258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 27an hartua, presako deklaratzen duena honako proiektu hau gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko: “Bizikleta-bidea eraikitzea. Lesaka lotzea Europako EuroVelo bizikleta-bideen sarearekin”.

Lesakako Udalak, 2021eko uztailaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen desjabetze-espedientea hastea “Bizikleta-bidea eraikitzea. Lesaka lotzea Europako EuroVelo bizikleta-bideen sarearekin” izeneko proiektuari dagokionez, eta hasiera batean onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Lesakako Udalak, 2021eko irailaren 16an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi zituen. Onespen horrek berekin dakar erabilera publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Halaber, erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea deklara dezala presakoa dela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da bermatu behar delako bide eta zirkulazio segurtasuna; izan ere, pertsonak, oinez zein bizikletaz, NA-4000 errepideko bazterbide estutik joateak eguneroko arriskua dakar hala pertsona horientzat nola bidetik doazen ibilgailu motordunentzat.

Nafarroako Gobernuak, Lesakako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea “Bizikleta-bidea eraikitzea. Lesaka lotzea Europako EuroVelo bizikleta-bideen sarearekin” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Lesakako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko urriaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2115547