261. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Ordenantza, arautzen duena edukitzea etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izan daitezkeenak. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2021eko uztailaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen duena edukitzea etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izan daitezkeenak.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 26an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsitzat jo da eta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batean.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen harik eta beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu arte eta behar den epea amaitzen den arte Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak erabil dezaten beren ahalmena toki-erakundeei eskatzeko deusezta ditzatela egin dituzten egintzak edo hartutako erabakiak (6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa).

Jaitzen, 2021eko urriaren 8an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA EDUKITZEA ETXEKO ANIMALIAK ORO HAR ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEENAK

ZIOEN AZALPENA

Etxeko animalien gainean ezarritako Nafarroako Foru Komunitateko araudiak (Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea) ezartzen du udalek eskumena dutela instruitzeko eta ebazteko arriskutsuak izan daitezkeean animaliei buruzko zehapen espedienteak. Horrez gain, estatu mailan, udalak beharturik daude halako animalientzako lizentziak ematera eta erregistro bat sortzera; horretara behartzen dituzte arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duen abenduaren 23ko 50/1999 Legeak eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak.

Azaldutakoa ikusirik, eta kontuan izanik herritarrengan nolabaiteko eragina izan dezakeela etxeko animaliekin eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliekin bizitzeak, eta animaliok bide publikoa eta erabilera publikoko espazioak erabiltzeak, beharrezkotzat jo da arautzea halako animalien jabeen eta/edo halako animaliak dauzkaten pertsonen jokabideak eta erantzukizunak. Horretarako, dagokion ordenantza egin da.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek honako hau du helburu: arautzea etxeko animaliak, oro har, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea, eta Jaizko udalerrian aplikatzea legeak ezarritakoa. Honako lege hauek dira aplikatzekoak kasu honetan: 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, Animalien Babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Araubide Juridikoa ezartzen duena arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruz; eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, 50/1999 Legea garatzen duena.

I. TITULUA

Etxeko animalientzat oro har ezarritako xedapen orokorrak

2. artikulua. Definizioa.

Etxeko animaliak dira gizakiak lagun egiteko dituen edo baliabideak lortzeko hazten dituen animaliak.

3. artikulua. Mota guztietako etxeko animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

a) Aplikatu beharko dituzte administrazio publikoek ezartzen dituzten prebentziozko osasun neurriak eta bestelakoak.

b) Aurkeztu beharko dute administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen duen dokumentazioa, udal agintaritzak hala eskatzen dienean.

c) Neurriak hartu beharko dituzte animaliak ez daitezen joan, libreki eta inork eraman gabe, etxebizitzen edo lokalen kanpoaldera, bide publikora edo erabilera publikoko lekuetara.

d) Behar diren neurriak hartuko dituzte animaliek ez kalterik ez trabarik ez egiteko hirugarrenei edo horien ondasunei.

e) Identifikatuta izan beharko dituzte etxeko animaliak eta, bereziki, txakurrak, administrazio publikoak adierazten duen moduan.

f) Jaizko herrigunean, txakurrek lotuta ibili behar dute beti, gehienez ere 2 metroko uhal sendo edo kate batekin, arduradun batek eramanda.

Artzain txakurrek ez dute betebehar hori izanen artzain lanetan ari direnean, baldin eta animalia ez bada arriskutsua izaten ahal, jarraikiz ordenantza honi eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

Artzain lanetan ari ez direnean, uhalez lotuta ibili behar dute txakurrek, baldin gurutzatzen badira artzain lanetan edo aziendarekin dabiltzan txakurrekin.

g) Jaizko herrigunetik kanpo, txakurrak uhal edo katerik gabe ibiltzen ahal dira, baldin eta beren arduradunarekin badaude. Hala ere, txakurrarekin batera doan arduradunak gehienez 2 metroko uhala edo katea eraman beharko du beti aldean, txakurra lotzeko, traba edo kalte egiten ahal dienean jendeei, edo beste animaliei, gauzei, bide eta espazio publikoei eta, oro har, ingurune naturalari.

