52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, arkitekto lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat osatzeko

Tafallako Gobernu Batzarraren erabakia, 2021eko otsailaren 9koa, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat osatzeko, Tafallako Udalaren zerbitzuko arkitekto lanpostuan aritzeko.

Ikusirik Tafallako Udaleko Hirigintza Zerbitzuen Alorreko zuzendariak eman txostena, non aditzera ematen baita arkitekto lanpostuan aritzeko izangai zerrenda bat izateko beharra, alor horretan aipatu lanposturako dauden aldi baterako kontratazioko beharrei erantzutearren.

Kontuan harturik agertu den behar hori, eta bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedaturik dagoenarekin.

Espedientean jaso delarik Jarraipen eta Kontrol Batzordearen irizpena.

Horrekin bat, eta aintzat hartuz eskumenak eskuordetzeko Alkatetzaren uztailaren 8ko 6/2020 Dekretua.

Ikusirik Jarraipen eta Kontrol Batzordearen data honetako irizpena, eta horrekin bat, Gobernu Batzarrak:

ERABAKITZEN DU:

Lehena.–Deialdiaren oinarriak onestea aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Tafallako Udalaren zerbitzuko arkitekto lanpostuan aritzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren.

Bigarrena.–Behar diren izapideak egitea deialdi hori aurrera eramateko, deialdian bertan zehazten den eran.

Hirugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Hirigintza Alorreko zuzendariari eta Langileria Departamentuari, behar diren ondorioetarako.

Tafallan, 2021eko otsailaren 10ean.–Udaleko Idazkaria, Nekane Ágreda Arróniz.

DEIALDIA, TAFALLAKO UDALAREN ZERBITZUKO ARKITEKTO LANPOSTUAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAI ZERRENDA BAT OSATZEKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da, hautaproben bidez, arkitekto lanpostuan aritzeko izangai zerrenda bat osatzea, erakunde honetan sortzen diren beharrei aldi baterako kontratuekin erantzutearren.

Probak gainditzen dituztenak izangai zerrenda batean sartuko dira, Tafallako Udalean arkitekto lanpostuak aldi baterako betetzeko.

Zerrenda hau eratzean, bertan behera geldituko dira lehendik dauden beste zerrenda guztiak, halakorik badago.

Lan-poltsa horrek gehienez lau urte iraunen du, eta epe hori Alkatetzaren ebazpen baten bidez luzatzen ahalko da.

1.2. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien A mailako ordainsariak izanen ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan eta enpresako hitzarmen kolektiboan soldatarako ezarritako osagarriak ere, une bakoitzean betetzen den lanpostu zehatzerako.

Bete beharreko eginkizunak izanen dira haren maila eta kategoriarako oro har ezarritakoak, une bakoitzean betetzen den arkitekto lanpostuaren arabera.

1.3. Bete nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izanen da lan ordutegia, zerbitzuaren beharren araberakoa betiere, eta noiznahi aldatzen ahalko du organo eskudunak, behar horiei erantzuteko.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina gainditua ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

d) Arkitekturako unibertsitate-titulua izatea, edo gradudun-titulua gehi arkitektura lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitateko master titulu ofiziala, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautapen prozesuan zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten fotokopia.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien kopia aurkeztu beharko dute eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.b) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko adierazpena egin beharko dute, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten mende.

b) Tafallako Udalari 18,30 euro ordaindu izanaren frogagiria, lanpostu deialdia izapidetzeko tasagatik. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa hori kreditu txartelaren bidez ordaintzen ahalko da eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 22 2100 3696 69 2200068626 kontura transferentzia eginez; azken kasu horretan, datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Kontzeptua: Arkitektoen kontratazio zerrenden deialdia.

c) Deialdi honen 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioaren fotokopia, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.3. Parte-hartzaileek %33ko desgaitasuna edo handiagoa badute, horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek bideratuko dira Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara, proba egiteko zer egokitzapen behar dituzten zehazteko, denbora eta baliabide aldetik.

3.4. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es).

Bost eguneko epean, argitaratu era biharamunetik zenbatzen hasita, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta jendaurrean jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es).

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean, izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertu, eta ohartuz gero baldintzaren bat betetzen ez dela denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Amaia Jaurrieta Osés, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

–1. epaimahaikidea: Nekane Agreda Arróniz, Tafallako Udaleko idazkari nagusia.

Ordezkoa: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.

–2. epaimahaikidea: Elena Martínez Litago, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Gerentziak izendaturiko arkitektoa.

Ordezkoa: Juan López Asensio, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Gerentziak izendaturiko arkitektoa.

