258. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2299/2021 EBAZPENA, urriaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia onesten duenak, xedatzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoak funtzionarioentzat gordetzen dituen eta izendapen librekoak ez diren lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez beteko direla, eta horien artean daude, beste batzuen artean, unitate organikoen zuzendaritzak edo burutzak.

Aintzat harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko ataletako, bulegoetako eta antzeko unitateetako burutzak betetzearren Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraitu behar zaiola, eta kontuan hartuta Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegiaren berezitasunak.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak eta baremoa ere. Oinarriak eta baremoa I. eta II. eranskinetan daude zehazturik, eta burutzak III.ean.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko urriaren 22an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzak (aurrerantzean burutzak), deialdiko III. eranskinean agertzen direnak, merezimendu-lehiaketaren bidez betetzea.

Merezimendu-lehiaketaren tramitazioa egin bitartean deialdiko burutzetakoren bat kentzen bada Nafarroako Unibertsitate Publikoko egitura organikoa aldatu delako, kudeatzaileak deialdia baliorik gabe uzteko ebazpena emanen du aipatu burutzari dagokionez.

2.–Arau aplikagarriak.

Merezimendu-lehiaketa hau arautzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onetsia; 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren hirugarren xedapen gehigarria; Nafarroako Administrazio Publikoetan Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia; deialdi honen oinarriak, eta aplikatzekoak diren gainerako araudi guztiak.

3.–Argitalpenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deialdi honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (6.2 oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean azalduko dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak.

4.–Burutzen ezaugarriak.

III. eranskinean zehazten da deialdiko burutza bakoitza zein mailari atxikita dagoen, eta zein betekizun espezifiko dituen.

5.–Izangaiek bete beharrekoak.

Merezimendu-lehiaketako burutzak betetzeko prozesuan parte hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten denean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

Halaber, Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorra zer langileri aplikatzen zaien, horiek ere zilegi dute lehiaketan parte hartzea.

b) Bete nahi den burutzarako eskatzen den mailakoa izatea (III. eranskinean daude adieraziak), edo, maila bat baino gehiago onartzen badira, haietako batekoa izatea.

c) III. eranskinean aipatu burutzarako ezarritako baldintza espezifikoak betetzea, beharrezkoa bada.

6.–Eskaerak, epea eta aurkezteko modua.

6.1. Eskaerak.

Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general+?languageId=100001

Izangaiek zein burutzatarako lehiaketan parte hartuko duten jarri behar dute parte hartzeko orrian.

Parte hartzeko orriarekin batera, lehiatzaileek aipatu burutzarako baldintza espezifikoak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dute, salbu eta aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean (hala bada, eskabidean adierazi beharko da hori). Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

6.2. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.3. Eskaeraren aurkezpena.

Merezimendu-lehiaketa honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general “Hasi tramitea” botoiaren bidez.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, izangaiek 5. oinarrian aipatzen diren betekizunen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du deialdi hauetan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.

Behin-behinean baztertu dituzten edo aipatu ez dituzten izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun naturaleko epean, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

7.2. III. eranskineko burutzetakoren baterako eskaerarik aurkeztuko ez balitz ezarritako epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du burutza hori betetzeko lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko.

7.3. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.

Hautaprobetako onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

7.4. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean epea ezarriko da izangaiek txosten-lana aurkez dezaten.

Txosten-lana telematikoki aurkeztu beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general “Hasi tramitea” botoiaren bidez.

Lehiatzaileek, “Erantsi fitxategiak” eremuan, txosten-lana aurkeztuko dute.

Dena dela, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak txosten-lanaren balorazioa egin eta gero aurkeztuko dira, epaimahai kalifikatzaileak horretarako ezartzen duen epean. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.

7.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

8.–Epaimahai kalifikatzaileak.

8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko burutza bakoitzaren merezimendu-lehiaketak kalifikatu behar dituzten epaimahaiak:

–Epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularra, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat edo haiek eskuordetutako pertsona.

–Ordezko epaimahaiburua: NUPeko Kudeatzailetzaren titularrak eskuordetutako pertsona, edo bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan errektoreordea edo burutza horretako nagusi hierarkiko bat.

–Epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendaria. Zerbitzu bati atxikiak ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona arituko da epaimahaikide idazkari.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: bete nahi den burutzari dagokion unitate organikoaren ardura daukan zerbitzuko zuzendariak eskuordetutako pertsona. Zerbitzu bati atxikita ez dauden burutzen kasuan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria izanen da ordezko epaimahaikide idazkaria.

