293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Jendaurreko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da Funesko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan egindako aldaketaren behin betiko onespena. Hori hasiera batez onetsi zuen Udalak, 2021eko irailaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Iragarkia 2021eko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 26an.

Ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, honako errekurtso hauek aurkez daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Funesen, 2021eko abenduaren 14an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

ALDAKETA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

(TESTU BATEGINA)

(15 zenbakiko ordenantza)

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Funesko udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Funesko Udalaren ahalmenak.

Funesko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, antolatu eta aprobetxatzeko era arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Funesko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Funesko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Funesko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Zainketa eta defentsa.

Funesko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Berreskurapena.

Funesko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Lursailen hedadura soberakina.

Funesko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen inmatrikulazioa edo haien erregistratutako hedadura handitzea dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Transakzioak.

Funesko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Ondasunen gaineko eskubideen iraungipena.

Funesko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Interpretazioa.

Funesko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Herritarren ekimena eta ondasunen berreskuratzea.

Funesko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamendurako arau orokorrak.

Herri-lurretako loteen onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motetan, baldin Funesko Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

Adjudikaziodunen artean herri-lurretako lotea aldatzeko aukera egonen da, aldez aurretik Udalari eskatuta, bi adjudikaziodunek sinatuta, eta laborantza-txandakatze kasuetan bakarrik, gehienez ere urtebeteko iraupenarekin (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra), lurraren produktibitatean oinarrituta, eta bat etorriz herrian dauden nekazaritzako ohiko jardunbideekin. Laborantza-aldaketak ez du berekin ekarriko, inola ere ez, Udalak adjudikaziodunei horretarako eman dien urteko epea baino gehiagoko lagapena edo/eta ezkutuzko errentamendua.

Zuzenean herriko bidetik sartzen ez denean herri-lurretan, adjudikaziodunek, beren interesak galarazi gabe, bide zorra onartu beharko dute mugakide diren lur horietara iritsi ahal izateko.

15. artikulua. Onuradunen baldintza orokorrak.

1.–Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

2. Funesko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urteko antzinatasunez.

3. Funesen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

4. Funesko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

2.–Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Adjudikazioek irauten duten bitartean, familia unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean adjudikatzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu esku-aldaketa.

4.–Errealitatearekin bat ez datozen erroldatzeak asmo gaiztoz faltsutzea eta iruzurrez erabiltzea eta lege-iruzurra saihesteko eta erroldako datuak benetakoak izan daitezen, Udalak ezkontza banantzeen kasuetan, epai judizial irmoaren ondoriozkoak hartuko ditu soilik familia unitate independentetzat, eta epai hori eskatzen ahalko du iruzurrezko erroldatzea ez dela frogatzeko agiri gisa. Horretaz gainera, erroldatze faltsurik dela susmatuz gero, dagokion alde biko espedientea instruitzen ahalko da, interesdunak esan beharrekoa entzunda, haren helbidearen egiazkotasuna frogatzeko. Behin espediente hori ebatzita, emaitza zein den, herri-lurretako lurzatien eskaera ezesten ahalko da, edo, jadanik adjudikatu badira, onuradunari lurzati horiek kentzen ahalko zaizkio; edonola ere, erroldako helbidearen aldaketa tramitatu beharko da, ofizioz, benetan zein helbidetan bizi den jasota gera dadin.

5.–Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak Funesko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Funesko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Funesko Udalak zuzenean ustiatzea.

Adjudikatutako lurrak lurzati berrantolamenduko prozesu batean sartzen badira, iraungi eginen da horien adjudikazio epea, eta indarrik gabe geldituko dira dauden adjudikazioak, adjudikaziodunak kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe; gainera, ordenantza berrien bitartez, Nekazaritzako Azpiegiturak arautzen dituen martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan bildutako adjudikazio irizpideak aplikatuko dira.

Kontuan izanik lehentasunezko aprobetxamenduek ez dutela beste batzuetan gainditu Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 147.2 artikuluan modalitate honetarako ezarritako gutxienekoa (lurren % 50a), eta kontuan harturik, orobat, gaur egun ez dela arrazoi objektiborik ezagutzen herrian aldaketa sozialik frogatzeko laborantzako lurretan gutxienez eskatzen den % 50a erabiliko da, hasiera batean, lehentasunezko aprobetxamendu gisa kalifikatutako banaketa modalitaterako; hala, hasierako guztizkotik 400 hektareako azalera ukitua eta lotua ateratzen da xede horretarako.

Herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, gainerako lurzatiak lur soberakintzat hartuko dira, eta herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduetarako erabiliko dira, kontuan hartuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 154. artikuluan ezarritakoaren arabera, Udalak onuradun berrientzat gorde beharko dituela hasierako azalera guztizkotik % 5a gainditzen ez duten herri-lurretako loteak.