–3. epaimahaikidea: José Ignacio Zuazu Moneo, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak izendaturiko arkitektoa.

Ordezkoa: Matilde Jiménez Ochoa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak izendaturiko arkitektoa.

–4. epaimahaikidea: Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatzen duena.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen enpresa batzordeak izendatzen duena.

–Idazkaria (hitza duena baina botorik gabe): Lourdes Galdeano Lander, Tafallako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

Ordezkoa: Cristina Elizalde Duque, Tafallako Udaleko administrari laguntzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Tafallako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Onartutakoen zerrendarekin batera epaimahaiak zehazten duen egunean hasiko da hautapen prozesua. Deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo agiri baliokidea aldean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan, test motako 100 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena.

Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hala, erantzun zuzen bakoitzak puntu bat (1) emanen du, eta erantzun oker bakoitza 0,30 puntu galduz zigortuko da. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira kontuan hartuko. Baztertu eginen dira guztira 30 puntu gutxienez lortzen ez dituztenak.

Proba egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Hautaproban, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte denbora eta baliabide aldetik, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak lortutako puntuazioa emanen du argitara Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta epeak ezarriko ditu emaitzei buruzko alegazioak aurkezteko.

7. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Ariketen balorazioa burututa eta alegazioak ebatzita, halakorik aurkezten bada, parte-hartzaileen artean berdinketarik suertatuz gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

Berdinketak ebatziko dira kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena. Haren emaitzak jendaurrean jarriko dira Tafallako Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

7.2. Aurkezten diren alegazioak eta berdinketak ebatzirik, epaimahaiak Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es) argitaratuko du aldi baterako kontrataziorako deialdiaren hautapen-prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

7.3. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak alkateari igorriko dizkio hautapen-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, onets dezan. Horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere helaraziko dio.

8. oinarria.–Arkitekto lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

8.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, puntuazio-ordenaren arabera onetsiko da izangai zerrenda, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta jendaurrean jarriko da Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean: www.tafalla.es.

8.2. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko deia egitean eta, kasua bada, kontratazioa bera egitean, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); deialdi honen oinarrietan jasotako kudeaketa-arauak; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan, non xehetasunak arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako administrazio publikoetan enplegua lortzeko moduaren inguruan.

8.3. Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, aurkeztu beharko dute deialdi honen 2. oinarrian eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena edo, kasua bada, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria, bai eta aipatu baldintzak betetzen dituztela frogatzeko gainerako agiriak ere.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

8.4. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta onesten denetik hasita, gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

9. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Dei egitea.

a) Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoaz gain, deia egiterakoan, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan; horren bidez, hain zuzen, desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan lanean sartzeko xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33ko edo maila handiagoko desgaitasun aitortua dutenek egoera hori frogatu beharko dute, organo eskudunak berariaz emaniko agiri jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez.

Lanerako deia jasotzen dutenek eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, aurkeztu beharko dute deialdiaren oinarrietan eskatzen den titulazioaren edo horren baliokidetzat jotzen denaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena edo, kasua bada, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

9.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurren ageri denari dei eginen zaio, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehen izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

6.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera pareko egoeran suertatzea (lege horrek hizpide du Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean segituko dute.

9.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

9.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7. Lan kontratuak.

Arkitekto lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterakoa, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen duena; haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua beteko du, bai eta hura garatzeko araudia ere.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–I. titulua. Prozeduretako interesdunak.

–II. titulua. Administrazio publikoen jarduera.

–III. titulua. Administrazio egintzak.

–IV. titulua. Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.

–V. titulua. Egintzak bide administratiboan berrikustea.

2. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

–Atariko titulua.

3. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

4. 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena.

5. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

6. Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Plana (LAP-4).

–III. Arauak.

7. Tafallako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) (1994ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa).

–2. agiria. Hirigintza arau orokorrak. Erabilerei buruzko arau orokorrak.

8. Tafallako hirigune historikoaren Barne Erreformako Plan Berezia (2011ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 12koa).

–Hirigintzako araudia.

9. 142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxeetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena.

10. 93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

11. 448/2014 Foru Agindua, abenduaren 23koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onesten dituena.

12. 38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa.

13. 14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.

14. 314/2006 Errege Dekretua, martxoaren 17koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa onesten duena.

–DB-SI. Segurtasuna, sutea gertatzean.

–DB-SUA. Erabileraren segurtasuna eta irisgarritasuna.

15. 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa.

16. VIV/561/2010 Agindua, otsailaren 1ekoa, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak irisgarri eta erabilgarri egon daitezen.

17. 108/2014 Foru Dekretua, azaroaren 12koa, eraikinen ebaluazio txostena arautzen duena.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2102667