56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

17/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Next Generation Bulegoaren eta Kontu-hartzailetza Nagusiaren izenak aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Otsailaren 3ko 6/2021 Foru Dekretuaren bidez, abuztuaren 14ko 88/2019 Foru Dekretua eta urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua aldatu ziren, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura eta haren egitura organikoa ezarri zituztenak, hurrenez hurren.

Aldaketa horren bidez Next Generation Bulegoa sortu zen, zuzendaritza nagusiaren maila duena. Horren ondorioz, garai bateko Kontu-hartze eta Kontabilitate Zuzendaritza Nagusiaren izena eta eginkizunak aldatu behar izan dira: orain Kontu-hartzailetza Nagusia deitzen da, baina zuzendaritza nagusiaren maila mantentzen du.

Dena dela, ikusita Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean adierazitakoa, akatsak sor litezke Next Generation Bulegoaren zuzendaritza edo Kontu-hartzailetza Nagusiaren zuzendaritza betetzen duten pertsonak goi karguak ote diren interpretatzeko orduan. Horregatik, unitate horien izena aldatzen da, garbi uzteko unitate horiek zuzendaritza nagusiak direla eta, horrenbestez, hango titularrak zuzendari nagusiak direla.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren hogeita lauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Next Generation Bulegoaren izenaren aldaketa.

Next Generation Bulegoaren izena aldatzen da. Aurrerantzean, “Next Generation Bulegoaren Zuzendaritza Nagusia” deituko da.

2. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Nagusiaren izenaren aldaketa.

Kontu-hartzailetza Nagusiaren izena aldatzen da. Aurrerantzean, “Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia” deituko da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenen berrestea.

Next Generation Bulegoko zuzendariaren eta kontu-hartzaile nagusiaren izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza berberetan, baina aurrerantzean, hurrenez hurren, Next Generation Bulegoaren zuzendari nagusia eta Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusia izanen dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko otsailaren 24an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2103081