h) Ez diete kaka egiten utziko animaliei, bereziki txakurrei, espaloietan, galtzadetan, parterreetan, berdeguneetan eta nagusiki jendea igarotzeko eta/edo jostatzeko diren bide publikoko edo erabilera publikoko bide pribatuko elementuetan, ezta herrigunearen inguruko bideetan ere.

i) Animalien eta bereziki txakurren gorotzak bildu eta bota beharko dituzte, aipatutako lekuetan daudenean. Hain zuzen, bide publikoan dauden edukiontzietan botako dituzte, poltsa edo bilgarri baten barruan, eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratuko dira.

j) Txakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egoten ahal, baldin eta barruti horiek erabat itxita badaude bide publikoari, eta halako moduz non txakurrak ezin duen jauzi egin hesiz kanpora. Jabea beharturik dago ohartaraztera txakur zaindaria dagoela, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai jarriz zaintzapeko barrutiko sarrera guztietan.

k) Animaliek zaunkak eta iskanbilak sortu ohi badituzte maiz, jabeek eta/edo edukitzaileek berehala isilarazi behar dituzte, eta aurrerantzean auzokideei halako eragozpenik ez sortzeko neurriak hartu, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortzietara bitartean gertatzen bada.

4. artikulua. Etxeko animalia guztientzako debekuak.

Debeku da:

a) Animaliak kalean ibiltzea, baldin ez badituzte betetzen administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen dituen prebentziozko edo bestelako osasun baldintzak.

b) Animaliak sartzea eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

c) Animaliak sartzea eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan.

d) Animaliak sartzea establezimendu publikoetan edo erabilera publikoko establezimendu pribatuetan, hala nola mediku kontsultategian, ludotekan eta abar.

e) Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, edozein dela ere haien maila edo kategoria, jabeen esku gelditzen da debekatzea animaliak sartzea eta egotea. Halakoetan, seinalea jarri beharko dute egoitzaren sarreran, ikusteko moduan.

f) Animaliak edukitzea beren arduradunek behar bezala kontrolatu ezin dituzten lekuetan.

g) Animaliei uztea zuzenean edaten erabilera publikoko ur txorrotetatik edo iturrietatik.

h) Animaliei jaten ematea bide publikoetan, bereziki katuei, etxekoak nahiz kalekoak izan.

Aurreko b), c) eta d) letretan ezarritako debekuek ez diete eraginen behar bereziak dituzten pertsonei lagun egiteko animaliei, baldin beharrezkoak badituzte beren ohiko bizitzarako; hots, ez diete eraginen itsu-txakurrei eta antzekoei.

II. TITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

5. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira:

a) Pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragiten ahal dizkien espezie edo arraza batekoa dena, edo heriotza ematen ahal dien espezie edo arraza batekoa, basa faunakoa izanik, eta etxeko animalia gisa erabiltzen dela, edo lagun egiteko erabiltzen dela, eta, orobat, ondasunei kalte egiten ahal diena, erasokorra izan nahiz ez.

b) Edozein espezietakoak izanik, erasorako eta defentsarako entrenatu edo trebatu diren animaliak.

c) Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diona.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurtzat hartuko dira:

–Arraza hauetako txakurrak: pit bull terrier, staffodshire bull terrier, american staffodshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu eta horien arteko gurutzatze guztiak.

–Ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituzten txakurrak: muskulatura sendoa, itxura indartsua, gorpuzkera mardula, forma atletikoa, bizkortasuna, indarra eta erresistentzia, izaera nabarmena eta kemen handia, ile motza, 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko soingurutzeko garaiera eta 20 kg-tik gorako pisua, eta bolumen handiko burua, kuboidea, sendoa, garezur zabal eta handikoa, eta masail gihartsu eta konkortuak dituena. Baraila handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza. Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra. Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

–Ezaugarri horiek betetzen ez badituzte ere, izaera erasokor nabarmena duten animaliak edo pertsonei nahiz beste animalia batzuei eraso dietenak, baldin eta agintaritza eskudunak hauteman badu arriskutsuak izan daitezkeela, albaitari baten txostena ikusita eta irizpide objektiboak kontuan hartuta.

I. KAPITULUA

Aldez aurreko lizentzia

6. artikulua. Nahitaezkotasuna.

