258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 27an hartua, adierazten duena presakoa dela, nahitaez desjabetzeko, “Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) hiri arteko autobusez aldatzeko geltokia urbanizatzeko obren eraikuntza” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 16ko 49/2021 Foru Aginduaren bidez (2021eko 180. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 3koa), behin-behinekoz onetsi zen “Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) hiri arteko autobusez aldatzeko geltokia urbanizatzeko obren eraikuntza” izeneko proiektua, prozedura onetsi zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko eta jendaurrean paratu zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak aditzera eman du ezen, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak eskaturik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzuen kontzesioa berritzeko esparruan, aurreikusita dagoena Nafarroako Foru Komunitateko Hiri arteko Bidaiari-garraioaren Plan Integralean, eta zehazki, Iruña-Irun (Baztan-Bidasoa eremua) kontzesio berriaren esparruan, beharrezkoa dela autobusez aldatzeko geltoki bat gaitzea Oronoz-Mugairin.

Proiektu horretan zehazten da zer obra egin behar den Oronoz-Mugairiko hiri arteko autobusez aldatzeko geltokia urbanizatzeko, oraingo kokalekuan arazoak baitaude turismoen eta autobusen artean, eta, hori dela eta, komeni da lehenbailehen ekitea obrei. Horregatik, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da presako deklaratzea ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea, nahitaez desjabetzeko, “Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) hiri arteko autobusez aldatzeko geltokia urbanizatzeko obren eraikuntza” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 13.300 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2021eko gastu-aurrekontuko “Oronoz-Mugairiko autobusez aldatzeko geltokia” izeneko 230001-23100-6019-453402 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzura eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2021eko urriaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2115548