293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1197E/2021 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Fustiñanan barazki izoztuak fabrikatu, ontziratu eta biltegiratzeko jarduerari buruz. Sustatzailea Congelados Navarra SAU da.

2019ko apirilaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, eskaera igorri zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzura goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraz zezan, kontuan hartuta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. b) taldeko epigrafean sartzen direnetakoa dela.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2019ko ekainaren 6an kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin zitzaten. Ukitutako administrazioen eta tramite honetan kontsulta egin zaien interesdunen zerrenda, eta haiek emandako erantzunen laburpena, ingurumen inpaktuari buruzko txosten honen III. eranskinean jaso dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Aurrekariak:

Fustiñanako Udaleko alkatearen 2008ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez, jarduera sailkatuen lizentzia eman zitzaion Alimentos y Derivados de Navarra SA enpresak (enpresa desagertua, egun Congelados de Navarra SAU da) Fustiñanako Santos Justo eta Pastor industrialdean barazkiak manipulatu eta izozteko instalazioak jartzeko eginiko proposamenari.

Udal ebazpena eman aurretik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 25eko 156/2008 Ebazpenaren bidez, txostena egin zen Alimentos y Derivados de Navarra SAk Fustiñanako Industrialdean, 4. lurzatian, barazkiak manipulatu eta izozteko sustaturiko proiektuari buruz Ebazpen horretan adierazten da jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legediarekin bat egin beharko dela, espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Horiez gain, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Jarduera lurzoru urbanizaezinean abiarazten da. Fustiñanako udal plana onetsi zenetik (2015ean), bai instalazioak, bai inguruko lurrak lurzoru urbanizaezinean daude, Fustiñanako “Santos Justo y Pastor” industrialderako lurren barruan.

Jarduera gauzatu ahala, aldaketak egin dira eta handitu egin dira prozesuak, eraikinak, instalazioak eta ekoizpen lerroak, eta beraz, industriako azalera handitu da, eta, azkenik, industriako hondakin uren araztegi berri bat eraiki da.

Jarduera handitu eta jarduera-atalase berriak ezarri direnez, beharrezkoa da proposamenaren ingurumen baimen integratua lortzea, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua tramitatzea.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

Aurkeztutako proiektua I. eranskinean deskribatzen da, funtsezko datuak laburtuta.

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioan sustatzaileak ingurumeneko zenbait dokumentu erantsi dizkie hasieran aurkeztutakoei, eskumena duen organoak eginiko errekerimenduei erantzunez.

Txosten honen II. eranskinean jasotzen da aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketa. Bertan jasota daude, oro har, jarduera osoak eragiten dituen inpaktuak, eta zehazki, industriako hondakin uren araztegiko isurbiderako alternatibak. Aurkeztutako dokumentazioan ingurumen baimen integratuak ezarritakoez gain, hartu beharreko beste neurri zuzentzaile batzuk aipatzen dira, espero daitezkeen inpaktuak hobeki kontrolatu edo zuzentzeko, eta horiekin batera baita gauzatu ezin direnen justifikazioa ere.

Espedientearen tramitazioan hobeki zehaztu dira Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baldintzak betetzeko aplikatu beharreko teknikak; sustatzaileak 2021eko irailean aurkeztu zuen azken zehaztapena.

Espedientean jasota daude: Ebroko Konfederazio Hidrografikoko buruak Hondakin Uren Isurpenerako Onargarritasun mailari buruz 2021eko urriaren 13an onetsitako txosten loteslea.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kontuan hartuta sustatzaileak instalazioetarako lortu dituen jarduera lizentziak, hala jardueraren hasierari nola ondorengo handitzeei dagozkienak, eta ingurumen baimen integratuaren tramitazioa bera (arazketa sistema berriaren ebaluazioa barne), baliabideen, energiaren, kutsaduraren, isurketen eta hondakinen kontsumoak eragindako ingurumen inpaktuak minimizatutzat eta kontrolatutzat jotzen dira, eta ez da instalazioen funtzionamenduak eragindako bestelako inpakturik espero.