Jaizko udal-mugartean animalia arriskutsuak izateko, saltzeko edo hezteko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik udal lizentzia eskuratzea.

Lizentzia hori eskatu eta lortu beharko da arriskutsua izan daitekeen animalia eskuratu baino lehen.

7. artikulua. Lizentzia eskatu behar duten pertsonak.

Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak eta/edo edukitzaileak, baldin eta Jaitzen bizi badira edo Jaitzen egiten bada animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera.

Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek eta/edo edukitzaileek baldin animaliak Jaitzen egon behar badu hiru hilabetez gutxienez.

8. artikulua. Lizentzia eskuratzeko baldintzak

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, nahitaezkoa da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko eskubideaz gabetua ez egotea ebazpen judizial bidez; hori frogatzeko, aurkeztu beharko da agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria.

c) Jaso ez izana arau-hauste astun edo oso astunengatik abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. apartatuan ezarritako zehapen osagarririk (lege horrek hizpide du arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoa), bat etorriz martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin (errege dekretu horrek garatzen du abenduaren 23ko 50/1999 Legea, zeinak hizpide baitu arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoa). Baldintza hori frogatzeko, aurkeztu beharko da agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko. Hori frogatzeko, aurkeztu beharko da agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, hirugarrenei eragindako kalteetarako, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

f) Honi dagokionez, indarrean dagoen udal tasa ordaindu izana.

9. artikulua. Prozedura.

Lizentzia eskatu beharko da Udalaren erregistroko bulegoetan, arriskutsua izaten ahal den animalia eskuratu aurretik, ordenantza honen eranskinean jasotako eredu normalizatuari jarraikiz.

Hasiera batean arriskutsua ez den animalia batek erasoren bat egin badu eta, horregatik, eskuratu ostean arriskutsua izan daitekeen animalia gisa sailkatu bada, jabeak eskatu beharko du kapitulu honetan zehaztutako lizentzia, 5 eguneko epean, jarraikiz aipatutako eredu normalizatuari.

Eredu normalizatu horiek herritarren eskura egonen dira Jaizko Udalaren eta udal bulegoetan.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute jabeek, dagozkien ziurtagiri eta dokumentuen bidez.

Dokumentu guztiak aurkeztu ezean, errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean, jarraituz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dokumentazioa aurkeztu ezean, lizentzia ukatu eginen zaio.

Dokumentazioa aurkeztuz gero, dagokion lizentzia emanen zaio.

10. artikulua. Ebazteko eskumena.

Jaizko Udaleko Alkatetzak izanen du lizentzia emateko eskumena, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluaren arabera (Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

11. artikulua. Indarraldia.

Lizentziak bost urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko beste aldietarako.

Lizentziak indarra galduko du titularrak ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

12. artikulua. Aldaketak lizentziaren datuetan.

Lizentziako daturen bat aldatzen bada, titularrak Jaizko Udalari jakinarazi beharko dio, hamabost eguneko epean, aldaketa gertatzen den egunetik hasita.

Indarreko lizentzia administratiboari eragiten dion esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, arrazoi izanen da beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa

13. artikulua. Sorrera.

Jaizko Udalak arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortuko du, animaliak espezieka sailkatuta. Erregistroan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: jabeen eta/edo edukitzaileen datu pertsonalak, animalia identifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak eta ohiko helbidea (zehaztu beharko da gizakiekin bizi den edo beste helburu batzuetarako erabiltzen den, hala nola zaintza, babesa edo besteren bat).

Erregistro hori sortzeko orduan, datuak babesteko araudian ezarritakoari jarraituko zaio:

a) Ordenantza honek indarra hartzen duenean datu pertsonalen fitxategi bat izan beharko da, erregistra daitezen arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak eta/edo edukitzaileak.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek Jaizko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek, animaliak erregistroan inskribatzeko: animalia espeziea; animalia identifikatzeko zenbakia, behar izatera; arraza; gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa baldin bada, jatorrizko arrazak zein diren; animaliaren sexua; jaioteguna; animaliaren ohiko bizilekua (zehaztu beharko da gizakiekin bizi den edo beste helburu batzuetarako erabiltzen den, hala nola zaintza, babesa edo besteren bat); jabearen izena, abizenak eta NANa; animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak; albaitari kolegiatu batek eginiko urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, ez duela bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere; animalia hezi duten zentroko datuak, halakorik bada; eraso kasuak; mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria; erantzukizun zibileko aseguru bat egin izanaren frogagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

c) Erregistroaren helburua izanen da Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea, eta Jaizko Udalak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Erregistroa kudeatzeko lege-oinarria honako hau da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, hizpide duena arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoa.