Gordetako labore-lurrak landu gabe gera ez daitezen, Udalak, horien kokapena eta ateratzen den lurzati kopurua zehaztutakoan, lur horiek adjudikatuko ditu, behin-behinekoz eta urtero berrikusteko aukera izanda, egoki deritzon eran; halere, adjudikazioa indargabetzen ahalko da, baldin eta aprobetxamendurako lehentasunezko eskubidea duen onuradunik bada.

Adjudikazio prozedura independentea izanen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute herritarren arteko beste aprobetxamendu batzuetara jo ez duten herritarrek edo, horietara jo arren, eskari gehiegi izateagatik lurzatirik lortu ez dutenek.

Artikulu honek arautzen duen kasuan, adjudikaziodunak beharturik egonen dira loteak uztera, baldin eta Udalak horiek behar baditu errenta maila txikiagoko onuradun berriei adjudikatzeko, edo nekazaritzako ustiategi txikiagoak dituztenei, onuradun berriak nekazariak badira.

Funesko Udalak, laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduaren adjudikazio prozesua egiteko, aipatu modalitateak aplikatuko ditu, 16. artikuluko a), b) eta c) letretan adierazitako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

17. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarreren maila kalkulatzeko, kide guztiek edozein bidetatik lortzen dituzten diru-sarreren multzoa zatituko da familia unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz, eskatzailea barne.

Lanbide arteko gutxieneko soldata, hilekoa, kalkulatzeko, urteko bi aparteko pagaren zati proportzionala sartuko da.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergagarria, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik tokiko zerga oinarria, eta gisako izaera duen beste edozein.

Adjudikaziodunek artikulu honetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte adjudikazioak dirauen bitartean, eta Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren, horretarako egoki iruditzen zaizkion egiaztagiriak berriro eskatuta.

18. artikulua. Lotearen azalera eta epea.

1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:

–1. lote mota: ureztalurra: 2 ha inguru, La Plana parajean.

–2. lote mota: lehorreko alorra: 10 ha, La Castellana parajean.

Erabileraren edo aprobetxamenduaren epea 8 urtekoa izanen da.

Lotearen onuradunak lehentasunezko aprobetxamendu modalitate honetarako eskatzen diren baldintzak betetzeari uzten badio, Udalak lote hori beste onuradun bati adjudikatzen ahalko dio; halakoetan, azken horrek aurrekoari ordaindu beharko dio, konpentsazio gisa, Udalari egokia iruditzen zaion kopurua, betiere emankor jarraitzen duen landarearen edo egindako hobekuntzen araberakoa.

2. Zehazteko zer lote emanen zaizkien 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, 2 lote.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

19. artikulua. Faktoreak beheratzea.

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Funesko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

20. artikulua. Laborantzaren intentsitatea.

Laborantzaren gehieneko intentsitatea % 80an ezarri da. Kopuru hori aldatzen ahalko da, Udalak osoko bilkuran hala erabakiz gero. Erabaki hori hartuko da laborantzaren gehieneko intentsitate berria finkatzen den urtearen aurreko urteko irailaren 1a baino lehen.

21. artikulua. Kanona.

Aprobetxamendu modu horren bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

1. Lehorreko lotea: 1,50 euro erreguko eta urteko.

2. Ureztalurreko lotea: 15,00 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearekin bat. Dena den, kanonak Funesko Udalak herri-lurren kontserbazioagatik eta bertan egindako hobekuntza lanengatik hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

Kanon horri honako hauek gehitu beharko dizkiote onuradunek: loteko urari eta ureztaketaren amortizazioari dagokion zatia, aspertsiorako elektrizitate gastuak, Ureztatzaileen Elkarteak urterako finkatzen dituen gastu orokorrak, bai eta loteak sortzen dituen bestelako gastuak ere.

Nolanahi ere, kanonak Funesko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.

23. artikulua.

Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Funesko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatua aplikatuko da.

Adjudikaziodunak berak egin beharko ditu bere lurzatiko nekazaritza lan guztiak, onartutako salbuespenak salbu (uzta-makinak, ereiteko makinak, produktu fitosanitarioetarako makinak, etab.); halakoetan, haiek alokatzeko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu, bere izenean daudenak betiere. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurzatiak; hau da, zuzenean landu behar dituzte, zenbait erregistrotan daudelako, nekazaritzako ustiategiaren, horren kudeaketaren eta abarren arduradun diren aldetik, eta, pertsonalki, beraiek lantzen dituztelako lurrak, beraiek egiten dituztelako lan fisikoak, administratiboez gainera, eta sekula ez familia unitateko kide (etxebizitza berean bizi direnak) ez direnen bitartez. Horrexegatik bada bete behar dituzte lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzeko baldintzak.