Ukipenak “Errege Bardea” kontserbazio bereziko eremuan eta “Ebro ibaia” kontserbazio bereziko eremuan.

Fustiñanako industrialdeko lurrek eta horren mendebaldean dauden ureztatutako lurrek –bertan daude fabrika eta bere zuzkidurak–, muga egiten dute Cabanillas eta Fustiñana inguruko kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) hegoaldeko mugarekin. Hala ere, ez da eragin zuzenik espero kontserbazio bereziko eremu honetan.

“Ebro ibaia” kontserbazio bereziko eremuak Tausteko ubidea eta Ebro ibaiaren eremua hartzen ditu bere baitan, Castejondik hasi eta Zaragozako probintziako mugaraino. Aipatzekoa da Tausteko ubidean Margaritifera auricularia izeneko moluskuak daudela; ur gezako bibalbio espezie bat da, galzorian daudenen artean katalogatua, baina jarduerak ez du arriskuan jarriko.

Industriako hondakin-urak, araztu ondoren, San Pascual erreka-zulora isuriko dira, eta horrek Ebro ibaira eramango ditu, “Ebro ibaia” kontserbazio bereziko eremuaren barruan. Gainera, isurbide berriaren isurketa-puntutik behera dagoen erreka-zulo hori kanalizatuta igarotzen da Tausteko ubidearen gainetik.

Ebaluatzen den proposamenari buruz Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostenetan jasotzen denez, ongarriarekin nahastutako ureztatzeko ur baten parekoa izango litzateke isurketa, eta ez da espero iragazi aurretik landaretzak nitrogenoa nabarmen xurgatuko duenik.

Instalazioetako araztegiaren ezaugarriak, isurketa-baldintzak eta San Pascual erreka-zuloko tarte ezberdinen ezaugarriak kontuan hartuta –bertatik bideratuko dira urak Ebro ibaira–, ez da aurreikusten isurketa horiek zuzenean eragingo dutenik ibaiaren Cabanillas eta Fustiñanako tarteetako landaretzan, faunan eta uren kalitatean, ezta Tausteko ubideko uretan ere, biak kontserbazio bereziko eremu horretan sartuta baitaude.

Espedienteko dokumentazioaren eta txostenen arabera, instalazioetako euri-uren zati bat instalazioetatik ekialdera kanalizatutako erreka-zuloan jasotzen da, eta gainerakoa industrialdeko euri-urekin batera bideratzen da.

Aurkeztutako dokumentazioan, fabrikako aparkalekuan arrastatutako kutsatzaileak atxikitzeko eta kontrolatzeko neurriak jasotzen dira. Aire zabaleko barazkien biltegietan, barazkien eta euri-uren hondarren lixibiatuak biltzea aurreikusten da, industria-arazketara bideratutako sarearen bidez.

Congelados Navarra enpresaren instalazioek, zuzkidurek eta isurbide berriak eragindako beste eragin eta inpaktu batzuk.

Lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea babestea:

araztu ondoren isuritako uren nitrogeno-karga gehiena ez du xurgatuko landaretzak, eta, beraz, lurpeko uretara irits daiteke; horrek Ebroko alubioiaren 052 ur masa (Tutera - Alagón) kutsatzea ekar dezake. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak inpaktu hori minimizatzeko isurketa-baldintzak ezarri ditu.

Isurbidea eta San Pascual erreka-zuloa eta araztutako uren hustuketa moldatzea:

Proposamenak isurbidearen trazadura mendebalderantz egitea justifikatzen du industriako hondakin-uren araztegitik hasi eta San Pascual erreka-zuloaren ezkerreko ertzeraino, Cabanillasko lurretan barna doan landa-bide baten bazterretik.

Isurbide hori eta amildegi horren ertzeko irteerako bokalea egiteak ez du eragin handiagorik ekarriko; izan ere, aurkeztutako dokumentazioan, bai irteerako obrak direla-eta, bai isurketa berriaren emaria dela-eta, ibilguan eta ertzetan ahalik eta kalte gutxien eragiteko neurriak proposatzen dira. Beste neurri zuzentzaile eta jarraipen-neurri batzuk ere proposatzen dira hustubidearen obretarako.

