45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

10/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, azaroaren 11ko 255/2015 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko informazio geografikoaren tratamendua.

Azaroaren 11ko 255/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko informazio geografikoaren tratamendua arautu zen.

Kontuan izanik denbora igaro dela orduz geroztik, gomendagarria da aldatzea Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) Koordinazio Batzordearen eta Batzorde Iraunkorraren osaera zehazteko modua, arintasun eta malgutasun handiagoa izan ditzan aldaketa organikoen edo bestelako aldaketen aurrean, maiz eragiten baitiete aipatu batzordeetan inplikatutako unitateei.

Hori horrela, bidezkoa da zehaztea informazio geografikoko sistemen arloan eskumena duen kontseilariari dagokiola ezartzea SITNAren batzorde horien osaera, erregelamenduak egiteko dagokion ahala erabiliz.

Horren haritik, gogorarazi beharra dago bere 129.3.e) artikuluan sendotzen dituela martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, sinpletasun eta efizientzia printzipioak, arauen eta erregelamenduen erregulazio onaren printzipioen barnean; horien arabera, arau ekimenak beharrezkoak ez diren administrazio kargak edo osagarriak direnak saihestu behar ditu, eta, bere aplikazioan, baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatu behar du. Xede hori du, hain zuzen ere, arau aldaketa honek.

Orobat, bidezkoa da eguneratzea SITNAren Plan Estrategikoa onesteko eskumenari buruzko erreferentzia, zeina jasota baitago azaroaren 11ko 255/2015 Foru Dekretu indardunaren 11.2 artikuluan, planaren indarraldia bukatu baita. Eskumen hori emanen zaio informazio geografikoko sistemen arloan eskumena duen departamentuko titularrari.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko informazio geografikoaren tratamendua arautzen duen azaroaren 11ko 255/2015 Foru Dekretuaren 7., 9. eta 11.2 artikuluak. Honako testu hau izanen dute:

7. artikulua. SITNAren Koordinazio Batzordearen osaera.

SITNAren Koordinazio Batzordearen osaera foru agindu bidez zehaztuko da. Foru agindu hori informazio geografikoko sistemen arloan eskumena duen kontseilariak emanen du.

9. artikulua. SITNAren Batzorde Iraunkorraren osaera.

SITNAren Batzorde Iraunkorraren osaera foru agindu bidez zehaztuko da. Foru agindu hori informazio geografikoko sistemen arloan eskumena duen kontseilariak emanen du.

11. artikulua. SITNAren plan estrategikoak.

2. Nafarroako Gobernuak onetsiko du SITNAren Plan Estrategikoa, informazio geografikoko sistemen arloan eskumena duen kontseilariak proposatuta.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–SITNAren koordinazio organoen segida.

SITNAren Koordinazio Batzordea eta Batzorde Iraunkorra, foru dekretu honetan arautuak, eratzen ez diren arte, gaur egungo SITNAren Koordinazio Batzordeak eta Batzorde Iraunkorrak jarraituko dute indarra izaten.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2102191