52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62E/2021 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena ematen den Arraitzen (Nafarroa), Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko NA-4230 errepidearen saihesbidearen trazadura proiektuaren ingurumen inpaktuarentzat.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedurarekin haste aldera, eta egiaztatu ondoren dokumentazioak bete egiten dituela sektoreko legerian eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan ezarritako baldintzak, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak Arraitzen (Nafarroa) NA-4230 errepidearen saihesbidea trazatzeko proiektua aurkeztu dio, 2020ko irailaren 30ean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ingurumen izapideekin has dadin.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten honetan ezarritako baldintzetan.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapideak:

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsultatutako 23 erakunde eta pertsona horietatik guztietatik bi erantzun jaso dira: azaroaren 27an, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalarena, zeinetan adierazi baitzuen ez dagokiola txostena egiterik; eta abenduaren 16an, Herri Lurren Ataleko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuarena, zeinetan jakinarazi baitzuen ez dela beharrezkoa beste ekarpenik egitea ingurumen inpaktuaren ebaluazioari.

Ingurumen inpaktuaren txosten honen III. eranskinean dago jasota kontsultatutako administrazio eta pertsona guztien zerrenda.

Proiektuaren deskribapen laburra:

Proiektuaren helburua da herriko saihesbide bat egitea NA-4230 errepidean. Errepide horren egungo trazadurak Arraizko herrigunea zeharkatzen du. Hori horrela, bertatik igarotzean abiadura asko murriztu behar da eta errepideak arriskuan jartzen du inguruneko bide segurtasuna.

Dagokion edukiera kontuan hartuta, T-32 motako errepidea da (egunean 50 ibilgailu astun baino gehiago eta 100 baino gutxiago). Bide horren egungo zatiak galtzada bakarra du, 3,00 metroko bi erreikoa, eta bazterbideak 0,25 metrokoak dira. Ez dauka bermarik eta, zati batzuetan, areka oso sakonak ditu. Ondorioz, ez da bide segurua.

Saihesbidearen luzera osoa 1 km-koa da, gutxi gorabehera: 0+000 KPan hasten da, hau da, A biribilgunearekiko lotunea hasten den tokian (Alkotzetik Arraitz herrira iritsi aurretik), eta 0+990 KParen inguruan amaitzen da, hau da, B biribilgunearekiko lotunean (NA-4281 errepidearekin lotzen den lekuan).

Proiektua bat dator Ultzamako Udalaren Planeko lurren erreserbarekin, eta, gainera, aintzat hartzen ditu lurzoruaren baldintza topografikoak, ukitutako zerbitzuak eta obrak egin bitartean trafikoari bere horretan eusteko aukera.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio honen I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen dokumentuaren alderik aipagarrienak.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren eta ukitzen duen eremuaren ezaugarriak ikusita, egiaztatu da “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” paisaia babestuan sartzen dela (2. PB), eta oso gertu dagoela ES2200043 “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” KBEtik. Ezaugarri hori ez dago jasota proiektuarekin batera aurkeztu den ingurumen dokumentuan, eta Natura 2000 sareko eremu horrek kalteak jasaten ahal ditu Zaldazain edo Labararreta errekan eginen diren lanen ondorioz. Ibilgua zabaldu eginen da eta harri lubeta baten bidez kanalizatuko da 140 metroko tarte batean, urak saihesbidearen azpitik igarotzean duen portaera hobetzeko.

Erreka hori, Belate ibaiarekin elkartu ondoren, Natura 2000 sareko “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” eremuan sartzen da, 200 metroz, eta hor Ultzama izena hartzen du ibaiak. Ibilgu hori aldatzeko, beharrezkoa da ibaiertzeko basoko landare guztiak kentzea proiektuak ukitutako tartean; bertan, Lonicero xylostei-Alnetum glutinosae asoziazioan sartzen diren haltzadi azpikantauriarrak daude.

