30. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Laguntza teknikoak erosi edo alokatzeko dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak, 2020ko azaroaren 25eko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Laguntza teknikoak erosi edo alokatzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2020ko 287. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten. Jendaurreko epea alegaziorik gabe iragan denez, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Noainen, 2021eko urtarrilaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Manuel Jesús Mozota Núñez.

ORDENANTZA, LAGUNTZA TEKNIKOAK EROSI EDO
ALOKATZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da laguntza teknikoak (ohe artikulatuak, gurpil-aulkiak...) erosi edo alokatzeko Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eman beharreko dirulaguntzak arautzea.

2. artikulua. Diruz lagungarria den egitatea.

Diruz lagunduko da laguntza teknikoak erostea, erosteko aukerarekin alokatzea eta/edo alokatzea, baldin eta alokairua (erosteko aukerarekin izan edo ez) 6 hilabetetik gorakoa ez bada.

3. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Erabiltzaileak, gehienez ere, zenbateko hauek jasoko ditu:

1. Erostea edo erosteko aukerarekin alokatzea (azkenik erosten bada):

–Eskaren kontrako koltxoia: 50,00 euro.

–Ohe osoa, barandak eta orga elektrikoa dituena (ospitalekoen gisara): 200,00 euro.

–Garabi elektrikoa, arnes eta guzti: 180,00 euro.

–Dutxako aulkia: 40,00 euro.

–Gurpil-aulkia: 200,00 euro.

2. Alokairua:

–Ohe osoa, barandak eta orga elektrikoa dituena (ospitalekoen gisara): 100,00 euro gehienez ere 6 hilabeterako. Hilabeteko alokairuaren %20ko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 6 hilabetean.

–Garabi elektrikoa, arnes eta guzti: 60,00 euro gehienez ere 6 hilabeterako. Hilabeteko alokairuaren %20ko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 6 hilabetean.

4. artikulua. Onuradunak eta kudeaketa arauak.

Dirulaguntzen onuradun izanen dira beren egoera fisikoa dela-eta beren kabuz baliatzeko laguntza teknikoen sostengua behar dutenak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko edozein udalerritan erroldaturik egotea, gutxienez ere eskaria egin baino sei hilabete lehenagotik, etenik gabe.

2. Erabiltzailearen diru-sarrerei dagokienez, horiek errenta berma-tuaren zenbatekoa baino 2 aldiz handiagoak ez izatea, familia-unitateko kideen arabera.

3. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena edukitzea, onuradunaren egoera fisikoa dirulaguntzaren xede den laguntza teknikoaren sostenguaren beharrean dagoela dioena.

5. artikulua. Dirulaguntza izapidetzeko ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

–Familia-unitatearen diru-sarreren egiaztagiriak.

–Eskabidea, transferentzia bidez ordaintzeko.

–Faktura zehaztua edo alokairu kontratua, onuradunaren izenean.

Mankomunitateko profesionalek beste edozein dokumentu aurkezteko eskatzen ahalko dute, beharrezkoa iruditzen bazaie.

6. artikulua. Ebazpena eta ordainketa.

Noain aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak onetsiko du dirulaguntza; ebazpena emateko, aitzinetik Mankomunitateko zerbitzu teknikoek aldeko txostena egin beharko dute.

7. artikulua. Dirulaguntza ordainketa bakar batean pagatuko da erosketen kasuan, faktura aurkezten denean. Alokairuen kasuan, ordainketa bakar hori eginen da diruz lagungarriak diren 6 hilabeteak igaro direnean, frogagiriak aurkeztutakoan. Alokairuaren denbora 6 hilabetetik beherakoa bada, ondasunaren premia bukatzen denean ordainduko zaio, aldez aurretik justifikatuta.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau, behin betiko onetsi ondotik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera, indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L2101240