56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2020ko ordainsariak ehuneko 0,9 igotzen dituena, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2020ko abenduaren 31n argitaratu da, 2020ko 304. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legea, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa. Foru lege horren azken xedapenetako zazpigarrenean ezarritakoaren arabera, 2021eko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra, argitalpen ofiziala egin eta biharamunean, alegia.

2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2021erako ezartzen den gehieneko igoera globala ezarriko zaiela 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

Era berean, 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Lege horren beraren 7 artikuluak 1. apartatuan ezartzen du ezen, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 9. artikuluaren 11. apartatuan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2021eko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legea onartu eta indarra hartu ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.

2020ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialaren 341. zenbakian, argitaratu egin zen 2021. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legea. Abenduaren 30eko 11/2020 Lege horren 18. artikuluaren bigarren apartatuan ezartzen denez, 2021ean sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 0,9tik gorako igoera globalik izan 2020ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez.

2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen ordainsarien %0,9 adinako diru kopurua kontsignatu zen, 12.700.000 euro zehazki. Ildo horretatik, une honetan posible denez aipatu igoera gauzatzea erabaki hau onartzeaz gain beste izapiderik egin behar izan gabe, egoki jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen ordainsariak %0,9 igotzea, bat etorriz 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen 6. artikuluaren lehenengo apartatuan ezarritakoarekin.

Ordainsariak igotzeko orain hartzen den erabaki honek atzerako eragina izanen du, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, hain zuzen, eta 2021eko martxoko nominan ordainduko da.

Adierazitakoarekin bat, 2021. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean badago behar adinako aurrekontu-kontsignazioa legez aurreikusitako igoerak eragindako zenbatekoak ordaintzeko. Ordainketa hori indarreko gastu-aurrekontuko “Ordainsarien igoera” izeneko 020002 04100 1800 921402 partidaren kargura finantzatuko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2020rako ezarritako ordainsariak ehuneko 0,9 igotzea, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2103080