261. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRANTZU OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Irantzu Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2021eko ekainaren 3an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, iragarkia argitaratu ondoren Udalaren iragarki-taulan eta 2021eko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 21ean. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da testua argitara.

Abartzuzan, 2021eko irailaren 15ean.–Mankomunitateko burua, María Carmen Izcue San Martin.

ORDENANTZA, IRANTZU GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA (VILLATUERTAKO EREMUA)

1. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ udal zerbitzua da, zuzendurik dagoena oinarrizko premiak beren ohiko ingurunean betetzeko mugak dituzten herritarrei. Banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak izan daitezkeenak, egoera bakoitzaren arabera, eta bilatzen du pertsona ahalik eta hobekien integratzea bere ingurunean, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzeak oinarritzat dituen printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek bermatuko dute gizarte zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea, bat etorriz berdintasunaren, ekitatearen eta birbanaketaren zuzentasun irizpideekin. Halere, baldintza bereziak ezarri ahalko dira, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharko direnak.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek bermatu beharko dute gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna, horretarako arautuz eta jarriz sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak bermatu beharko du Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea.

d) Solidaritatea: botere publikoen jarduketek jo beharko dute populazioaren kohesio sozialari mesede egitera, eta bultzatuko dute pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta deszentralizazioa: gizarte zerbitzuak eman beharko dira pertsonengandik ahalik eta hurbilen, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek sustatu eta bermatu beharko dute pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, laguntza pertsonalizatua emanez behar horiek ezagutzeko.

h) Prebentzioa: gizarte zerbitzuen sistemak bere jarduketak eta zerbitzuak bideratuko ditu premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera, batez ere.

i) Normalizazioa: gizarte zerbitzuen lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzen dutela, ahal delarik.

j) Norbere autonomia sustatzea: gizarte zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren bizimoduari buruzko erabaki pertsonalak hartzeko eta lehentasunak hautatzeko, eta parte hartu eta molda daitezen alor guztietan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan nahiz hezkuntzan).

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta haiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako bultzatuz haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio eta lankidetza bideak.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, baldin eta haien eginkizunek behar diren profesionalen zerbitzuak ordezten ez badituzte.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia-sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.

–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza unitateen beharrei.

–Prebentiboa, ahalegina egiten baitu eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, erabiltzaileen beharrak betetzen laguntzen baitu haien gaitasunak indartuz eta beren aldaketaren eragile eginez, eta familiaren parte-hartzea bultzatzen baitu.

–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.

–Oinarritzat hartzen duena errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.

4. artikulua. Helburuak.

ELZren helburuak hauexek dira:

–Laguntza ematea pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta hala ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.

–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.

–Jarduketak koordinatzea parte hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun eta gizarte sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin.

–Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia, auzo eta adiskidetasun loturak, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatuz eta indartuz, bereziki familiarena, zaintzaileei beharrezko laguntza emanez.

–Laguntza ematea pertsonaren nahiz familiaren krisi koiunturaletan, non kaltetzen diren autonomia pertsonala edo soziala.

–Zerbitzuaren hartzaileen gizarte-harremanak eta jarduerak bultzatzea haien komunitate ingurunean, isolatze eta bakardade arazoak prebenitzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, indargarria izan dadin zaindutako pertsonei lagun egiteko.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izan ahalko dira pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, baldin erroldaturik badaude Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Eskualdeko udalerrietariko batean, baldin badute bizi autonomoa egiteko mugarik eta, ondorioz, ezin badituzte beren kabuz bete premia pertsonala eta sozialak, eta, hortaz, laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

ELZk laguntza emanen die bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztiei, eta eten eginen da, edo erabiltzaileari bakarrik laguntzera mugatu, normalean bizikideak ez diren pertsonak etxean daudenean.

ELZk erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko du, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokienez.

Erabiltzaile izateko, hauexek dute lehentasuna:

–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten zaharrek.

–Desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.

–Familia-unitateek, baldin beren baitan badituzte adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak, eta beren etxean ez badute ematerik behar dituzten zaintza eta arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, bermatze aldera haien garapen normal eta orekatsua.