“San Pascual” erreka-zuloan etengabe isurtzen diren industriako ur araztuek amildegi horren izaera mediterraneoa eta noizbehinkako erregimena aldatuko dute ebakuazio-puntutik Tausteko ubidearen gaineko bidegurutzera bitarteko tartean, eta horrek erreka-zuloaren izaera mediterraneo horrekin lotutako ingurumen balioak alda ditzake. Tausteko ubidea gurutzatu ondoren, erreka-zuloa Cabanillasko ubidearen uhaldietarako erreten bihurtzen da, emari ia konstantea duena, eta, beraz, espero izatekoa da eutsi eginen zaiela sakanaren azken zati horretako ingurumen balioei, uren emariari eta kalitateari eta “Ebro Ibaia” kontserbazio bereziko eremuan sartuta dauden Ebro ibaiaren ibarbaso eta ibaiertzekin duen loturari (batez ere, Europako bisoi edo uretako fauna hartzeko duten potentzialtasunari).

Erreka-zuloaren lehen zati honetako erregimenaren aldaketa, dagozkion neurri zuzentzaileekin, bateragarri ikusten da proiektuaren eremuko ingurumen balioak zaintzearekin.

Instalazioak urbanizatzea eta kokatzea, lur-erauzketak egitea, soberan dauden lurrak kudeatzea, Errege Altxonbidearen ondoan egotea, lurraldearen drainadura aldatzea eta sakana kanalizatzea:

Urbanizazioak lur-berdinketaren ondoriozko inpaktuak eragin ditu kota naturalaz azpitik egin diren lur-erauzketetan, landareztatu gabeko ezponda garai eta bertikalak sortuz iparraldean, ekialdean eta mendebaldean. Gainera, indusketa horietatik soberan geratu diren lurrak fabrikaren itxituraren iparraldean zabaldu dira, instalazioen lurren barruan, baina Tauste-Urbasa-Andia altxonbideraen mugan, “Errege Bardea” kontserbazio bereziko eremuaren barruan. Hedadura horiek andeatuta eta landareztatu gabe daude. Jarduketa bateragarria da Nafarroako altxonbideen babes-araubidearekin eta berezko erabilerekin, baldin eta altxonbidearekiko arauz ezarritako 3 metroko zortasuna edo distantziako babesa mantentzen bada.

Eragin bisuala eta paisaia-integrazioa:

Haien hedadura, kokapena eta tamaina direla eta, instalazioak, oso ikusgarriak dira Fustiñana ingurutik, mendebaldeko eta hegoaldeko sarbide nagusietatik, hurbileko Errege Bardeatik eta Errege Altxonbidetik.

Hori alde batera utzita, instalazioen ingurua andeatuta dago, lurzoru biluziekin, pilaketekin eta abarrekin. Andeatzea eta eragin bisuala areagotu egiten dira, haren inguruko industrialdea ez delako oraindik erabat urbanizatu eta lorategiak ere bukatu gabe daudelako.

Sustatzaileak argudiatu du ezinezkoa dela landare-pantailak landatzea instalazioen ertzetan edo lorategi jakin batzuetan; izan ere, kalitateari eta osasunari buruzko araudiaren arabera, ezin da horietan animaliak, batez ere hegaztiak, erakartzeko elementurik egon.

Kontsulten emaitzari dagokionez, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitate Zerbitzuak, Ingurumen Inpaktuaren Atalaren bidez, jakinarazi du ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proiektua natura-ingurunean, ondarean eta paisaian inpaktu larririk sortu gabe ezar eta gara daitekeela, baldin eta neurri jakin batzuk indartzen badira, Tausteko ubidearen paisaia-balio naturaletan ez duela eraginik izanen bermatzeko, floraren eta faunaren gaineko eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen eta instalazioen eta inguruaren paisaia-integrazioa hobetzeko. Hori guztia indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen edo baimen batzuk lortzea ukatu gabe, batez ere jardueraren ingurumen baimen integratua eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Fustiñanan barazki izoztuak fabrikatu, ontziratu eta biltegiratzeko jarduerak, zeina Congelados Navarra SAUk sustatu baitu, ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan, eta, beraz, ez dela hari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusi bezala.

