56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Biurrungo Alaiz zentroko egoitza-plazei 2021ean aplikatuko zaien prezio publikoa finkatzen duena.

Hala ezartzen baitu bere 18.2 artikuluan martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzkoak, prezio publikoak kobratu behar dituen organoa zer departamenturen mende dagoen, horrexek ezarri edo aldatuko du prezio horien zenbatekoa, organo kobratzaileak berak proposatuta.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen helburuen artean honako hauek daude: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta, gizartearen, ekonomiaren, politikaren, lan munduaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea, pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, eta pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Arauen garapen horren bukaera gisa, Gizarte Zerbitzuen Zorroa onetsi zen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, non erabiltzaileek partez ordaindu beharreko prestazioak arautzen baitira. Horien artean egoitza-zerbitzua agertzen da, gizarte-inklusioaren arloan bermatuta dauden prestazioen atalean.

Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak. Haren arabera, honako hauek dira prezio publikoen bidez finantzatzen ahal diren zerbitzuak: mendekotasun egoeran daudenei, adinekoei, desgaitasuna dutenei, gaixotasun mentala dutenei, adingabeei eta bazterketa sozialean daudenei edo gelditzeko arriskuan daudenei arreta emateko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren barruan sartuak.

Aipatu foru legearen 20. artikuluarekin bat, prezio publikoak, gutxienez, jarduerak egitearen edo zerbitzuak ematearen ondoriozko kostu ekonomikoak estaltzeko adinakoak izanen dira. Dena den, adierazitakoen azpitiko prezio publikoak finkatzen ahalko dira, baldin eta gizarte, ongintza edo kultur arloko edo interes publikoko arrazoiak baldin badaude.

Foru agindu honen xedea da Alaiz zentroko erabiltzaileei aplikatu beharreko tarifa zehaztea 2021. urterako.

Ikusirik Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuaren txostena, non proposatzen baita Biurrungo Alaiz zentroko egoitza-plazei aplikatu beharreko prezio publikoa (zentro hori Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak kudeatzen du zeharka).

Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 1. artikuluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan esleituta ditudan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Biurrungo Alaiz zentroko egoitza-plaza baten hileko prezio publikoa zehaztea 2021. urterako: 675,68 euro hilean.

2. Tarifa hau 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin aplikatuko zaie erabiltzaileei.

3. Foru agindu hau igortzea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2102637