45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikarien hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia.

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, otsailaren 10ean, honako ebazpen hau eman zuen:

Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusiak proposamena egin du Ganberaren 2021. urterako plantilla organikoan aurreikusita dauden auditoretzako teknikarien hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeari buruz. Proposamenak, orobat, erakundearen zerbitzu juridikoen, kontu-hartzailetza zerbitzuen eta administratzailearen aldeko txostenak ditu. Horiek guztiak ikusirik, lehendakaritza honek, Kontuen Ganberako langileen batzordeari horren berri eman eta haren iritzia entzun ondoren, indarrean dagoen araudiarekin bat,

EBAZTEN DU:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikarien hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia behean jaso diren oinarrien arabera gauzatuko da.

Bigarrena.–Agintzea deialdi hau argitara dadila Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian.

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

DEIALDIA, NAFARROAKO KONTUEN GANBERAREN ZERBITZUKO AUDITORETZAKO TEKNIKARIEN HIRU LANPOSTU HUTS OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKOA

Hona hemen deialdi honetako oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko auditoretzako teknikarien hiru lanpostu huts oposizio bidez betetzea.

–Lehendabizikoa eta hirugarrena txanda irekikoak dira.

–Bigarrena igoera txandakoa da.

1.2. Honako hauetan xedatutakoarekin bat eginen da oposizioa: 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, eta, modu osagarrian, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina, eta hura garatzeko eta betearazteko emandako ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen sarrera erregelamendua.

1.3. Igoera txandako lanpostua bete gabe gelditzen bada izangairik ez dagoelako edo izangaiek lortzen ez dutelako hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekikoei gehituko zaie.

Bestaldetik, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanposturik eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia zorrotzean eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

1.4. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat eta, bereziki, auditoretzako teknikari lanpostuarentzat ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta haiei dagozkien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

Beren eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarrita daude (erregelamendu hori Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariaren 2007ko otsailaren 16ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2007ko 19. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 2koan). Hona hemen eginkizun horietako batzuk: a) auditoreek ezartzen dizkieten irizpideei jarraituz, unean-unean kontrolatzen diren zentro, erakunde eta bulegoetako kontuen, finantzen egoera-orrien, barne kontrolaren eta antolamendu orokorraren, eraginkortasunaren eta efizientziaren gaineko gorabeherak aztertzea eta gainbegiratzea; b) beren eginkizunetan arituz lortzen dituzten emaitzei eta ondorioei buruzko informazioa ematea auditoreei; c) auditoreei laguntzea taldeari esleitutako lana planifikatzen eta antolatzen, baita egindako kontrol lanetan lortutako behin-behineko emaitzak eta ondorioak berrikusten ere; eta d) beren eskumenen barruan, nagusi duten auditoreak esleitzen dizkien laguntza eta lankidetzako lan guztiak.

1.5. Izendapena dela bide, izendatuak Kontuen Ganberako plantillako nominadun funtzionario bihurtuko dira, eta indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte.

1.6. Lanpostuak lanpostuen egungo sailkapenaren B mailan sartzen dira eta horri dagozkion lansariak izanen dituzte, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.

1.7. Izendatzen diren pertsonak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartu eta afiliatuko dira, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubideko kideak badira, kasu horretan aukera izanen baitute araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.8. Lanaldia urtero ezarriko da, eta, oro har, lanaldi jarraian eginen da, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:30erako tartearen barnean, baina Kontuen Ganberako lehendakariak noiznahi aldatzen ahal du zerbitzuaren beharretara egokitzeko.

2. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai, halaber, agiriak aurkezteko epearen barruan (deialdiaren 7.3 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nazionalitatea edozein dela ere, deialdian parte hartzen ahal dute espainiarren eta Europar Batasuneko estaturen bateko herritarren ezkontideek, eta, kasuko tratatuak hala aurreikusten duenean, baita langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarren ezkontideek ere, zuzenbidez bereizita ez badaude.