24. artikulua. Adjudikaziodun izateari uztea.

a) Ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, haiek adjudikatzean edo erabilera epean, Funesko Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez, hau da, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez, edo bestela, enkante publiko bidez edo Udalaren zuzeneko ustiapenaren bidez. Udalak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondoren.

Funesko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Interesdunak artikulu honetan ezarritakoa aplikatzeko eskatu beharko du, eta agiri bidez frogatuko, Udalak eskatzen dituen agirien bidez, zergatik ezin duen, ez berak ez bere familia unitateko beste kideren batek ere (aprobetxamenduen onuradun diren aldetik) lurrak zuzenean eta pertsonalki landu. Alegatutako zergatikoa Udaleko Osoko Bilkurak onetsi beharko du, edo ezetsi, hala badagokio, Nekazaritza eta Herri-lurren Batzordeak aurretiko txostena eman ondotik.

Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartzen ahalko zaio. Dena dela, ezin izanen da herri-lurretako lurzati baten onuradun izan, ez lehorrekoa ez ureztalurrekoa, beste adjudikazio aldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.

b) Epea baino lehenagoko bajak.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, adjudikaziodun izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ezin izanen dira herri-lurretako lurzatien onuradunak izan, ez lehorreko lurrenak ez ureztalurrekoenak, egokitu zitzaien adjudikazio aldi osoa bete arte.

c) Behartutako bajak.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte. Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte toki ogasunean. Lurra kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emanen zaio.

Halaber, adjudikaziodun izateari utziko diote (azkentzea) onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.

25. artikulua. Zuzenean eta pertsonalki lantzearen egiaztapenak.

Funesko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

Egiaztapen hori egiteko trabak jarri edo eskatzen zaion dokumentazioa aurkezteari arrazoirik gabe uko eginez gero, herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkio, Udalak aurretik espedientea irekita eta interesdunari entzunaldia emanda; herri-lurrak kenduz gero, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko ditu.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makineria edukita ere, ez dituenean haiek erabiltzen ez adjudikatu zaizkion herri-lurretako lurrak ez haren familia-unitateko kideen laborantzako lurrak lantzeko.

b) Udal zerbitzuen edo Herri-lurren Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituenean, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean aurkezten ez badira: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

d) Familia unitatean laborantzako lurrak edukita ere, horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean, edo errentamenduan dituztenean, edo apartzerian, etab.

e) Beren kasa egiten ez dituztenean beren herri-lurretako lurzatietan eta familia unitatearen laborantzako lurretan egin beharreko laborantzako lan guztiak, 23. artikuluan xedatua salbu.

f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

g) Adjudikatutako lurzatiaren % 80, gutxienez, lantzen ez denean.

h) Lurzatiak bere familia unitatez kanpoko pertsona baten NPEren aitorpenean aitortuta dituzten adjudikaziodunak direnean. Hori egiaztatzeko asmoz, adjudikaziodun guztiek aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, NPEren aitorpenaren kopia bat, edo aitorpen hori egin ez izanaren idazki bat.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

26. artikulua.

Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean berek lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua.

Honako azalera hau ezarri da lotearentzako, aprobetxamendu modalitate honetan:

Ureztalur berria (El Raso eta Las Suertes) eta ureztalur tradizionala:

1.–Lote mota:

A) 5 hektarea inguru, El Raso edo Las Suertes parajeetan, edo

B) 5 hektarea inguru, tradiziozko ureztalurretan.

El Raso eta Las Suertes parajeetan lurzatiak dituzten onuradunek urtean 42 euro ordaindu beharko dute erregu bakoitzeko. Kanon horri gehitu beharko zaizkio bai urari dagokion zatia bai dagokion Ureztatzaileen Elkarteak igorritako gastuak.

Ureztalur tradizionaleko loteen kanona 42 euro/erregu/urtea izanen da, eta horri gehitu beharko zaizkio bai urari dagokion zatia bai dagokion Ureztatzaileen Elkarteak igorritako gastuak.

2.–Lote mota:

5 ha inguru, El Raso eta Las Suertes parajeetan, eta 4 lurzati La Plana parajean (10 ha inguru).

Lote mota honen gutxi gorabeherako guztizkoa: 15 ha.

La Plana parajekoaren kanona 30 euro/erregu/urtea izanen da. Kanon horri gehitu beharko zaizkio bai urari dagokion zatia bai dagokion Ureztatzaileen Elkarteak igorritako gastuak.

5 hektareako lotearen kanona, bai Las Suertes eta El Raso parajeetan, bai tradiziozko ureztalurretan, 42 euro/erregu/urtea izanen da.

Lehorreko lurra: La Castellana parajean.

3.–Lote mota:

20 hektarea inguru (Castellana).

