45. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

9/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren. Halaber, abuztuaren 14ko 90/2019 Foru Dekretuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, galarazi gabe gero garatu ahal izatea.

Urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Jardueraren lehendabiziko urtea iraganik, Departamentuko zuzendaritzek egituraren zenbait aldaketa planteatzen dituzte, egiten diren eskaerei erantzuteko eta esleiturik dituen eskumenak modu eraginkorragoan eta efizienteagoan gauzatzeko.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du birdefinitzea esleiturik dituen eskumenen eta bere mende dauden unitate organikoen funtzioen esparru materiala, hasieran aurreikusi ez ziren baina bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren eskumenak eta funtzioak sartzeko.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak ere proposatzen du bere funtzioak eta eskumenak berrantolatzea eta hobeki definitzea, bai eta planteatzen diren eskaerei erantzunen dieten unitate organiko berriak sortzea ere. Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren antolaketa aldatzen da, Higiezinen Atala deituriko atal berria sortuz; zerbitzuaren eginkizunak berriz definitzen dira, eraikinetako efizientzia energetikoaren egokitzapena eta hobekuntzaren sustapena gehituz; azkenik, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalaren eginkizunak modu esplizituagoan eta ordenatuan definitzen dira. Justiziako Gizarte Zerbitzuan atal berri bat sortzen da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra kudeatzeko. Aipatu erregistroa Foru Berriaren agindupean sortu da. Halaber, Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzu berria sortzea proposatzen da, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 1ean eginiko bilkuran onetsitako Nafarroa Suspertu Planean aurreikusitakoarekin. Zigor Betearazpeneko Atal berria zerbitzu horren mende egonen da. Azkenik, Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzu berria sortzearen ondorioz, beharrezkoa da berriz definitzea zerbitzuaren eta Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren eginkizunak. Zerbitzu berriak eginkizun horietako batzuk beteko ditu.

Azkenik, Idazkaritza Tekniko Nagusian gehitzen dira informazio publikoaren arduradunaren eta herritarren parte-hartzearen arduradunaren eginkizunak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legean xedatuari jarraikiz. Halaber, Araubide Juridikoaren Atala kentzen da, Araubide Administratiboaren eta Langileriaren Atala sortzeko.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–5. Artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

1. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari dagokio, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren titularraren goi-zuzendaritzapean –hari atxikita baitago zuzenean Idazkaritza Tekniko Nagusia– eta foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumenen esparruari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiltzea, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritakoak eta indarrean dauden xedapenek esleitzen dioten edo Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko titularrak agintzen dion beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

2. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ardura izanen da genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

3. Idazkaritza Tekniko Nagusia izanen da informazio publikoaren administrazio-unitate arduraduna, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin.

4. Idazkaritza Tekniko Nagusia izanen da herritarren parte-hartzearen administrazio-unitate arduraduna, bat etorriz Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearekin”.

Bi.–8. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“8. artikulua. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak beteko ditu, honako arlo hauetan:

a) Migratzaileei Nafarroan harrera egitea eta horiek integratzea.

b) Kulturen arteko bizikidetza hobetzea Nafarroan.

c) Arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzea.

d) Nafarroan izaten diren migrazioak aztertzea.

e) Migrazioei buruzko politiken koordinazioa eta ebaluazioa Nafarroako Gobernuan.

f) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean aritzea atzerrian bizi diren nafarrentzako ekintzetan.

g) Migrazioarekin eta asiloarekin lotuta dauden Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekin koordinatzea arlo hauetan: harrera, lagun egitea, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren aurkako borroka.

h) Europan migratzaileentzako eta errefuxiatuentzako jarduera humanitarioak egiten dituzten erakundeei laguntza ematea.

i) Migrazio prozesuekin eta bere eskumenen esparruan ezarri beharreko politika publikoekin loturiko beste edozein jarduera”.

