293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1196E/2021 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa ematen duena Zizurko Arau Subsidiarioak aldatzeari buruz, Paternaingo 5. poligonoko 260. lurzatian. Sustatzailea Embalajes Adusan SL da.

Aldaketaren hasierako onarpena 2021eko urtarrilaren 13an egin zuen Zizurko Udalak, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko urtarrilaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 20. zenbakian.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da orain 260. lurzatiaren ipar aldean egiten ari den palet muntaketa eta mihiztaketa jarduera zabaldu ahal izateko beharrezkoak diren hirigintza arloko betebeharrak zehaztea. 1997tik indarrean diren Zizurko Arau Subsidiarioen arabera, 260. lurzatia agertzen da lurzoru urbanizaezin generiko gisa, ekoizpen jarduerako SG3 finkatua, eta lurzoru urbanizaezina nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpen handikoa. Aldaketaren funtsa da lurzoru ez urbanizagarri generikoaren sailkapena 5. poligonoko 260. lurzati osora zabaltzea.

Aldaketaren esparrua Paternain herriaren ipar aldean kokatzen da, 15.528,92 m²-ko azalera du, eta sarbide zuzena du Zizur Nagusia-Belaskoain NA-7015 errepidetik.

Aldaketak ez du azpiegitura berririk eskatzen, esaterako hornikuntza eta saneamendu sarerik edo sare elektrikorik, eta beraz, alde horretatik, ez da aurreikusten ingurumen arloko eraginik.

Proposatutako antolamenduak planteatzen du oraingo 1. nabea eraistea, eta azalera hori aparkalekurako uztea, nabe berri bat eraikitzea (4. nabea), 1.080,43 m²-koa, eta haren segidan estalpe moduko egitura bat, 1.693,91 m²-koa.

Azpikategoria aldatzeak eta jarduera zabaltzeak eskatzen dute nekazaritza lurzoruen erabilera aldatzea, eta eremu hori mugakidea da Errekalde esaten zaion errekatxoarekin, 290 metroko luzera batean. Argaren hirugarren mailako ibaiadar hau Erreniega mendilerroaren hegoaldeko drainatze sarearen ur-ibilguetako bat da, eta elementu garrantzitsua da konektagarritasun ekologikorako. Beraz, pasabidearen funtzionaltasuna bermatzeko eta erreka bazterreko landarediaren gaineko nahiz ur-ibilguaren beraren gaineko eraginari aurrea hartzeko, hainbat neurri eta jarraibide ezarriko dira, eraikinen kokapena eta lurzatiaren okupazioaren baldintza egokiak bideratzeko:

a) “Lorategi gisako eremuak” deitzen direnak kokatzea Errekalde izeneko errekatxoaren eskuinalde osoan, 1. nabea eraitsi ondoren geratzen den azalera ere barne dela.

b) Eremu hori kudeatzea eta tratatzea errekaren eta lurzatiaren arteko trantsizio gune naturalizatu gisa, eta bertan haztea inguruan eta ibai sisteman ohikoak diren zuhaitz eta zuhaixka espezieak, besteak beste: Populus nigra, Populus alba, Ulmus minor, Crataegus monogyna eta Prunus spinosa. Quercus pubescens eta Malus sylvestris. Landare horiek jarrita, gainera, eraikinen eragin paisajistikoa minimizatuko duen landare hesia lortuko da.

c) Inguruko itxiturak ezartzen direnean ur-ibilguaren zortasun-eremua, funtzionaltasuna eta jarraitasuna bermatuko dira.

d) Eraikinik gabeko eremuei dagokienez, gutxi gorabehera hektarea bateko azalera dutela, eta kartografian “kanpo zolata” izenez ageri direnak, jarraibide nagusia izanen da irazgaiztu beharreko lurzoruaren azalera minimizatzea, lurzatiaren barnean ibilgailuen zirkulaziorako eta jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren espazioak zehaztuz eta lehentasunak ezarriz, eta lurzorua irazgaiztu beharrik ez duten eremuak ere zehaztuz, haietan erabili ahal izateko materiak iragazkorrak, eta lurraren infiltrazio naturala erraztu ahal izateko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren gaineko txostena egin du, aldekoa, baina lehen azaldutako ingurumen eta paisaia arloko neurri lotesleak sartzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egin da “Zizurko Arau Subsidioarioen aldaketarako, Paternaingo 5. poligonoko 260. lurzatian”, Embalajes Adusan SL enpresak sustatu duena, ingurumen eragin nabarmenik ez duelakoan, betiere betebehar lotesletzat hartzen badira ingurumen eta paisaia arloko neurri integratzaile hauek:

–“Lorategi gisako eremuak” deitzen direnak kokatzea Errekalde izeneko errekatxoaren eskuinalde osoan, 10 metroko zabaleran, 1. nabea eraitsi ondoren geratzen den azalera ere barne dela.

–Eremu hori kudeatzea eta tratatzea errekaren eta lurzatiaren arteko trantsizio gune naturalizatu gisa, eta bertan haztea inguruan eta ibai sisteman ohikoak diren zuhaitz eta zuhaixka espezieak, besteak beste: Populus nigra, Populus alba, Ulmus minor, Crataegus monogyna eta Prunus spinosa. Quercus pubescens eta Malus sylvestris.

–Inguruko itxiturak ezartzen direnean ur-ibilguaren zortasun-eremua, funtzionaltasuna eta jarraitasuna bermatuko dira.

–Irazgaiztu beharreko azalera minimizatzea, ibilgailuen zirkulaziorako eta jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren espazioak zehaztuz eta lehentasunak ezarriz, eta material iragazkorrak erabiltzen ahal diren eremuak ere zehaztuz, lurraren infiltrazio naturalerako baldintzak erraztu ahal izateko.

–Eraikuntza eta eraispen hondakinak (EEH) kudeatzea indarreko araudi sektoriala betez.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Zizurko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2117077