jarduerak ebaluatzea.

4.–Informazioa eta koordinazioa Udalarekin, udaleko langileen bidez.

6.3. Jostetarako espazioa, hezkuntza ez formalaren esparrukoa eta nor bere gogoz etortzekoa; horrelakotzat hartzen da ludoteka.

6.4. Aldi berean ludotekan egon daitekeen haur kopurua instalazioaren edukieraren araberakoa izanen da, indarreko araudiari jarraikiz. Haur kopuruak baimendutako edukiera gainditzen badu, erreserbak jaso ziren araberako hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua).

6.5. Desgaitasun mailen bat duten haurrek edo hezkuntza-laguntzako behar berariazkoren bat dutenek ludotekaren zerbitzua erabili nahi badute, balorazioa eskatuko zaie profesionalei (lantalde psikopedagogikoak, osasun etxea, gizarte zerbitzuak etab.) eta Udalak aztertuko du zerbitzua indartzeko aukera, behar bezalako arreta bermatu beharrez.

Arreta hobea izateko eta haien gaitasunak hobeki garatzeko erabakitzen delarik komenigarriagoa dela talde edo ordutegi berariazko bati atxikitzea, adingabea ezarritako egun eta orduetan baizik ez da etortzen ahalko, eta horiek ez dira aldatuko aldatzeko beharra sendotzen duen txostenik ez bada.

6.6. Erabiltzaileak portaera arazoak dituela ohartuz gero, enpresa esleipen hartzaileak edo zerbitzua kudeatzen duten langileek bilera baterako deia eginen diete aita-ama edo tutoreei, konponbide zehatzak bilatzeko. Adostasunik ez bada, behar diren udal zerbitzuen bitartekaritza eskatuko da.

6.7. Oro har:

–Haur eriak ez dira ludotekara etortzen ahalko. Bizkarroiak edo eritasun kutsakorrak dituzten haurrak ere ez dira etorriko.

–Ludotekan dela, haurrak eritasun seinalerik izanez gero, gurasoei gaztigatuko zaie, lehenbailehen hartzera etor daitezen. Istripua gertatu edo sukar oso handia izanez gero, haurra osasun etxe hurbilenera eramanen da, eta familiari jakinaraziko zaio.

–Ludotekan ez da sendagairik emanen.

–Haurren guraso edo tutoreak ez dira ludotekaren barrutian egonen haren ordutegiaren barnean. Haurrak ludotekan egon beharreko denbora bukatuta, pertsona baimenduak, horretarako dokumentuan ageri denak, hartuko du adingabea. Aita-ama edo tutoreen ardura da haurra biltzea ludotekako ordutegia bukatuta; hori ez betetzeak erregelamendu honen 13. artikuluan jasotzen den zehapena ekarriko du.

–Haurrak ez du gauzarik batere ekarriko ludotekara (jostailua, kartera etab.) eta ludotekako portaera arauak beteko ditu. Betiere, ez Udalak, ez ludotekako hezkuntza taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.

–Haurra eroso jantzita etorriko da ludotekara, haren autonomia galarazten duen arropa ez baita gomendagarri. Bestetik, on da gurasoek jakitea, jardueretan erabiltzen diren materialen ondorioz, inoiz edo behin haurraren arropa hondatzen ahal dela.

6.9. Ludotekan bada erreklamazio liburua aita, ama edo tutoreen eskura, eta haren bitartez bideratuko dira sortzen diren aferak.

7. artikulua. Zerbitzua emateko ordutegia.

Ludotekako ordutegia urtero onetsiko da.

Oporretan antolatzen diren lantegiek goizeko ordutegia izanen dute. Txulapaingo Udalak aldatzen ahalko du ordutegi hori, zerbitzuaren beharretara egokitzeko, komenigarria iruditzen bazaio eta erabiltzaileei horren berri eman ondoan.

Ludotekak jarduera bereziren bat antolatzen duenean, bertan behera utziko da ohiko dinamika. Horren berri ere emanen zaie erabiltzaileei, aitzinetik.

8. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

8.1. Udal ludotekako ondasun eta zerbitzuak erabiltzea araudi honetan jasotako baldintzen arabera.

8.2. Ludotekan egiten diren jarduera eta lantegietan parte hartzea eta bertan eskura dauden instalazio eta materialak erabiltzea.

8.3. Errespetuz eta modu duinean tratatua izatea, zerbitzuko gainontzeko erabiltzaileen baldintza beretan.

8.4. Ludotekan egiten diren programa eta jardueren gaineko informazioa eskatzea.

8.5. Zerbitzua gaztelaniaz zein euskaraz hartzea.

8.6. Aldiro eskura izatea Txulapaingo udal ludotekaren funtzionamenduaren erregelamenduaren ale bat.

8.7. Iradokizun eta erreklamazioak egitea aita, ama edo tutoreen bidez, erregelamendu honen 6.9 artikuluan ezarritako erreklamazio liburua baliatuz.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

9.1. Errespetua agertu beharko die gainontzeko erabiltzaileei eta zerbitzuaz arduratzen den hezkuntza taldeari, eta behar bezala erabiliko ditu jostatzeko materialak eta altzariak, honda ez daitezen. (Betebehar hau behin eta berriro saihestuz gero, dagokion zehapena aplikatuko du Udalak).

