293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106/2021 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, taxien hiriarteko zerbitzuen tarifak onesten dituena.

Garraioetako zuzendari nagusiak abenduaren 12an emandako 62/2019 Ebazpenaren bidez, taxien hiriarteko zerbitzuen gehieneko tarifak onetsi ziren, 2020ko urtarrilaren 1etik aitzinerako. Ebazpen hura 2019ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24koan.

2020ko abuztuaren 10ean, Francisco José Asín Pérez jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, eskatu zuen taxien hiriarteko tarifak manten zitezen 2021erako, kontsumoko prezioen indizeak (KPI) 2020ko abuztuan izandako jaitsiera kontuan izanik. Eskaera hura aintzat harturik, 2021ean ez ziren tarifak eguneratu.

2021eko abuztuaren 27an, Francisco José Asín Pérez jaunak, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkartea ordezkatuz, eskatu du taxien hiriarteko tarifak honela egunera daitezen:

–Eguneratzea kalkulatzeko, 2020ko abuztutik 2021eko uztailera arteko urtetik urterako KPIaren datua har dadila erreferentziatzat; eta, hurrengo urteetarako, Nafarroako uztaileko urtetik urterako KPIaren datua.

–Eguneratze hori kalkulatzeko, ez dadila kontuan hartu 2020ko abuztuko urtetik urterako KPIaren aldakuntza negatiboa, 2021eko ekitaldiko jardueraren kostuen igoera konpentsatzeko.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, garraioen arloko eskumena duen departamentuari dagokio taxien hiriarteko zerbitzuei aplikatu beharreko tarifen araubidea onestea, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman ondoren.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txostena egin du esanez ez dela bidezkoa abuztuko erreferentzia aldatzea urtetik urterako KPIaren aldaketari dagokionez, bat etor dadin Iruñerriko taxi zerbitzu bateratuaren lurralde eremuko hiriko tarifa eguneratzeko erabiltzen den erreferentziarekin.

Bestalde, bidezkotzat jotzen da, salbuespen gisa eta COVID-19aren pandemiaren ondoriozko inguruabarrak aintzat izanik, tarifak eguneratzeko ez hartzea kontuan 2020ko abuztuko urtetik urterako KPIaren aldakuntza negatiboa, deusetan galarazi gabe KPIaren urtetik urterako aldaketa negatiboak konpentsatzeko irizpideari eustea hurrengo ekitaldietarako.

Horiek horrela, Nafarroako 2021eko abuztuko urtetik urterako KPIaren igoera (% 3,6) aplikatuz, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak gehienezko tarifa hauek proposatzen ditu taxien hiriarteko zerbitzuetarako, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aitzina aplikatuko dira:

Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):

–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,63 euro.

–Itxaron ordu bakoitzeko: 17,47 euro.

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,41 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,36 euro denbora-tarte bakoitzeko.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteei eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen elkarteei entzutea eman zaiela, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, eta bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40 artikuluarekin eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Ezartzea taxien hiriarteko zerbitzuek gehieneko tarifa hauek izanen dituztela.

Lanegunetan, eguneko ordutegian (07:00etatik 22:00ak arte):

–Egindako kilometro bakoitzeko: 0,63 euro.

–Itxaron ordu bakoitzeko: 17,47 euro.

–Kobratzeko gutxieneko zenbatekoa: 3,41 euro.

Zain egoteko aldiak hamabost minutuko tarteetan kontatuko dira, 4,36 euro denbora-tarte bakoitzeko.

5 euroko gehigarria aplikatzen ahalko da, taximetrotik kanpo, hiriarteko zerbitzuetan garraiatutako helduen bizikleta bakoitzeko.

Lanegunetako gaueko ordutegian (22:00etatik 07:00ak bitarte) eta larunbat eta jaiegunetan (00:00etatik 24:00ak bitarte), tarifaren zenbatekoa % 25 igoko da, lanegunetako eguneko tarifaren gainetik.

Ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2022ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duen Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 9ko 140/2021 Ebazpenean ezarritako jaiegunez gain, ondoko hauek ere hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta abenduaren 31, 18:00etatik aitzina.

Tarifak hurrengo urteetarako luzatzen badira, jaieguntzat hartzen diren egunen egutegia lortuko da urte bakoitzeko jaiegun ofizialei buruz emandako ebazpenetik.

2. Tarifa hauek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak taxien hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako baimenen babesean egiten diren hiriarteko taxi zerbitzu guztiei, salbu Iruñerriko taxi zerbitzu bateratuaren lurralde eremukoak diren lizentzien titularrek egiten dituzten hiriarteko zerbitzuei, horiek onetsita dituzten hiriko tarifak aplikatuko baitituzte, gehigarririk gabe, eremu horren barnean zirkulatzen dutenean.

3. Ezartzea ebazpen honen eraginpeko ibilgailuek behar diren tarifa-taulak eraman beharko dituztela, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ikus-onetsiak.

Indarreko tarifa-taula ibilgailuaren barruan ikusgai egonen da, erabiltzaileek aise ikusteko toki batean.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Teletaxi-San Fermín elkarteari, Tuterako Taxisten Elkarteari, Asociación Independiente de Taxistas Autopatronos de Navarra (AITAN) elkarteari, Ecotaxi elkarteari eta Irache Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela ebazpen honen kontra, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2117855