258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

250E/2021 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: behe-tentsioko (400/320V) lurpeko linearen proiektua, Orreagako herrigunearen eta gaztandegirako eraikinaren artean, Orreagako udal-mugartean. Sustatzailea Fundación Aspace Navarra para el Empleo da.

2020ko abenduaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatu den jarduketa hau da: behe-tentsioko lurpeko linea bat ezartzea, Orreagako herrigunearen (non neurtzeko armairu bat ezarriko baita) eta gaztandegirako eraikinaren artean (bideratze indibiduala), Orreagako 1. industrialdeko 5. eta 10. lurzatietan. Lineak 454 m-ko luzera dauka eta laboreak, larreak eta erreka bat zeharkatzen ditu. Lurpeko kanalizaziorako zanga bat eginen da, non PVCko hodiak paratuko baitira, hormigoizko dadoek babestuta. Bertan erregistroko kutxatilak tartekatuko dira.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, 2021eko irailaren 20an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, jaso dituen txostenak aintzat hartuz gero, baita obrak kontrolatzeko eta lurrak leheneratzeko ingurumen-neurriak ere.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: behe-tentsioko (400/320V) lurpeko linearen proiektua, Orreagako herrigunearen eta gaztandegirako eraikinaren artean, Orreagako udal-mugartean. Sustatzailea Fundación Aspace Navarra para el Empleo da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Erreka zeharkatuko da bazterreko soro hezeei lotutako landaredia ahalik eta gutxien ukituz, eta Orreagako 1. industrialdeko 5. lurzatiaren drainatzea kaltetu gabe.
  • Obrek ukitzen dituzten lurrak garbi, topografian leheneratuak eta egokituak utziko dira, epe laburrean berreskura dezaten obrak egin baino lehen zegoen landare-estaldura.

–Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Baimen hau behe-tentsioko lurpeko linearen proiekturako da, Orreagako herrigunearen eta gaztandegirako (bideratze indibiduala) eraikinaren artean, jarduera honen zerbitzurako, aurkeztu den dokumentazioaren arabera eta baimen honek ezartzen dituen determinazioak kontuan hartuta.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu beteginaren 111.2 artikuluarekin bat, instalazioaren edo azpiegituraren euskarriek edo beste elementu gainerakorrek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten azpiegitura honekin lotzea lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren beste jarduera batzuk.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak dagokion arroko erakundearen baimena eskatu beharko du.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Orreagako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (“Aezkoa-Kinto” 2. koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2115279