56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Deialdia, Nazioarteko lankidetza-senidetzeetarako laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena 2021. urterako. Laburpena

DDBN (Identifikazioa): 551393.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/551393).

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Lankidetzarako lerro honen xede nagusia zuzeneko senidetzeak dira, batetik, Burlatako herritar-elkarteen eta, bestetik, garapen integralaren bidean dauden herrialdeetako eta estaturik gabeko herrietako kontraparte legez eratuen artekoak, garapen komunitarioko ekintzak sustatzeko eta elkartasun eta hezkuntza arloko esperientziak trukatzeko, Nafarroako Lankidetzarako Plan Gidariaren arabera lehentasuna duten sektoreetan (osasuna, hezkuntza, landaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapena, ur hornidura, elkarte zibilak indartzea, emakumeari buruzko programak, eta garapena).

Bigarrena.–Onuradunak.

Deialdira aurkez daitezke legez eratutako elkarte eta erakundeak, beren estatutuetako xedeen artean nazioarteko lankidetza badute. Nafarroako Gobernuaren elkarte erregistroan inskribaturik egon beharko dute, eta egoitza Burlatan eduki, edo frogatu beharko dute ibilbide jarraitua dutela senidetzeetan eta, gainera, Burlatan sentsibilizazio jarduerak egin izan dituztela azken hiru urteetako bitan. Halaber, deialdiaren oinarrietako 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Ezin izanen du parte hartu nazioarteko lankidetza-senidetzeetarako deialdietan Burlatako Udalaren lau urteko hitzarmenean adjudikaziodun gertatu den elkarte edo erakundeak, dirulaguntza jasotzen duen lau urteetan.

Erakunde eta elkarteak, baldintza guztiak beteta, banaka nahiz taldean aurkezten ahalko dira, zenbaiten artean proiektu bakarra gauzatzeko (partzuergoa edo batasuna eraturik). Azken kasu horretan, taldean aurkeztu diren erakundeen datuak bereiz emanen dira, eta argi adieraziko da zein den partzuergoko buru arituko dena.

Hirugarrena.–Aurrekontuetako kontsignazioa.

Zenbatekoa hogeita lau mila eurokoa (24.000 euro) izanen da, Burlatako Udalaren 2021erako gastuen aurrekontuko 23900 4800001 partidaren kargura (Senidetzeetarako dirulaguntzak).

Laugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Burlatako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra, 2012ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 4an.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Argibide gehiagorako: www.burlada.es/eu/.

Burlatan, 2021eko martxoaren 1ean.–Alkatea, Ana M.ª Góngora Urzaiz.

Iragarkiaren kodea: L2103458