Hiru.–II. kapituluko 2. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. ATALA

Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzua”

Lau.–12. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“12. artikulua. Harrera Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Harrera Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroan migratzaileei harrera egiteko plana diseinatzea, planifikatzea, abian jartzea, horren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

b) Nafarroan errefuxiatuei harrera egiteko protokolo integralaren jarraipena egitea eta hura hobetzea.

c) Nazioarteko babesa (hau da, asiloa eta babesa) eskatzen duten pertsonak hartzeko eta integratzeko programak diseinatzea, planifikatzea eta abian jartzea.

d) Atzerritarren arloan aholku emateko zerbitzua kudeatzea, izapidetzea eta horren jarraipena eta kontrola egitea.

e) Migratzaileei harrera hobea egiteko behar diren ekintzak koordinatzea toki-erakundeekin eta Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batzuekin.

f) Gizarte erakunderekin lankidetzan aritzea migratzaileei harrera hobea egiteko, ekintza koordinatuen bidez.

g) Administrazio publikoetako etxebizitza zerbitzuekin eta gizarte zerbitzuen arloan eskumenak dituen departamentuarekin koordinatzea migratzaileei etxebizitza izateko eskubidea eskuratzen laguntzen dieten neurriak.

h) Beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinazio lanak egitea harrera arloan.

i) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

j) Migratzaileei harrera hobea egiteko beste edozein jarduketa.

k) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jarduketa eremuan agintzen zaizkionak”.

Bosgarrena.–13. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“13. artikulua. Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kulturen arteko bitartekaritzarako zerbitzuaren kontratua kudeatzea eta tramitatzea, eta horren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

b) Nafarroan familia laguntzarik ez duten migratzaile gazteei arreta emateko plana diseinatzea, planifikatzea, abian jartzea, horren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

c) Babesgabetasunean dauden adingabe atzerritarren harrera koordinatzea eta horren jarraipena ematea, adingabeen babesaren esparruan eskumenak dituen departamentuarekin elkarlanean.

d) Migratzaileentzako harrera etxeetarako hitzarmena kudeatzea eta tramitatzea eta horren jarraipena eta kontrola egitea.

e) Migratzaile zaurgarrienen mentoretzan eta lagun-egitean oinarritutako programak koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

f) Enplegu zerbitzuekin koordinatzea Nafarroan dauden migratzaileen enplegagarritasuna hobetzeko.

g) Toki erakundeen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentuen lana koordinatzea migratzaileei eskaintzen zaizkien laguntzako eta bitartekaritzako prozesuak hobetzeko, instituzioen arteko elkarlanaren bidez.

h) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

i) Migratzaileen lagun-egitea hobetzeko beste edozein jarduketa.

j) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jarduketa eremuan agintzen zaizkionak”.

Seigarrena.–14. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“14. artikulua. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu honako arlo hauetan: Nafarroan dagoen aniztasun etniko eta kulturala kudeatzea, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko; arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzea; eta migrazioak eta migratzaileen eskubideak ikertzea, Nafarroako Gobernuak arlo horretan egiten dituen jarduketa politikak hobetzeko. Eta, zehazki, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzarako Estrategia diseinatzea, planifikatzea, abian jartzea, horren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

b) Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Nafarroako Plana diseinatzea, planifikatzea, abian jartzea, horren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

c) Kulturen arteko bizikidetzarekin lotutako jarduerak Kulturen arteko Bitartekotzarako Zerbitzuarekin koordinatzea.

d) Kultura aniztasunaren eta dibertsitatearen balio positiboak nabarmentzeko ekimenak bultzatzea, toki-erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean.

e) Kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioak balioesteko eta horien gainean sentsibilizatzeko ekintzak diseinatzea eta abian jartzea.

f) Kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko neurriak koordinatzea, neurri horiek Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetan garatzen direnean.

g) Bere eskumeneko arloetako neurriak koordinatzea beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin.

h) Nafarroako Migratzaileen Foroa sortzea, antolatzea eta dinamizatzea.

i) Bere eskumeneko dirulaguntza deialdiak kudeatzea, tramitatzea eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

j) Kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko beste edozein ekintza.

k) Bere helburuak egoki betetzeko, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jarduketa eremuan agintzen zaizkionak”.

