52. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2021. urterako garatzen baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 68. artikuluak arautzen du araubide berezi erraztuaren edukia, eta ezartzen du erregelamendu bidez garatuko dela.

2020ra arte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta balio erantsiaren gaineko zergari buruzko araudiek aurreikusten zuten batera eta koordinaturik aplikatzea PFEZaren zenbatespen objektiboa eta BEZaren araubide berezi erraztua, eta horrenbestez, urtero onesten zen bi araubideak garatzeko foru agindua. Nolanahi ere, halaxe xedatzen baitu Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak (eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzekoa), 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera kenduta dago pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan etekin garbia zehazteko zenbatespen objektiboaren araubidea. Horregatik, foru agindu honek arautzen du, soilik, nola aplikatu BEZaren araubide erraztua.

Estatuan, azaroaren 25eko HAC/1155/2020 Aginduaren bidez garatu ziren, 2021erako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua.

Nafarroan, PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidea bertan behera utzi ondoren, aipatutako HAC/1155/2020 Aginduaren edukia aplikatu behar da, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari dagokionez 2021ean.

Dena dela, foru agindu honek beharrezko egokitzapenak egiten ditu Estatuko araudia Nafarroan aplikatu ahal izateko.

Hala, 1. artikuluan ezartzen du HAC/1155/2020 Aginduaren 1.1 artikuluan jasotako jardueretarako aplikatuko dela balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua Nafarroan, eta eduki horrekin bat, baina zenbait salbuespen edo argibide eginda.

Lehendabizi, HAC/1155/2020 Aginduaren 1.1 artikuluak 653.2 epigrafea biltzen du araubide erraztua aplikatzen duten jardueren artean: “Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza”. Bestalde, HAC/1155/2020 Aginduaren 2.1 artikuluak epigrafe bera biltzen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboan sartzeko moduko jarduera gisa, eta, kasu horretan, BEZaren baliokidetasun-errekarguaren araubidea da aplikatzekoa. Argitu behar da, eta horregatik argitzen du foru agindu honek, ezen 653.2 epigrafearen kasuan, BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola jarduera honi soilik: “Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina”. Hala dago jasota HAC 1155/2020 Aginduaren II. eranskinean ere, non ezartzen baitira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuko indizeak eta moduluak.

Bestalde, ez dira berdinak maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen lehen ataleko 6. saila (foru lege horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea arautzen dira) eta irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. saila (legegintzako errege dekretu horren bidez, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea onesten dira). Beraz, beharrezkoa da HAC 1155/2020 Aginduaren 1.1 artikuluaren edukia egokitzea Nafarroako EJZri buruzko araudian jasotako epigrafe eta izenetara.

Zehazki, Nafarroan, 673. epigrafea baino ez dago: “Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”, estatuko araudian ez bezala, non epigrafea bananduta baitago: 673.1 “Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak” eta 673.2 “Bestelako kafetegiak eta tabernak”. Foru agindu honek ezartzen du BEZaren araubide erraztua aplikatuko zaiola 673. epigrafeari (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) eta aplikatzekoak izanen dituela 673.2 epigrafeari dagozkion indizeak eta moduluak.

Bestalde, 675. epigrafea (“Kiosko, kutxa, txosna edo antzeko bertze lokaletako zerbitzuak”), Nafarroako zein estatuko EJZri buruzko araudian, honela deitzen da: “Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokatutako kiosko, kutxa, txosna edo antzeko bertze lokaletako zerbitzuak”. Hortaz, komenigarritzat jo da izen zehatza aipatzea, EJZren tarifak arautzen dituen foru araudian jasotzen dena.

Era berean, Nafarroako 681. epigrafeak hau jasotzen du: “Hoteletako ostatu zerbitzuak”, baina estatuko araudian motelak ere barnean hartuta daude; edonola ere, BEZaren araubide erraztua izar batekoei edo bikoei baino ez zaie aplikatuko.

Bukatzeko, 683. epigrafea (“Ostatu eta apopilo-etxeetako ostatu zerbitzua”), Nafarroan, “Landetxeetan ostatua hartzeko zerbitzua” baino ez da.

