54. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

105/2021 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Bestalde, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Bata bestearen ondoren luzatu diren neurri horietako batzuek kirolaren eremua arautu dute; besteak beste, lehiaketetan edukiera mugatu zen, bai eta kirol instalazioen erabilera zein ordutegia ere.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Hartu diren neurrien artean, eta kirol eremuarekin lotuta, korrikalariek edo “runners” direlakoek maskara erabiltzeari buruzko berariazko aipamen bat sartu da. Osasuneko kontseilariak onetsi dituen neurriek indarra izanen dute 2021eko martxoaren 11ra arte, egun hori barne.

Osasun Departamentuak onetsi dituen neurriez gain, eta urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak emandako eskumenak erabiliz, gaur arte Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren zenbait foru dekretu onetsi dira, eta, horien bidez, prebentzio neurriak ezarri dira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Horietarik azkena da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 7/2021 Foru Dekretua, otsailaren 23koa, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurri horiek indarra izanen dute 2021eko martxoaren 11ra arte, egun hori barne.

Horregatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak zein Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitako neurri guztiak betez, Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol arlorako berariazko neurriak hartu ditu, zuzendari kudeatzailearen ebazpen batzuen bidez.

Nafarroako Foru Komunitatearen barruan kirol jarduera egin ahal izateko hartu diren prebentzio neurriez gain, aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen zenbait lehiaketa autonomiko ofizialen hasiera data ezarri da. Hori Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren bidez egin da, eta organo beraren otsailaren 10eko 60/2021 Ebazpenak aldatu zuen.

Egun, SARS-CoV-2aren kutsatzeek, ospitaleratzeek, ZIUko ospitaleratzeek eta COVID-19ak eragindako hildako kopuruek etengabe behera egin dutela nabaritu da. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak argitaratu dituen txostenen arabera, birusaren zirkulazioak beheranzko joera du, maila baxua du intentsitatean eta ertaina larritasunean.

Horren guztiaren ondorioz, posible da kirol esparruan dauden neurriak modu mailakatuan malgutzea, eta ahalbidetzen du aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen lehiaketa autonomiko ofizial asko abiaraztea. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren 2.1.j) artikuluak xedatzen duena argitu eta zehaztu behar da, lehiaketa autonomikoetan parte hartzen duten kirolariek eta taldeek Nafarroako Foru Komunitatetik sartzeko eta ateratzeko duten aukerari dagokionez. Artikulu hori ezin da izan lehiaketa autonimiko batean, edonon izanagatik ere, parte hartzen duen edozein pertsonaren sarrera era irteera baimentzen duen tresna.

Artikulu horren helburua honakoa da: Nafarroatik kanpoko kirolarien sarrera eta irteera baimentzea, osotara Nafarroan egiten diren lehiaketetan (liga erregularretan) parte hartzen duten Nafarroako taldeetako kide direnean. Era berean, beste talde bat ere sartu behar da salbuespen gisa: mugakide diren erkidegoetako taldeetako (edo Nafarroako Foru Komunitateko) kirolari nafarrak, erkidego horietan osotara egiten diren lehiaketa autonomikoetan (liga erregularretan) parte hartzen dutenak.

Aurrekoaz gain, estatuko lehiaketaz zer ulertzen den argitu behar da, mugikortasuna baimentzeko eta lehiaketa autonomiko guztiak estatuko lehiaketak bihur daitezen saihesteko, lehiaketa horiek haien egutegian sartzeko kasuan kasuko Espainiako federazioekin egindako akordio huts baten ondorioz.

Orobat, beharrezkoa da orain arte hartu diren neurriak testu bakar baten biltzea, 2020. eta 2021. urteetan gaur arte ezarri diren ondoz ondoko ebazpenak indarrik gabe uztea, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorreko beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Berariazko prebentzio neurri apartekoak onestea Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ebazpen honi eranskin bat atxikitzen zaio, hartutako prebentzio neurriak zehazten dituena, eta orain arte baimendu diren aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen Nafarroako lehiaketa ofizialen hasiera datak dituena.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak orain arte eman dituen ebazpen guztiak indarrik gabe uztea, zeinen bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Hori guztia galarazi gabe izaera orokorreko beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Zehazki, ebazpen hauek indarrik gabe geldituko dira:

–459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearena, bai eta ondorengo aldaketak ere.