Halaber, ezkontideen baldintza beretan, haien ondorengoek eta ezkontidearenek ere parte hartzen ahalko dute, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Unibertsitateko diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena edukitzea, edo gradudun titulua edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den titulazioa, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, hori guztia bat etorriz urriaren 10eko 1272/2003 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Izan ere, errege dekretu horren bidez arautu zen zer baldintza bete behar diren Espainiako unibertsitateko edo unibertsitateaz kanpoko goi mailako irakaskuntzako tituluak unibertsitate titulu ofizialen baliokide deklaratzeko eta Espainia osoan balioa izateko.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, deialdi honetako 7.3. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionario izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

2.3. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Era berean, izangaiek hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria. Eskaerak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Tasak.

3.1.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Aurreko a) paragrafoan aurreikusitako salbuespena frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko du ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Kontuen Ganberak gero egiaztatuko du hori hala dela.

3.1.2. Tasa hori Kontuen Ganberak Caixabanken duen kontu honetan ordainduko da: ES59 2100 9161 4722 0002 7424. Ordainagirian adieraziko da auditoretzako teknikarien oposizioko azterketa eskubideei dagokiela, eta transferentziaren edo diru-sarreraren frogagiria aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

3.1.3. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.2. Eskaerak.

3.2.1. Oposizioan parte hartu nahi dutenek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren I. eranskina), non datu hauek jarriko baitituzte: izen-deiturak, adina, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa, baita zein txandatan parte hartu nahi duten, hots, txanda irekian edo igoera txandan.

3.2.2. Eskabidean deialdi honen 2. oinarrian aipatzen diren baldintza guztiak betetzen direla espresuki agerrarazi beharko da, eta horiek frogatu beharko dira deialdiaren 7. oinarrian ezarrita dagoen moduan.

3.2.3. Eskabideak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio eta Nafarroako Kontuen Ganberaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Iruñeko Ansoleaga kalea 10), egun eta ordu baliodunetan (goizeko 9:00etatik 14:00etara bitarte, astelehenetik ostiralera), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrera igorri baino lehen.

Eskabideak Kontuen Ganberaren Erregistro Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira haren egoitza elektronikoaren bidez.

3.2.4. Desgaitasun aitortua dutenek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea; horretarako, eskabidean adierazi beharko dute, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.2.5. Eskabidearen eredua interesdunen eskura egonen da Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web-orrian ere.

4. oinarria. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da. Zerrendan izangai onartuen eta baztertuen izen-abizenak agertuko dira, baita zein txandatan (txanda irekia ala igoera txanda) aurkezten diren ere. Izangai bazterturik ez badago, behin betiko zerrenda argitaratzen ahalko da zuzenean.

4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, zerrenda Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epearen barruan.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Ganberako iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

5. oinarria. Kalifikazio epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduna.

5.1. Hona hemen oposizioaren epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua:

–Karen Moreno Orduña, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Ordezkoa: José Luis Ezquerro Royo, Nafarroako Kontuen Ganberako idazkari nagusia.

Epaimahaikideak:

–Isabel Linares Muñagorri, Aragoiko Kontuen Ganberako auditoretzako zuzendaria.

Ordezkoa: Ignacio Barquero Solanes, Aragoiko Kontuen Ganberako auditoretzako zuzendaria.

–Jorge Balduz Gil, Nafarroako Arartekoaren administrazio kudeaketako teknikaria.

Ordezkoa: Laura Vidan Astiz, Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzearen eta Gai Ekonomikoen Zerbitzuko burua.

–Nuria Sarasa Amatriain, Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Amaia San Martín Erice, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

Idazkaria:

–José Contreras López, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin osatu beharko da. Ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, bertan mahaikide gehienak ez badira.

5.3. Epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Halaber, deialdian parte hartzen dutenek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baino ez dira arituko, eta epaimahaiari haietan baizik ez diote lagunduko.