Bigarrenik, kontuan hartu behar da estatuan PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubideari eusten zaiola eta araubide horretatik baztertuta gelditzeak BEZaren araubide erraztutik baztertuta gelditzea dakarrela. Horregatik, zabaldu behar dira HAC 1155/2020 Aginduan zenbatespen objektiboari dagokionez aurreikusitako baztertze arrazoiak, Nafarroako subjektu pasiboak lurralde komuneko inguruabar berberetan baztertuta geldi daitezen BEZaren araubide erraztua aplikatzetik, nahiz eta PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubiderik ez izan.

Hala, magnitude baztertzaileak zenbatesteko, zenbatetsi behar dira subjektu pasiboak, ezkontideak, ondorengoek eta aurrekoek eginiko jardueren eragiketak edo magnitudeak, baita haietako edonoren partaidetza duten errentak eratxikitzeko araubideko entitateak ere, jarduera berdinak edo antzekoak direnean, eta zuzendaritza bateratua dutenean. Modu berean zenbatetsiko dira errentak eratxikitzeko araubideko entitateak direnean.

Bukatzeko, HAC/1155/2020 Aginduaren III. eranskinak arau amankomunak ezartzen ditu jarduera guztietarako, eta, zehazki, 4. eta 5. apartatuek balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak biltzen dituzte. 4. apartatuak jasotzen du, besteak beste, inbertsio-ondasunak eskuratu edo inportatzeagatik 1998ko urtarrilaren 1a baino lehenago jasan edo ordaindutako kuotak erregularizatzeari buruzko araua; Nafarroan, 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuotei aplikatuko zaie.

5. apartatuan, arautzen da indizeak eta moduluak murrizteko eskatzen ahal dela baldin suteek, uholdeek, lur-jotzeek eta abarrek nabarmen aldatzen badute jardueren garapena, eta 30 eguneko epea ezartzen du, fenomeno horiek gertatzen direnetik aurrera, murrizte hori eskatzeko.

Dena dela, ulertzen da 30 eguneko epe hori, oso maiz, ez dela behar adinakoa ahiz kanpoko gertaera horien ondorioak zehazteko. Beraz, 2016tik aurrera finkatutako epeei eusten zaie Nafarroan; hala, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte aurkez daitezke murrizte eskaerak, salbu eta urteko azken hilabetean gertatzen badira kalteak; halakoetan, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkez daiteke eskaera.

Aurreko paragrafoetako ñabardurekin, foru agindu honetan jasotzen dira HAC 1155/2020 Aginduaren III. eranskinean jasotako jarduera guztientzat komunak diren arauak, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, eta araudiko aipamenak egokitzen dira Nafarroako araudira (edukia berdina da estatuko araudian).

Bestalde, nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako jarduerei dagokienez, zeinak araubide erraztukoak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezikoak baitira, 2020ra arte zenbatespen objektiborako ezartzen ziren magnitude baztertzaileak aplikatzen ziren, besteak beste diru-sarreren bolumenari dagokiena (300.000 eurotan finkatu da). HAC/1155/2020 Aginduak muga hori 250.000 eurotan ezartzen du, Nafarroan aurreko urteetan ezarritakoaren azpitik beraz. Nola foru agindu hau argitaratuko den 2021eko lehenengo hiruhilekoan ongi sartuta gaudela eta nola nolabaiteko segurtasun eza sortu den aplikatu beharreko araudiaren gainean, horrek fakturen gainean eta araubide horien gainerako alderdien gainean dakartzan ondorioekin, bidezkotzat jo da araubide iragankor bat ezartzea 2021erako, halako eran non diru-sarreren bolumenaren araberako magnitude baztertzailea izanen baita 30/2020 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoa. Horrenbestez, uko egin ezean, 2021ean aplikatu beharko dira araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia, baldin eta 2020an diru-sarreren bolumena, aipatutako 30/2020 Foru Aginduan ezarritako moduan zenbatetsia, ez bada 300.000 eurotik gorakoa.

