56. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17/2021 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, beka bat emateko deialdia onesten duena. Beka hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Azpiegituren Zerbitzuan aritzeko da. DDBN identifikazioa: 549183.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horretan zerrendatzen dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Azpiegituren Zerbitzuaren eginkizunak, besteak beste, hauek: oinarrizko toki azpiegituren toki inbertsioen planak (TIP) prestatzea, kudeatzea eta gauzatzea; Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Nafarroako 2019-2030 Plan Zuzendariaren GIS kartografia, hornidurari dagokion partearena, gaurkotzea eta mantentzea; eta aktiboki parte hartzea Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Nafarroako 2019-2030 Plan Zuzendariaren kontrolean, jarraipenean eta garapenean (zeregin horietarako funtsezko tresna da geografia informazioko sistemen (GIS) teknologia darabilen kartografia).

Toki Azpiegituren Zerbitzuak proposatu du prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, Ingeniaritzako, Arkitekturako edo Geografiako graduko unibertsitate tituludunak direnentzat, ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten GIS kartografia garatzeko lanetan, honako hauekin lotuta: toki azpiegituren planak eta Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Nafarroako 2019-2030 Plan Zuzendaria, hornidurari dagokion partean, bai geruza berriak egiteari dagokionez, bai plan zuzendarian sortutako geruzak mantentzeari dagokionez. Bekaldia 2021eko maiatzaren 1ean hasi eta 2022ko apirilaren 30ean amaituko da. Iraupen bereko luzapenak egiten ahalko dira, gehienez hiru urte egin arte.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, beka bat emateko Ingeniaritzako, Arkitekturako edo Geografiako graduko unibertsitate tituludunei, ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten GIS kartografia garatzeko lanetan, honako hauekin lotuta: toki azpiegituren planak eta Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Nafarroako 2019-2030 Plan Zuzendaria (hornidurari dagokion partea). Bekaldia 2021eko maiatzaren 1ean hasi eta 2022ko apirilaren 30ean amaituko da. Iraupen bereko luzapenak egiten ahalko dira, gehienez hiru urte egin arte.

2. Gehienez 7.587,28 euroko gastua baimentzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu aurrekontuko “Bekak” izeneko 210000 21000 4809 922100 partidaren kargura, eta 3.793,64 euroko gehieneko gastua baimentzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko gastu aurrekontuan helburu horretarako gaituko den partidaren kargura. 2021eko eta 2022ko ekitaldietan, 48,41 euroko gehieneko zenbatekoa erreserbatu beharko da hileko Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotari aurre egiteko. Kuota hori 2020rako onartu da, eta kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako dagokion zenbatekoa atxikiko zaio. 2021. eta 2022. urteetarako, zenbateko hori izanen da Gizarte Segurantzako kotizazioei buruzko kasuan kasuko ministro-aginduan ezartzen dena.

Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura eta Barne Araubidearen eta Administrazio Laguntzaren Atalera.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

DEIALDIA, BEKA BAT EMATEKO TOKI ADMINISTRAZIOAREN ETA DESPOPULAZIOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIKO TOKI AZPIEGITUREN ZERBITZUAN ARITZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat sortzea, Ingeniaritzako, Arkitekturako edo Geografiako graduko unibertsitate tituludunentzat, Toki Azpiegituren Zerbitzuan aritzeko, ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten GIS kartografia garatzeko lanetan, honako hauekin lotuta: toki azpiegituren planak eta Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Nafarroako 2019-2030 Plan Zuzendaria (hornidurari dagokion partea).

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2021eko maiatzaren 1etik 2022ko apirilaren 30era bitarte. Beka luzatzen ahalko da, Toki Azpiegituren Zerbitzuak hala eskatuta, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekaren zuzkidura 11.380,92 eurokoa izanen da urte bakoitzerako. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sartu dira. Beka ordaintzeko, 900 euro gordin emanen dira hilabetero, edo horren zati proportzionala, hala badagokio, eta hilabetea bukaturik ordainduko da. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Halaber, hilero, bekadun bakoitzari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko da. Zenbateko hori, 2020rako onetsi dena, 48,41 eurokoa da hileko, eta eguneratuko da kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren kotizazioei buruzko ministro-agindua argitaratzen denean 2021. urterako eta hurrengoetarako.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Ingeniaritzako, Arkitekturako edo Geografiako graduko titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun naturalean aurkeztuko dira.

2. Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko dira, eskaerak aurkezteko unean horretarako gaituta dauden horietan, alegia. Helbide hauetan dago bulego horien zerrenda:

https://www.navarra.es/es/atencion-ciudadana/oficinas-de-registro-y-atencion-ciudadana

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/oficinas-registro

Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan ere aurkezten ahalko dira eskaerak.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko b) letran adierazten diren gainerako merezimenduen frogagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Jaiotze agiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen hori egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egin diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Toki Azpiegituren eta Obren Ataleko burua.

Ordezkoa: Toki Azpiegituren Bulegoko burua.

Idazkaria: Plangintzaren, Azterlanen eta Uraren Ziklo Osoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Kudeaketa tekniko-administratiboaren Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, irizpide hauen arabera (15 puntu gehienez):

a) Ikasketa espedientea: gehienez ere 5 puntu.

b) Bekaren jardueren esparruari lotutako arloetako prestakuntza eta ezagutza espezifikoak: gehienez ere 10 puntu.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Lurralde Kohesiorako Departamentuko iragarki-taulan (San Ignazio etorbidea 3, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Beka onuradunari esleitu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta jakinarazpen hori Lurralde Kohesiorako Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Arrieta kalea 12, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren adjudikazioari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra).

2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio, zeinak eginkizun zehatzak ezarriko dizkion, ordutegiak finkatuko dituen eta begiratuko duen bekadunak bere betebeharrak eta jarduerak betetzen dituen, haren ardura izanen baita bekadunak gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2102645