e) Interesdunen datu pertsonalak zer helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran edukiko dira, Udalaren eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko ezartzen duen epean.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen Udal honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, une bakoitzean aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenekin bat etorriz.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia.

j) Fitxategian erregistraturik daudenek aukera izanen dute beren eskubideak erabiltzeko, artxiboan sartzeko eta datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, datuen tratamendua mugatzeko, kontra egiteko edo eramateko, jarraikiz Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrari.

k) Datuak deuseztatzeko edo ezabatzeko eskaera eginez gero, galdu eginen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien lizentziari eusteko eskubidea.

14. artikulua. Erregistratzeko betebeharra.

II. tituluko I. kapituluan aipatzen den aldez aurreko lizentzia eskuratzen dutenek betebeharra izanen dute arriskutsua izan daitekeen animalia oro erregistratzeko, eskuratu eta hurrengo 15 egun baliodunean. Epe hori zenbatuko da lizentzia jakinarazten zaien egunetik aurrera.

Animalia erregistratu ondoren, Udalak ziurtagiri bat eginen du, eta hor adieraziko da arriskutsua izan daitekeen animalia erregistroan inskribatu dela.

15. artikulua. Erregistroko datuak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek Jaizko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek, animaliak erregistroan inskribatzeko:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa baldin bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

g) Jabearen izen-abizenak eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki ez duela arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroaren datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

m) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin izatearen frogagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000,00 euro).

Jabeak eta/edo edukitzaileak jakinarazi beharko du adierazitako datuetan izaten ahal den edozein aldaketa, aldaketa gertatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Erasoren bat gertatzen bada, aldiz, horren berri eman beharko da erasoa gertatu den egunean bertan.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak eta debekuak

16. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

Ordenantza honen I. tituluko I. kapituluan etxeko animaliak, oro har, izateko adierazitako betebeharrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatu bezala.

b) Ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatzen den lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan inskribatzea arriskutsuak izan daitezkeen animalia guztiak, jabetzan dauzkatenak nahiz bestela dauzkatenak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea Udalari, gertatzen denetik 5 egun balioduneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola edo hil egin dela ere, hamabost egun balioduneko epean, animalia identifikatzeko datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost egun balioduneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Edonola ere, erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen bada nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren kopia konpultsatuak nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Jaitza ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea eta/edo edukitzailea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia 3 hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta neurri egokiak hartu beharko ditu higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat berarekin darabilen pertsonak berekin izan beharko du beti ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatutako lizentzia, baldin eta animaliarekin batera badago espazio publikoetan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan. Kasu horietan, berekin izan beharko du, halaber, animalia hori arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.

k) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek loturik egon beharko dute baldin badaude finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan, salbu baldin badaude behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean, babeste aldera halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak.

l) Arriskutsuak izan daitezkeen animalia gisa sailkatutako txakur guztiek muturreko homologatua eraman beharko dute, beren arrazarako egokia, espazio publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuan.

m) Arriskutsuak izan daitezkeen txakur guztiek identifikatuta egon beharko dute mikrotxip batekin.

Betebehar horiek betetzeko epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, 15 egun baliodunekoa izanen da.

17. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen debekuak.

Etxeko animaliak, oro har, edukitzeko debekuez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek debeku hauek izanen dituzte:

a) Animaliak heztea borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez.

b) Pertsona bat arriskutsua izan daitekeen txakur bat baino gehiagorekin ibiltzea.

c) Adingabe bat arriskutsua izan daitekeen txakur batekin ibiltzea.

