268. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Oso-osorik udal kapitalak osaturiko Zaintza Lanak Baztan SL merkataritza-sozietatearen memoria eta estatutuak, eta sozietatearen eraketa. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2021eko urriaren 28an egin ohiko osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:

1.–Behin betiko onestea administrazio espedientea Udal honen “Zaintza Lanak Baztan SL” izeneko merkataritza-sozietate publikoa eratzeko, oso-osorik udal kapitalak osaturikoa. Behar bezala eginbideturik espedientean dauden memoria eta estatutuei jarraikiz eginen da eraketa; azken horiek ere behin betiko onetsirik gelditu dira.

2.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3.–Zaintza Lanak Baztan SL sozietateari 3.300 euroko kapital soziala ematea, 110 sozietate-partizipazio banaezin eta metagarritan zatitua. Partizipazio bakoitzak 30 euroko balio nominala izanen du, eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Baztango Udalak ordainduko ditu osorik.

4.–Alkateari ahalmena ematea erabaki hau aplikatu eta gauzatzeko behar diren agiri guztiak sinatzeko.

5.–Zaintza Lanak Baztan SL sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak izendatzea, estatutuen 17. artikuluan xedatutakoa aplikaturik. Honako hauek dira kideak, presente baitaude eta izendapena onartzen baitute:

–Joseba Otondo Bikondoa, Baztango Udaleko alkate udalburua, kontseiluburu karguan.

–Idoia Sobrino Lopez, Baztango Udaleko zinegotzia.

–Florentino Goñi Tellechea, Baztango Udaleko zinegotzia.

–Anastasio Nagore Garralda, Baztango Udaleko zinegotzia.

–Rubén Ziganda Sanz, Baztango Udaleko zinegotzia.

6.–Erabaki hau jakinaraztea Administrazio Kontseiluko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Baztanen, 2021eko urriaren 28an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

OSO-OSORIK UDAL KAPITALAK OSATURIKO BAZTANGO UDALAREN “ZAINTZA LANAK BAZTAN SL” MERKATARITZA-SOZIETATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

1. artikulua.

Zaintza Lanak Baztan SL izeneko merkataritza-sozietatea eratzen da, toki-erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Kapital Sozietateen Legea, toki-erakundeen arloko legedia eta estatutu hauek izanen ditu arau.

2. artikulua.

Zaintza Lanak Baztan SL erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere helburuak betetzeko, legezko xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugen barnean.

3. artikulua.

Sozietatearen helburua da eraginkortasun handiagoa lortzea udal jardunean. Horretarako, honako xede hau du sozietateak: Elizondoko (Baztan) Francisco Joaquín Iriarte zaharren egoitzako zerbitzuak ematea; haren EJSN kodea 8731 da (ekonomia-jardueren sailkapen nazionala).

Sozietate hori, ondorio guztietarako, Udalaren bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartuko da, Francisco Joaquín Iriarte zaharren egoitzako zerbitzuak ematea haren esku utzi ahal izateko.

4. artikulua.

Zeharka gauzatzen ahalko du sozietateak aurreko artikuluan aipatutako jarduera, parte hartuz xede bera edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan zein ez).

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egilesten den egunean hasiko da bere sozietate-jardunean.

6. artikulua.

Sozietateak hemen izanen du egoitza soziala: Baztango Udalaren udaletxea, Foru plaza, 1, 31700 Elizondo (Nafarroa).

Administrazio organoak izanen du eskumena, egoitza soziala aldatzeko udal-mugarte bereko beste toki batera.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa da, 110 sozietate-partizipazio banaezin eta metagarritan zatitua. Partizipazio bakoitzak 30 euroko balio nominala du, eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Baztango Udalak harpidetu eta ordainduko ditu osorik, eta bera izanen da kapitala osatzen duten partizipazio guztien titular bakarra. Kapitala ezin izanen da transferitu, ez eta enpresaren xedea ez den beste ezertarako erabili ere, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraikiz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aurretik, Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du hori justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Honako organo hauek zuzendu eta administratuko dute sozietatea:

–Batzar Orokorra

–Administrazio Kontseilua

–Kudeatzailetza.

9. artikulua.

Batzar Orokorra sozietateko organo gorena da, eta Baztango Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Batzarreko buruari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai-zerrenda eta guzti. Deialdiak idatziz jakinarazi beharko zaizkio (gutuna edo mezu elektronikoa) kontseilari bakoitzari, bilkura egiteko ezarritakoa baino 15 egun lehenago gutxienez. Deialdian bilkura egiteko eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, bai eta aztertzeko gai-zerrenda ere. Segurtatu egin beharko da kide guztiek jaso dutela deialdia.

Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez bilkura egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.

11. artikulua.

Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua –prozedurari eta erabakiei dagokienez– toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta sozietatearen gainerako arloetan aplikatuko dira erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak.

12. artikulua.

Udalbatzak, sozietateko Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitza-kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapital Sozietateen Legeak Batzar Orokorrari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

13. artikulua.

Batzar Orokorra, nahitaez, urtean behin bilduko da ohiko bilkura egiteko, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa onesteko edo ez onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta gai-zerrendaren arabera bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

14. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako ohiko bilkuraz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik buruak deituta, Administrazio Kontseiluak hala galdaturik, edo aurretiaz horretarako eskaera eginez gero Udalbatzako legezko kideen laurdenak, gutxienez.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzaren akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezalaxe onetsiko dira, baldintzen, formaren eta ondorioen aldetik. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira akta horiek, lehendakariak eta idazkariak sinaturik, eta hura idazkariaren zaintzapean egonen da.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek parte hartzen ahalko dute haren bilkuretan, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako bost kidek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute, eta indarreko legediaren arabera dagozkien ezgaitasun eta bateraezintasunak izanen dituzte kontseilukideek, ordezkaritza karguetan jarduteko.

Baztango Udaleko alkatea izanen da Administrazio Kontseiluko burua, baldin kontseilukidea bada, edo Batzar Orokorrak kontseilukide izendaturiko zinegotzi bat. Kontseiluko buruordea, Administrazio Kontseiluak hautatua, kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren eskudantzia guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz kanpoko pertsona bat izan daiteke eta, hala denean, hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko du Kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe.

Kontseilukide kargua dohainik da.

19. artikulua.

Kontseiluak ohiko bilkura sei hilean behin gutxienez eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean edo bi kontseilukidek gutxienez hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai-zerrenda eta guzti. Deialdiak idatziz jakinarazi beharko zaizkio (gutuna edo mezu elektronikoa) kontseilari bakoitzari, bilkura egiteko ezarritako eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez. Deialdian bilkura egiteko eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, bai eta aztertzeko gai-zerrenda ere.

Ez da deialdirik egin beharko, Kontseiluko kide guztiak bildu eta aho batez bilkura egitea erabakitzen badute.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da, kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat bilduz gero.

Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, kontseiluburuaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du judizioan nahiz judiziotik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarendako gordetzen ez dituzten ahalmenak esleitzen zaizkio Kontseiluari. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak ere izanen ditu, besteak beste:

1.–Ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, xedatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzen ahalko ditu; era berean, hipotekak eta, oro har, eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzen ahalko ditu.

2.–Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partizipazioak esleituz, sortzen diren erkidegoak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez; deskripzioen zabalkuntzak eta azaleren nahiz beste kontzeptu batzuen zuzenketak egitea, eta zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak ezartzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.

5.–Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta berme pignoratizioak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubide eta aukerei dagozkien transakzioak egitea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta, oro har, gutuneria jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, adibidez, hitzartzen diren interes eta baldintzekin, eta era guztietako bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera-irabazien kontuan, eta funts bereziak kokatzeari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea judizioan nahiz judiziotik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aurrean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien aurrean, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen aurrean eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aurrean, espedienteetan, akzioak eta salbuespenak egikaritzean, sustatzaile, auzi-jartzaile, laguntzailekide edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, judizioa edo jurisdikzioa, eta haietan frogak proposatzea, lekukoak arbuiatzea, funtzionarioak errekusatzea, errekurritzea, prozeduretan amore eman eta atzera egitea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedea betetzea eta gauzatzea, eta horretarako aurretik egin beharrekoa eta ezinbestekoa den oro egitea.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktuen, materialen edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, judizioan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak errebokatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berariazkoa osoki gauzatzeko behar den oro egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren bukaeran, Udalbatzari memoria bat aurkeztea, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruz.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasuna berezia duen pertsona bat izendatuko da.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

–Organo berezia administratiboki ordezkatzea.

–Berariazko diru-izendapena duten ordainketa guztiak agintzea.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua.

Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta mendeko langile guztiak, kudeatzaileak proposaturik, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan-harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu kapital soziala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, hala eskuratu direnak erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan, nola lortu direnak Baztango Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuen, Estatuaren edo partikularren lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak honako baliabide hauek biltzen ditu:

–Kapital soziala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Baztango Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.

–Baztango Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuek, Estatuak edo partikularrek ematen dizkioten dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak, halakorik jasoz gero.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak eskuratzen duen legezko beste diru-sarrera oro.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Sozietatea deseginen da toki araubideari buruzko legedian eta Kapital Sozietateen Legean aurreikusitako kasuetan, Batzar Orokorraren erabaki bidez.

Sozietatea likidatzen bada, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izango da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak urteko ohiko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten segituko du, indarreko xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2115806