6. oinarria. Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioaldia 2021eko azarotik aurrera hasiko da. 2021eko urriaren 15a baino lehen argitaratuko dira tokia, eguna eta ordua Kontuen Ganberako iragarki-taulan eta web-orrian.

6.2. Oposizioaldiak hiru ariketa izanen ditu; horietako bi praktikoak izanen dira eta bestea, teorikoa. Proba horien edukia eta puntuazioa honako hauek izanen dira:

a) Lehenbiziko ariketa, praktikoa; honako gai hauei buruzko kasu bat edo batzuk ebaztea lau orduan:

–Kontabilitate publikoa eta/edo pribatua. Ariketa egiteko, oposiziogileek kontuen taula izaten ahalko dute. Kontuen Ganberak emanen du hori, eta erreferentzia gisa honako araudi hau hartuko da kontuan: 1514/2007 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, zeinaren bidez onesten baita Kontabilitate Plan Orokorra; EHA/1037/2010 Agindua, apirilaren 13koa, zeinaren bidez onesten baita Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra; 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan; 234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura; eta 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra; eta 273/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Kontabilitatearen Instrukzio Erraztua Nafarroako Toki Administrazioarentzat.

–Matematika finantzario eta/edo estatistiko oinarrizkoa. Lehenbizikoari dagokionez, honako eragiketa hauek izan ditzake: kapitalizazio eragiketa sinpleak eta konposatuak; errenta, mailegu eta jesapen eragiketak; eta etekinaren barne-tasa, interes-tasa efektiboa eta balio eguneratu garbia kalkulatzeko eragiketak.

Lehendabiziko ariketan 35 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

b) Bigarren ariketa, praktikoa; lau orduan, epaimahaiak jarriko dituen auditoretza publiko edo/eta pribatuko kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dira, honako hauekin bat: Goi Mailako Fiskalizazio Entitateen Nazioarteko Arauak (ISSAI ES) eta Auditoretzako Arau Teknikoak (NIA-ES). Ariketan 35 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta gutxienez 17,50 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

c) Hirugarren ariketa, teorikoa: gehienez ere 5 ordu iraunen du, eta 30 puntuko balorazio globala izanen du. Bi zatitan garatuko da, honela:

1. Deialdiaren II. eranskinean adierazitako gai zerrendatik zozketa bidez ateratako gai bat idatziz garatu beharko da. 15 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere, eta gutxienez 7,5 puntu atera beharko dira proba gainditzeko.

2. Deialdiaren II. eranskineko gai zerrendari lotutako 10 galdera planteatuko ditu epaimahaiak eta idatziz erantzun beharko zaie. Zati horretan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez, hau da, 1,5 puntu galdera bakoitzeko. Proba gainditzeko, gutxienez, gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko da, hau da, 7,5 puntu, eta 10 galderetatik 8etan, gutxienez, puntuazioa eskuratu.

6.3. Hiru ariketetan, plika itxien sistema erabiliko da zuzentzeko. Horretarako, izangaiek, ariketa bakoitza bukatutakoan, idatzitako orriak gutun-azal batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Izen-deiturak bestearekin batera aurkeztuko den gutun-azal txikiago batean idatziko dituzte. Bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, ariketa bakoitzaren egilea zehazteko.

6.4. Kalifikazioaren ondoren epaimahaiak ariketa bakoitzaren emaitza Kontuen Ganberako iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du, eta hurrengo probaren lekua, eguna eta ordua adieraziko ditu, 48 ordu lehenago gutxienez.

Ariketa bakoitzaren puntuazioa hurrengo probetan izangaiek lortzen dutenari gehituko zaio, eta, horrela, oposizioaldiaren guztizko puntuazioa aterako da.