–625/2020 Ebazpena, urriaren 13koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearena, bai eta ondorengo luzapenak eta aldaketak ere.

Era berean, indarra izaten segituko dute, ez baitiote kontra egiten ebazpen honetan ezarritakoari, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren 1. (bertan ezartzen diren hasiera datak alde batera utzita), 2., 3. eta 4. eranskinek. Ebazpen horrek baimentzen du aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen lehiaketa ofizial autonomikoak egitea, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, eta ezartzen du zein egunetan hasten ahal diren.

3. Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

5. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 25ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz

1. Ohar orokorrak:

–Eranskin honetan dauden neurriei, Osasun Departamentuak une bakoitzean onesten dituenak gehitu beharko zaizkie, eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak onesten dituenak.

–Proba eta lehiaketa ofizialak egiten diren bitartean entitate antolatzaileek bermatu beharko dute bertaratutako ikusleek betetzen dituztela Osasun Departamentuak onetsi dituen prebentzio neurri guztiak. Horien artean hauek daude: maskarak behar bezala erabiltzea; pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko tartea uztea; eskuak garbitzea soluzio hidroalkoholikoaz edo ur eta xaboiaz, bai eta jatekoak eta edatekoak debekatzea ere.

–Proba eta lehiaketa ofizialak egiten ari diren bitartean kirolariek ezin izanen dute bertaratutako ikusleekin inolako kontaktu fisikorik izan, eta momentu oro pertsonen artean eskatutako distantzia errespetatu beharko dute.

–Kirol instalazioetako aldagela eta dutxak erabiltzea baimenduta dagoen kasuetan, bermatu beharko da erabiltzaile bakoitzak gutxienez 4 metro koadroko tokia duela, eta erabiltzaileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal dela.

–Debekatuta dago izaera ofizialik ez duen lehiaketarik egitea.

–Lasterkariak (“runner” direlakoak) jarduera fisikoa egiten ari direnean, maskara erabiliko dute, baldin eta ezin badute bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia.

Halaber, jarduera fisiko hori pertsona asko dauden tokietan egiten dutenean –hala nola, parkeetan, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan–, gomendatzen da banaka egitea, eta ez taldeka.

2. Mugikortasunari mugak.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren 2.1.j) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako Nafarroatik ateratzen eta sartzen ahalko dira Nafarroako Kirolaren Erregistroan erregistratutako taldeetako kide izan eta nafarrak ez diren kirolariak eta teknikariak, baita epaileak eta arbitroak ere, baldin eta osotara Nafarroan egiten diren liga erregularretan parte hartzen badute.

Halaber, Nafarroatik ateratzen eta sartzen ahalko dira Nafarroako Kirolaren Erregistroan edo beste autonomia erkidego batean erregistratutako taldeetako kide izan eta nafarrak ez diren kirolariak eta teknikariak, baita epaileak eta arbitroak ere, baldin eta osotara beste autonomia erkidego horretan egiten diren liga erregularretan parte hartzen badute.

Batean zein bestean, lehiaketa horietan parte hartzeko,Nafarroako Foru Komunitatetik sartzeko eta irteteko aukerak, lehiaketa horien entrenamenduetarako baimena ere hartzen du barne.

Orobat, artikulu horretan xedatutakoaren ondorioetarako, estatuko eta izaera ez profesionaleko lehiaketa ofizialak honakoak izanen dira: denboraldi honetan zein aurrekoan Espainiako kirol federazioen egutegi nazionalen barne zeudenak.

3. Aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen Nafarroako lehiaketa ofizialak egitea.

3.1. Hasteko egutegia:

a) 2021eko otsailaren 12tik aurrera aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen Nafarroako lehiaketa ofizialak egitea badago, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 10eko 60/2021 Ebazpenean zehazten den moduan:

–Futbola:

  • Gizonezkoen lehen mailako txapelketa autonomikoa.
  • Emakumezkoen lehen mailako txapelketa autonomikoa.
  • Preferentea.
  • Emakumezkoen senior kategoriako areto-futbola.

–Saskibaloia:

  • Gizonezkoen senior kategoriako Nafarroako Txapelketa.
  • Emakumezkoen senior kategoriako Nafarroako Txapelketa.