Lehorreko lurzatiaren onuradunak ordaindu beharreko kanona 4 euro/erregu/urtea izanen da.

4.–Ondorengo loteak (nekazari gazteek eskatu ezin dituztenak):

1. Las Suertes parajean bigarren lote bat eskuratu ahal izateko (5 hektarea inguru), puntu baremo bat erabiliko da:

a) Familiaren egoerarengatik.

Familia-unitate bakoitzari ondoko irizpide hauetako bakar bat aplikatuko zaio, behin bakarrik, eta betiere puntuei begira mesedegarriena dena.

1. Familia-unitateko titular edo kide bakoitzeko, baldin eta Gizarte Segurantzan alta emanda badago nekazaritzako jarduera duen langile autonomo gisa eta ustiategia inskribatua badu Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan:

14 puntu

2. Aurreko baldintzak bete ez baina nekazaritzako ustiategi baten titularra den familia-unitateko titular edo kide bakoitzeko, nekazaritzako diru-sarrerak aitortzen baditu eta lurra zuzenean lantzen badu:

6 puntu

b) Familia unitatea osatzeagatik.

Aurreko atalean aplikatzen den irizpidearen arabera aplikatuko da, aurreko horretan puntuak lortu dituzten kideei aplikatu ere.

Familia unitateko titularraren ezkontideagatik, diru-sarrerarik ez badu:

2 puntu

Diru-sarrerarik ez duen familia unitateko gainerako kide bakoitzeko:

1 puntu

c) Familia unitateko ustiategiaren tamainagatik.

Familia-unitateko ustiategiak lurrik ez badu jabetzan:

4 puntu

Ustiategiak ureztalurrak jabetzan baditu, tarte hauetan:

–Ureztalurretako 0-50 erregu bitarte

3 puntu

–Ureztalurretako 50-100 erregu bitarte

2 puntu

–Ureztalurretako 100-400 erregu bitarte

1 puntu

–Ureztalurretako 400 erregutik gora

0 puntu

2. Hurrengo loteen adjudikazioan lehentasuna izanen dute merezimenduen baremoan guztira puntu gehien lortzen dituzten pertsonek, adjudikazioa egiteko unean aukeran dauden lur eskuragarrien arabera.

5.–Nekazari gazteentzako loteak:

Nekazari gazteak bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular izan daitezen eta beren lehendabiziko instalaziorako indarreko legerian ezartzen diren onurak lortzeko beharrezko Nekazaritzako lan unitatean (NLU) sar daitezen, betiere lurzatiak lehentasunezko aprobetxamenduen eta zuzeneko adjudikazioen onuradunen artean banatu ondotik, herri-lurretako lurzatirik geratzen bada, lurzati horiek beren gurasoekin bizi diren nekazari gazteei adjudikatzen ahalko zaizkie. Gurasoekin nekazari gazte bat baino gehiago bizi badira eta guztientzako soberako loterik ez badago, lehenik, lote bat emanen da nekazari gazte eta familia unitate bakoitzeko eta, kasua bada, bigarren loterako, familia unitate berean nekazari gazte bat baino gehiago badago eta guztientzako loterik ez, nekazaritzako ustiategi txikiena duten gurasoekin bizi denak izanen du lehentasuna.

Nekazari gazte guztiek 5 ha-ko lote bat eskatzen ahal dute Las Suertes parajean, eta lau lote La Plana parajean, edo bestela 5 ha bakarrik Las Suertesen, baldin eta, oro har, betekizun hauek betetzen badituzte:

–Ogibide nagusia nekazaritza izatea, edo erantzukizunpeko adierazpen bat egitea, adierazten duena nekazari gisa inskribatuko dela urtebeteko epean gehienez, apartatu honetan aipatzen den lotea eskatzen denetik.

–Alta emanik egotea Gizarte Segurantzan.

–Funesen bizitzea benetan; Funesko Udalak egiaztatuko du baldintza hori.

Dena dela, kontuan hartu beharko da herri-lurretako loteak gorde beharko direla onuradun berrientzako (loteen azalera hasierakoaren % 5 izanen da gehienez).

28. artikulua.

Lote mota guztien erabilera epea 8 urtekoa izanen da.

Luzaroko laboreen kasuan, hala nola mahastiak, zainzuriak, fruta-arbolak, almendrondoak, baratzeak eta labore ekologikoak adjudikatutako herri-lotean, lotearen adjudikazioa luzatzen ahalko da, adjudikaziodunak adjudikazioaren lehen hiru urteetako epean eskaera egiten badu. Adjudikazioaren luzapen hori hiru aldiz gertatzen ahal da, gehienez (24 urte).