Zazpigarrena.–15. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“15. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak izanen ditu arlo hauetan:

a) Justiziaren zerbitzu publikoa modernizatzeko behar diren langile, baliabide eta antolamenduzko egiturak zuzkitzea eta kudeatzea eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagozkion eskumen guztiak gauzatzea Administrazioan sartzeari eta lanpostuak betetzeari dagokienez.

b) Mugaketa eta egitura judizialaren aldaketak aztertzea eta proposatzea.

c) Herritar guztiei justizia berdintasunez bermatzeko neurriak.

d) Delitu bortitzen eta sexu askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntza integrala ematea eta delitugileak berreztea eta gizarteratzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra zuzentzea, kudeatzea eta mantentzea.

f) Legeriak espetxeetako administrazioaren organoei esleitzen dizkien eskumenak erabiltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenen esparruan.

g) Espetxe-arloko Estatuaren legeria betearaztea, biktimentzako erreparazioa, gizarteratzea eta delituen mugatzea ahalbidetuko duen zigor betearazpena sustatuz eta garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenen esparruan.

h) Justizia errestauratiboa eta gatazkak konpontzeko bestelako baliabideak bultzatzea eta koordinatzea Nafarroako Justizia Administrazioaren esparruan, horien fase guztietan (estrajudizialak, intrajudizialak edo intrapenalak).

i) Notariotzetako eta erregistroetako titularrak izendatzeko proposamena egitea.

j) Justizia Administrazioaren erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko behar diren neurriak bultzatzea, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna arautzen duen araudiaren arabera.

k) Indarrean dauden xedapenek Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan”.

Zortzigarrena.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“16. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzua.

b) Azpiegitura Judizialen Zerbitzua.

c) Justiziako Gizarte Zerbitzua.

d) Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua.

2. Zuzendaritza nagusiaren mende egonen da zuzenean Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutua, azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren bidez sortua eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren irailaren 6ko 147/2002 Foru Aginduaren bidez abian jarria”.

Bederatzigarrena.–21. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“21. artikulua. Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuak honako eginkizun hauek ditu:

a) Higiezinei eta antolamenduari buruzko proiektuak kudeatzea, eta zuzendaritza nagusiari atxikitako azpiegituretako obrak planifikatzea, exekutatzea eta kontrolatzea.

b) Justizia Administrazioaren zerbitzuko higiezinak eta instalazioak zaintzea, mantentzea eta hobetzea, indarrean dagoen araudiari egokituz eta beren efizientzia energetikoaren hobekuntza sustatuz.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako egoitzen mantentze-lanetako, garbiketako eta zaintzako kontratuak kudeatzea, arloko eskumenak dituzten beste zuzendaritzekin elkarlanean.

d) Eraikinen segurtasun eta sarbide-kontroleko instalazioak kudeatzea eta larrialdietako eta ebakuazio planak ezartzea zuzendaritza nagusiari atxikitako higiezinetan.

e) Lan arriskuak prebenitzeko jarduketen gauzatzea planifikatzea eta kontrolatzea, zuzendaritza nagusiaren eskumenen esparruan, Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuarekin elkarlanean.

f) Baliabide material eta teknikoak hornitzea eta ematea organo judizialei, fiskaltzari eta zuzendaritza nagusiko langileei.

g) Informatikako ekipamendu eta sistemak kudeatzea, Justizia Administrazioaren, fiskaltzaren eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren beraren funtzionamendurako eta haiek modernizatzeko beharrezkoak diren horiek, hain zuzen, galarazi gabe informatikako ekipoetako eta oinarri-softwarearen erosketen eta mantentze-lanen kudeaketan eskudun diren zuzendaritza nagusiei esleitutako eginkizunak.

h) Informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela bermatzea eta begiratzea Justizia Zuzendaritza Nagusiaren esparruan, barnean dela datu pertsonalen babesa, arlo horretan eskudun den zuzendaritza nagusiarekin elkarlanean.

i) Artxibo judizialak eta epaitegi eta auzitegientzako mailegu zerbitzua zaintzea eta kudeatzea.

j) Zerbitzuaren jardueren memoria egitea.

k) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak”.

Hamargarrena.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“22. artikulua. Azpiegitura Judizialen Zerbitzuaren egitura.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala.

b) Higiezinen Atala”.