–Errugbia:

  • Gizonezkoen senior kategoriako Nafarroako Txapelketa.

–Arte martzialak eta borroka kirolak:

  • Nafarroako Senior Txapelketa.

b) 2021eko otsailaren 26tik aurrera, Nafarroako lehiaketa ofizialak egiten ahalko dira kontaktuko edo aurkakotasuneko kiroletako gainerako kirol modalitateetan, senior kategorian edo antzekoetan, gazte kategorian eta antzekoetan, eta kadete kategorian.

Nafarroako Kirolaren Institutuak baimenduko du ebazpen honetan jasota ez dauden kontaktuko edo aurkakotasuneko kiroletako Nafarroako gainerako lehiaketa ofizialen hasiera, egoera epidemiologikoaren eta osasun agintaritzen irizpidearen arabera.

3.2. Lehiaketak egin ahal izateko baldintzak:

Nafarroako lehiaketa ofizialak hasteko eta egiteko (bai aurkakotasuneko edo kontaktuko kiroletan, bai bestelako kiroletan) bete beharko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren 1. (bertan ezartzen diren hasiera datak alde batera utzita), 2., 3. eta 4. eranskinetan zehaztuta dauden betebehar eta baldintzak. Eranskin horietan dauden betebeharrak exijituko zaizkie hastekoak diren zein dagoeneko hasiak diren lehiaketei.

Aurkakotasuneko edo kontaktuko kirolen probak eta lehiaketak egiteko, bai eta horien entrenamenduetarako ere, instalazioaren edukieraren okupazioa kalkulatzeko, pertsonako 5 metro koadroko ratio bat hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze naturala edo aire zirkulaziorik gabeko aireztatze behartua ere (mekanikoa).

Horren ondorioetarako ez dira zenbatuko ez kirolariak (ordezkoak), ezta baimendutako gainerako langileak ere (teknikariak, mahaiko epaileak...), prestatutako tokietan (aulkietan, epaileen mahaia…)lehiaketan parte hartzen ari ez badira. Horiek une oro 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantendu eta maskara erabili beharko dute.

4. Aurkakotasun edo kontaktu gabeko kirolen Nafarroako lehiaketa ofizialak egitea.

4.1. Lehiaketetako eta probetako parte-hartzaile kopurua aire zabalean:

–Aire zabalean antolatutako lehiaketa eta probetan parte-hartzea handia bada (hala nola, txirrindularitza probak, atletismo lasterketak, mendi lasterketak, irristaketa, triatloia eta abar), gehienez ere 200 partaide izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Osasun Departamentuari aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio.

4.2. Lehiaketetako eta probetako parte-hartzaile kopurua gune itxietan:

–Gune itxietan egiten diren lehiaketetan eta probetan, gehienez ere 50 parte-hartzaile izanen dira aldi berean. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, Nafarroako Kirolaren Institutuari aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio.

–Gune itxietan pertsonako 5 metro koadroko ratioa hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze natural edo aire zirkulaziorik gabeko behartua (mekanikoa) ere.

Horren ondorioetarako ez dira zenbatuko ez kirolariak (ordezkoak), ezta baimendutako gainerako langileak ere, lehiaketan parte hartzen ari ez badira. Horiek une oro 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantendu eta maskara erabili beharko dute.

5. Kirol ekitaldiak antolatzea eta egitea.

5.1. Kirol ekitaldiaren definizioa:

Kirol ekitaldia honela ulertuko da: noizbehinkako edo aldizkako kirol gertaera, antolatu den lekuan eragin nabarmena duena. Eragin positibo horrek honakoak ekartzen ahal ditu: garrantzi eta oihartzun sozial eta mediatiko zabala; garrantzi ekonomiko edo turistiko nabarmena, parte-hartze handia edo baliabide zein azpiegituren aldetik antolaketaren konplexutasuna.

5.2. Antolatzeko eta egin ahal izateko baldintzak:

Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldiak antolatzen eta egiten ahalko dira, Nafarroako Kirol Institutuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldeko txostena eman ondoren. Nafarroako Foru Komunitatean kirol ekitaldi bat antolatu eta egin nahi duen entitateak aldez aurretik jarduketa protokolo bat igorri beharko du Nafarroako Kirol Institutura. Protokolo horretan, inplikatutako pertsona guztien osasuna babesteko neurri espezifikoak ezarriko dira, osasun agintariek ezarritako irizpideekin bat.

