293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

302/2021 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 12ko 100/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren gaineko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 14ko 219/2020 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu huts.

Azterturik Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko egin duen proposamena.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu huts sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2021eko abenduaren 13an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M. Ángeles Nuin Villanueva.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak), aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautzen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baita euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Horretaz gain, gainerako araudi osagarria.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (aurrerantzean, NOPLOI) iragarki-taulan (Leire kalea 15, P.K. 31003, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–NOPLOIren enplegu publikorako web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu) lotura honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua”, “Enfermero especialista”, “Enfermería Familiar y Comunitaria. Oposizio-lehiaketa (2018ko LEPa)” aukeratuz. Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da, oposizio-lehiaketa bidez betetzea NOPLOIren Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuari atxikitako Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten 2 lanpostu, dagokien lan eskaintza publikoaren barnekoak, destinoa Iruñean dutenak eta lanpostuen zenbakiak:

71422.

71423 (B2 euskara maila) (B1 motako gidabaimena).

Deialdi honen xedea da, halaber, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bidez izangaien zerrendak osatzea, izangai horiek Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten lanpostuetan aritzeko, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdiko lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera igoera txandatik hasiko da kontatzen.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) Lanpostu bat, igoera txandan.

b) Lanpostu bat, txanda irekian.

Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekian beteko dira.

Halaber, baldin igoera txandako edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak eta desgaitasuna dutenen txandakoak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.

1.5. Deialdiko lanpostua B maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan estamentu eta espezialitateetako izendapenetarako indarrean den “Osasun diplomadunak” estamentuan eta “Familia eta Komunitateko Erizaintza” espezialitatean dago sailkaturik (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina).

1.6. Lanpostuen ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Hala agintzen baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Familia eta Komunitateko erizain espezialista lanpostua lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, hala ezartzen baitu 1. artikuluan azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duenak.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako gradu/diploma titulua eta Familia eta Komunitateko Erizaintza espezialitatea izatea, edo balio berekoa den beste bat, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori aitortzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

g) B2 euskara maila eta B1 motako gidabaimena, 71423 lanpostuan sartzeko.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Desgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako txandako izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.4. Behar den euskara maila frogatzea, euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanpostu elebidunen bat lortu nahi izanez gero.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Telematika bidez aurkeztuko da inskripzio orria eta eginen da tasen ordainketa, NOPLOIren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua”, “Enfermero especialista”, “Enfermería Familiar y Comunitaria. Oposizio-lehiaketa (2018ko LEPa)” aukeratu, eta ondoren “Inskripzioa” sakatuz.

Eskaera telematikoari erantsi beharko zaizkio, hala badagokio, ordainketa egitetik salbuetsita egotea frogatzen duten agiri eskaneatuak.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, Administrazio Publikoetan noiztik aitortua duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

3.2.2. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan-eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da eskatzaile gisa inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, salbu justifikaturiko kasuetan, eta, horrez gainera, ez izatea hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitarte horretan ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Errentarik ez duela adierazteko eredua aurkeztuz eginen da hori (deialdiaren web-orrian dago), edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokia markatuz.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan bakar-bakarrik parte hartzea eskatzen duten izangaiak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Gainerako betebeharrei dagokienez, azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da Familia eta Komunitateko erizain espezialisten aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa.

3.6. Eskatzen den euskara maila, hala dagokionean, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

4.1. Izena emateko eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragandakoan, eta horien gainean ebazpena eman ondoren, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena eginen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ebatzitzat joko dira aurkeztutako erreklamazioak.

4.4. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiari berari egotzitako arrazoiengatik baztertutakoei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen interesdunei onartzea ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: M.ª José Pérez Jarauta andrea, Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Estrella Extramiana Cameno andrea, Lan Osasunaren Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: Aranzazu María Legarra Zubiría andrea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua, NOPLOIk izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Amaya Aguas Torres andrea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko erizaina, NOPLOIk izendatua.

Epaimahaikidea: Eva Ardanaz Aicua andrea, Gizarte Osasunaren Behatokiaren Ataleko burua, NOPLOIk izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Concepción Moreno Iribas andrea, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko barrutiko fakultatibo espezialista/albokoa, NOPLOIk izendatua.

Epaimahaikidea: M.ª José Galán Espinilla andrea, Ultzamako OOLTko erizaina, NOPLOIk izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Natalia Lafuente Larrañeta andrea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko erizaina, NOPLOIk izendatua.

Epaimahaikidea: M.ª Teresa Arizaleta Beloqui andrea, Erabakitzeko Ahalmenaren eta Laguntzaren Jarraitutasunaren Ataleko burua, NOPLOIk izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Judith Ansorena de Paúl andrea, Erizaintza eta Kudeaketa Unitateko burua, NOPLOIk izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Miguel Garatea Crelgo jauna, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Emilia Luna Goñi andrea, NOPLOIko Profesionalen Ataleko burua.

