32. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, administrari-ofizial lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangai zerrenda bat eratzeko, oposizio sistemako hautaproben bidez

Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak, 2021eko urtarrilaren 27an, 2021-0092 Ebazpena eman zuen:

Ebazpena, deialdia onesten duena Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangai zerrenda bat eratzeko, oposizio sistemako hautaproben bidez, sortzen diren beharrei erantzutearren.

Aplikatzekoak diren xedapenek legez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangai zerrenda bat eratzeko, oposizio sistemako hautaproben bidez, sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean daude.

3. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2021eko urtarrilaren 27an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK, IZANGAI ZERRENDA BAT ERATZEKO DEIALDIARENAK, OPOSIZIO SISTEMAKO HAUTAPROBEN BIDEZ NOAIN ELORTZIBARKO UDALAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI-OFIZIAL LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATUAREKIN BETETZEKO, SORTZEN DIREN BEHARREI ERANTZUTEARREN

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia egiten da administrari-ofizial lanpostuan jarduteko izangai zerrenda bat oposizio sistemako hautaproben bidez eratzeko, Noain Elortzibarko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Deialdi honen babesean eratzen den zerrendak bost urteko indarraldia izanen du gehienez, indarra hartzen duen egunetik hasita, edo beste deialdi bat onesten den arte.

Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeari begira.

1.1. Lanpostuek C mailako ordainsariak izanen dituzte, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Noain Elortzibarko Udalari aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat.

1.2. Bere lanbide maila eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu tratamendua, kudeaketa programak eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen barnean agintzen zaizkion lan guztiak.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, batxiler-titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean mantendu ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Noain Elortzibarko Udaleko Erregistro Orokorrean (Foruen plaza, 3, 31110 Noain) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@noain.es.

Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Erregistro hori Noaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.noain.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak III. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, bai eta Interneten ere, www.noain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Azterketarako eskubideen tasa ordaindu izanaren frogagiria, ES48 2100 5264 49 2200065040 kontuan, edo, bestela, lanik gabeko eta prestaziorik kobratu gabeko egoeraren egiaztagiria.

Ordaindu beharreko zenbatekoa:

• 13,87 euro, oro har.

• Doakoa, lanik izan ez eta prestaziorik kobratzen ez dutenendako.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, bestela, frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Arintasuna helburu, kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Noain Elortzibarko Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.noain.es). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.noain.es Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela atzemanez gero, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

5.1. Proba teoriko-praktikoa.

Proba teoriko-praktikoan galdera teoriko-praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatziz; horietatik hiru laurdenak 1. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira, eta gainerakoak, berriz, informatikako ezagutza orokorrei buruzkoak.

Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute, galderari emandako balorazioaren laurden batekoa. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Ariketaren balorazioak 40 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta bestelako materialik erabiltzen ahalko ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.2. Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, eta aurreikusten da otsailaren bukaera aldera hasiko direla.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

5.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkatea.

–Ordezko epaimahaiburua: Javier Erro Lacunza, Noain Elortzibarko Udaleko alkateordea.

–1. mahaikidea: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

–Ordezko epaimahaikidea: Alfonso Arizcuren Sánchez.

–2. mahaikidea: Encarnación Martos Martos.

–Ordezko epaimahaikidea: Marian Cuesta Márquez.

–3. mahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Noain Elortzibarko Udaleko ordezkari sindikala.

–Ordezko epaimahaikidea: Manuel Sánchez Sánchez, Noain Elortzibarko Udaleko ordezkari sindikala.

–Epaimahaikide-idazkaria: Elisa Terroba Serrano, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikide-idazkaria: M.ª Pilar Barragán García, Metautengo eta Larriongo idazkaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Bestetik, izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako egoeraren bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den probako puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Zozketaren emaitzak Noain Elortzibarko Udalaren web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.2. Behin probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du proba gainditu duten izangaien zerrenda Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.noain.es), guztira lorturiko puntuazioaren araberako ordenan.

Proban bazterturik gelditu ez diren guztiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.

7.3. Proba gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren araberako ordenan, alkate udalburuari igorriko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onesteko. Behin betiko zerrenda Udalaren web-orrian argitaratuko da.

Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Noain Elortzibarko Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Noain Elortzibarko Udalak egiaztatuko ditu.

8.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.4. Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko Idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 5 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

8.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lan araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz badaudela prest lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan ezarri den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

8.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

8.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz beronen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, era-baki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzen-dua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

1. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. I. eta II. tituluak.

2. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: II. tituluko II. kapitulua (Udalen hirigintzako planeamendua); V. titulua (Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina).

3. gaia.–448/2014 Foru Agindua, abenduaren 23koa, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onesten dituena; aipatu foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du. III. titulua (Zer jarduera sailkatuk behar duten Udalaren lizentzia).

4. gaia.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa. III. titulua.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

6. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Adminis-trazioari buruzkoa.

7. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua.

8. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua (Udalerria).

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

2. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2101365