Bestalde, kontuan izanik pandemiaren bilakaera zein den eta nolako egoera aurreikusten den urtearen hasiera honetarako, 2. artikuluak arautzen du %20 murriztea, oro har, BEZaren araubide erraztuaren 2021eko ekitaldiko lehen hiruhilekoari dagokion konturako diru-sarrera, eta %35eraino izanen da zenbait jardueratan, haien ezaugarriengatik ukituago gelditzen baitira pandemiaren ondorioak eta hari aurre egiteko neurriak direla eta.

3. artikuluak jasotzen duenez, subjektu pasiboak bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean eta BEZaren araubide erraztuan tributatzen dutenean, eska dezakete garraio elementuak eskuratzeagatik kenkaria izan dezaketen kuotak itzul daitezela, eskurapena egin ondoko hilabetearen lehendabiziko 20 egun naturaleko epean.

Bestalde, 4. artikuluan zehazten da zer betebehar formalek ematen duten bide araubide erraztua aplikatu eta kudeatzeko balio erantsiaren gaineko zergan.

Bukatzeko, jasotzen da zer epe eta prozedura dagoen uko egiteko eta errebokatzeak egiteko balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuari.

Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko foru araudiak ematen dizkidan gaikuntzengatik, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua 2021erako.

Subjektu pasiboek azaroaren 25eko HAC/1155/2020 Aginduaren 1.1 artikuluan bildutako jarduerak egiten dituztenean, horretan ezarritakoa aplikatuko dute balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari dagokionez, salbuespen hauekin:

1. 653.2 epigrafean (“Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza”), BEZaren araubide erraztua aplikatuko da honengatik: “Bere jarduerako artikuluen konponketa, 653.2 epigrafean matrikulatutako txikizkako merkatariek egina.”

2. 673. epigrafeak (“Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak”) 673.1 epigrafea (“Kategoria bereziko kafetegiak eta tabernak”) eta 673.2 epigrafea (Bestelako kafetegiak eta tabernak”) ordeztuko ditu. 8 enplegatu hartuko dira 673. epigrafearen (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) berariazko magnitude baztertzailetzat.

Honako hauek izanen dira 673. epigrafeari (“Kafetegi eta ostatuetako zerbitzuak”) dagozkion indizeak eta moduluak:

Jarduera: Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak

EJZko epigrafea: 673

MODULUA

DEFINIZIOA

UNITATEA

URTEKO KUOTA UNITATE BAKOITZEKO (eurotan)

1

Aritzen diren langileak

Pertsona

2.577,52

2

Potentzia elektrikoa

kW kontratatua

47,83

3

Mahaiak

Mahaia

56,69

4

Barraren luzera

Metroa

62,89

5

“A” motako makinak

“A” motako makina

177,15

6

“B” motako makinak

“B” motako makina

655,45

8

Loterietako komisioen zenbatekoa eta kirol apustuen makinena

Euroak

0,21

Eragiketa arrunten gutxieneko kuota: eragiketa arruntengatik sortutako kuotaren %6.

Oharra: aurreko zeinu eta moduluak aplikatu ondoan suertatzen den kuotaren barnean, nolanahi ere, hauetatik ateratzen den etekina ere sartzen da: billarra, mahai-futbola, dardoak eta horrelako josteta makinak, zinta, bideo, compact-disc direlakoen erakustokiak, bolak saltzeko makinak, haurrentzako josteta makinak, compact-discak eta bideo musikalak irakurtzeko makinak, loteriak, kirol apustuen makinak eta telefonoa erabiltzeko zerbitzua, jarduera horiek jarduera nagusiaren osagarri bezala egiten badira.

%2koa izanen da hiruhilekoko konturako diru-sarrera kalkulatzeko aplikatu beharreko portzentajea.

3. Hauxe izanen da 675. epigrafearen izena: “Merkatuetan edo azoketan eta bide publikoan edo lorategietan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak”.

4. Hauxe izanen da 681. epigrafearen izena: “Izar bateko edo biko hoteletako ostatu zerbitzua”.

5. Hauxe izanen da 683. epigrafearen izena: “Landetxeetan ostatu hartzeko zerbitzua”.

6. Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren ondorioetarako izaten diren baldintzetan aplikatuko dira HAC/1155/2020 Aginduaren 3. artikuluan ezartzen diren arauak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren ondorioetarako magnitude baztertzaileei dagokienez.