Baldin eta adjudikazioaren luzapenaren epean adjudikaziodunak uzten badio mahastiak, zainzuriak, fruta-arbolak, labore ekologikoak edo antzekoak lantzeari, adjudikaziodunak galduko du adjudikatu zaion lotea adjudikazioaren 8. edo 16. urtean. Ezarritako epea amaitzean, lotean edo lurzatian geratzen den landare bizian egiten den edozein hobekuntza lurzatian geldituko da, Funesko Udalak hala erabakitzen badu; bestela, adjudikaziodunak utzi beharko du herri-lurzatia lehen zegoen bezala, landarerik gabe, eta ez du eskubiderik edukiko kalte-ordainik jasotzeko.

29. artikulua.

Aprobetxamendu mota honetako herri-lurretako lurzatien onuradunek ezarri den kanona ordaindu beharko dute, lote bakoitzaren kategoriaren arabera.

Kopuru horiek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeetan oinarriturik.

30. artikulua.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honetan xedatua bete beharko da.

31. artikulua.

Udalak herri-lurretako azalera osoaren % 5 gainditzen ez duen lursaila gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko, zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez, eta indarrik gabe geratuko da lehentasuna duen onuradun berri bati adjudikatzen bazaio aprobetxamendua; horrela bada, adjudikazioaren baldintzetan adjudikazioa indargabetzeko inguruabar hori espresuki adierazi beharko da.

32. artikulua.

Adjudikaziodunek ordenantza honetan onuradun izateko eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte adjudikazioak dirauen bitartean, eta Udalak noiznahi ikuskatzen ahalko du betetzen ari ote diren.

3. ATALA

Baratzeak

33. artikulua. Azalera, onuradunak, epea, baimendutako instalazioak, arau-hausteak, zehapenak, kanona.

Funesko Udalak gehienez ere 2 erreguko baratzeak uzten ahalko dizkie halaxe nahi duten familia unitateetako titularrei. Baratze bakarra adjudikatuko da familia unitate bakoitzeko.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak izanen dira herri-lurretan familientzako diren baratzeen onuradunak. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

2. Familientzako baratzeak zuzenean eta pertsonalki landuko dira, eta ezin izanen dira inola ere ez errentan eman ez laga; izan ere, hala eginez gero, haiek erabiltzeko eskubidea galduko dute, adjudikazio aldia bukatu artean. Laborantza zuzen eta pertsonala da adjudikaziodunak edo haren familia unitateko kideek zuzenean eta pertsonalki egiten dutena. Gerora ezintasun fisikoren bat sortzen bada edo lurra pertsonalki lantzea eragozten duen aldi bateko beste arrazoiren bat bada, Udalari jakinaraziko zaio, irtenbiderik egokiena har dezan.

3. Baratzearen onuradun izateko eskatzen diren baldintzak galtzeak edo haietakoren bat ez betetzeak familiako baratzea erabiltzeko eskubidea galtzea ekarriko du berarekin. Adjudikazioa 8 urterako ezartzen da, 28. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe.

4. Adjudikazio aldian titular onuraduna hiltzen bada, familia unitateko edozein kidek eskatzen ahalko du baratzea, eta Udalak aztertuko du eskualdatzea egiteko baldintzak betetzen ote diren, adjudikazioaren 8 urteak betetzeko geratzen den aldirako, 28. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe.

Mota guztietako barazkiak edo antzekoak ekoizteko baizik ez dira erabiliko lurzati horiek. Debeku dira bizilagunei eragozpenak sor diezazkieketen jarduera guztiak, baita baratzezaintzakoak ez diren erabilera guztiak ere.

5. Berotegiak instalatzen ahalko dira, nahitaez egitura desmuntagarria izanen dutenak, eta hirigintzari buruzko indarreko araudiak horretarako bide ematen badu, eta Udalak zehaztutako ezaugarri eta materialekin egin badira; horretaz gainera, aintzat hartu behar da ezin izanen dela sekula hobekuntzarik egin eta, hortaz, haiek kendu beharko direla adjudikazio aldia bukatzean. Halaber, etxola desmuntagarriak instalatzen ahalko dira, Udalak adierazitako gehieneko azalera izanen dutenak eta Udalak zehaztutako eredu ofizialaren araberakoak izanen direnak, eta soilik erabiliko dira baratzeak zaintzeko erremintak eta lan horretan laguntzeko gainerako lanabesak gordetzeko.

Baratzea mugatu nahi bada, altuerako itxitura bat paratzen ahalko da, Udalak adierazitako materialekin egindakoa (zutoinak zurezkoak izanen dira eta iltzatuta egonen dira, eta itxitura hesizkoa izanen da); erabat baztertzen da hondakin-materialak erabiltzea.