Hamaikagarrena.–23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“23. artikulua. Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioa modernizatzeko eta digitalizatzeko eta Administrazio Elektronikoa Justizia Zuzendaritza Nagusian gauzatzeko proiektu informatikoak eta antolaketa proiektuak progresiboki ezartzeko ekimenak garatzea, bai eta ezarritako ekimenen eta proiektuen ebaluazioa eta kontrola egitea ere.

b) Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoarekin (CTEAJE) parte hartzea eta lankidetzan aritzea, Nafarroako Justizia Administrazioan ezarri behar diren proposatutako ekimenak koordinatuz.

c) Nafarroako Justizia Administrazioa eta zuzendaritza nagusia sostengatzen dituzten informazio sistemak kudeatzea, arloko eskudun den zuzendaritza nagusiarekin eta zerbitzuez hornitzen dituzten enpresekin elkarlanean.

d) Nafarroako Justizia Administraziorako eta zuzendaritza nagusirako ekipamendu informatikoa eta ikus-entzunezkoa kudeatzea, arloko eskudun den zuzendaritza nagusiarekin eta zerbitzuez hornitzen dituzten enpresekin elkarlanean.

e) Justiziako langileentzako urteko prestakuntza plana prestatzea eta gauzatzea.

f) Organo judizialek artxiboetan gordetzeko ematen dituzten agiriak gainbegiratu eta zainduko ditu; halaber, mailegu zerbitzua bermatu eta etorkizuneko artxibo digitalen ezarpena bultzatuko du.

g) Nafarroako Agiri Judizialak Suntsitzeko Batzordearen bilkuren prestakuntzan parte hartzea.

h) Zuzendaritza nagusiko dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

i) Zerbitzuaren jardueren memoria prestatzen laguntzea.

j) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Datuak Babesteko eta Informazioaren Segurtasunerako Politikan definitutako informazioaren segurtasunaren arduradunaren eginkizunak betetzea, informazioaren segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia, datu pertsonalen babesa barne, betetzen dela ziurtatzeko eta zaintzeko, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren esparruan.

k) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak”.

Hamabigarrena.–23 bis artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

“23. bis artikulua. Higiezinen Atalaren esparru material eta funtzionala.

Higiezinen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako eraikin judizialen eta bulegoen obren eta berritze lanen lizitazioa eta kontratazioa kudeatzea, horien exekuzioak eta entregak kontrolatzea, eta eraikinen eta bulegoen efizientzia energetikoa hobetzea.

b) Eraikin judizialetako eta zuzendaritza nagusiko azpiegiturak garbitzeko eta mantentzeko kontratuak kudeatzea eta kontrolatzea, arlo horretan eskumenak dituzten beste departamentu batzuekin elkarlanean.

c) Premiak aztertzea, proposamenak egitea, eraikin judizialetako eta zuzendaritza nagusiko espazioak birkokatzea eta berrantolatzea.

d) Materialak eta altzariak ematea zuzendaritza nagusiko, epaitegietako eta auzitegietako unitateei, beren ohiko funtzionamendurako.

e) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea epaitegien, auzitegien eta zuzendaritza nagusiaren prebentzio-jardueraren plangintza kontrolatzeko, ezartzeko eta gainbegiratzeko orduan.

f) Zerbitzuaren jardueren memoria prestatzen laguntzea.

g) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak”.

Hamahirugarrena.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“24. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Justiziako Gizarte Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Delituaren biktimei laguntza integrala ematea.

b) Justizia Administrazioarekiko eta bestelako administrazio publiko, entitate, agente eta profesionalekiko harremanak izatea eta haiekin koordinatzea, delituaren biktimei laguntzearen gainean.

c) Hipoteka-betearazpeneko prozeduretan eta/edo etxegabetzeetan ustezko zaurgarritasuna edo bazterketa sozialeko kasuak atzemateko neurriak hartzea eta bultzatzea, beste erakunde publiko batzuekin eta agintari judizialarekin koordinatua.

d) Herritarrei eta profesionalei informazioa eta aholku ematea gaitasun zibilaren aldaketa eta kautelazko neurriak eskatzeko tramiteei buruz.

e) Doako justizia kudeatzea, abokatuen elkargoekin elkarlanean, eta Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari laguntza juridiko eta administratiboa ematea bertan aurkeztutako eskaerei buruz.

f) Organo judizialei laguntza teknikoa ematea, hala eskatzen badute, zerbitzuak bere dituen arloetan, bereziki doako interpretazio, itzulpen eta perituen laguntza lanetan.

g) Bitartekaritza eta adiskidetze judiziala kudeatzea eta aztertze judizialak egitea, jurisdikzio zibileko organoek eskatzen dutenean.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra ezartzea, kudeatzea eta mantentzea.

i) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Hamalaugarrena.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“25. artikulua. Justiziako Gizarte Zerbitzuaren egitura.