6.5. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.6. Oposizioaldiko probak egiteko orduan, minusbaliotasunak izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda (txanden arabera eta txanda bakoitzean ateratako puntuazioaren arabera) argitaratuko du Nafarroako Kontuen Ganberako iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuenak lortzen dituzten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko dio Kontuen Ganberako lehendakariari, oposizioko aktekin eta gainerako agiriekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Kontuen Ganberan:

7.3.1. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzeko ez duela gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik karguan aritzea eragotziko liokeenik.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Nafarroako Kontuen Ganberakoa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko funtzionarioek edo langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarrei buruzkoa.

7.3.2. Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

Minusbaliotasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

7.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan (7.1 atalean aipatzen den hartan) ondotik heldu den pertsonarekin beteko du utzitako hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8. oinarria. Izendapena eta karguaz jabetzea.

8.1. Goiko 7.3 puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, ebazpen baten bidez, proposaturiko izangaiak izendatuko ditu. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendatzen diren pertsonek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

8.3. Aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, izendatutako pertsonaren batek deialdi honetako 7.3 oinarrian eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu edo aipaturiko hilabeteko epean jabetza hartzen ez badu, oposizioko jarduketetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta, halakoetan, aurreko oinarrian adierazitako zerrendan hurrengo dagoen pertsonarekin beteko da lanpostua.

9. oinarria. Aurkeztutako agiriak.

9.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, berariaz eskatuz gero, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori behin betiko izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

9.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiek agiriak berreskuratzeari uko egin diotela ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko dute eta agiriak suntsitu eginen dira.

9.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Halakoetan, agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke deialdiaren, haren oinarrien, izendatzeko erabakien eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi hau aurrera eramateko kalifikazio epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Deialdiko programa

1. gaia.–Ekonomia Publikoaren justifikazioa. Oreka orokorraren eredu teorikoa. Ekonomiako esku-hartze publikoaren oinarriak. Estatuaren eginkizun fiskalak: esleitzea, banatzea eta egonkortzea. Ogasun publikoaren gaineko teoria positiboa eta arau-emailea. Ogasun publikoaren egungo gaiak.

2. gaia.–Ongizatearen ekonomiaren oinarriak. Efizientzia ekonomikoa kontsumoan, ekoizpenean eta efizientzia orokorrean. Esku-hartze publikoa eraginkortasuna lortzeko: merkatuaren akatsak. Ondasun publikoak. Esternalitateak. Ondasun pribatuen hornidura publikoa. Esku-hartze publikoa ekitatea lortzeko.

3. gaia.–Osasuna lehentasunezko ondasun gisa. Hezkuntza lehentasunezko ondasun gisa. Mendekotasunari erantzutea.

4. gaia.–Enpresa publikoa. Kontzeptua. Enpresa publikoaren helburuak. Haren kudeaketaren oinarrizko ezaugarriak. Enpresa publikoaren kontrol sistema. Enpresa publikoaren finantzaketa. Kanpoko finantzaketaren iturriak. Egitura finantzarioa.

5. gaia.–Aurrekontu zuzenbidea: kontzeptua, edukia eta egungo erregulazioa. Estatuko Aurrekontu Orokorrak: prestaketa, eztabaida eta onespena. Aurrekontuen egitura eta aldaketak.

6. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua eta Ogasun Publikoaren araubidea. Nafarroako aurrekontu orokorrak.

7. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea. Finantza eragiketak. Diruzaintza. Kontabilitatea. Erantzukizunak.

8. gaia.–Barneko kontrola Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean eta 31/2010 Foru Dekretuan.

9. gaia.–Zerga zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak eta tributudunen eskubide orokorrak. Tributuak eta horien motak. Tributuen kudeaketa Nafarroan: Tributuak kudeatzeko prozedura eta tributuen bilketa. Tributuen gaineko ikuskapena.

10. gaia.–Aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasuna arautzen dituen esparru juridikoa. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Prebentzio, zuzenketa eta zigor neurriak. Aurrekontuen kudeaketa. Autonomia erkidegoetan eta toki entitateetan aplikatzea.

11. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa (1): Atariko titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak.

12. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa (2): Botere judiziala. Ekonomia eta Ogasuna. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera. Konstituzio Auzitegia. Konstituzioaren erreforma.

13. gaia.–Administrazio zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa. Legea. Lege maila duten Gobernuaren xedapenak: lege dekretuak eta legegintzako dekretuak. Erregelamendua: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak: formalak eta funtsari dagozkionak. Legez kontrako erregelamenduak.

14. gaia.–Sektore publiko administratiboa eta sektore instituzionala. Erakunde publikoak: tipologia eta oinarrizko araubide juridikoa. Zuzenbide pribatuko entitateak: tipologia eta oinarrizko araubide juridikoa.

15. gaia.–Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta printzipioak. Alderdiak prozeduran. Hasiera, antolamendua eta instrukzioa. Prozeduraren bukaera: moduak. Administrazio elektronikoa: betebeharrak eta tresnak. Egoitza elektronikoa eta web ataria. Dokumentuen kudeaketa. Prozedura elektronikoa.

16. gaia.–Administrazio egintzen eraginkortasuna. Administrazio egintzen jakinarazpena eta argitalpena. Administrazio egintzaren ondorioen etendura. Nahitaezko betearazpena eta premiamendu bidearen aipamen berezia. Administrazioaren isiltasuna.

17. gaia.–Administrazio egintza. Elementuak. Forma. Motak. Administrazio egintzen baliorik eza: erabateko deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazio egintza irregularrak. Baliozkotzea, gordetzea eta bihurtzea. Administrazio egintzak ofizioz berraztertzea eta errebokatzea.

18. gaia–Administrazio errekurtsoak: kontzeptua eta motak. Administrazio errekurtsoak tramitatzeko eta ebazteko prozedura. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Hedadura eta mugak. Prozeduraren alderdiak. Epaia. Errekurtsoak.

19. gaia.–Europa eraikitzeko prozesua. Europar Batasuna. Europar Batasuneko erakunde-sistema: Kontseilu Europarra, Europar Batasuneko Kontseilua, Europako Batzordea, Europako Parlamentua, Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Europako Kontuen Auzitegia eta Europako Banku Zentrala.

20. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Europako Erkidegoko zuzenbidearen iturriak. Jatorrizko zuzenbidea. Zuzenbide eratorria: erregelamendua, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua. Europako Erkidegoko zuzenbidearen eragina Foru Komunitatean.

21. gaia.–Unibertsitateak. Antolaketaren, funtzionamenduaren eta kudeaketaren arloetan aplikatu beharreko oinarrizko araubide juridikoa. Araubide ekonomikoa eta aurrekontuena. Unibertsitateen zerbitzuko langileak. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aipamen berezia.

22. gaia.–Datu pertsonalak babestea. Datuak Babesteko Europako Erregelamendua: arauen ondorioak eta printzipio aplikagarriak. Aplikazio eremua. Datuen babesaren arloko oinarrizko alderdiak. Pertsonen eskubideak.

23. gaia.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua. Helburuak eta printzipio orokorrak. Gardentasuna jarduera publikoan. Publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua: eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendua.

24. gaia.–1839ko urriaren 25eko Legea. 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. 1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretu Itundua.

25. gaia.–Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak. 1990eko Hitzarmenaren eta ondoren egindako eguneraketa eta aldaketa garrantzitsuenen aipamen berezia.

26. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: oinarrizko printzipioak. Nafarroako foru erakundeak. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak. Legearen aldaketa.

27. gaia.–Foru Komunitatearen sektore publikoa. Osatzen duten entitaterik garrantzitsuenen deskribapena, tipologia eta definizioa. Nafarroako toki sektore publikoa: osatzen duten entitaterik garrantzitsuenen deskribapena, tipologia eta definizioa.

28. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: haren eginkizunak. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Kontuen Ganberarekiko harremanak. Langileen estatutua.