6. Ezin izanen da zaborrik, txatarrarik edo beste material organiko nahiz inorganikorik pilatu lurzatiaren barnean edo hara sartzeko bidean (simaurra baino ezin izanen da pilatu, eta soilik lurzatiaren barrenean, eta norberaren baratzea ongarritzeko baino ez bada).

7. Ez da baimenik izanen inolako aziendarik eduki edo ustiatzeko, familiaren kontsumorako izanda ere. Era berean, debekatuta dago lurzatietan etxeko animaliak modu iraunkorrean edukitzea, salbu eta baratzea zaintzeko zakurrak badira, eta, betiere, 2 gehienez.

8. Baratzeetarako sarbideak Udalak erabakitzen dituen tokietan eginen dira. Nolanahi ere, bide edo sarbideen neurria ezin daiteke aldatu.

9. Behar bezalako baldintzetan eduki beharko dira erretenak eta ureztaketa bideak, eta beharrezko garbiketa lanak egin beharko dira, premia denean.

Debeku da zulaketak edo putzuak egitea lurpeko ura atera eta ureztatzeko.

10. Baratzea urtebetez erabiltzen ez bada, hura erabiltzeko eskubidea galduko da, eta lurzati hori Udalaren esku geldituko da, berriz ere adjudikatzeko, hala dagokionean zehaztutako irizpideei jarraikiz.

11. Adjudikazioak dirauen bitartean, Udalak beretzat gordetzen du ikuskatzeak egiteko eskubidea, baratzeak behar bezala erabiltzen ote diren egiaztatzeko. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak baratzea kentzea ekarriko du berekin.

Baratze baino eskaera gehiago izanez gero, eta Udalak ezin baditu herri-lurrak prestatu eskaera guztiei erantzuteko, lehentasuna izanen dute erretiratuek eta luzaroko langabeek, eta, hala ere, baratze nahikorik ez badago, Udalak eskatzaileen zerrendatik kenduko ditu familia unitate osoa batuta errentarik altuenak dituzten familia unitateak.

12. Banaketa gainerako herri-lurretako lurzatiak banatzen direnean eginen da, eta ordenantza honetan ezarritako prozedura berari jarraikiz.

13. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduaren kanona Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua nabarmen gaizki eta ez osorik egitea.

d) Baratzea zertarako adjudikatu den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Adjudikaziorik gabeko baratzeak lantzea, luberritu gabe egonik ere.

f) Baratzeak trukatzea Udalaren baimenik gabe.

g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

14. Aipatu diren arau-hausteak zehatuko dira baratzea erabiltzeko eskubidea galduz adjudikazio epeari geratzen zaion denborarako.

15. Kanona 80 eurokoa izanen da baratzeko eta urteko, kahiza eskubideak barne. Kanon hori urtero eguneratuko da gehienez ere KPIarekin, positiboa bada; hala ez bada, urteko 80 euroko kanonari eutsiko zaio.

Baratzeak sor ditzakeen gainerako gastuak adjudikaziodunaren kontura izanen dira.

4. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publiko arrunta

34. artikulua.

Funesko Udalak, lehen, bigarren eta hirugarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurrik soberan baldin bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko du, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

Enkantean adjudikatutako lurzatiak lurzoruen kategorien araberako laboreetarako erabiliko dira.

Enkantean, Funesko Udalak adjudikaziodunari abala eskatzen ahalko dio, hau da, enkantean lurzatirako lortutako prezioaren erdia hartzen duen abala; ordaintzen ez badu, lurzatia desjabetuko da, aipatutako lurzatia adjudikatzeko epearen erdia igaro ondoren, baldin eta adjudikaziodunak aipatutako abala adjudikazioaren hasieran aurkeztu badu; adjudikaziodun ateraz gero, eta abal hori aurkezten ez badu, adjudikazioaren hasierako egunetik aurrera 5 egun naturaleko epean, adjudikazioa jakinarazi denetik, lurzatia desjabetuko zaio adjudikazioaren hasieran.

5. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua.

Funesko Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

36. artikulua.

Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiriak, honako hauen gainean:

a) Herriko bizilaguna izatea, gutxienez ere azkeneko sei urteetan, eta urtean egiazki eta jarraian bederatzi hilabete egitea, gutxienez.

b) Funesko Udalarekin zerga arloko beharkizunak betetzea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Udal-mugarte honetan familia unitateko kide bakoitzak jabetzan duen erregu kopurua, espresuki adieraziz lehorrekoak edo ureztatzekoak diren.

e) Familia unitateko kide bakoitzak udal-mugarte honetan errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren espresuki adieraziz.

f) Aitzineko ekitaldi ekonomikoari dagokion errenta aitorpena edo familia unitateko kide bakoitzak nekazaritzatik, industriatik edo zerbitzuetatik lortzen dituen diru-sarrerak egiaztatzeko edozein agiri, baita Gizarte Segurantzako pentsiodunenak edo beste errentak ere.