Justiziako Gizarte Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atala”.

Hamabosgarrena.–26. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“26. artikulua. Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalaren esparru material eta funtzionala.

Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak betetzea delituaren biktimei laguntza integrala emateko ezartzen diren neurriak aplikatzearen arloan.

b) Instituzioen arteko jarduketa protokoloak bultzatzea, delituaren biktimentzako eta familia barruko erasotzaileentzako.

c) Justizia Administrazioari laguntza eta sostengu teknikoa ematea.

d) Bitartekaritza eta adiskidetze judiziala bideratzea eta aztertze judizialak egitea, Justizia Administrazioko organoek eskatzen dutenean.

e) Gaitasun zibilaren aldaketa eta horrekin loturiko kautelazko neurriak eskatzeari buruzko informazioa eta aholku ematea.

f) Agintari judizialak hala eskatzen badu, etxegabetzeko prozedura judizialetan daudenei informazioa eta aholku ematea, eta, behar denean, dagokion gizarte baliabidera bideratzea.

g) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Hamaseigarrena.–26. bis artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

“26. bis artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atalaren esparru material eta funtzionala.

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atalari dagozkio eginkizun hauek gauzatzea:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra kudeatzea.

b) Bikote egonkorren inskripzio eskaerak tramitatzea eta ebazpenak proposatzea.

c) Erregistroan utzitako agiriak artxibatzea eta zaintzea.

d) Erregistroan inskribatzen diren egintzen publikotasun erregistrala eta froga.

e) Datu estatistikoak ematea, Nafarroako Estatistika Planean sar daitezen, eta txosten teknikoak egitea, erakunde publikoek hala eskatzen badute.

f) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Hamazazpigarrena.–III. kapituluari 5. atala gehitzen zaio. Hona artikulu berriak:

“5. ATALA

Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua

26.ter artikulua. Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko esparru material eta funtzionala.

Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Administrazioaren esparruan, justizia errestauratiboaren eta gatazkak auzitara joan gabe konpontzeko bideak bultzatzea eta garatzea.

b) Atxilotuak, presoak eta preso ohiak birgaitzeko eta gizarteratzeko neurriak koordinatzea eta bultzatzea, barnean dela zigorrak betearazteko Nafarroarako berezko eredu bat aztertzea eta zehaztea, estatutuan espetxeei buruz aurreikusitakoa garatzen den neurrian Nafarroako Foru Komunitateari esleitzen zaizkion ahalmenen arabera.

c) Zigorrei eta espetxeei buruzko legeria betearaztea, bere eskumenen esparruan, aipatu arloetan Gobernuak egiten dituen gainerako jarduketekin koordinatua.

d) Justiziako Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea instituzioen arteko jarduketa protokoloak bultzatzeko, delituaren biktimentzako eta familia barruko erasotzaileentzako.

e) Epaitegien arteko bitartekaritza sustatzea.

f) Askatasunaz gabetutako pertsonei osasun, hezkuntza eta gizarte ongizate zerbitzuetara sarbidea bermatzea eta, oro har, baliabide guztietara, haien eskubideak gainerako herritarren baldintza berdinetan gauzatuak izan daitezen, jaso duten zigorrak ezartzen duen muga bakarrarekin.

g) Nafarroako zigor errealitateari eta haren garapenari buruzko balio informazioa eta ikerketak sortzea, Justizia Administrazioko operadoreentzat eta gizarte erakundeentzat.

h) Askatasunaz gabetzekoak ez diren zigorren aplikazioen proposamenak egitea, zigor legeriaren markoan.

i) Zigor auzigai duen pertsona bakoitzaren ezaugarrien informazio pertsonalizatua eta gizarte txostenak ematea epaitegiei, instrukzio fasean.

j) Pertsona bakoitzaren gizarteratze bideak eta zigor betearazpenaren jarraipen pertsonalizatua egitea. Horren barnean daude Nafarroatik kanpo zein barnean pertsona bati eragiten dizkioten auzi eta prozedurak lokalizatzea, eta zigor aurrekariak ezerezteko izapideak egiten laguntzea, baita kartzela osteko prozesu errestauratiboak ere.

