52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Ordenantza, Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artaxoako Udalak, 2020ko abenduaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Artaxoako udalerrian etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Horren iragarkia 2020ko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 18an, baita Herriko Etxeko iragarki-taulan ere, eta orduz geroztik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasiera batez onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da, eta osorik argitaratzen da Artaxoako udalerrian etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa.

Argitara ematen da, interesdun orok jakin dezan.

Artaxoan, 2021eko otsailaren 8an.–Alkatea, Juan Ramón Elorz Domezain.

ORDENANTZA, ARTAXOAKO UDALERRIAN ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Artaxoako Udalak, ordenantza honen bidez, partikularrek sustatutako bizitegi-jarduketak bultzatu nahi ditu. Horrekin bilatzen du lehendik dauden etxebizitzak hobetzea etxebizitzok zaharberrituz eta berroneratuz, obrak eginez haien funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta eraikinen energia-efizientzia optimizazioa lortzeko. Horrekin guztiarekin ahalbidetu nahi da herritarrak udalerrian kokatzea.

Horretarako, laguntza ekonomikoak ezarri asmo ditu Udalak, haren ahalbideen neurrian, pizgarri izan daitezen jarduketa horiek egiteko 50 urtetik gorako antzinatasuna duten bizitegi-erabilerako eraikinetan, betiere Artaxoako herrigunean badaude.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzaren xedea da Artaxoako Udalak herrigunean bizitegi-erabilerako eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko ezarri dituen laguntzak arautzea, ordenantzan bertan finkatzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.

Ordenantza honen xedea da honako obra hauek sustatzeko laguntzak arautzea:

–Herriguneko etxebizitzak zati batean edo osorik zaharberritu edo moldatzea (fatxadak konpontzeko lanak, estalkiak, berreraikuntzak, eraikinaren egituraren sendotzea eta indartzea...).

–Lehendik dauden eraikinak ordeztea (eraitsi eta berriz eraikitzea), ohiko etxebizitzak egiteko.

–Eraikinen inguratzailea (fatxadak eta estalkia) sendotzeko obrak, gainditzen badituzte kontserbazio hutsera bideratutakoak, Eraikingintzaren Kode Teknikoak zehazten dituen bezala.

–Etxebizitza barnean egiten diren obrak edo jarduketak, xedea bada hura egokitzea irisgarritasuna hobetzeko, oztopo arkitektonikoak kenduz.

–Hobekuntza energetikoak (inguratzaile termikoa, energia berriztagarriak, kanpoko zurajea eta abar).

3. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen udal planeamenduaren kontrako jarduketak, oro har aplikatzekoa den antolamendu juridikoaren eta hirigintza arauen kontrakoak eta, batik bat, birgaitzeari eta bizigarritasunari buruzko arauen kontrako jarduketak.

Zaharberritzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten eraberritzeak. Energia-efizientzia, segurtasuna, irisgarritasuna, eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.

Udalarekiko ordainketetan egunean ez dauden partikular edo entitateei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen.

4. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bitartez, laguntzen eskabideak ebatziko ditu, Hirigintza eta Azpiegituren Alorrak txostena egin ondotik.

Laguntzak emanen dira aurrekontuan horretarako behar besteko partida dagoen bitartean eta hura bukatu arte.

5. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa eginen da obrak bukatzen direnean; horretarako, interesdunak kasuan kasuko justifikazioa aurkeztu beharko du (lehen erabilerako lizentzia edo teknikari eskudunak izenpetutako obra-bukaerako akta), 13. eta 14. artikuluetan ezartzen den bezala.

6. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo entitatek emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin.

7. artikulua. Mugak.

Ordenantza honen babesa izan duten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jasotzen dituzten obrak bukatzen direnetik zenbatzen hasita, non ez zaion Udalari itzultzen jasotako diru guztia.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik.

8. artikulua. Laguntza galtzea.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, ekarriko du dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea. Horrek ez du eragotziko prozedura ireki ahal izatea Udalak emandako laguntzak berreskura ditzan, ez eta dagokion bidetik zehazpenak ezartzeko aukera ere.

9. artikulua. Aplikazio-eremua.

Laguntzak aplikatuko zaizkie soilik bizitegi-erabilera duten Artaxoako herriguneko eraikinei, baldin eta 50 urtetik gorako antzinatasuna badute eta 2. artikuluan aipatutako obrak egiten bazaizkie.

10. artikulua. Onuradunak.

Onuradunak izanen dira zehaztutako jarduketa eremuko eraikinen edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, bai eta, jabeak ez izanik ere, badirenen berariazko baimena dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

Eraikin kolektiboak zaharberritzeko obren kasuan, jabekideen erkidegoa ere onuraduna izanen da.

11. artikulua. Jarduketen bete beharreko baldintzak.

Udalaren laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2. artikuluan azaldutako tipologiarekin bat datozen obrek, baldin eta posible badira Udal Planak lurzati bakoitzean esleitzen duen hirigintza araubidea aplikatzean, eta, oro har, Nafarroako Gobernuak ezarritako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek.

Baldintza hauek bete beharko dituzte gainera:

–Obrak eginen dira 50 urtetik gorako eraikinetan. Antzinatasuna zehaztuko du katastroan adierazitako datak.

–Kontrataren aurrekontua gutxienez ere 3.000 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.

12. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

Diruz lagunduko da honako hauen pareko zenbatekoa:

–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %50aren parekoa.

–Obraren benetako kostuaren %4ren pareko zenbatekoa.

Nolanahi ere, 3.000 euroko muga orokorra ezartzen da diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzeko, ezertan ukatu gabe 14. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa.

13. artikulua. Espedienteak izapidetzea.

Artaxoako Udalak dirulaguntzak eskatzeko epe bat irekiko du urtero. Interesdunek epe horretan laguntzaren eskabidea aurkeztuko dute, honako hauekin batera:

–Obra-lizentzia eman zaiola egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Obra bukatu dela egiaztatzen duen dokumentazioa. Obra txikien kasuan, obra bukatu izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Dirulaguntza zer kontutan sartzea nahi den, haren zenbaki osoa.

Eraikin kolektiboak zaharberritzeko obren kasuan, dokumentazio hau erantsiko da:

–Jabearen edo jabeen erkidegoaren ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Jabeen erkidegoaren erabakia: obrak egitekoa eta laguntza-espedientearen kudeaketarako ordezkaria izendatzekoa.

Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasorik ez dauden eta izapidetzean planteatzen diren inguruabar berezietan, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei buruzko dekretua aplikatzean Nafarroako Gobernuak baliatzen duen irizpideari jarraikiko zaio.

14. Dirulaguntzak emateko araubidea.

Diruz lagungarriak diren jarduketak bukatuta, interesdunek obraren bukaeraren berri emanen dute, Udaleko erregistro orokorraren bitartez.

Laguntza hauek eskatzeko, obrak bukatu beharko dira honako epealdi honetan: aurrekontu-ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 1etik hasita, obra horiek egiteko aurrekontuko partida jaso duen urteko azaroaren 30era bitarte.

Diruz lagundu beharreko jarduketek gainditzen badute ekitaldiko bakoitzeko aurrekontuan jasotako zenbatekoa, laguntzen zenbatekoei ehuneko proportzional bat aplikatuko zaie, jarduketa guztiak diruz laguntzeko.

Laguntzen emakidak ebatziko dira ekitaldi bakoitzeko abenduaren lehenbiziko hamabostaldian.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2102135