NOPLOIko langileen ordezkariek izendaturiko epaimahaikideak adieraziko dira izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.3. Epaimahaiak NOPLOIn izanen du egoitza: Leire kalea 15. PK: 31003, Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2022ko urrian hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba hauek eginen dira:

a.1) Proba teoriko-praktikoa, test erakoa: idatziz erantzun beharko zaio aukeratzeko hainbat erantzun dituen galdera sorta bati. Aukera horietako bakarra izango da baliozkoa, eta lanpostuaren ariketarekin zerikusia duten gaiei buruzkoa izanen da. Galdera kopurua, okerreko erantzunen penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

a.2) Epaimahaiak proposatuko dituen zenbait kasu praktiko idatziz egitea. Izangai guztientzat proba bera izanen da, eta kasuek deialdiaren xedeko lanpostuarekin izanen dute zerikusia. Garatu beharreko kasu praktikoen kopurua, proba egiteko gehieneko denbora eta, hala badagokio, kasu bakoitzari esleituko zaion gehieneko puntuazioa proba egin baino lehen jakinaraziko ditu epaimahaiak.

6.3.2. Oposizioaldiko ariketako probak plika sistema erabiliz eginen dira. Oposizioaldia honela baloratuko da:

a.1) proba 30 puntuz baloratuko da. Gehieneko puntuazioa (30 puntu) proban puntuazio altuena ateratzen duen izangaiari emanen zaio, eta gainerako izangaiei, berriz, proportzionalki dagokien puntuazioa. Bazterturik geldituko dira 30 puntuetatik gutxienez 15 lortzen ez dituzten izangaiak.

a.2) proba 30 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Ariketa hau ez zaie baloratuko a.1) proban bazterturik gelditu diren izangaiei.

6.3.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Ariketara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du NOPLOIko iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.

Oposizioaldia gainditu duten izangai guztiek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte merezimenduak, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua”, “Enfermero especialista”, “Enfermería Familiar y Comunitaria. Oposizio-lehiaketa (2018ko LEPa)” aukeratu, eta deialdiaren baremoan adierazitako atalei jarraikiz, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Izangaiek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldian ez da izangairik baztertuko. Fase honetan gehienez 40 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoko 1. zatia baloratzean, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan estamentu eta espezialitateetako izendapenetarako indarrean den “Osasun diplomadunak” estamentuan eta “Familia eta Komunitateko Erizaintza” sailkaturik egotea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, noiztik noizera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatzen denean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du balorazioaren emaitza NOPLOIko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazirik.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai bere merezimenduen banakako balorazioa.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azken puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkerari jarraituz.

8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, NOPLOIko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioen araberako hurrenkeran. Gero, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetearen barnean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte NOPLOIko Profesionalen Atalean:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo NOPLOIri baimena ematea ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

8.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:

a) Eskatzen den tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 8.2.1.e) apartatuan ezartzen den bezala.

c) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

8.3. Eskaeran % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela alegatu duten izangaiek, gainera, lanpostuak aukeratzeko ebazpenaren aurretik frogatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xedeko lanpostuarekin. Horretarako, aurkeztu beharko dute eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek egindako ziurtagiria.

9.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

9.1. Destinoko lantokia administrazio organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, baldin lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostu bat lortu duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Ondoren, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, bere desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa duten lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada jakite hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, egon arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte aurreko paragrafoan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

9.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori jendaurrean jarriko da NOPLOIko iragarki-taulan eta NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrian, deialdiaren fitxan adierazitako estekan sartu beharko dute: “Oposizioak”,“Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua”, “Enfermero especialista”, “Enfermería Familiar y Comunitaria. Oposizio-lehiaketa (2018ko LEPa)” aukeratu, eta lanpostua lehentasun ordenaren arabera adieraziz.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Horren emaitzaren informazioa NOPLOIren enplegu publikoaren web-orrian jarriko da ikusgai interesdunentzat.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, ebazpen bidez, Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten lanpostuetan jardun dezaten.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

10.3. Izendapena dela bide, izendatuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartuta dauden Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario izaerarekin, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (ezinbesteko kasuetan izan ezik) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren atze-atzean dagoen izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenak zer dioen, eta haren mende egonen da.

11.–Zerrendak osatzea ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko.

11.1. Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, jarraikiko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, jarraikiko zaio zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari.

11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehala baztertuko dira kontratazio zerrendatik.

11.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai gainditu duten eta lanposturik ez duten izangaiek, bai oposizioaldia gainditu ez dutenek, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, 2.1.1.c) apartatuan aipatutako titulazioaren agiria aurkeztu beharko dute, salbu aldez aurretik NOPLOIn aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen, Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialista gisa deialdi hau argitaratu arte emandako zerbitzuena, salbu Nafarroako Gobernuan emandako zerbitzuak badira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian izena emateko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak. Deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek beren burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12.–Zerrendak osatzea aldi baterako barne igoeretarako.

12.1. Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialistaren lanpostuetan aritzeko zerrendak, aldi baterako barne igoera bidezkoak, prestatzeko eta ondoren kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da, horren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea –eta izaera horri eustea–, sailkatua egotea Familia eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialisten lanpostuarena baino beheragoko maila-talde edo kategoria batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazio baldintzak eta gainerakoak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiko hautaprobak gainditu behar dira.

Hautaproben azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko den aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak indarra hartuko du lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita deialdiko oinarri eta egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, NOPLOIko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. apartatua.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Ez dira argitalpentzat hartuko akta-liburuetan edo abstraktetan egiten diren txostenak eta komunikazioak.

2.1. Graduondoko prestakuntza:

–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

–Doktore gradua: 1 puntu.

–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitate batekoa: 1 puntu.

–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betebeharrak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordio”en barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Ez da apartatu honetan baloratuko b) apartatuan adierazitako irakasle lana.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo aditu tituluetako tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Frogagiriaren arabera, ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arautu baitzen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2117354