293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

426E/2021 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Belaskoaingo udal-mugartean dagoen zerrama ugaltzaileen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Instalazioaren titularra Granja Belascoain SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 856/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 4ko 385E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 19ko 41E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 240E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusia.

2019ko irailaren 17an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, zerrama ugaltzaileen kopurua 2.500etik 3.220ra zabaltzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko irailaren 22ko irizpenean adierazi zuen aldaketa hori ez-funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmentzat jo zuen, aldaketa garrantzitsuak eragiten dituelako instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko abuztuaren 10ean emandako irizpenaren arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitze proiektuak ez du ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharrik, lege horren eranskinetan agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez dakarrelako aipatutako 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2020ko irailaren 22an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hots, abeltegiaren barnealdea egokitzea, ekoizpenaren orientazio berriaren arabera, eta zerrama ugaltzaileen kopurua 2.500etik 3.220ra zabaltzea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz izapidetu da espedientea (Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Jarduera zilegitzat jotzen ahal da eskatutakoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluaren arabera (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik behar (aipatu testu bateginaren 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Konfederazio Hidrografikoa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimentzea Belaskoaingo udal-mugartean dagoen zerrama ugaltzaileen instalazio baten aldaketa nabarmena. Instalazioaren titularra Granja Belascoain SL da. Aldaketaren xedea da ekoizpenaren orientazioa aldatzea, eta zerrama ugaltzaileen kopurua 2.500etik 3.220ra zabaltzea; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren kasuan kasuko espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak ere.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa,15P02052007402008 zenbakiarekin. Sortu ahal izanen dituen hondakinak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0520011506/1/4 Plana onestea. Ebazpen honen II. eranskinean dago.

Laugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du titularrak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Granja Belascoain SLri, Belaskoaingo Udalari, Greenpeaceri, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari.

Iruñean, 2021eko abenduaren 9an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2117386