30. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planari dagokionez, erreserban dauden inbertsioen zerrenda eguneratuak eta planarekin lotutako aurrekontu partidetan gerta daitezkeen soberakinak banatzeko irizpideak.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea aldatu eta haren indarraldia luzatzen duen urtarrilaren 23ko 2/2020 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoarekin bat, haren indarraldia luzatzen denez, baimena ematen da, plan berri bat onetsi arte, indarreko Toki Inbertsioen Planeko inbertsio finantzagarri guztiei dagozkien gastu konpromisoak baimendu eta egozteko, bai eta ordaintzeko betebeharrak egiteko ere.

Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 4.1 artikuluak ezartzen duenez, Toki Inbertsioen Planeko atal bakoitzerako onesten diren funtsen banaketa eginen da, hasiera batean, I. eranskinean jasotzen diren mugen eta jarduketa moten arabera, eta, foru lege honen 10. eta 15. artikuluetan aipatzen diren ebazpenak eman ondoren, zuzkidurak berriz atxikiko zaizkie Inbertsioen Programen eta Toki Programazioaren ataletako kontzeptuei.

4.4 artikuluak dioenez, berriz, konprometitu gabeko diru kopuruen bidez eta 28. artikuluan xedatutakoarekin bat askatutakoen bidez finantzatuko dira, aurrekontuko mugak gainditu gabe, Inbertsioen Programetan aurreikusitako kostuen balizko gehikuntzak eta Toki Programazioaren %10 arteko gehikuntzak, artikulu horren 2. apartatuan biltzen direnak. Behin erreserba horiek aski izanda behin-behinekoz sartutako eta gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzearen zain dauden inbertsioen gehikuntzak bermatu ahal izateko, beste jarduketa batzuei ekinen zaie, erreserbako inbertsioen lehentasun-ordenaren arabera, zeina Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ezarriko baita.

Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 28. artikuluak ezartzen duenez, ekarpena gutxitzeko aldatuko da adjudikazioko egiazko zenbatekoa lizitaziokoa baino txikiagoa denean, obra diruz lagungarria egiteko egiazko kostua gehieneko diru-ekarpena ezartzean aurreikusi zena baino txikiagoa denean eta, halaber, foru lege horren 22., 24. eta 27.2 artikuluetan aurreikusitako kasuetan. Horrela askatzen diren diru-kopuruak beste inbertsio batzuk finantzatzeko erabiliko dira, aplikatzekoak diren aurrekontuko mugak gainditu gabe eta inbertsio mota bakoitzerako ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz.

18/2016 Foru Legearen 10. eta 15. artikuluetan xedatzen da Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dela atal bakoitzean erreserban dauden inbertsio eskaeren behin betiko zerrenda.

Era berean, urriaren 10eko 19/2018 Foru Legearen bidez onetsi zen Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana; II. eranskin osoan jasota daude 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren barrenean onetsita eta erreserban dauden Toki Programazioko inbertsioen zerrendak.

Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko plana amaituta, erreserban dauden inbertsioen zerrendak eguneratu dira, inbertsio finantzarioki jasangarriei, II. eranskinean daudenei, aplikatu beharreko araubide juridikoa arautzen duen 19/2018 Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriarekin bat.

Abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean eta lege hori aldatu eta haren indarraldia luzatzen duen urtarrilaren 23ko 2/2020 Foru Legean xedatutakoarekin bat, partidetan kreditu erabilgarririk baldin badago, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak onesten ahalko ditu zerrenda berriak, Toki Inbertsioen Planean sartzeko moduko inbertsioak jasotzeko, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko Foru Legearen 10. eta 15. artikuluetan araututako prozedurei jarraikiz eta erreserba zerrenda eguneratuetako lehentasun ordenarekin bat.

Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamen txostenean jaso dira 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planarekin lotutako partidetan egon daitezkeen soberakinak banatzeko irizpideak.

Libreki erabakitzekoak direnen partidako soberakinak erreserban utziko dira, hasiera batean behintzat, larrialdien ondorioz sartzen diren inbertsioei eta haien inbertsio osagarriei erantzuteko, bai eta salbuespeneko araubidean finantzaketa behar duten inbertsioetarako ere, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 4.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Toki Programazioaren eta Inbertsioen Programen ataletako partidetan soberakinak sortzen badira, erreserbako zerrendan dauden inbertsio guztiak sartu ondoren ere, soberakin horiek beste partida batzuei atxikiko zaizkie, honela:

a) Inbertsioen Programetako partidetatik datozen soberakinak erabiliko dira Inbertsioen Programetako erreserbako zerrendako inbertsioak sartzeko, eta 18/2016 Foru Legearen I. eranskinean ezarritako zenbatekoaren proportzioan banatuko dira erreserbako zerrendan inbertsioak dituzten eta diru erabilgarri nahikorik ez duten partiden artean.

b) Inbertsio Programetako erreserbako zerrendako lan guztiak sartu ondoren, soberakinik balego, Toki Programazioko inbertsioetan erabiliko da.

c) Toki Programazioko partidetatik datozen soberakinak erabiliko dira Toki Programazioko erreserbako zerrendako inbertsioak sartzeko, eta 18/2016 Foru Legearen I. eranskinean ezarritako zenbatekoaren proportzioan banatuko dira erreserbako zerrendan inbertsioak dituzten eta diru erabilgarri nahikorik ez duten partiden artean.

d) Toki Programazioko erreserbako zerrendako lan guztiak sartu ondoren, soberakinik balego, Inbertsio Programetako inbertsioetan erabiliko da.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Erreserban dauden inbertsioen zerrenda eguneratuak onestea, jarduketa motaren arabera; eranskinean daude.

2. 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planarekin lotutako aurrekontuko partidetan gerta daitezkeen soberakinak banatzeko irizpideak onestea, azalpen zatian adierazitakoarekin bat.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 14ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 20an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

Erreserban dauden inbertsioen zerrenda eguneratuak, inbertsio motaren arabera (Excel).

Iragarkiaren kodea: F2100868