30. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona telefonia mugikorreko oinarri-estazio bateko obrak egiteko proiektuari Zugarramurdiko Loiara parajean, 2. poligonoko 129. lurzatian. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2020ko apirilaren 30ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena emateaz edo ukatzeaz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen dituela.

–Jarduketaren deskribapena:

Proiektuaren xedea da telefonia mugikorreko oinarri-estazio berri bat jartzea Zugarramurdiko 2. poligonoko 129. lurzatiko hego-ekialdeko muturrean, Loiara parajean, inguru horrek telefonia mugikorreko sarearen estaldura nahikoa izan dezan instalazioa partekatzen ahal duten operadoreentzat. Horretarako, sareta-dorre bat proiektatu da, 15,00 metro garai, eta gainean K80010817 modeloko antena bat instalatuko da; eta zimendu-lauza baten gainean kokatuko dira operadoreen ekipamenduak, luze-zabaleran 8,00 x 6,00 metro eta altueran 2,5 metro izanen dituen barruti hesitu batean, 0,70 metroko hormigoi-zokaloaren gainean. Telxius Torre Españaren instalazioak Telefónica Móviles España SAren jarduera legeztatzeko balioko du, estazio berean.

Obra zibilean lurra berdindu behar da eta mugakide den bide batetik datorren sarbidea sastrakaz garbitu eta egokitu.

Instalazioa lurpetik hornituko da argindarrez, sarbidean barrena, ukipenik sortu gabe, bide bat egokitzeak sortu ohi dituen ukipenez harago.

Kokalekua onetsita dago Telefónica operadorearentzat, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 232E/2020 Ebazpenaren bitartez (2020ko irailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 205. zenbakian). Ebazpen horretan ALParen 9. aldaketa onesten zaio Telefónicari.

–Proiektuaren ingurumen ebaluazioa:

Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren ingurumen ebaluazioa egin zuen, eta egiaztatu zuen sarbidea egokitzeko obrek ukituko dituztela larratzeko eta ebakitzeko belardi bat eta sastraka-formazio bat, ingurumen balio aipagarririk gabekoak. Alabaina, hautatu den kokagunea malda moderatuko belardi horretan dago, “Zugarramurdi” paisaia bereziaren barnean, eta horregatik espedienteari buruzko errekerimendua egin zen Zugarramurdi inguruko paisaiaren gaineko ukipena gerta daitekeela eta. Osatu beharreko alderdi batzuk ere jaso ziren errekerimenduan, instalazio berriaren zaratak bi etxebizitza bakartutan sor dezakeen ukipena dela eta. Etxebizitza horiek estazioaren kokalekutik 80 metrora eta 120 metrora daude.

Errekerimenduari erantzunez, 2020ko abuztuaren 11n dokumentu hau aurkeztu zen: “Zugarramurdiko (Nafarroa) 2. poligonoko 129. lurzatian, Loiara parajean, telefonia mugikorreko oinarri-estazioa jartzeko obren exekuzio proiektuaren eranskina”.

Proiektuari erantsitako ingurumen memorian azaltzen denez, begi inpaktua izanen da eragin nagusia, proiektuak “Zugarramurdi” paisaia berezian sor dezakeen ukipenagatik. Eragina ahalik eta txikiena izateko, antena zuhaitz-lerroetatik hurbil kokatu da haiek ukitu gabe. Zuhaitzak, ordea, ez daude kokatuta antenaren eta jende gehienek antena ikus dezakeen tokien tartean eta ez dute guztiz ezkutatuko instalazioa.

Berdinketarako lur mugimenduak (% 28ko maila-aldearekin) oso txikiak izanen dira, gune txiki bat berdindu behar delako (6x8 m). Beraz, ez da uste ikuseremuari eragiten dion aldaketa topografikorik izanen denik.

Proiektuaren eranskinean dagoen paisaia-simulazioa begiz aztertu ondoren, ondorioztatu da telefonia mugikorreko oinarri-estazioa ez dela nabarmen ikusten biztanlegune, bide edo errepideetatik, urrun dagoelako eta ingurune hurbilarekin bat egiten duen sareta-dorre txikia delako. Beraz, ez da neurri zuzentzailerik proposatzen, hau izan ezik: itxituran sare galbanizatu eta plastifikatua, berdea eta zeharrargia jartzea.

