249. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1924/2021 EBAZPENA, 2021eko irailaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak eta 2007ko urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz –haietako lehenbizikoak unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztapen nazionala ezarri zuen, eta bigarrenak unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketak arautu–, eta 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan eta Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean egindako bileran onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko arautegian xedatutakoari jarraikiz.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2021. urteko Lan Publikoaren Eskaintza (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2021eko otsailaren 22koa), non barne promozioko 6 lanpostu baitaude jasoak unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko.

Kontuan harturik 2021. urteko Lan Publikoaren Eskaintzari dagozkion Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko irakaskidegoetako 3 irakasle lanpostutarako deialdia egiteko erabakia, Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 22an egindako bileran onetsia.

Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontuhartzailetzak txostena eginik.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Unibertsitateko katedradunen kidegoko 3 lanpostu barne promozio bidez betetzeko sarbide lehiaketarako deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Sarbide Batzordeetako kideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 13an.–Irakasleen Gaietarako errektoreordea, Inés Olaizola Nogales.

UNIBERTSITATEKO KATEDRADUNEN KIDEGOKO LANPOSTUAK BETETZEKO SARBIDE LEHIAKETARAKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1. Oinarri hauen xedea da unibertsitateko katedradunen kidegoko lanpostuak betetzeko sarbide lehiaketa arautzea. I. eranskinean ageri dira lanpostu horiek.

2. Lehiaketa hau arautzeko, honako hauek ezarritakoa hartuko da kontuan: Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa; 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztapen nazionala ezartzen duena; 2007ko urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketak arautzen dituena; 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak; Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean egindako bileran onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Arautegia; 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena; 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legea; deialdiaren oinarri hauek, bai eta aplikatu beharreko gainerako arau orokorrak ere.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 80.3 artikuluarekin bat, gehienez ere lau hilabete igaroko dira onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, epe hori ez bada luzatzen arrazoi larriren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo bidezko beste arrazoiren batengatik.

4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Estatuko Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (4. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/irakasle-eta-ikertzaileen-deialdiak

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

Lehiaketan onartua izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaz jabetu arte beteko dira:

a) 18 urte baino gehiago izatea, eta nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

b) Deialdiko xede den lanpostua betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

c) Diziplinazko espedientearen bidez edozein Administrazio Publikotako zerbitzutik bazterturik ez egotea, eta funtzio publikoak garatu ahal izateko ezgaitua ez egotea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

d) Unibertsitateko Irakasle Titularren Kidegokoa edo Ikerketako Organismo Publikoen Ikertzaile Zientifikoen Eskalakoa izatea, eta gutxienez ere bi urtez zerbitzu eman izana egoera horretan.

e) Unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko egiaztagiria edukitzea, 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (2007ko urriaren 5ekoa, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztapen nazionala ezartzen duena), edo horretarako gaitua egotea 2002ko uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera (unibertsitateko irakasle funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza nazionalaren sistema eta sarbide-lehiaketen araubidea arautzen dituena).

3.–Tasa.

3.1. Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko behar diren zerbitzuen tasa 41,60 eurokoa izango da, Nafarroako Foru Administrazioaren tasei eta salneurri publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izena eta “Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketa” identifikazioa agertuko dira.

3.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdiaren iragarkia argitaratu baino lehenago gutxienez hilabete batez lan-eskatzaile moduan inskribaturik egon direnak, baldin eta izena emateko epean inolako lan-eskaintza egokiri uko egin ez badiote, eta sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari uko egin ez badiote salbu eta justifikaturiko arrazoiengatik. Halaber, beharrezkoa da lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea hilabetean.

Honela egiaztatuko da zirkunstantzia hori:

–Enplegu-eskatzaile gisa izena emateari dagokionez, behar den Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, eskatzailea zein egunetan inskribatu den adieraziko da, eta berariaz adieraziko da inskripzio-aldian ez duela enplegu-eskaintza egokirik baztertu, eta ez diola uko egin sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari, arrazoi justifikatuak zeudenean izan ezik.

–Hilero lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik jasotzen ez bada, interesdunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du.

3.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, laugarren oinarrian ezarritako aurkezpen epearen barruan tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea dakar, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

3.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

4.–Eskaerak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean ere argitaratuko da. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaeraren aurkezpena.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, “Hasi tramitea” botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira, ez besterik:

–Lehiaketan parte hartzeko eskaera ofiziala. Helbide honetan eskura daiteke:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/plazas-cdu.pdf

–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia.

–Bigarren oinarrian lehiaketa honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla adierazten duten egiaztagirien fotokopia.

–Hirugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

Ez aurkeztutzat joko da aurrez zerrendatutakoez gainera aurkeztutako edozein agiri.

Eskabidea modu presentzialean ere aurkezten ahal da, baldin eta aurkezpen telematikoa egiteko modurik ez badago.

Halako kasu berezietan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko da dokumentazioa (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera).

Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, behar besteko denboraz, mugatua egonen baita hitzordu kopurua. Hitzordua eskatzeko:

–Iruñean (kokaleku berria, Liburutegiaren eraikinean): 948169032.

–Tuteran: 948417800.

4.3. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikusten badu izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

4.4. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki-taula elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean), lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada.

5.2. 4.2 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.

5.4. Eskaerak zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean) lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5.5. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Izendapenerako proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 11. oinarrian adierazitakoarekin bat.

5.6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

6.–Sarbide Batzordeak.

6.1. Sarbide Batzordeen osaera oinarri hauen II. eranskinean dator.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko irakaskidegoetarako sarbide lehiaketetarako arautegiko 12. artikuluarekin bat etorriz, batzordekideen curriculuma Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da, interesdunek ikus dezaten.

6.3. Batzordea jardunean hasi baino lehen eratuko da formalki. Horretarako, batzordeburuak, Batzordeko gainerako kideei aurretik kontsultatu eta gero, ebazpen bat emango du onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik gehienez ere hilabete batera, bileraren tokia, eguna eta ordua ezartzeko, eta interesdun guztiei jakinaraziko zaie beranduenez hamabost egun natural lehenago; deitutakoak honako hauek izango dira:

a) Batzordeko kide titular guztiak eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren ordezkoak, Batzordearen eraketa-egintza burutu ahal izateko. Eraketa-egintzaren eguna, ordua eta tokia jakinarazpenean jasoko dira.

b) Lehiaketan parte hartzeko onartutako izangai guztiak, lehiatzaileen aurkezpen-ekitaldia egiteko, hura zer egunetan, zer ordutan eta non gauzatuko den adierazita. Horri begira, ez da zilegi Batzordearen eraketa-egintzarako ezarritako dataren eta aurkezpen-egintzarako adierazitako dataren arteko epea bi egun baliodun baino luzeagoa izatea.

6.4. Eraketa-egintzan finkatu eta jendaurrean jarriko dira lehiatzaileak balioesteko probetako bakoitzean erabiliko diren irizpideak eta zenbakizko balioespen globala, bai eta proba bakoitzaren ataletako bakoitzarenak ere, kontuan hartuta deialdian ezarritako lanpostuaren xehetasunak, balioetsi beharreko jardueren barrenean baitaude. Irizpide hauetan ezingo da sartu egiaztagiria dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.

6.5. Lehiaketa egin bitartean, Sarbide Batzordeak erabakiko ditu arauak aplikatzean sortzen diren zalantzak, bai eta arau horietan aurreikusi ez diren kasuetan jarraitu beharreko bidea ere. Batzordearen jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legera egokituko da beti.

6.6. Batzordeak jardun ahal izateko, haren kide guztiek bertan egon behar dute.

7.–Aurkezpen-ekitaldia.

7.1. Aurkezpen-ekitaldian, zeina jendaurrekoa izango baita, Batzordeak zehatz-mehatz finkatuko du lehenengo proba nolakoa izango den, eta behar beste argibide emango ditu proba egiteko moduaz. Halaber, lehiatzaileak zer ordenatan jardungo duten zehaztuko du zozketa bidez, eta proba non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den finkatuko du. Nolanahi ere, proba ezingo da aurkezpen-ekitaldia bukatu eta ondorengo 24 orduak pasatu baino lehen egin. Alabaina, lehiatzaileek idatziz uko egin ahalko diote epe horri. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen-ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.

Batzordeburuak epe bat eta tokia emango ditu ezagutzera, lehiatzaileek proba hasi baino lehen modua izan dezaten gainerako lehiatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.

7.2. Lehiatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztuko diote batzordeburuari:

a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza- eta ikerketa-historia, hiru aletan, eta horri erantsiko zaizkio beren merezimenduen egiaztagiriak eta argitalpenen, garatutako patenteen eta parte hartu duten ikerketa-proiektuen zerrenda.

b) Irakaskuntza-proiektua, zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu horri dagokion irakasgai edo espezialitate baten programaren berri emango duena, eta ikerketa-proiektua, lanpostu hori esleitzen bazaio garatuko lukeena. Dokumentazio guztia hiru aletan aurkeztuko da.