29. gaia.–Nafarroako Gobernuari eta haren Lehendakariari buruzko Foru Legea. Nafarroako Gobernua. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Nafarroako Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Hautatzea, izendatzea, ordeztea, kargu-uztea eta aldatzea. Eskudantziak. Kontseilariak. Nafarroako Gobernuaren legegintzarako ekimena eta arauak emateko ahalmena.

30. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: III. titulua. Foru Administrazio Publikoaren eta Foru-sektore publiko instituzionalaren antolaketa. IV. titulua. Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

31. gaia.–Foru Komunitateko Arartekoa eta Nafarroako Kontseilua. Bi erakunde horien eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendua.

32. gaia.–Nafarroako ondarea. Kontzeptua eta sailkapena. Ondarea kudeatzeko printzipioak. Eskuratzea, besterentzea eta lagatzea. Ondarea babestu eta defendatzea. Afektazioa, aldaketa demaniala eta atxikipena. Jabari publikoa. Jabari pribatua. Enpresen ondare publikoa.

33. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (I): aplikazio eremua eta arau orokorrak. Botere adjudikaziodunak. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

34. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (II): Kontratuak betearaztea. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

35. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea (III): Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa. Obra kontratua. Herri-lanak emateko kontratua. Zerbitzuak emateko kontratua. Hornidura kontratua. Zerbitzu kontratua.

36. gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Aplikazio eremua. Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen itzulketa. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola. Dirulaguntza publikoak arautzen dituen estatuko legearen aipamena eta haren aplikazioa Nafarroan.

37. gaia.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea: foru legearen xedea eta helburuak. Hirigintza-hitzarmenak. Udal plan orokorra. Garapenerako planeamendua. Lurzoruaren sailkapena. Hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren araubidea. Planeamenduaren betearazpena. Esku hartzeko instrumentuak.

38. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): aplikazio eremua, bazter gelditzen direnak eta langile motak; funtzionarioen hautapena, funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea; mailak eta graduak, lanbide karrera, plantilla organikoak; administrazio egoerak; lanpostuak betetzea.

39. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): eskubide eta betebeharrak, ordainsariak; diziplina-araubidea; langile kontratatuak, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak. Nafarroako Foru Komunitateko irakasleak eta osasun arloko langileak: haien araubidearen oinarrizko alderdiak.

40. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa (1). Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen oinarrizko alderdiak. Nafarroako toki erakundeen antolaketa eta administrazioa. Funtzionamendua. Nafarroako toki entitateen jarduerak, zerbitzuak eta obrak.

41. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa (2). Toki entitateen ondasunak. Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Toki ogasunak. Eskualdeak.

42. gaia.–Toki Ogasunei buruzko Foru Legea (1). Nafarroako toki entitateen baliabideak: baliabide motak, tributuz besteko baliabideak, tributuak, kreditu eragiketak. Tokiko diru-bilketa. Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzea. Udal zergak.

43. gaia.–Toki Ogasunei buruzko Foru Legea (2). Aurrekontua eta gastu publikoa: aurrekontu orokorrak, exekuzioa eta likidazioa, diruzaintza, kontabilitatea, kontrola eta fiskalizazioa.

44. gaia.–Espainiako zuzenbidearen iturburuak. Nafarroako zuzenbide zibilaren iturriak. Nafarroako foru zuzenbide zibilaren edo Foru Berriaren konpilazioa. Haren edukiari buruzko alderdi orokorrak.

45. gaia.–Eskubide errealak: kontzeptua eta motak. Eskubide errealen eta kreditu-eskubideen arteko diferentziak. Jabetza. Jabetza eskuratu eta galtzeko moduak. Jabetza Erregistroa. Hipotekei buruzko printzipioak.

46. gaia.–Merkataritza-sozietatea: kontzeptua eta motak. Merkataritza-sozietatearen kontratua: oinarrizko elementuak. Eraketaren formalitateak. Erregistroko eskritura eta inskripzioa. Sozietate multzoak. Estatutuetako aldaketa nagusiak. Kapital-sozietateen funtsezko ezaugarriak.