k) Gizartean igor errealitatearekin lotura egotea eta harekin lotutako gatazken konponketan parte-hartzea sustatzea. Era berean, zigortutako pertsonek gizartearekin eta kanpoaldearekin lotura izan dezaten sustatzea.

l) Eremu soziosanitario eta judizialaren arteko bitartekaritza erraztea.

m) Komunitate prozesu errestauratiboak eskainiko dituen sarea sortzea eta koordinatzea.

n) Espetxe-bitartekaritza eta gatazken prebentzioa espetxearen barruan.

o) Zigor esku-hartzerako pertsonen eta gizarte entitateen formazioa.

p) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

26. quater artikulua. Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuaren egitura.

Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuaren mende egonen da Zigor Betearazpeneko Atala.

26. quinquies artikulua. Zigor Betearazpeneko Atalaren esparru material eta funtzionala.

Zigor Betearazpeneko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Askatasunaz gabetzekoak ez diren zigor eta neurrien kudeaketa aztertzea, bai eta zentzu horretan Estatuarekin ituntzen ahal diren transferentziak sartzea eta kudeatzea.

b) Zigortuen ibilbide pertsonalizatuak egitea, gizarteratzeari, prestakuntzari eta osasun arazoen tratamenduari begira.

c) Espetxe-bitartekaritza eta gatazken prebentzioa espetxearen barruan.

d) Gizarteak zigor errealitatearekin lotura egitea erraztea, bai eta zigortuek kanpoaldearekin eta gizartearekin lotura egitea erraztea ere.

e) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Hemezortzigarrena.–27. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“27. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Egituran, honako atal hauek ditu Idazkaritza Tekniko Nagusiak:

a) Araubide Administratiboaren eta Langileen Atala.

b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala”.

Hemeretzigarrena.–28. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“28. artikulua. Araubide Administratiboaren eta Langileen Atalaren eskumenen esparru material eta funtzionala.

Araubide Administratiboaren eta Langileen Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuko erregistro eta artxibo administratiboak antolatu eta koordinatzeko irizpideak ezartzea, gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

b) Foru aginduak tramitatzea, artxibatzea eta horien kontrola egitea.

c) Akordioak eta hitzarmenak dagokien erregistroan inskribatzeko kudeaketa lanak eta tramiteak betetzea.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskumena diren langileen buruzko gaiak tramitatzea.

e) Organo eskudunekin lankidetzan aritzea Departamentuaren modernizaziorako eta prozedurak antolatu eta koordinatzeko sistemak hobetzeko proiektuetan.

f) Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeari lotutako eginkizunak betetzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren politikak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzean, bat eginik Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikan zehaztutako informazioaren segurtasun arduradunaren eginkizunak betetzea, betiere Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren eta Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eremuaren barnean, informazioaren segurtasunari buruzko indarreko araudia betetzen dela bermatzeko eta zaintzeko, barnean dela datu pertsonalen babesa.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak”.

Hogeigarrena.–Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Burutzak betetzeko baldintzak.

Honako baldintza hauek ezartzen dira atalburu izateko:

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian:

–Harrera Atala:

B maila; titulazioa: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

–Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala:

B maila; titulazioa: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

Idazkaritza Tekniko Nagusian:

–Araubide Administratiboaren eta Langileen Atala:

A, B edo C maila.

–Kudeaketa Ekonomikoaren Atala:

A edo B maila.

Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileen Kudeaketaren Atala:

A, B edo C maila.

–Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala:

B maila; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren B mailako lanpostu baterako izendatua izatea, edo Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko lanpostu baterako.

–Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala:

B maila.

–Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala:

A, B edo C maila.

–Higiezinen Atala:

A edo B maila; titulazioa: Arkitektura, Arkitektura Teknikoa, Eraikuntzaren Ingeniaritza edo Ingeniaritza Industriala.

–Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atala:

A edo B maila; administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) lanpostu baterako izendatu izana, edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren kidegokoa izatea.

–Zigor Betearazpeneko Atala:

A edo B maila; titulua: Zuzenbideko edo Psikologiako gradua edo lizentzia, Gizarte Laneko edo Kriminologiako gradua edo diploma.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2102190