7. Honako honek ordeztuko du HAC/1155/2020 Aginduaren III. eranskineko (“Jarduera guztietarako arauak”) edukia, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez:

a) Araubide erraztuaren ondoriozko kuota handitu beharko da, zenbateko kuotak sortu diren Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluak aipatzen dituen eragiketengatik, horrenbeste; eta murrizten ahalko da, zenbateko kuotak jasan edo ordaindu diren jarduera garatzeko aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik, horrenbeste. Ondorio horietarako, aktibo finkotzat hartzen dira ibilgetuko elementuak eta, bereziki, erosteko aukera duten finantza errentamenduko kontratuez baliatuz edukitakoak, erosteko aukera loteslea izan nahiz ez.

Tributuaren sorrerako hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan jaso beharko dira 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B artikuluan zehaztutako eragiketei dagozkien kuotak (ondasunen Europar Batasunaren barneko eskurapenak, subjektu pasiboaren inbertsioa duten eskurapenak eta aktibo finkoen eskualdaketak). Nolanahi ere, subjektu pasiboak kuota horiek likidatzen ahalko ditu ekitaldiko azken likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan.

Aktibo finkoen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotak kendu ahal izanen dira, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako arau orokorrekin, haiek jasan edo ordaindu diren likidazio aldiari dagokion aitorpen-likidazioan edo hurrengoetan, artikulu hartan ezarritako mugekin. Halere, subjektu pasiboak ekitaldiko azken zergaldiko aitorpen-likidazioan likidatzen dituenean aktibo finkoen Europar Batasunaren barruko eskurapenei dagozkien kuotak, edo aktibo horien eskurapenei dagozkienak, subjektu pasiboaren inbertsioa tarteko, kuota horien kenkaria ezin izanen da egin kuotak likidatzeko egiten den aitorpen-likidazioa baino lehenagoko batean.

Ekitaldiko azken hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioan, halaber, erregularizatzen ahalko da, kasua bada, araubide erraztuari atxikitako jarduerei lotutako inbertsio ondasunen eskurapen edo inportazioagatik 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen jasan edo ordaindutako kuoten kenkaria, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 53. artikuluan xedatutakoarekin, baldin eta agindu horretan zehaztutako erregularizazio aldia iragan ez bada. Ondorio horietarako, ulertuko da zero dela araubide erraztuaren menpeko jardueren kenkarirako hainbanaketa 2021eko urtarrilaren 1era arte, salbu eta 2021eko urtarrilaren 1era arte araubidetik baztertutako higiezin, ontzi eta aktibo immaterialen eskurapen edo inportazioagatik jasan edo ordaindutako kuotei dagokienez.

b) Araubide erraztua aplikatu behar zaien enpresa jardueretan suterik, uholderik, lur-jotzerik edo ekipo industrial horietan matxura handirik edo gisako ohiz kanpoko inguruabarrik gertatzen bada eta horrek jarduerari gorabehera larriak ekartzen badizkio, ohiz kanpoko gorabehera horiek direla-eta indize edo moduluak murriztea nahi dutenek zerga arloko eskumena duen departamentuari eskatzen ahalko diote urte bakoitzeko abenduaren 31 arte, eta, aldi berean, bidezkoak iruditzen zaizkien frogak aurkeztuko dituzte. Gorabeherak urteko azken hilabetean gertatuz gero, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen aurkezten ahalko da eskaera.

Eraginkortasuna egiaztatu ondoren, Zerga Kudeatzeko Atalak indizeen edo moduluen murriztapena erabaki dezake, eta aplikagarri izanen den aldia zehaztu.

Gainera, aurreko paragrafoetan adierazitako prozedura berari jarraikiz, zilegi izanen da indizeen edo moduluen murriztapena eskatzea jardueraren titularra aldi baterako ezintasun egoeran edo jarduteko legez desgaiturik egon bada 30 egun naturalez jarraian, eta, betiere, bi kasuotan, beste enplegatu bat ez badauka. Horixe bera eskatzen ahalko da jarduera geldiarazten bada ezinbesteko arrazoiengatik ondoz ondoko 30 egun natural baino gehiago. Aurreko kasuetan, murriztapena eskatzeko, 30 egun naturaleko epea izanen da, adierazitako egoera horietako batean 30 egun natural jarraituko epea igaro eta biharamunetik hasita.

