293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

116/2021 FORU DEKRETUA, abenduaren 22koa, 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Bertan, ekainaren 27ko 3/2017 Legean ezarritako egonkortze-tasari zegokion lan publikoaren eskaintzan bete gabe gelditu ziren lanpostuak sartu dira.

Uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuaren bidez (2018ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 7koan), 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, hain zuzen, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak jakinarazi du ezen, hautapen probak bukaturik, lanpostu batzuk bete gabe gelditu direla eta berriz eskaintzen ahal direla 2021. urtean. Horregatik, Nafarroako Gobernuari proposatu dio lan publikoaren eskaintza partzial bat onets dezan, non sartuko baitira ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintzan bete gabe gelditu diren lanpostu batzuk, Administrazio Erroaren eremuari dagozkionak.

Lanpostu horiek hutsik ageri dira plantilla organikoan, eta aurrekontuetan bada horiek betetzeko adinako zuzkidura.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren hogeita bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Lan publikoaren eskaintza partziala onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako.

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lan publikoaren eskaintza partzial bat onesten da 2021. urterako, non sartu baitira Administrazio Erroaren eremuko lanpostu batzuk, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.Bat artikuluaren 6. apartatuan aurreikusitako egonkortze-tasari dagozkionak, bete gabe gelditu baitira.

1.2. Hauek dira lanpostuen xehetasunak:

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUA

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua

–Prestakuntza eta enpleguko erdi mailako tituludunak: bi lanpostu huts gehienez, funtzionarioen araubidekoak, B mailakoak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 3506/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako sarrera-deialdian, zeina gaur egun tramitatzen ari baita, bete gabe gelditzen direnetatik, betiere lanpostu horiek uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuan sartu baldin baziren. Izan ere, foru dekretu horren bidez onetsi zen 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona.

OSASUN DEPARTAMENTUA

Osasun Zuzendaritza Nagusia

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:

–Erdi mailako unibertsitate-tituludunak (laneko arriskuen prebentzioa): bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, B mailakoak, plantilla organikoan 71161 eta 71462 zenbakiak dituztenak.

2. artikulua. Lanpostuen betebeharrak.

Foru dekretu honen bidez onesten den lan publikoaren eskaintzan sartzen diren lanpostuak eskainiko dira kasuan kasuko sarrerako deialdia onesten den egunean plantilla organikoan agertzen diren betebeharrekin.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2117984