Errekaren tarte horretako ertza zuhaitzez osaturiko zerrenda estu bat da; bertan, nagusi dira makalak eta haltzak, 14 eta 20 metro arteko altuerakoak. Egoera fitosanitario txarrean dagoen haltzen bat edo beste ikus badaiteke ere, nabari da espezie horretako ale gazteek arrakastaz leheneratu eta okupatu dutela ibaiertza. Zuhaitz espezie horiez gain, lizar hostozabalak, astigar arruntak, haritzak, zume zuriak, sahats ilunak eta hurritzak daude. Esan bezala, kasu honetan haltzak egoera fitosanitario txarrean daude, eta horien ordez lizar hostozabalak jartzen ari dira leku batzuetan (proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuak ez du barnean hartzen inguruko landareen inbentariorik; horren ordez, landaredia balizkoa deskribatu besterik ez du egiten).

Proiektuak ukitutako ibaiaren zatiko galeria basoa erabat kentzeak ibaiko habitata zatikatzea ekarriko du, eta badakigu bertan fauna katalogatua dagoela (igaraba arrunta, ipurtatsa, baliteke bisoi europarra ere egotea, ur zozoa, martin arrantzalea eta miru gorria). Informazio hori ibai laster horretan berriki egindako inbentario xehatutik atera da. Inbentario hori N-121 A errepidea 2+1 errepide bihurtzeko trazaketa proiektuaren ingurumen izapideak egiteko gauzatu zen. Floraren kasuan bezala, ingurumen dokumentuak ez du argitzen fauna espezie babesturik badagoen.

Abenduaren 18ko 88/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” izeneko eremuaren Kudeaketa Planak eremuaren funtsezko elementu eta helburutzat hartzen ditu, besteak beste, lekuko ibai eta erreken egoera ekologiko eta kimiko egokia lortzea (azken helburuetatik 4.a); ibai eta erreken ertzetako landarediaren segida berreraikitzea (azken helburuetatik 5.a); baso saguzarrak kontserbatzea, bereziki arrisku handiena duten espezieak: Myotis bechsteinii, Barbastella barbastellus eta Myotis mystacinus (azken helburuetatik 9.a); eta bisoi europarra eta igaraba babestea (azken helburuetatik 12.a).

Inguru honetan “Ultzama eta Basaburuko Hariztiak” eta “Belate” gune babestuak lotzen dituen Natura 2000 sareari koherentzia ekologikoa eta konektagarritasuna emate aldera, eta kontuan izanda ibai korridoreek funtsezko zeregina dutela konektagarritasun ekologikorako oinarrizko elementu gisa, ondorioztatzen da, proiektuak Natura 2000 sareko KBEa zuzenean ukitzen ez badu ere, Zaldazain errekaren ibilgua aldatzeak eta bertako landaredia kentzeak eragin zuzena duela horretan, bere helburuak betetzea zailtzen duelako.

Bestetik, kontuan izan behar da fauna espezieen mugikortasuna. Horien iraunkortasunerako gunea ezin da mugatu barruti geografiko jakin batera; hortaz, eta aipatutako KBEaren Kudeaketa Planean jasotako helburuak betetze aldera, beharrezkoa da ingurumen inpaktuaren ebaluazio egokia egitea KBEaren inguruko gunean, zeina bat baitator proiektuarekin eremuarekin.

Paisaia babestua ukitzeari dagokionez, proiektuak gune babestu horretan duen eraginaren ebaluazio egokia egin behar da.

Aztertutako dokumentazioa ikusita, eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak berekin ekartzen ahal duen ingurumen inpaktua aztertu ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak ezarri du ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar bezala gauzatu dela eta, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin, beharrezkoa dela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea; izan ere, proiektuak modu esanguratsuan eragiten dio ingurumenari, bat etorriz 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideekin, zehazki, proiektuaren kokapenari buruzkoekin –ukitutako eremu geografikoaren sentikortasunagatik– eta izaten ahal duen inpaktuaren ezaugarriei buruzkoekin (inpaktuaren neurria eta konplexutasuna, eta halakorik egoteko probabilitatea).