2. Ezartzeak baldintza hauek bete behar izatea ekarriko du:

Ingurune naturala eta paisaia babestea:

–Kanpoko argiztapena irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

–2008ko Ebazpenak ezarritako balditzetan adierazi bezala –horren bidez bidez barazkiak manipulatu eta izozteko proiektuari buruzko udal ebazpenaren aurreko txostena egin zen, higadurak saihesteko eta instalazioen ingurumen- eta paisaia-integrazioa hobetzeko, eta kontuan hartuta proiektua egungo baldintzetan finkatu dela eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea ezinezkoa dela, gutxienez, honako jarraibide hauek hartu beharko dira kontuan:

Ezpondak integratzea:

ezpondak ingurumenean integratzeko (lur-erauzketa eta lubeta), landareztatzeko aurreikusitako neurri hauek aplikatuko dira: landare-lurra hedatzea eta hidroereintza, eta baita honako beste hauek ere:

Komeniko litzateke urbanizazioaren ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko mugetako ezpondek bideek zehazten duten formara ekartzea, ezponden elkargunearen ertza biribilduz eta zulatu beharreko ezponden oinplanoko okupazioa areagotuz, errazago zabaldu ahal izateko.

Honako nahasketa hau proposatzen da hidroereintzarako:

1. MULTZOA

2. MULTZOA

Lolium peremne

Dorycnium pentaphyllum

Lolium rigidum

Genista scorpius

Festuca rubra

Helicrisum stoechas

Agropyrum repens

Lavandula latifolia

Medicago sativa

Psoralea bituminosa

Trifolium fragiferum

Santolina chamaecyparissus

Onobrychis viciefolia

Sedum sediforme

Sanguisorba minor

Thymus vulgaris

30 g/m²-ko dosia belarkaren kasuan (1. multzoa) + 3 g/m² zurezkoen kasuan (2. multzoa).

Neurri hori erabilgarria da batez ere instalazioen ekialdean dagoen erreka-zuloaren zatian ingurumena hobetzeko, iparraldera dagoen abelbidearekiko bidegurutzetik gora hasi eta hegoaldeko irteeraraino (Tausteko ubidearen ondoko lorategian).

Lurren tratamendua.

Instalazioen urbanizaziotik soberan geratu, eta, instalazioen lurzatiaren barruan, itxituraren iparraldean eta altxonbidearen eta “Errege Bardea” kontserbazio bereziko eremuaren ondoan utzitako lurrak hedatu eta egokitu eginen dira: birmoldaketa topografikoa egitea proposatuko da, ingurua naturalizatzeko eta lurraldearen drainatzea ez aldatzeko, baita bertako substratua hobetzeko eta bertako belar-landareak erein eta larrea sortzeko. Proposamen horrek bateragarria izan beharko du Nafarroako altxonbideak babestearekin; beraz, birmoldaketa egin aurreko edo ondorengo pilaketak “Tauste-Urbasa-Andia” Errege Altxonbidearen lursailetik 3 m-ra utzi beharko dira gutxienez.

–Industriako hondakin-uren isurbide berria egin ondoren, batez ere San Pascual erreka zulora ateratzen den lekuan, ingurumenean integratu beharko da, obrek eragindako azalera guztiak landare-lurrez estali, berriz profilatu eta harriak kenduz. Azkenik, aurreko jarraibidean proposatutako hazi-nahasketa ereinen da.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, deusetan ukatu gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalera, Fustiñanako Udalera, Basozaintzara (11. barrutia “Tutera”) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honen eranskinak honako helbide honetan eskuratu daitezke:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ANUCLEO/F2117217e_Anexos-MA.pdf

Iragarkiaren kodea: F2117217