Salbuespen gisa: lehen mailako ahaiderik ez duten erabiltzaileei aukera eskainiko zaie ELZ larunbatetan eta jaiegunetan eskatzeko. Aukera horri dagokionez, lehen mailako ahaiderik ez dagoenean, egoera oso justifikatuak baloratu ahal izanen dira.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

ELZko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko ditu bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, baldin espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin heziketa lanak egiteaz arduratzen da, laguntzeko eskuratzen bizikidetzako gunearen familia-autonomiari on eginen dioten gaitasunak eta trebeziak.

–Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen etengabeko prestakuntzan ere.

–Beste profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak..

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

ELZ nork nola erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten, gauzatzeko eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta instrumentalak.

–Ea baduten sare naturalaren sostengua, bereziki familiarena.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

Etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketak:

–Norberaren garbitasuna eta higienea: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

–Janzten eta jaten laguntzea.

–Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

–Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osasun-laguntzako taldeekin koordinatuz.

–Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

–Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

Jarduketa hauek guztiak eman ahal izateko, bai erabiltzailearen aldetik bai familia langileen aldetik, Mankomunitateak behar diren laguntza teknikoen mailegua eginen du, modu osagarrian eta bere baliabideen neurrian.

Lehenago aipatutako lanak egiteko, eta laneko arriskuen prebentziorako araudiarekin bat, zerbitzuaren erabiltzaileek eta/edo beren familiakoek lan egiteko toki egokia izan behar dute etxebizitzaren barrenean, eta beharrezko baliabide teknikoak eta materialak emanen dizkiete familiako langileei, horiek lanak behar bezala eta segurtasunez egin ditzaten.

b) Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

–Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Elikagaiak erostea.

–Etxean elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Etxez etxeko janarien zerbitzua.

–Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Etxean nahiz etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.

–Arropa pasaratu eta zaintzea.

–Arropa antolatzea.

–Etxean nahiz etxetik kanpo arropa lisatzea.

–Arropa erostea.

–Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Etxearen garbiketa.

–Konponketa txikiak.

–Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

Etxeko lanak behar bezala eta segurtasunez egiten direla bermatzeko asmoz, eta laneko arriskuen prebentziorako araudiarekin bat, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileak eta/edo beren familiakoak beharturik daude Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek behar dituzten garbiketa produktu eta tresna guztiak eskura edukitzera.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak:

–Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

–Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

–Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

–Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

–Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetzako usadioen gaineko prestakuntza ematea.

–Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Kultura, aisialdi edo denborapasako jardueretan lagun egitea.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak:

–Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

–Zainketen gaineko berariazko prestakuntza.

–Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. ELZren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

–Etxean zainketak ematea errazten duen sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa, etab.).

–Etxeko sostengurako baliabide osagarriak, beste erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, mendekotasunerako laguntzak...

Zerbitzuen zorroa aplikatzeak eta ELZa emateak ez du familia salbuesten erabiltzailearekiko duen erantzukizun legal, sozial eta emozionaletik.

ELZa gehienez ere 2 orduz emanen da egunero, etxe bakoitzean.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da kontuan hartuz zenbat denbora ematen den etxean, ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

–Kanpoan dauden kasuetan: erabiltzaileak gutxienez hilabetez etxetik kanpo daudenean, haiei dagokien gutxieneko tarifa ordaindu beharko dute plazaren erreserba bermatzeko. Ospitalizazio kasuetan izan ezik.

–Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZean definitzen den familia-unitatea:

–Osatzen dutena legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Osatzen dutena berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, osatzen dutena aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak:

–Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

–Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarri direnak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartzea edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelakoak).

–Hileko per capita errenta garbia: sortzen dena aurreko kontzeptuak batuta eta zatituta familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, ahalmen ekonomikoa zehaztuko da aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Eginen da guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80); horrela aterako da laguntza orduaren kostua.