2. artikulua. Araubide erraztuaren 2021eko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoko kuotari dagokion konturako diru-sarrera kalkulatzeko aplikatu beharreko murriztapenak.

1. Balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboek azaroaren 25eko HAC/1155/2020 Aginduaren II. eranskinean sartutako jarduerak egiten dituztenean eta araubide berezi erraztuari lotuta daudenean, %20 murrizten ahalko dituzte HAC agindu horren II. eranskineko balio erantsiaren gaineko zergan indizeak eta moduluak aplikatzeko jarraibideen 3. zenbakian (“Hiruhilekoko kuotak”) adierazitako portzentajeak, 2021eko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoko kuotari dagokion konturako diru-sarrera kalkulatzeko.

2. Nolanahi ere, murriztapen hori %35ekoa izanen da jarduera hauetarako:

EJZ

JARDUERA EKONOMIKOA

653.2

Material eta tresna elektrikoen, elektronikoen, etxetresna elektrikoen eta argindarra ez den beste energiaren batekin ibiltzen diren etxerako beste tresna batzuen eta sukalderako altzarien txikizkako merkataritza, bere jarduerako artikuluak konpontzeagatik.

653.4 eta 5

Eraikuntzako materialen, saneamenduko gauza eta altzarien, ateen, leihoen, pertsianen eta abarren txikizkako merkataritza.

654.2

Lurreko ibilgailuetarako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

654.5

Edonolako makineriaren txikizkako merkataritza (salbu eta etxerako tresnak, bulegokoak, gailu medikoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak).

654.6

Edonolako ibilgailuetarako gurpil-estalki, banda eta bandaje eta aire ganbaren txikizkako merkataritza, salbu aipatu artikuluen handizkako merkataritza.

659.3

Txikizkako saltzaileak, 659.3 epigrafean matrikulatuta daudenak, negatiboak eta inprimatutako bestelako material fotografikoa biltzeagatik, hirugarrenen laborategian prozesatzeagatik eta kopiak nahiz handitzeak dagokionari entregatzeagatik.

663.1

Saltegi iraunkor batetik kanpora, aritzen direnak ore frijituen (estalkia edo betegarria izan ala ez), patata frijituen, zizka-mizken, fruitu lehorren, gozokien, txokolatekien eta edari freskagarrien txikizkako merkataritzan baizik ez, betiere baimena badute instalazioan edo ibilgailuan bertan bere produktuak (txurroak eta patata frijituak) prestatzeko.

671.4

Bi sardexkako jatetxeak.

671.5

Sardexka bateko jatetxeak.

672.1, 2 eta 3

Kafetegiak.

673

Kafetegi eta tabernetako zerbitzuak.

675

Merkatuetan edo azoketan (aire zabalean) kokaturiko kiosko, kutxa, txosna edo antzeko beste lokaletako zerbitzuak.

676

Txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

681

Izar bateko edo biko hoteletako ostatu zerbitzua.

682

Hostal eta ostatu-etxeetako ostatu zerbitzua.

683

Landetxeetako ostatu zerbitzua.

721.1 eta 3

Hirietako garraio kolektiboa eta bidaiarien errepide bidezko garraioa.

3. artikulua. Kenkaria izan dezaketen kuotak itzultzea bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboei.

1. Martxoaren 8ko 83/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 20. artikuluan ezarritakoa gorabehera, subjektu pasiboak bidaiarien edo salgaien errepide-garraioan aritzen direnean, zergaren araubide erraztuan tributatzen dutenean eta aipatutako erregelamenduaren 20.3 artikuluko 2. eta 3. puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, baldin eta kenkariak izan ditzaketen kuotak jasan badituzte jarduera horiei lotutako garraiobideen eskurapenaren ondoriozko zergan, eska dezakete kuota horiek itzul daitezela garraiobideen eskurapenaren ondoko hilabeteko lehendabiziko 20 egun naturaleko epean, zerga arloan eskudun den departamentuaren titularrak ezartzen duen moduan.