III. TITULUA

Zehapenak

18. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

a) Etxeko edozein animalia abandonatzea, alde batera utzita arriskutsua izan daitekeen ala ez.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Animaliak heztea oldarkorrago izateko xedez.

d) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

19. artikulua. Arau-hauste astunak.

a) Aske uztea arriskutsua izan daitekeen animalia bat edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak identifikatzeko araua ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen txakur bat muturrekorik gabe eta/edo lotu gabe ibiltzea leku publikoetan edo erabilera publikoko leku pribatuetan, eta/edo adingabeko batekin ibiltzea.

e) Udal agintaritzak eskatzen dituen eta ordenantza honetan ezartzen diren nahitaezko datuak ez ematea, edo datu osatu gabeak edo dokumentazio faltsua ematea.

f) Uztea, egitez edo ez-egitez, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edo kalte egiten edozein ondasuni, hala bide publikoan nola espazio pribatuetan, halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe, erasoaren unean edo aurretik.

g) Epez kanpo betetzea Jaizko Udalak egindako eskakizun bat edo ordenantza honetan ezarritako betebehar bat.

h) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

20. artikulua. Arau-hauste arinak.

a) Txakurrekin Jaizko herrigunean ibiltzean, txakurrei uhal edo katerik ez jartzea, edo jarritako uhala 2 metro baino luzeagoa izatea.

b) Jaizko herrigunetik kanpo txakurrekin ibiltzean, aldean ez izatea haiek lotzeko 2 metroko uhal edo katerik.

c) Etxeko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea espazio publikoak edo erabilera publikoko espazio pribatuak.

d) Bere txakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

e) Ordenantza honetako beste edozein arau ez betetzea, baldin arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

21. artikulua. Delitua edo falta dakarten arau-hausteak.

Arau-hausteak delitu edo faltatzat har daitezkeen kasuetan, Jaizko Udalak edo hark eskuordetzen duen erakundeak edo dagokionak erabaki dezake animalia konfiskatzea, agintaritza judizialak adierazitakoari jarraikiz, eta berehala organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

22. artikulua. Arau-hausteen erantzulea.

Arau-haustearen erantzuletzat hartuko da animaliaren jabea eta/edo edukitzailea, eta egitez nahiz ez-egitez arau-haustean parte hartu duena.

Administrazio-erantzukizunak ez du deusetan ukatzen bide penalean edo zibilean ere eska daitekeena.

23. artikulua. Zehapenak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso astunei, 2.400,01 eurotik 15.000,00 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak 300,01 eurotik 2.400,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

c) Arau-hauste arinak 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

Gainerako animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso astunak 600,01 eurotik 3.000,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste astunak 150,01 eurotik 600,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

c) Arau-hauste arinak 60,00 eurotik 150,00 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

24. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan isunen zenbatekoa mailakatzeko eta zehapenak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den. Berrerori dela ulertuko da araudia hausteagatik gutxienez bi zehapen ezarri badira.

25. artikulua. Zehapen prozedura.

Jaizko Udalak izanen du zehapenak ezartzeko ahalmena; zehazki, Jaizko Udaleko Alkatetzari dagokio zehapenak jartzeko eskumena.

Zehapen espedientea abiarazi aurretik, Jaizko Udalak kortesiazko abisua emanen du. Hor, ustezko arau-hausleari jakinaraziko dio Jaizko Udalak bere jokabidearen berri izan duela eta arau-hauste gisa sailkatuko dela. Jakinaraziko dio, halaber, zein den arau-haustearen maila eta zer nolako balizko zehapena ekartzen ahal duen berekin, jokabide arau hausle hori bazter dezan.

Jaizko Udalak egiaztatzen badu arau hausleak jokabide bera izaten jarraitzen duela, kasuan-kasuan dagokion zehapen espedientea abiaraziko du, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak alda ditzake ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketa horiek berarekin badakarte karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta jarraitzen badiote aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek barne har dezake, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den ere, berariaz adierazita haren edukia zein izanen den.

2. Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek 2 hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, aipatzen diren baldintzak betetzeko eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatzekoa den legedia aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

Iragarkiaren kodea: L2114941