32. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

2/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, Zizur Nagusiko “Santa Cruz” esku-hartze orokorreko proiektua onesten duena.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da Zizur Nagusiko Santa Krutz kaleko 220 etxebizitzatarako, 10 ataritan eta 4 jabeen erkidegotan banatuak daudenak, honako hauek zehazki:

–17., 19. eta 21. zenbakiak, A1 erkidegoa.

–27. zenbakia, A2 erkidegoa.

–33., 35. eta 37. zenbakiak, A3 erkidegoa.

–47., 49. eta 51. zenbakiak, A4 erkidegoa.

1978. eta 1984. urteen bitartean eraikitako lau eraikin dira, elkarren antzekoak. Erdisoto eta soto komuna dute, arkupez babestutako beheko solairua, non atariak dauden, eta etxebizitzetarako hamaika solairu. Eraikuntzari dagokionez, denek ezaugarri berberak dituzte, eta fatxadek ez dute isolamendu termikorik. Esku-hartzearen bidez, inguratzaile termikoa eta zentralizatutako instalazio termikoak hobetuko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Zizur Nagusiko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Zizur Nagusiko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea “Santa Cruz” izeneko esku-hartze orokorreko proiektua. Proiektuan Zizur Nagusiko Santa Krutz kaleko honako atari hauek sartzen dira: 17, 19, 21, 27, 33, 35, 37, 47, 49 eta 51.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea Etxebizitza Zerbitzuari, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Zizur Nagusiko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 26an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2101289