7.3. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatzen ahalko dizkie lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izango, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.

8.–Probaren garapena.

Sarbide lehiaketak ahozko bi proba izango ditu.

8.1. Lehen proba jendaurrekoa izango da. Batzordeak ezarritako moduari jarraikiz, gehienez ere bi ordu iraungo duen adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta, gero, gehienez ere bi ordu iraungo duen eztabaida batzordekideekin, izangaiak alegatutako merezimendu hauei buruz:

a) Irakasle gisa duen ibilbide akademikoa, non unibertsitateko irakaslanak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta irakaslan horiek balioesteko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikerketan duen ibilbide akademikoa, non ikerketa-jarduerak eta argitalpen zientifikoak agertuko diren, dokumentu bidez egiaztatuak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

d) Irakaskuntza-proiektua.

e) Ikerketa-proiektua.

Atal bakoitza Batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta balioetsiko da.

Lehen proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako a, b, c, d eta e irizpideei egokituta.

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

Batzordeak berehala jakinaraziko dizkie izangaiei lehen probaren emaitzak. Emaitza horietan probako ataletako bakoitzaren bana-banako balioespena agertuko da, bai eta haren balioespen globala ere.

Halaber, jakinaraziko da bigarren proba non, noiz eta zer ordutan egingo den. Hori guztia gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratzea galarazi gabe (deialdi honi dagokion atalean).

8.2. Bigarren proba jendaurrekoa izango da, eta Batzordeak izangaiaren adierazpen gaitasuna, azaldu dituen gaien edukiaren kalitatea eta garrantzia, eta eztabaidatzeko duen gaitasuna balioetsi beharko ditu.

Gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izango du batzordekideekin gero, izangaiak egindako ikerketa-lan original bati buruz. Horretarako, lehen probaren emaitza jakin ondoren, gainditu duten izangaiek lan horren laburpena emango diete Batzordeko kideei, hiru aletan.

Bigarren proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Batzordeak bigarren probaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko ditu (deialdi honi dagokion atalean).

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

8.3. Behin sarbide lehiaketa eginda, izangaien behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

9.–Lanpostua betetzeko proposamena.

9.1. Sarbide Batzordeak, zazpi egun balioduneko gehieneko epean proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita, izangai guztien zerrenda proposatuko dio errektoreari, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatua. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izango. Zilegi izango da, halaber, deitutako lanpostua ez betetzeko Batzordearen proposamenarekin amaitzea prozesua.

9.2. Batzordeak izendapenerako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatearen iragarki-taula elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean).

9.3. Izangaientzat zilegi izango da Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatzea Batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balioespen arrazoituaren ziurtagiria.

10.–Lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioak.

10.1. Izangaiek Sarbide Batzordearen proposamenaren aurka erreklamazioa aurkezten ahalko dute, errektorearen aurrean, gehienez ere hamar egun balioduneko epean.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Arautegiaren 18. artikuluan ezarritako Erreklamazio Batzordeak balioetsiko du erreklamazioa.

10.3. Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu balioetsiko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du. Erreklamazio Batzordeak ezingo du inola ere ordezkatu Sarbide Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

10.4. Sarbide Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta baldin eta Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emango du erreklamazioa tramitera onartzeko eta izendapenaren prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

10.5. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Sarbide Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

10.6. Erreklamazio Batzordeko kideek dokumentazioa aztertu eta erabaki hauetako bat har lezakete, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Sarbide Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izango ditu Sarbide Batzordearen proposamenean, aldatu egingo baitu izangaien hurrenkera.

b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Sarbide Batzordearen proposamena.

d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, Erreklamazio Batzordeak Sarbide Batzordearen proposamena berretsiko du.

10.7. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

10.8. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

11.–Dokumentazioaren aurkezpena.

11.1. Proposatutako izangaiak, lanpostua betetzeko proposamena argitaratu eta hogei egun balioduneko epean, 5.5 oinarrian ageri direnez gain, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo haren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Mediku-ziurtagiri ofiziala, unibertsitateko irakaslearen lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Izangaia atzerritarra bada, egiaztatu beharko du ez duela bere Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten dion diziplina-zigorrik edo kondena penalik.

d) Bateraezintasunik ez daukala adierazten duen aitorpena, jarduera publikoren bat betetzen edo pentsioren bat jasotzen ari bada.

11.2. Proposatutako izangaia funtzionario publikoa bada ez ditu a) eta b) ataletako dokumentuak justifikatu behar, eta funtzionarioa dela-eta bere zerbitzu-orrian agertzen diren inguruabarrak egiaztatzen dituen administrazioaren egiaztagiria aurkeztu behar du.