8.2. Burutza bakoitzerako onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira Epaimahai kalifikatzaileko kideen eta ordezkoen izenak.

8.3. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.

8.5. Epaimahaiak sei hilabete izanen ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko eta dagokion proposamena kudeatzaileari bidaltzeko.

8.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

9.–Elementuen balorazioa.

9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, ehun puntuko balio maximoa edukiko duen eta honela banatuta egonen den eskala batean:

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamabost puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: hogeita bost puntu gehienez.

c) Lehiaketaren xede den burutzari edo zuzendaritzari buruzko txosten-lana: berrogei puntu gehienez.

Goiko a) eta b) apartatuetan aipatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezten diren unean joko dira alegatutzat merezimendu horiek.

9.2. Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Dokumentu honen 7.4 oinarrian adierazitako ebazpenak ezartzen duen epean, izangaiek txosten-lan bat aurkeztu beharko dute, honako hauek osatua:

a) Burutzako edo zuzendaritzako eginkizunen analisi bat.

b) Eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren betekizunak, baldintzak eta bitartekoak.

c) Deialdiko unitate organikoaren antolaketa tekniko-administratiboa.

Epe hori igarota txosten-lana aurkezten ez dutenak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean iragarriko den jendaurreko ekitaldi batean, izangai bakoitzak bere txosten-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko du epaimahaiaren aurrean, eta epaimahaikideek, halaber, zilegi izanen dute aurkezpenari buruz egokitzat jotzen dituzten galderak egitea.

10.3. Izangairen bat txosten-lana aurkeztu eta defendatzera agertzen ez bada, lehiaketatik kanpo geldituko da automatikoki.

10.4. Txosten-lana baztertzailea izanen da; berrogei puntuko balorazioa jaso ahal izanen da gehienez, eta hogei puntu lortu beharko dira gutxienez.

10.5. Ondoren, eta txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaien kasuan baino ez, 9. oinarriaren a) eta b) apartatuei dagokienez alegatu dituzten merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, II. eranskinean ezarritako baremoarekin bat etorriz.

Izangaiek, horretarako, bost egun naturaleko epea izanen dute, txosten-lanaren balorazioaren emaitzak argitaratu ondotik, II. eranskinean ageri diren merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez da aurkeztu beharrik izanen.

Ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Ez da inola ere Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiria aurkeztu beharko baldin eta NUPek aitortu baditu. Orobat, ez da aurkeztu beharko NUPek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu izanaren ziurtagiririk baldin eta Langilearen Atarian jasoak badaude. Dokumentazio hori zuzen-zuzenean sartuko da lehiatzailearen espedientean, eta epaimahaiaren esku egonen da baremazioa egin dezan.

Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/catalogo-de-procedimientos/todos/instancia-general, “Hasi tramitea” botoia sakatuz eta “Erantsi fitxategiak” eremuaz baliatuz.

10.6. Epaimahaiak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko aukera du, izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

10.7. Txosten-lanari dagokion proba izangai bakar batek gainditzen badu, ez dira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

Halaber, atala baino maila txikiagoko unitateetako burutzen kasuan, hautagai bakarra dagoenean eta deialdia baino lehenagoko bi urteetan lanpostuan etenik gabe jardun duenean, lehiaketa pertsona horren alde ebatziko da automatikoki.

11.–Gainditu duten pertsonen zerrenda, izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Txosten-lanaren proba gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa merezimenduen kalifikazioan lortutakoari gehituko zaio, izangaietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortzeko.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

11.2. Lehiaketako elementu guztiak baloratu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta bost egun naturaleko epea irekiko du interesdunek dagokiena alega dezaten balorazioaren gainean. Pertsona bakar baten txosten-lana baloratu bada, proba horretan lortu duen puntuazioa baizik ez da argitaratuko.

11.3. Behin erreklamazioak ebatzi ondoren, edo epea igarota erreklamaziorik aurkeztu ez bada, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dio proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.

11.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak puntuaziorik altuena lortu duen pertsona izendatuko du burutza bakoitzerako.

11.5. Izendapenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

11.6. Izendatuak diren lehiatzaileek izendapenaren jakinarazpena egin eta hurrengo hamar egun naturaleko epean jabetu behar dute burutzaz.

