256. ALDIZKARIA - 2021eko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

65E/2021 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 23ko 60E/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdia, laguntza horien bidez 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 585175.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 23ko 60E/2021 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Nafarroako kirol federazioei dirulaguntzak emateko deialdia, kirol errendimenduko programak gauzatzeko 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte.

Deialdiaren oinarri arautzaileen 6.1 puntua berrikusirik, “Gastu diruz lagungarrien kontzeptua. Teknikariak”, egiaztatu da akats bat dagoela eta idazketak ez duela behar bezala jasotzen jarraitu nahi den irizpide teknikoa; beraz, bidezkoa da hori aldatzea.

6.1. a) puntuko azken paragrafoak honela dio hitzez hitz: “Pertsona batek teknikarien bi kategoria horietako bategatik bakarrik aurkezten ahalko ditu gastu diruz lagungarriak”; hauek dira kategoriak: zuzendari teknikoa eta teknikaria. Horrek esan nahi du ezen, kirol federazio batean pertsona bera bi kategorietan sartzen bada, aldi berean zuzendari teknikoaren eta teknikariaren eginkizunetan ari delako, dagokion federazioa kaltetua gerta daitekeela dirulaguntza jasotzerakoan, bi kategoria horietako bategatik bakarrik eskatzen ahalko duelako dirulaguntza.

Horregatik, kontzeptu hori berriz baloratu ondoren, beharrezkoa ikusi da muga hori aldatu eta argitzea, horrela, aldi berean zuzendari teknikoaren eta teknikariaren zereginetan ari den pertsonagatik dirulaguntza eskatzeko bidea errazteko federazioei. Kasu horretan, pertsona horrengatik diruz laguntzen ahalko den gehieneko muga 15.000 eurokoa izanen litzateke, bertako kirol modalitateei dagokienez oinarrietan dagoeneko jasota dagoenean izan ezik.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute aldaketa hau egokia eta onura publikokoa dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea foru agindu bat, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 23ko 60E/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako kirol federazioei dirulaguntza batzuk emateko deialdiaren oinarriak, 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitarte kirol errendimenduko programak gara ditzaten. Horrela, zati batean aldatuko da foru agindu horren 6.1.a) eta 6. 1.b) oinarrien edukia.

2. Aldatzea irailaren 23ko 60E/2021 Foru Aginduaren eranskineko 6.1.a) eta 6. 1.b) oinarriak. Honela idatzita geldituko dira:

“6.1. Teknikariak.

a) Programetako teknikariei dagozkien gastuak dira.

Hauek dira teknikariak:

–Zuzendari teknikoa.

Zuzendari teknikoa aldi berean aritzen bada federazioaren eginkizun teknikoetan eta federazioaren berariazko programei loturiko bestelako eginkizunetan, eskabidean ongi zehaztuko da eginkizun horietako bakoitzari aplikatzen zaion portzentajea, atal honetan dagokion gastu diruz lagungarria banatzeko. Hori egiaztatzeko, federazio eskatzaileak Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi batzuetan aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da.

–Teknikaria.

b) Apartatu honetan diruz laguntzeko muga bat ezartzen da federazio bakoitzeko errendimendu programa osatzen duten pertsonetako bakoitzarentzat:

  • 15.000,00 euro zuzendari teknikoarentzat, bertako kirol modalitateetakoak izan ezik. Muga bera aplikatuko da pertsona bera aldi berean aritzen bada zuzendari teknikoaren eta teknikariaren zereginetan.
  • 10.000,00 euro langile bakoitzeko, gainerako teknikarientzat.”

3. Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Kirol Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Iruñean, 2021eko urriaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2115597