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak Arraitzen (Nafarroa) sustaturikotako NA-4230 errepidearen saihesbidearen trazadura proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ultzamako Udalari eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Saihesbidea trazatzeko proiektua honetan datza: herriko saihesbide bat egitea NA-4230 errepidean, Arraizko herrigunea gurutzatzen duen zatian. Saihesbidearen luzera osoa 1 km-koa da, gutxi gorabehera: 0+000 KPan hasten da, hau da, A biribilgunearekiko lotunea hasten den tokian (Alkotzetik Arraitz herrira iritsi aurretik), eta 0+990 KParen inguruan amaitzen da, hau da, B biribilgunearekiko lotunean (NA-4281 errepidearekin lotzen den lekuan).

Oinplanoko trazaduraren arabera, ardatzak gutxienez 85 m-ko erradioa du, proiektuan jasotako biribilguneetarako iritsierarekin bat datorrena, eta gehienez 265 m-koa, saihesbidearen enborrean kokatua. Egungo errepidean 8 bihurgune daude, eta proiektuaren arabera 5 bakarrik egonen dira.

Altxaerako trazadurak aintzat hartzen ditu lurren konpentsazioa eta lanek irauten duten bitartean trafikoari bere horretan eusteko aukera, eta bertan etengabeko goranzko malda bat dago jasota, Alkotzerako norabidean (N-121 A). Batez besteko malda %2,58koa da, eta gehienekoa %7,45ekoa (0+823 eta 0+906 KPen artean).

Zeharkako ebakidura hauek osatzen dute: 3,5 m-ko zabalerako bi errei, 1,0 m-ko bazterbideak eta 0,75 m-ko bermak. Proiektuaren arabera, areka zapaltzeko modukoa izanen da, eta lubeta eta erauzitako lurrekin osatutako ezpondak 2H/1V eta 3H/2V-ko malda izanen du, hurrenez hurren.

Saihesbideak Zaldazain erreka gurutzatzen du. Hori dela eta, bao bakarreko egitura bat proiektatu da, T eran jarritako habe prefabrikatuz osatutako taula itxurakoa, zeinak 17,50 m-ko argi libreak ahalbidetzen baitituzte. Estribuek in situ eraikitako hegalak dituzte, 200 mmm-ko mikropiloteen gainean jarriak, 9 m-ko sakoneran. Errekaren ibilgua 140 m-ko luzeran handituko da.

Drainatzeari dagokionez, lur gaineko drainatzearen arazoa konpontzeko galtzadaren eta bermen zeharkako malda egoki bat jarriko da. Luzetarako drainatzerako, erauzitako lurrekin egindako 2,10 m-ko arekak jarriko dira, gutxienez 0,21 m-ko sakonerakoak, baita lubetaren goiko aldeko arekak ere, 2,40 m-ko zabalera eta gutxienez 0,60 m-ko sakonerakoak. Zeharkako drainatzeari dagokionez, 1.500 mm-ko hodiak (0+013,23, 0+066,47, 0+036,67 KPetan) eta 180 mm-koak (0+455,29 KPan) jarriko dira.

Proiektuan zehaztuta daude seinaleak, balizak, defentsak eta ukitutako zerbitzu guztiak aldatzea.

Lurren mugimenduari dagokionez, proiektuak bolumen hauek ezartzen ditu:

–Landare lurraren bolumena: 22.805 m³

–Hondeaketaren bolumena: 68.727,16 m³

–Lubetaren bolumena: 22.222,54 m³.

Nahitaezkoa izanen da erabiliko den materiala legeztatutako harrobietakoa izatea. Hondakindegira eraman beharreko soberakinaren bolumena, lanek ukitutako gainazalak landare lurrarekin lehengoratzeko behar den bolumena kenduta, 53.064,62 m³-koa izanen da.

Aurreikusten da Ultzamako udal mugarteko 9. poligonoko 115. lurzatia eta poligono bereko 118. lurzatia erabiltzea hondakindegi gisa, aldi baterako. Bertan utziko da soberakin guztia, eta 5H/1V-ko maldadun ezponda bat izanen du; horren gailurraren gainazalak, berriz, %4ko malda izanen du. Instalazio osagarriak 9. poligonoko 10. lurzatian egonen dira kokatuta.

