268. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

402E/2021 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Kasedako udal-mugartean elikagaientzako bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, zeina gero aldatu baitzuten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 1eko 87E/2020 Foru Aginduak (horren bidez partez baietsi zen titularrak aipatu ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa) eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 29ko 331E/2021 Ebazpenak (Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 9ko 39E/2021 Ebazpenak aldatua).

2021eko martxoaren 11n, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, 4. nabean zuntzezko hestea ekoizteko modulu berri bat ezartzeko (F41 modulua). Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 18an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2021eko martxoaren 18an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2021eko ekainaren 18an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, 4. nabean zuntzezko hesterako makina berri bat jartzeko eta nabe horren isurien zati baten behin-behineko tratamendua 1. nabeko tratamendu sistemetan egiteko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferarako isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuz eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Kasedako udal-mugartean elikagaientzako bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, 4. nabean zuntzezko hestea ekoizteko modulu berri bat ezartzeko (F41 modulua). Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Viscofan SA da.

Bigarrena.–Atmosferarako isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketak unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen baditu. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ukatzea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, baimena ukatzea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko zuketenak.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Laugarrena.–2021eko abenduaren 31 baino lehen, instalazioaren titularrak honako jarduketa hauek egin direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Sulfato sodikoa kristalizatzeko planta handitzeko sistema ezarri eta abian jartzea; sistema oinarrituta dago lurruneko konpresio mekanikoaren eta zirkulazio behartuaren bidezko sistema batean. Data horretan ezarririk ez badago, noizko aurreikusi den ezartzea eta abian jartzea.

–Amaierako isurian pH-a, tenperatura eta konduktibitatea neurtzeko zundaren funtzionamendu egokia frogatzea.

–Frogatzea instalazioetan laginak hartzeko sistema bat dagoela, halako laginak noiznahi hartzeko aukera ematen duena.

Bosgarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Seigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betezeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan SAri, Kasedako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2116094