–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea. Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

–Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari (PCEG), eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG > OAEAPren %70 (461)

Salbuetsirik

OAEAParen %70 <PCEG> OAEAParen %85 (461-560)

1,62 prezio publikoaren (PP) %10

OAEAParen %85 <PCEG> OAEAParen %100 (561-659)

3,25 PParen %20

OAEAParen %100 <PCEG> OAEAParen %115 (660-758)

4,88 PParen %30

OAEAParen %115 <PCEG> OAEAParen %130 (759-857)

6,50 PParen %40

OAEAParen %130 <PCEG> OAEAParen %145 (858-955)

8,10 PParen %50

OAEAParen %145 <PCEG> OAEAParen %160 (956-1054)

9,76 PParen %60

OAEAParen %160 <PCEG> OAEAParen %175 (1055-1153)

11,30 PParen %70

OAEAParen %175 <PCEG> OAEAParen %190 (1154-1252)

13,00 PParen %80

OAEAParen %190 <PCEG> OAEAParen %200 (1253-1318)

14,65 PParen %90

OAEAParen %200dik gora (1319)

16,28 PParen %100

–Tarifak %50 igoko dira, dagokion tartearen arabera, baldin arreta larunbat eta jaiegunetan egiten bada.

10. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoak jasotzen ditu ondotik adierazten diren urratsak, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskariaren harrera eta aurkezpena.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozedurari hasiera ematea: prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta abia daiteke:

–Ofizioz: prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Nolanahi dela ere, prozedurak beteko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 54.etik 96.era bitarteko artikuluak (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea).

–Alderdi batek eskaturik: kasu honetan eskabideekin batera aurkeztu beharko da agiri honen 2. eranskinean aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete beharko da.

Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak aurkeztuko dira zerbitzuaren entitate titularraren erregistro orokorrean, ezertan ukatu gabe aurreikusitakoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Izapidetzea: eskabideak ez baditu biltzen eskatzen diren datu eta agiri guztiak, interesdunari errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean eman ditzan falta diren datuak edo ekar ditzan aginduzko agiriak, eta ohartaraziko zaio ezen hala egiten ez badu ulertuko dela eskariari uko egin diola, eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu eginen dela.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, azaltzeko interesa duen bizikidetza-unitatearen premia egoera, eta zehazteko eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote-zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere 10 eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxarote-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1.–Zerbitzua ukatzen edo ematen den.

2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakako laguntza programa:

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren iraupena.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntza emanen den asteko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio-errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta gerora sortutako arrazoiengatik prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori izanen da zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

e) Azkentzea edo etetea.

Azkentzea gertatuko da honako egoera hauengatik:

1.–Interesdunak hala nahi izateagatik edo uko egiteagatik.

2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina ez betetzeagatik.

3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4.–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5.–Gerora sortutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

6.–Sei hilabete baino denbora luzeagoan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, Oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, adierazirik arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna.

Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da etenaldiaren ondorioa.

Gehienez ere hiru hilabete iraunen du.

Plaza erreserbatzeko gutxieneko tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskariari erantzunen zaio zerbitzuaren egoeraren arabera.

f) Balorazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa: behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Familia-unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena: behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu baldin bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-erakundeak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak: ELZren erabiltzaileek eskubidea hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: ELZaren erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Eskatzen den informazio guztia ematea, prestazioaren beharra sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko –arlo pertsonalean, familiarrean nahiz sozialean–.

–Prestazioa gauzatzeko jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea.

–Banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.

–Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek behar duten adina garbiketa produktu eta tresna izatea.

–Lan egiteko toki egokia izatea etxebizitzan eta beharrezko baliabide teknikoak eta materialak, lanak behar bezala eta segurtasunez egiteko.

1. ERANSKINA

Esku-hartze teknikoko protokoloa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Eskariaren harrera eta aurkezpena.

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibideak eta aholku ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza...), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta horrela jakiten da zer baliabide dituzten pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).

–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien dedikazio denboraren gainean.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoa aplikatuz, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerarekiko. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendua eta ebaluazio jarraitua: segimenduan, atzematen ahal dira egoera batzuk berekin dakartenak aldaketak egitea hasierako proiektuan. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan, etab.) kasua berriz baloratuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiekturako proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

–ELZ jasotzeko eskabidea, horretarako emanen den eredua erabiliz.

–NANaren fotokopia.

–Osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena, Bartelen eskalarekin batera.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Ziurtagiriak, behar bezala frogatuak, 9. artikuluan jasotzen diren gastu kengarrienak, honako hauetatik heldu direnak:

–Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.

–Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak...

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, baldin behar badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L2115615