II. ERANSKINA

Ingurumen dokumentuaren laburpena

Ingurumen dokumentua proiektuaren justifikazio eta deskribapenarekin hasten da, alternatibarik eman gabe.

Ondoren, ingurunearen ezaugarri orokorrak ematen ditu; ingurune fisikoa (klimatologia, airea, ura eta lurzorua) eta ingurune biotikoa (gunean egoten ahal den landaredia), baina gaur egun bertan dagoen eta obrak ukituko duen landaredia zehaztu gabe. Horrez gain, faunaren zerrenda bat zehazten du, baina ez du horren iturririk aipatzen (inbentarioa eta metodoa, zerrenda bibliografikoak), eta ez du detektatzen babestutako fauna espezieak daudenik ere, nahiz eta egiaztatuta dagoen hala dela.

Inguruneko inbentarioan jasota dago proiektuak ez duela babestutako gunerik ukitzen, eta, hortaz, ez du zehazten zuzenean ukituko duela “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” paisaia babestua, eta zeharka ES2200043 “Ultzamako eta Basaburuko Hariztiak” KEBa. Azkenik, inguruneko inbentarioan ingurune sozioekonomikoa, kulturala eta paisaia aztertzen ditu.

Ondorengo puntuan, ingurumenean eragina duten proiektuko ekintzak identifikatzen ditu, eraikuntza faseko eta ustiapen faseko ekintzak bereiziz. Oro har, ingurumen ondorioen ebaluazio oso orokorra egiten du, xehetasunetan sartu gabe, eta ez ditu identifikatzen proiektuaren funtsezko interakzioak, salbu eta Zaldazain errekan aurreikusita dauden ibilgua egokitzeko obrek izaten ahal duten inpaktua (140 m-ko tarte bati eragiten diote, eta bertan ibilgua zabaldu eta harri lubeta bidez finkatuko da).

Proposatutako prebentzio eta zuzenketa neurriei dagokienez, puntu honetan ere neurri orokorrak ezartzen dira. Dena den, dokumentuan zehaztasun pixka bat gehiagorekin azaltzen dira honako neurri hauek: Zaldazain errekako ezpondak babestea, azal erako harri lubeta bat eginda, eta bertako zuhaitzak landatzea ukitutako zatiaren inguruko zerrendatan; azaleko uren kutsadura prebenitzea, solidoei eusteko sistemak instalatuta; eta fauna babestea, zeharkako drainatze obra batean faunarentzako 1.800 mm-ko pasabidea instalatuta, 15 m-ko luzerakoa eta albo bakoitzean 5 m-ko itxitura zinegetikoarekin (neurri hori ez da egokia, pasabidearen tamaina ez delako nahikoa).

Azkenik, ezponda eta plataformetan hidroereiteko aukera jasota dago proiektuan. Horrez gain, hainbat zuhaitz espezie landatzea aurreikusten da, eta horiei dagozkien mantentze lanak egitea.

Ingurumen azterketaren osagarri, Ingurumenaren Jarraipen eta Kontrol Plan bat eginen da.

III. ERANSKINA

Kontsultatutako erakundeen zerrenda

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdun hauei:

–Ultzamako Udala.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

–Basoak Kudeatzeko Atala.

–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

–Ehiza Atala.

–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.

–Ibai Ingurunearen Atala.

–Lurralde Antolamenduaren Atala.

–Herri Lurren Atala.

–Abeltzaintza Zerbitzua.

–Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. Lurralde Kohesiorako Departamentua.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción.

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

–Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

–Nafarroako Ehiza Federazioa.

–ADECANA, Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

–UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna).

–EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

–Nafarroako Arrantza Federazioa.

–Sustrai Erakuntza fundazioa.

–Gorosti Natur Zientzia Elkartea.

–Aranzadi Zientzia Elkartea.

Iragarkiaren kodea: F2102145