Aurreko paragrafoko garraiobideak, salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboek eskuratu dituztenak, N1 kategorian egonen dira eta 2.500 kiloko baimendutako gehieneko masa izanen dute gutxienez, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/858 (EB) Erregelamenduaren 4.1.b) artikuluko N2 eta N3 kategorietan.

2. Artikulu honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko subjektu pasiboei, baldin eta aipatutako kuota kengarriak jasotzen badituzte kasuan kasuko aitorpen-likidazioetan, bat etorriz 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.C) artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoarekin.

4. artikulua. Betebehar formalak.

1. Araubide erraztuari atxikitako subjektu pasiboek jasotako fakturen erregistro liburu bat eraman behar dute, non jasoko baitituzte ondasunen eta zerbitzuen eskurapen eta inportazioei buruzko fakturak eta dokumentuak, baldin ondasun eta zerbitzu haiengatik zerga jasan edo ordaindu bada eta erabiltzekoak badira araubide berezi hori aplikagarri duten jardueretan. Erregistro liburu horretan jaso beharko dira, behar bezala bereizita, 19/1992 Foru Legearen 68.Bat.B) eta C) artikuluak aipatzen dituen aktibo finkoen inportazioak eta eskurapenak, eta, halaber, azken horiei dagokienez, erregularizazioak egiteko behar diren datu guztiak, erregularizaziorik egin behar bada.

Subjektu pasiboek araubide erraztua aplikatzekoa ez duten beste jarduera batzuk egiten dituztenean, jaso beharko dituzte, behar bezala bereizita, jardueraren sektore bereizi bakoitzari dagozkion eskurapenen fakturak.

Jardueren araberako araubide erraztuari atxikita dauden subjektu pasiboen indize edo moduluak diru-sarreren bolumenari buruzkoak direnean, subjektu pasiboek erregistro liburu bat ere eraman behar dute, jarduera horiek garatzeko eginiko eragiketak jasotzeko.

2. Araubide horri atxikitako subjektu pasiboek gorde beharko dituzte kasuko foru aginduan aurreikusitakoarekin bat aplikatu dituzten indize edo moduluen ziurtagiriak ere.

5. artikulua. Uko egiteak eta errebokatzeak.

1. Araubide berezi erraztua 2021. urtean aplikatzeari uko egiteko epea, baita ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko hori errebokatzekoa ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko martxoaren 31n bukatuko.

Dena dela, Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1 artikuluko laugarren paragrafoari jarraikiz, uko egin zaiola ulertuko da, orobat, baldin eta araubide orokorra aplikatuz ondorioak sortuko dituen urte naturalaren lehen hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioa epearen barruan aurkezten bada. Jarduera hasia bada, uko egin diola ulertuko da, halaber, jarduera hasi ondoren subjektu pasiboak aurkeztu behar duen lehenbiziko aitorpena aurkezten bada araubide orokorra aplikatuz dagokion epearen barruan.

2. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1 artikuluko laugarren paragrafoan ezarritakoa kenduta, ukoak eta errebokatzeak tributuen arloan eskumena duen departamentuak horretarako onetsitako F-65 eredua betez eginen dira.

Xedapen iragankor bakarra.–2021ean aplikatzea nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua.

Balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboek azaroaren 25eko HAC/1155/2020 Aginduaren barnean sartutako nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako jarduerak badituzte, 2021ean aplikatuko dute, uko egin ezean, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia, eta, kasua bada, araubide erraztua, baldin eta ez badituzte gainditu, 2020an, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 24ko 30/2020 Foru Aginduaren 3.1 artikuluak jarduera horietako ezartzen dituen mugak (foru agindu horren bidez, 2020. urterako garatzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua).

Era berean, salgaien errepide-garraioan aritzen diren subjektu pasiboek 2021ean aplikatuko dute, uko egin ezean, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua, baldin eta 2020. urtean gainditu ez badituzte 30/2020 Foru Aginduaren 3.1 artikuluan jarduera horretarako ezarritako mugak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2021eko urterako izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2021eko otsailaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2103004