32. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, baimentzen duena kontaktu edo oposizioko kirolen txapelketa ofizial autonomikoak egitea, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, eta ezartzen duena zein egunetan has daitezkeen.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Besteak beste, “osasun-hesi” bat ezartzen zen, Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko. Gainera, eta berariaz kirol arlorako, mugak ezarri ziren kirol instalazioen erabileran eta erabiltzeko ordutegian.

Horri guztiari gehitu behar zaio urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zela SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen zion autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari.

Eskumen horiek erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren zenbait foru dekretu onetsi dira, eta horien bidez, prebentzio neurriak ezarri dira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Zehazki, mugak ezarri dira Nafarroako Foru Komunitatean askatasunez gauez zirkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean sartu eta ateratzeko, eta bilerak egiteko, hala eremu publikoan, nola pribatuan. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azken foru dekretua urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretua da (Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuak aldatu zuena). Haren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Hartan onetsitako neurriek 2021eko otsailaren 15era arte jarraituko dute indarrean, egun hori barne.

Orobat, luzapenak eta aldaketak egin zaizkio Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduari. Bukatzeko, abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Hartutako neurriak luzatu eta zati batean aldatu dituzte urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduak eta urtarrilaren 20ko 2/2021 Foru Aginduak, biak ala biak Osasuneko kontseilariarenak, indarrean egon direnak 2021eko urtarrilaren 28ra arte, egun hori barne. Onetsitako neurrien artean, batzuk kirolaren esparru eta jardunari buruzkoak dira, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren esku uzten da zenbait alderdi arautzea.

Horregatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak zein Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitako neurri guztiak betez, Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol arlorako berariazko neurriak hartu ditu, zuzendari kudeatzailearen ebazpen batuen bidez. Zehazki, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 13ko 625/2020 Ebazpenak ezartzen zuen, besteak beste, ez zegoela baimenduta kontaktu edo oposizioko kirolen txapelketa ofizial autonomikoak antolatzea Nafarroako kirol federazioek. Egoera horrek orain arte iraun du.

Egun, kutsatzeen eta ospitaleratzeen intzidentzia egunetik egunera handitzen bada ere, goranzko joera baitu, egia da kasuen eta ospitaleratzeen intzidentziak Estatuko batezbestekoaren azpitik jarraitzen duela.

Edonola ere, kontuan harturik pandemiaren bilakaera, kirolean kutsatzeko arrisku txikia eta kirol jarduera federatuaren jarraipena eta jasangarritasuna, Nafarroako Kirolaren Institutuak aurreikusi du kontaktu edo oposizioko kirolen txapelketa ofizial autonomikoak baimentzea, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, eta ezartzen zein egunetan has daitezkeen.

Gainera, ezartzen da zer baldintzatan has daitezkeen txapelketak. Horretarako, txapelketak hasi baino lehen, federazio antolatzaileek jarduteko protokolo bat igorri behar dute, loteslea dena txapelketan parte hartzen duten entitate guztientzat, non zehaztuko baitira parte-hartzaile guztien osasuna babesteko berariazko neurriak, osasun-agintaritzak ezarritako irizpideekin bat.

Nolanahi ere, hasteko egun horiek beteko dira segun nolako bilakaera hartzen duen egoera epidemiologikoak eta segun zer neurri hartzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko osasun-agintaritzak.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea kontaktu edo oposizioko kirolen txapelketa ofizial autonomikoak egiteko, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, eta hasteko egunak ezartzea, ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan xedatutakoaren arabera.

Txapelketak hasteko egunak aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, egoera epidemiologikoaren arabera eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko kontseilariak hartzen dituen neurrien arabera.

2. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da. Halaber, ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinak Nafarroako Kirolaren Institutuko webgunean daude interesa duten pertsona eta entitateen eskura.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 26an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Haizu da kontaktu edo oposizioko talde-kirolen txapelketa ofizial autonomikoak egitea, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, egutegi honi jarraikiz:

1. Senior kategoria eta junior kategoria, edo baliokideak: 2021eko otsailaren 12tik aurrera.

2. Kadete kategoria: 2021eko otsailaren 19tik aurrera.

3. Haur kategoria: 2021eko otsailaren 26tik aurrera.

4. Gainerako kategoriak: 2021eko martxoaren 5etik aurrera.

Haizu da, halaber, kontaktu edo oposizioko banakako kirolen txapelketa ofizial autonomikoak egitea, Nafarroako kirol federazioek antolatuak badira, egutegi honi jarraikiz:

1. Kategoria absolutua: 2021eko otsailaren 12tik aurrera.

2. Junior kategoria: 2021eko otsailaren 19tik aurrera.

3. Kadete kategoria: 2021eko otsailaren 26tik aurrera.

4. Haur kategoria: 2021eko martxoaren 5etik aurrera.

5. Gainerako kategoriak: 2021eko martxoaren 12tik aurrera.

Pandemiaren bilakaeraren eta Osasuneko kontseilariak onesten dituen araudiaren baldintzapean egonen da kontaktu edo oposizioko kirolen txapelketa autonomikoak egiteko hasiera, kirolak taldekoak nahiz banakakoak izan.

Kirol federazio batek erabakitzen badu kategoria jakin baten txapelketa hastea eranskin honetan zehaztutako egunak baino geroago, gainerako kategorien txapelketen hasiera ere atzeratu beharko da, era proportzional eta eskalonatuan. Beraz, ezin da inola ere egun berean hasi bi kategoriaren edo gehiagoren txapelketa, salbu eta proposatutako egutegian adierazitako kasuetan.

Edozein txapelketa ofizial autonomiko hasteko, kirolak kontaktu edo oposiziokoak izan nahiz kontaktu eta oposiziokoak ez izan, Nafarroako Kirol Federazio antolatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Nafarroako Kirolaren Institutuari igortzea, txapelketa hasi baino lehenago, jarduteko protokolo bat, txapelketetan parte hartuko duten entitate guztientzat loteslea izanen dena, non berariazko neurri guztiak jasoko baitira parte-hartzaile guztien osasuna babesteko, osasun-agintaritzak ezarritako irizpideekin bat.

–Kirol federazioek Nafarroako Kirolaren Institutuan aurkeztu behar dute, txapelketa hasi baino lehenago, federazioko COVID arduraduna izendatzeko agiria, hark bete beharreko eginkizunak dakartzana (II. eranskina).

–Kirol egutegia baldintza malguetan garatzea, kirol partidak edo probak beste egun batzuetara aldatzeko aukerarekin.

–Entitate antolatzaileek, orobat, onetsita izan behar dute txapelketa bukatzeko araudia, hura egiten ez bada aurreikusitako egutegiarekin bat.

–Salbuespenez, txapelketa antolatzen duten entitateek baimena eska diezaiokete Nafarroako Kirolaren Institutuari, arrazoiak emanez eta baldintzek horretarako bide ematen badute, 2020-2021 denboraldian aurreikusi ez den kirol txapelketa bat edo kirol topaketa bat egiteko baimendutako kategorien barnean.

–Kirol txapelketetan parte hartzen duen klub bakoitzak klubeko COVID arduradun bat izendatuko du, III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera, txapelketan segurtasun eta osasun neurriak betearazteko parte-hartzaileei eta publikoari. Eginkizun horretan aritzeko, pertsona hori koordinatuta egonen da federazio bakoitzak izendatutako federazioko COVID arduradunarekin. Klubeko COVID arduraduna izendatzeko agiria kasuan kasuko federazioan aurkeztu behar da txapelketa hasi baino lehen.

Kirol proba bakoitzaren ondoren, klubeko COVID arduradunak gorabeheren txostena igorri beharko dio (gorabeheren bat izanez gero) entitate antolatzaileak izendatutako federazioko COVID arduradunari.

Bi multzo edo talde desberdinen arteko entrenamendu osoak egiten ahalko dira txapelketa hasteko egunetik aurrera, baldin eta bi multzoek edo taldeek parte hartzen badute kirol maila bereko txapelketetan.

Iragarkiaren kodea: F2101243