g) Familia-unitateko kide bakoitzak udal-mugarte honetan dituen ondasun higiezinen zergapeko kapitalak, salbu eta norberaren etxebizitzari dagokiona.

h) Ordenantza honen I. eranskinean ezarritako lehentasun-ordena aplikatu ahal izateko, Nafarroako Ubideko Arga 5-XXII sektoreak barnean hartzen dituen lurzatiei dagokienez, eskatzaileek dokumentu bidez justifikatu beharko dute, aipatu eranskinean eskatzen direnez gainera, nekazaritzako ustiategia nekazari gazte batek zuzentzen duela, edo bigarrena dela eta ustiategiko titularra ATP bat dela (nekazaritza ogibide nagusia duen pertsona).

Zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Funesko Udalak beretzat gordetzen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko ahalmena, egiaztatze aldera errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak.

37. artikulua.

Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua.

Modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da zazpi egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

39. artikulua.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta adjudikatze modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko du. Behin betiko adjudikazioaren erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.

40. artikulua.

Adjudikazioa zozketa bidez eginen da, lehentasunezko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarrendako zuzeneko adjudikazioetarako, era honetan:

1. Modalitate batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendak zenbakituko dira.

2. Herri-lurretako lurzatiak zenbakituko dira, bai lehorreko lurrekoak bai ureztalurrekoak.

3. Ondoren, eta betiko moduan, poltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena; horrela, behin eta berriro.

Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki-taulan argitara emanen da adjudikaziodun berrien zerrenda eta zein lurzati duten herri-lurretan.

41. artikulua.

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina herri-lurretako lurzati zuzeneko adjudikazioaren bidezko eskatzaile guztientzat, ordenantza honetan zehaztutakoari jarraituko zaio (lehenik nekazariak eta, ondoren, nekazari ez direnak).

Herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako eskaera baino herri-lurzati gehiago dagoenean, soberako lurzatiak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua.

Herri-larreen aprobetxamendua Funesko Udalak onetsitako ordenantzan xedatuaren arabera dago araututa, eta haren eduki osoa ordenantza honetan berresten da, salbu eta hemen xedatuari kontra egiten dion horretan.

IV. KAPITULUA

Bestelako aprobetxamenduak

43. artikulua.

Sutako egurraren aprobetxamenduari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 205. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

44. artikulua.

Herri-lurrak barnean hartzen dituzten ehiza-barrutien aprobetxamendua honako hauen bidez arautuko da: Udalak hartarako onesten dituen baldintzak; 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa; hura garatzeko Erregelamendua, ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsia, edo haren ordezko araudia eta arloari buruzko indarra duten gainerako xedapenak.

45. artikulua.

Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta haietan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Funesko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

46. artikulua.

1. Funesko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei pagatuko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

47. artikulua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki-erakundeak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatziko ditu.

48. artikulua.

Debeku da herri-lurrak luberritzea, haiek lantzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua.

Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

Alde batera utzita adjudikaziodunari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

50. artikulua.

Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Plastikoak, ontziak, bidoiak, poliespanezko erretiluak eta antzekoak ez kentzea edo biltzea adjudikatutako lurzatitik, sarbideetatik edota abelbideetatik.

b) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

c) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea, edo bide eta abelbideak lantzea.

g) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

h) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, abelbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

i) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez jartzea.

j) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Datuak faltsutzea adjudikazioa eskuratzeko.

b) Funesko Udalari adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketen berri ez ematea, asmo gaiztoz.

c) Adjudikatutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea.

d) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

e) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

f) Larratzeko arauak ez errespetatzea.

g) Adjudikatutako lurzatiaren % 80, gutxienez, ez lantzea.

h) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Zuzenean eta pertsonalki ez lantzea adjudikatutako lurzatiak.

b) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.

c) Ezarritako epeen barrenean ez ordaintzea kanona, zaintza, ureztaketa kostuak edo erregelamenduz ezartzen diren bestelako tasak.

d) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

e) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe egitea.

Aipatu arau-hauste oso larriei ezartzen zaien isunaz gainera, a) eta b) letretako kasuetan, herri-lurra kenduko zaio adjudikazio aldia bukatu bitarte, eta lurzatiak dauden-daudenean geratuko dira Udalaren esku, eta ez du ez kalte-ordainetarako ez erreklamazioetarako eskubiderik izanen.

b) letrako kasuan, horretaz gainera, herri-lurretako lurzatiak ere kenduko zaizkio (baldin baditu) beste adjudikaziodun baten lurzatia lantzen edo hura apartzerian edo azpierrentamenduan eramaten duenari.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako irizpideei eta aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

–Emakidaren amaiera:

Ez betetzea 15. artikuluan ezarritako baldintzak, honako hauetan oinarrituak:

a) Funesko Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea.

b) Funesen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

c) Funesko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea. Ez-betetze horiek guztiek berekin dakarte adjudikazioaren iraungitzea.