Kirol ekitaldietan ezarriko dira eranskin honen 3. puntuan jasotzen diren parte-hartzaileen kopuruen gaineko neurriak, bai eta Osasun Departamentuak bertaratutako ikusleen kopuruarengainean onartutako neurriak ere.

6. Entrenamenduak.

6.1. Ohar orokorrak:

–Debekatuta dago ikusleak egotea entrenamenduetan.

–Bi multzo edo talde ezberdinen arteko entrenamendu osoak egiten ahalko dira, baldin eta biek baimendutako lehiaketetan parte hartzen badute eta kirol maila berekoak badira.

6.2. Entrenamenduak aire zabalean:

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte aire zabalean, kirol instalazio bakoitzeko gehienez ere 25 lagun bitarteko taldeetan.

Banakako kirol entrenamenduetan aire zabalean ere entrenamendu talde bakoitzeko gehienez 25 pertsonak parte hartzen ahalko dute.

6.3. Entrenamenduak instalazio itxietan:

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, kirol instalazio bakoitzeko gehienez ere 15 lagun bitarteko entrenamendu taldeetan.

Banakako kiroletako (kontaktukoak izan ala ez) kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, 15 lagun bitarteko taldeetan, baldin eta instalazioak 5 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun handiko jardueretarako, eta aireberritze naturala edo airearen zirkulaziorik gabeko behartua (mekanikoa) badu.

7. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak.

7.1. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduaren definizioa:

Jarduera zuzendua honela ulertuko da: aisialdiarekin, prestakuntza fisikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten jarduera fisikoak, parte-hartzaileen adina edozein delarik ere. Jarduera horien barruan ez dira sartzen kirol modalitate bateko entrenamenduak edo kirol hastapenerako eskolak.

7.2. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egin ahal izateko baldintzak:

Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak espazio itxietan egiteko, taldeak gehienez hamar pertsonakoak izanen dira. Edonola ere, gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egiten ahalko dira 15 laguneko taldeetan gune itxietan, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen birzirkulaziorik gabe.

Atal honen barruan sartzen dira igeriketa ikastaroak. Talde horiek 10 pertsonako muga izanen dute, parte-hartzaileen adina edozein delarik ere. Jaioberriei edo haur oso txikiei ematen zaizkien ikastaroen kasuan, familiako bizikide bat (beti bera) haiekin joatea baimenduko da, eta hori 10 parte-hartzaileren gehieneko kopuruan zenbatuko da. Aitzitik, monitorea ez da gehieneko kopuru horretan zenbatuko. Horrez gain, ez dago baimenduta monitorearekin kontakturik izatea, eta, horrenbestez, kontakturik ez egotea bermatzen duten lan metodologiak bilatu beharko dira.

8. Kirol igerilekuak erabiltzea.

8.1. 25 metro bitarteko luzera duten igerilekuetan igeriketan aritzea:

Igeriketan, kale bakoitzeko gehienez ere 4 pertsona sartzen ahal dira 25 metro edo gutxiagoko luzera duten igerilekuetan, baldin eta erabiltzaileek joan-etorriak kale berdinetik egiten badituzte. Joan-etorria kale desberdinetatik egiten badute, bi kale horietan gehienez 10 pertsona ibiltzen ahalko dira.

8.2. 50 metro bitarteko luzera duten igerilekuetan igeriketan aritzea:

50 metroko igerilekuetan kale bakoitzeko gehienez ere 8 pertsona sartzen ahalko dira, baldin eta erabiltzaileek joan-etorriak kale berdinetik egiten badituzte. Joan-etorria kale desberdinetatik egiten badute, bi kale horietan gehienez 20 pertsona ibiltzen ahalko dira.

8.3. Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan aritzea:

Waterpolon eta igeriketa sinkronizatuan, parte-hartzaile bakoitzeko 10 metro koadroko espazioa bermatuko da, eta ur-xaflako gehienez ere 15 pertsona izanen dira.

Iragarkiaren kodea: F2103236