261. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288/2021 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Abartzuzako udal mugartean (Nafarroa) dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatu, eta haren interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau eman du:

“Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak planteatu du Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua mugatzea; Abartzuzako udal mugartean –Irantzuko monasterioaren ondoan– dagoen monumentu hori martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuaren bidez babestuta dago (martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

Irantzuko gurutzea errenazimentuko arte estilokoa da, eta XVI. mendearen bigarren erdialdean egin zen. Eremu sakabanatu batean kokatua dago, Abartzuzatik Irantzuko monasteriora datorren bidearen erdian, non Urbasa mendira doan bidearekin bat egiten den, 4. poligonoko 5., 6. eta 18. lurzatien artean. Hauek dira UTM koordenatuak: x: 578.520; y: 4.733.501.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Honako hau da Irantzuko gurutzea babesteko eremuaren mugaketaren hitzez hitzeko deskribapena:

Irantzuko gurutzearen babes eremuak Abartzuzako 4. poligonoko 18. lurzatia hartzen du barruan, baita Abartzuzako 4. poligonoko 5. eta 6. lurzatien aurrez aurreko eremuaren eta 18. lurzatiaren artean dauden bideei dagokien eremua ere.

5. eta 6. lurzatien azken eremu hori ere sartu da babes eremuan, baina ez da mugaketan sartu, Irantzuko monasterioaren beraren babes eremuaren barruan ere dagoelako. Hori hala egin da lurzati bera ez egoteko bi babes eremu horietako mugaketan sarturik, eta kontuan hartuz gurutzeak monasterioarekin duen lotura.

Hau da ukituen zerrenda:

–Abartzuzako Udala.

–Irantzuko Aita Teatinoen elkartea.

–Nafarroako Gobernua, Zainketa Zerbitzua.

Eremua mugatu da, batetik, monumentua zaintzeko, eta bestetik, bere kokalekuko lurralde eremuaren ezaugarriak eta baldintzak gordetzeko eta ikusten den panoramika babesteko. Adierazi bezala, kontuan hartu da Irantzuko monasterioarentzat jadanik mugatua dagoen babes eremua, eta, horrenbestez, nahikotzat jotzen da babestearen ondorioetarako.

Irantzuko gurutzearen eremurako honako babes neurri hauek proposatzen dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan sartutako landa lurzatian ez dela eraikinik ez instalaziorik jarriko.

Beraz, proposatzen da Irantzuko gurutzearen babes eremua behin-behinekoz mugatzea eta haren tramitazioa hastea”.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Abartzuzako udal mugartean (Nafarroa) dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honen azalpen zatiko hitzez hitzeko deskripzioarekin eta ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin bat.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau interesdunei eta Abartzuzako Udalari jakinaraztea. Eta aditzera ematen zaie bertan behera utzi behar direla ukituriko eremuetarako udal partzelazio-lizentziak eta bertan eraiki edo eraistekoak, bai eta jadanik emanak daudenen ondorioak ere, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d) artikuluan xedatutakoarekin bat. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

4. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urriaren 21ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Planoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2115273