268. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, klarinete eta musika-hizkuntzako irakasle laguntzailearen lanpostu huts bat (B maila) lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko

Alkatetzaren azaroaren 2ko 2039/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdi bat, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko Tuterako Udaleko klarinete eta musika-hizkuntzako irakasle laguntzailearen lanpostu huts bat, 0613B07801 plaza zenbakia duena.

Deialdia eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta oinarri hauetan ezarritakoari.

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lekualdatze lehiaketa bidez betetzea Tuterako Udaleko klarinete eta musika hizkuntzako irakasle laguntzailearen lanpostu huts bat, 0613B07801 plaza zenbakia duena.

2.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua ondoren handitzen ahalko da; hain zuzen ere, gehitzen ahal diren lanpostuak dira hutsik daudenak, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean.

2.2. Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainia eta, hala badagokio, aurreko paragrafoak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Aurrekoa gorabehera, lehiatzaileek lekualdatze-lehiaketan lanpostua hautatu ondotik hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko, lanpostu horiek betetzea beharrezkoa ez denean, dela iraungitzeko lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek bete gabe daudelako.

3.–Baldintzak.

3.1. Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, lehiatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta adjudikatutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Tuterako Udaleko edo haren mendeko erakunde autonomoetako nahiz entitateetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan nahiz eszedentzia berezian.

b) B mailakoa edo taldekoa izatea.

c) Klarinete eta musika-hizkuntzako irakasle laguntzailearen lanposturako izendatua izatea, titular gisa.

d) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, betiere aurreko ataleko b) eta c) letretan eskatutako baldintzak betetzen badituzte, erreserbarik gabeko borondatezko eszedentziadun langileek, bai eta nahitaezko eszedentzian daudenek ere, egoera administratibo horretan gutxienez urtebete eman badute.

Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian egonik, lehiaketaldian lanpostua aukeratzen duten langileak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat adjudikatuko zaie behin betiko.

3.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

4.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek jasoko dituzte indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoak.

5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskabideak erregistratu beharko dira Herritarrentzako Laguntza Zerbitzuan (Plaza Vieja 1) edo Frontón kaleko 1eko bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (39/2015 Legea, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), hamabost egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5.2. Eskabideak deialdiaren eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

5.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo fotokopia behar bezala konpultsatuak, salbu eta deialdia egin duen administrazio publikoan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea burutu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.–Epaimahaiko kideak.

7.1. Lehiaketako kalifikazio epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Mercedes Añón Montón, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Ana José Martínez Navarro, Langileen Batzordeak hautatutako ordezkaria.

Ordezkoa: Antonia Gracia Enériz, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

–Idazkaria: Diego Ramírez Parra, Udal Musika Eskola-Kontserbatorioko zuzendaria.

Ordezkoa: Raquel Huarte del Barrio, Udal Musika Eskola-Kontserbatorioko idazkaria.

7.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabeherak.

7.4. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. Deialdiko 5.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra Administrazio Publikoan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

8.2. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

8.4. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginez ebatziko da.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduei buruz.

8.6. Merezimenduen kalifikazioa burututa, epaimahaiak argitara emanen du Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (deialdiaren aipuan, Enplegu Publikoa atalean argitaratu den horretan) lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek alega dezaten merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian. Halaber, alkateari igorriko dio izangaien zerrenda, espediente osoarekin batera, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, alkateak behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

10.–Lanpostu hutsak hautatzea.

10.1. Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkateak hartarako deituko duen ekitaldian.

Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia idatziz eginen da, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko www.tudela.es webgunean argitaratuko den idazkiaren bidez.

10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbestekoetan salbu, lanpostua hautatzen ez duten lehiatzaileek eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko.

11.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

11.2. Lehiakideek adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta organo deitzaileak, ebazpen horretan, ez duen data jakin bat ezartzen jabetza hartzeko.

12.–Aurkeztutako dokumentazioa.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamaziorik edo errekurtsorik paratzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte hala eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori hasiko da adjudikazioaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.

12.2. Baldin aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak eraman gabe, ulertuko da izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen aurka, beronen oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2021eko azaroaren 4an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Tuterako Udalean klarinete eta musika-hizkuntzako irakasle laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, 2 puntu emanen dira egindako eta frogatutako zerbitzu urte bakoitzeko.

–Beste administrazio publiko batzuetan klarinete eta musika-hizkuntzako edo beste musika-diziplina instrumental bateko irakasle laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, 1 puntu emanen dira egindako eta frogatutako zerbitzu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, kontatuko dira egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Prestakuntza akademikoa eta etengabea.

–Lanpostuarekin zerikusia duen goi mailako unibertsitate titulua edukitzea (lizentzia edo baliokidea): 3 puntu.

–Deialdian eskatutakoaz bestelako espezialitate batean (instrumentua) musikako erdi mailako lanbide titulua izatea: 2 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen masterra edo graduondoko titulua edukitzea: 2 puntu.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publiko zein pribatuek) antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu).

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

Oharrak:

1.–Apartatu honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2.–B atalaren puntuazioa ez da 10 puntutik gorakoa izanen.

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari (publikoa edo unibertsitatea) buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak. Gainerako balidazioak egiteko erregelamendu bat beharko da, balidazio-arauak aldez aurretik ezarriko dituena.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

Iragarkiaren kodea: L2115871