9.2. Denen eskura dauden materialak biltzen hartu beharko du parte, bere gaitasunaren barrenean.

9.3. Zerbitzua erabiltzen dutenek ludotekako hezkuntza taldearen oharrei eginen diete kasu.

9.4. Erabiltzaileek udal ludotekaren erregelamendua beteko dute; orobat, aita, ama eta tutoreek erregelamendu honetan jasotzen diren arauak onartuko dituzte, eta behartuta daude talde pedagogikoaren oharrei kasu egitera; bereziki, ezarritako ordutegia betetzen ahaleginduko dira.

9.5. Aita, ama edo tutoreak behartuta daude Txulapaingo Udalak zerbitzua emate aldera urtero onartzen dituen tasak ordaintzera.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Instalazioak eta materiala behar bezalako arretaz ez erabiltzea.

b) Zerbitzuko arduradunek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.

d) Aita, ama edo tutoreak berandu agertzea zerbitzua erabiltzen duten haurrak hartzera.

–Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.

b) Jokabide bortitz eta erasokorrak izatea behin eta berriz gainerako lagunekin edo hezkuntza taldearekin.

c) Istiluak izatea gainontzeko erabiltzaileekin, zor zaien errespetua agertu gabe.

d) Ludotekaz arduratzen den hezkuntza taldeari zor zaion errespetua ez agertzea.

e) Ordena haustea eta programatutako jarduerak behar bezala egin daitezen galaraztea.

d) Sei hilabetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Ludotekako instalazio edo materialetan kalte handi eta nabarmenak egitea.

b) Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

d) Sei hilabetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

Arau-hauste horiek arautu eta zehapen prozedura aplikatu ahal izateko, instrukzio organoa sortuko da eta haren kideak izanen dira Kultur Zinegotzigoaren arduraduna, enpresa esleipen hartzailearen ordezkaria eta Udalak bere teknikarien artean hautatzen dituenak.

11. artikulua. Erantzuleak.

Beti dira adingabeen aita, ama edo tutoreak arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak.

12. artikulua. Prozedura.

–Arau-hausterik izanez gero, lehen neurria izanen da sortutako gorabeheraz solastatzea ludotekaren berezko esparruan.

–Bigarren neurria zehapen prozedura irekitzea izanen da. Prozedura horretan sartu beharko da egindako hutsegitearen erregistroa, egindako urratsena, haren larritasuna eta egin zen eguna, haren segimendua egin ahal izateko.

–Hirugarren neurria hutsegite arin edo larriak direlarik hartuko da. Kasu honetan, horretarako tramitatzen den diziplina espedientearen aitzinetik eta interesdunei entzutea emanda, zehaztuko da bidezko den zehapena, egindako hutsegitearen arabera.

–Laugarren neurria hutsegite oso larria eginez gero aplikatuko da. Halakoetan, espedientea irekiko da eta zehapen organoari eginen zaio dei, zehapen mota erabaki dezan.

13. artikulua. Zehapenak.

Ludotekako instalazioak astebetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste arinak.

Ludotekako instalazioak hilabetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Ludotekako instalazioak erabiltzeko eskubidea erabat kenduta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.

Arau-hausteen jakinarazpena.

Arau-hauste arin edo larriak gertatuz gero, adingabearen ardura dutenei jakinaraziko zaie egindako arau-hauste mota eta erregelamendu honen aplikazioa. Aita-ama edo tutoreek 10 eguneko epea izanen dute bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko.

Arau-hauste oso larriak gertatuz gero, idatziz eta hartu izanaren adierazpenarekin jakinaraziko zaie zehapen espedientea ireki dela, arrazoia eta arau-haustearen eguna zehaztuta. Halaber, entzutea emanen zaie aita-ama edo tutoreei, organo eskudunak bidezko zehapena ezarri aitzin, erregelamendu honek dioenez. Zehapen espedientea tramitatzean indarra duen araudiari jarraituko zaio.

14. artikulua. Erabiltzaileek urteko fidantza bat ordaindu beharko dute, bertaratze konpromiso gisa. Urtarrilean zehar matrikula formalizatzen dutenean gordailutu beharko dute fidantza.

Ludoteka erabiltzearen ondorioz sortutako gastuak erabiltzaileei jasanarazten ahalko zaizkie, Udalak edo dagokion udalbatzak hala onesten badu.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aplikatuko da, eta indarra izanen du harik eta espresuki aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2102731