51. artikulua.

Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,00 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste astunak egiteagatik, 301,00 eurotik 600,00 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso astunak egiteagatik, 601,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isuna izanen da.

Edozein motatako arau-hasteetan (arinak, larriak eta oso larriak), zehazpenez gainera, arau-hausleak sortutako kalte-galerak ordaindu beharko ditu, zehazpenaz besteko betebehar gisa.

52. artikulua.

Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

53. artikulua.

Zehatzeko organo eskuduna alkatea izanen da, eta, zehapen ahalmenaren erabilera, arau hauen araberakoa: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta aplikatzekoa den araudia.

VI. TITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

54. artikulua.

Herri-lurretako lurzatien emakida berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero; izan ere, adjudikatu gabeko lurzatiak horietarako izanen dira. Lurzati gutxiago badago eskaera baino, lehenik, lehentasunezko aprobetxamenduen onuradunei emanen zaizkie; ondoren, lehentasuna izanen dute herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko onuradunek, eta ordenantza honetan ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiko zaio onuradun baino lote gutxiago denean.

55. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatzen dituen emakidak direla-eta, herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko urteroko zozketa urteko azken hiru hilabeteetan eginen da, Udaleko Osoko Bilkurak finkatuko duen egunean, eskaerak onetsi ondotik; hori zehazten duen ediktua Udalaren iragarki-taulan jarriko da ikusgai, ordenantza honen II. kapituluko laugarren atalean ezarritako prozedurari jarraikiz.

56. artikulua.

Herri-lurretako edozein lurzati adjudikatzean, hura landuta badago, adjudikaziodun berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikaziodunarena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

57. artikulua.

Egokitu zaion herri-lurretako lurzatia zuzenean eta pertsonalki lantzeari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

58. artikulua.

Ureztatzeko herri-lurretako lurzatien adjudikaziodunek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta/edo aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak udal-mugarteko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio.

Ureztatzaileek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, bateriak kendu eta desmuntatu beharko dituzte, baita lurzatietako hodiak hustu eta garbitu, eta programatzaileen estalkiak itxi ere.

59. artikulua.

Abeltzainak edo herri-lurretako lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak 10 egun baino lehen erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan. Artikulu hau ureztalur tradizionalerako da soilik, ez ureztalur berrietarako.

60. artikulua.

La Plana parajeko herri-lurren lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko proiektuko azpiegiturak oso zaharrak direnez, ureztalur horretan hobekuntza lanik egin behar bada lurzatiak adjudikatzeko aldian, bertan behera geratuko da aipatu adjudikazio aldia eta adjudikaziodunak ez du kalte-ordainetarako eskubiderik izanen, obrek dirauten bitartean. Ezin izanen da beste lurzatirik eskatu obrek dirauten bitartean, eta aldi horretan baizik ez da izanen kanonetik salbuesteko eskubidea.

Horretaz gainera, iraungi eta indarrik gabe geldituko dira dauden adjudikazioak, obrek adjudikazio aldia baino luzeago joz gero; halakoetan ere adjudikaziodunak edonolako kalte-ordainetarako eskubidea galduko du.

61. artikulua.

Adjudikazio aldiaren azken urtean, lurzatiak abenduaren 31rako libre beharko du egon.

Laborantza bakoitza bukatzean, plastiko-sistemaren bidezko landaketarik egin bada edo ureztatzeko hodiak edo bestelako instalazioak paratu badira (ureztapen-programagailua, aspertsoreak eta hoditeriaren 2. zatia), adjudikaziodunak lurzatiak behar bezala utzi beharko ditu, haien erabilera arruntarekin jarraitzeko; horretarako, plastikoak, hodiak, alanbreak eta erabilitako bestelako materialak hondakindegi baimendu batera eramanen ditu.

62. artikulua.

Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Alkatetzak baimen idatzia ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere elkarrekin itxi.

Ureztaketako herri-lurretan guztiz debekatuta dago hondar-herbizidak erabiltzea errentamenduaren azken bi urteetan.

63. artikulua.

Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean. Dena dela, adjudikaziodunen arteko trukeak egiten ahalko dira, laborantza mota urtebeterako aldatzen denean; halakoetan Udalari jakinaraziko zaio, eta lurzatiek hasiera bateko adjudikaziodunen izenean jarraitu.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza hau aldatzeko edo deus gehitzeko, ordenantza onesteko erabili den tramitazio bera erabiliko da.

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten edo haiekin bat ez datozen maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2117369