Ezarritako epean burutzaz jabetzen ez direnek izendatu dituzten burutzan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte salbu eta behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausa dagoenean. Kasu horietan, onartutakoen zerrendako hurrengo izangaiek hartuko dituzte lanpostuak (zerrenda hori oinarri honen bigarren apartatuan aipatutakoa da).

12.–Datu pertsonalen babesa.

Hautaketa prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar da delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa–.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

a.1) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatzen diren mailako/taldeko eta titulazioko lanpostuetan: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

a.2) Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoetan ez bezalako lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

b.1) Erakundeek zentro publikoentzat eta unibertsitateentzat antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 10 puntu gehienez.

Oharrak b.1. atalari buruz:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3.–Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4.–Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Unibertsitatearen aginduz egin badira edo Unibertsitateak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barrenean antolatutakoak.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 3 puntu gehienez, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

b.4) Deialdian eskatzen ez diren titulazioak eta espezialitate akademikoak: 4 puntu gehienez ere.

b.5) Deialdian eskatzen den titulazioari dagokion doktore gradua edo lizentzia: 2 puntu gehienez ere.

b.6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, hala nola sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, edo kontsultako, aholkularitzako, partaidetzako edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez ere.

c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.

c.1) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 5 puntu emanen dira.

c.2) Euskara jakiteagatik, gehienez ere 6,90 puntu.

Oharrak c) atal osoari buruz:

1.–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2.–Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

Atal, bulego eta antzeko unitateetako burutzen zerrenda,
merezimendu-lehiaketaren bidez deitu direnena

–Bulegoko arduraduna (Antzinako Funtsaren eta Bilduma Berezien Bulegoa) / Zerbitzuen Atala / Liburutegi Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 233.
  • Betebehar espezifikoak: B maila.

–Bulegoko burua (Kontratupeko Irakasleak) / Langileria Kudeatzeko Atala / Giza Baliabideen Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 55.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Atalburua / Euskararako Atal Teknikoa / Irakaskuntzako Errektoreordetza.

  • Lanpostu zenbakia: 277.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.
  • Hizkuntza: euskarako C1 maila.

–Atalburua / Sistemen eta Komunikazioen Atala / Informatika Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 252.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala / Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza.

  • Lanpostu zenbakia: 484.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Aholkularitza Juridikoko Atala / Zerbitzu Juridikoa.

  • Lanpostu zenbakia: 40.
  • Betebehar espezifikoak: A maila.
  • Titulazioa: Zuzenbidean lizentziaduna.

–Atalburua / Unibertsitate Zabalpenaren eta Gizarte Erantzukizunaren Atala / Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetza.

  • Lanpostu zenbakia: 182.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Laguntzen eta Deialdien Atala / Ikerketa Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 430.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Kontabilitate Atala / Ekonomia Gaietarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 69.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Campuseko Zerbitzuen Atala / Informatika Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 545.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Zerbitzuen Atala / Liburutegi Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 224.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Unitateko arduraduna / Laguntza Administratiborako 6. Unitatea / Ikastegiak eta Sailak Koordinatzeko Unitatea / Kudeaketa Hobetzeko Atala / Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 650.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Unitateko arduraduna / Laguntza Administratiborako 3. Unitatea / Ikastegiak eta Sailak Koordinatzeko Unitatea / Kudeaketa Hobetzeko Atala / Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 642.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Laguntzeko koordinatzailea (Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saila) / Laguntza Administratiborako 2. Unitatea / Ikastegiak eta Sailak Koordinatzeko Unitatea / Kudeaketa Hobetzeko Atala / Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 705.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Bulegoko burua (Sarbidea) / Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala / Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza.

  • Lanpostu zenbakia: 551.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Bulegoko burua (Kontratazioa) / Kudeaketa Ekonomikoaren Atala / Ekonomia Gaietarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 84.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila.

–Atalburua / Unibertsitateko Arreta Atala / Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 621.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Atalburua / Kudeaketa Korporatiboaren Atala / Informatika Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 243.
  • Betebehar espezifikoak: A/B maila.

–Bulegoko burua (Unibertsitate Arretarako Unitatea) / Unibertsitateko Arreta Atala / Antolamendurako, Kalitaterako eta Prozesuetarako Zerbitzua.

  • Lanpostu zenbakia: 172.
  • Betebehar espezifikoak: C/D maila

Iragarkiaren kodea: F2115546