Dokumentazioaren eranskinean zehatz aztertzen da zarata handituz instalazioak sor dezakeen eragina. Kontuan hartu behar da telefonia mugikorreko oinarri-estazio berria “‘a’: bizitegi-erabilerarako lurzorua nagusi den lurralde sektoreak” motako eremu akustikoan dagoela, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera (dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du). Izan ere, oinarri-estazioa bizitegitarako hiri lurzorutik 40 metrora dago eta etxebizitza bakartu batzuetatik 80-100 metrora.

Dokumentazio berrian, zaratari buruzko ebaluaziotik ondorioztatzen da hots emisioaren maila 18,74 dB izanen dela, 30 dB baino gutxiago, eta, beraz, araua betetzen dela. Gainera, aintzat hartu behar da etxebizitza hurbilenetara dagoen distantziak zarata motelduko duela eta horrenbestez zarataren moteltzea emisio-iturria bera baino handiagoa izanen dela.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta ingurumen ukipenak baimentzeko izapidea behar bezala beterik dagoela, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, ebazpen honetan biltzen diren ingurumen baldintzekin.

Zugarramurdiko Udalak aldeko txostena eman du 2020ko apirilaren 14an, eta hala dago jasota espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2020ko abenduaren 9an aldeko txostena eman du, ebazpen honetan biltzen diren baldintzekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zugarramurdiko 2. poligonoko 129. lurzatian telefonia mugikorreko oinarri-estazio bat jartzeko obren exekuzio proiektuari. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

  • Belar-sastrakak garbitzen direnean, landare hondarrak, obretako gainerako hondakinekin batera, behar bezala eta beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira.
  • Estazioaren kokagunearen berdinketa lanetan ateratzen den lurra lurzatian bertan zabalduko da, topografiaren eten nabarmenik sortu gabe eta paisaia aldatu gabe. Lur soberakinik badago, baimendutako hondakindegi batera eramanen da.
  • Gomendatzen da lurzatiaren beheko ertzean etxebizitzetatik hurbil dagoen landare-hesia handitzea, etxebizitzetatik eta Zugarramurdiko herritik antena aldera dagoen ikus-lerroa zuhaitz adaburuekin eteteko. 6-8 cm diametroko zuhaitzak erabiliko dira, sustrai hutseko landaketan, sasoi egokian (udazkena eta negua). Espezie hauek landatuko dira: lizar arrunta (Fraxinus excelsior), otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta urkia (Betula celtiberica).
  • Obrak amaitutakoan, ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Horretarako landare lurra zabalduko da (obren aurretik landare lurraren geruza atera eta sakonagoko materialetatik bereiz metatuko da), harriak kenduko dira, lurra profilatu eta ereiteko prestatu, eta belardiko espezieen haziak ereinen dira.
  • Estazioa edo transformazio zentroa kendu behar izanez gero, sustatzailearen erantzukizuna izanen da instalazioak osatzen dituzten azpiegitura guztiak kentzea eta eremua lehengoratzea, hasieran zegoen moduan uzteko.
  • Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Bidasoko barrutiari (ogfobida1@cfnavarra.es).

–Hirigintzaren eta lurraldearen arlokoak:

  • Baimen honek telekomunikazioetako antena bat eta hari lotutako eraikuntzak eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Lurzoru urbanizaezineko jarduerak ingurumenera egokitzeko beharrari buruzko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan ezarritakoa betez, jarduerak bat eginen du paisaiarekin, eta udalaren hirigintzako araudian ezarritako baldintzak beteko ditu, bereziki ingurunera egokitzeari dagokionez. Begi inpaktua murrizteko, ukitutako lurrek tratamendu egokia izanen dute, eta bermatuko da landare-pantailak paratuko direla eta egin beharreko lur-erauzketa eta ezpondetan tratamendu egokia gauzatuko dela.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera (testu bategin hori ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eraikuntzek eta itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onartua), gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egiteko edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. LAHFLTBren 119. artikuluarekin bat eginez, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua leheneratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Zugarramurdiko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2101088