47. gaia.–Sozietate anonimoa. Kontzeptua eta ezaugarriak. Akzioak eta obligazioak. Sozietate anonimoaren organoak. Merkataritza-sozietatea desegitea. Merkataritza-sozietateen eraldaketa, bat-egitea eta bereizketa.

48. gaia.–Sozietateen urteko kontuak. Motak, urteko kontuak egitea, egiaztatzea, onestea eta gordetzea. Merkataritza Erregistroa: inskripzioaren kontzeptua, edukia eta esanahia.

49. gaia.–Konkurtsoa: aurrekontu objektiboa eta subjektiboa. Konkurtsoa deklaratzeko autoa eta haren eraginak. Masa aktiboa eta pasiboa zehaztea. Sailkapena eta ordainketa. Hitzarmena. Bukaera eta kalifikazioa.

50. gaia.–Merkataritzako obligazioak: ezaugarri orokorrak. Merkataritza kontratuak: kontzeptua eta motak. Merkataritzako salerosketa. Garraio kontratua. Aseguru kontratua.

51. gaia.–Kontuen Auditoretzari buruzko Legea eta haren erregelamendua. Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutua: antolaketa eta eginkizunak.

52. gaia.–Auditoretza eta haren motak. Sektore publikoaren aipamen berezia.

53. gaia.–Auditoretzako printzipioak eta arauak. Sektore Publikoaren eta ISSAI-ES 100, 200, 300 eta 400 arauen aipamen berezia.

54. gaia.–Auditoretza planifikatzea: fiskalizazioko GPF-OCEx 1300 gida praktikoa.

55. gaia.–Arriskuen azterketan oinarritutako auditoretza-ikuspuntua. GPF OCEx 1315 gida.

56. gaia.–Laginketa auditoretzan: GPF OCEx 1530 gida. Auditoriaren ebidentzia: GPF OCEx 1500 gida.

57. gaia.–Barneko kontrola: GPF OCEx 1316 gida.

58. gaia.–Inportantzia erlatiboa finantza-auditoretzetan eta betetze-mailaren auditoretzetan. GPF OCEx 1320 eta 4320 gidak.

59. gaia.–Auditoretzako txostenak. Ohar orokorrak eta edukia. Iritzi motak. GPF OCEx 1730 eta 4001 gidak.

60. gaia.–Aurrekontuko diru-sarrera eta gastuetako kapituluen auditoretza.

61. gaia.–Balantzearen aktiboa eta pasiboa osatzen dituzten elementuen auditoretza.

62. gaia.–Auditoretza ingurune informatikoetan. GPF-OCEx 5300, 5330, 5340 eta 5370 gidak.

63. gaia.–Zibersegurtasuna, informazioaren segurtasuna eta kanpoko auditoretza. GPF-OCEx 5311, 5312 eta 5313 gidak.

64. gaia.–Goi mailako entitate fiskalizatzaileak edo kontuen auzitegiak. Ideia orokorrak. Kontrolerako eremua. Parlamentuekiko eta gobernuekiko harremanak.

65. gaia.–Kanpoko kontrola Espainian. Espainiako Kontuen Auzitegia bere lege organikoan eta bere funtzionamendu legean: antolaketa eta eginkizunak. Europar Batasuneko Kontuen Auzitegia. Autonomia erkidegoetako kanpo kontrolerako organoak.

66. gaia.–Kontabilitate arloko erantzukizuna: izaera eta helburua. Kontabilitate arloko erantzukizun kasuak eta hori eskatzeko prozedurak. Kontabilitateari buruzko jurisdikzioaren organoak.

67. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera: bilakaera historikoa eta egungo erregulazioa. Izaera, esanahia eta eginkizunak. Harremanak Nafarroako Parlamentuarekin eta Kontuen Auzitegiarekin.

68. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera: antolaketa eta funtzionamendua. Antolaketari eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioari buruzko erregelamenduak.

Iragarkiaren kodea: F2102527