12.–Izendapena eta kargu-hartzea.

12.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak izendatuko du izangaia irakasle funtzionario, proposaturiko izangaiak aurreko oinarrian ezarritakoa bete eta gero.

12.2. Proposaturiko izangaiak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitatearen errektoreak Sarbide Batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan agertzen den lehiatzailea izendatuko du funtzionario, hark aipatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

12.3. Izendapenak lanpostuaren izena, kidegoa, jakintza-arloa eta saila zehaztuko ditu, bai eta Langileen Lanpostu Zerrendan lanpostuak duen kodea ere. Langileen Erregistro Nagusian izendapenaren berri emango da, Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko, eta Unibertsitateen Kontseiluaren Idazkaritza Nagusian ere bai. Izendapena “Estatuko Aldizkari Ofizialean” eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

12.4. Izendapena “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik gehienez ere hogei egun balioduneko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposaturiko izangaiak, eta, orduan, dagokion unibertsitateko irakaskidegoko funtzionario bihurtuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.proteccion-datos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen eta Sarbide Batzordearen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoak jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako kasuetan eta forman, 10. oinarrian ezarritako lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioaren aurka izan ezik.

Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Oharra: genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.

I. ERANSKINA

Deialdiko lanpostuak

Lanpostu zk.: 5542.

–Kidegoa: unibertsitateko katedraduna.

–Saila: Enpresen Kudeaketa.

–Jakintza-arloa: Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea.

–Irakaskuntza-eskakizuna: Jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: Finantza Merkatuak eta Kreditu Arriskua.

Lanpostu zk.: 5543.

–Kidegoa: unibertsitateko katedraduna.

–Saila: Ingeniaritza.

–Jakintza-arloa: Materialen Zientzia eta Ingeniaritza Metalurgikoa.

–Irakaskuntza-eskakizuna: Jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: PVD bidezko Estaldura Tribologikoak eta Ezarpen Ionikoa.

Lanpostu zk.: 5544

–Kidegoa: unibertsitateko katedraduna.

–Saila: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa eta Komunikazio Ingeniaritza.

–Jakintza-arloa: Teknologia Elektronikoa.

–Irakaskuntza-eskakizuna: Jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: Sentsore eta Gailu Optikoak.

II. ERANSKINA

Sarbide Batzordeen osaera

Lanpostu zk.: 5542.

–Batzorde titularra:

Batzordeburua: Francisco González Rodríguez jauna, Oviedoko Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: María Pilar Corredor Casado andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: Pablo de Andrés Alonso jauna, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna.

–Ordezko 1. batzordea:

Batzordeburua: Pablo Arocena Garro jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

1. batzordekidea: María Teresa García Marco andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: Francisco José Climent Diranzo jauna, Valentziako Unibertsitateko katedraduna.

–Ordezko 2. batzordea:

Batzordeburua: Martín Larraza Quintana jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

1. batzordekidea: María Isabel Brusca Alijarde andrea, unibertsitateko katedraduna Zaragozako Unibertsitatean.

2. batzordekidea: Beatriz García Osma andrea, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko katedraduna.

Lanpostu zk.: 5543.

–Batzorde titularra:

Batzordeburua: María Victoria Biezma Moraleda andrea, Kantabriako Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: Rafael Rodríguez Trías jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: Alejandro Ureña Fernández jauna, Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateko katedraduna.

–Ordezko 1. batzordea:

Batzordeburua: Gloria Patricia Rodríguez Donoso andrea, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: José Ignacio Peña Torre jauna, Zaragozako Unibertsitateko katedraduna.

2. batzordekidea: Luis Miguel Llanes Pitarch jauna, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko unibertsitateko katedraduna.

–Ordezko 2. batzordea:

Batzordeburua: María Pau Ginebra Molins andrea, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: Francisco Javier Belzunce Varela jauna, Oviedoko Unibertsitateko katedraduna.

2. batzordekidea: Daniel Araujo Gay jauna, Cádizko Unibertsitateko katedraduna.

Lanpostu zk.: 5544.

–Batzorde titularra:

Batzordeburua: Beatriz Romero Herrero andrea, Madrilgo Rey Juan Carlos Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: Ignacio Raúl Matías Maestro jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: Jaume A. Segura Fuster jauna, Balear Uharteetako Unibertsitateko katedraduna.

–Ordezko 1. batzordea:

Batzordeburua: María del Carmen Vázquez García andrea, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: Francisco Javier Arregui San Martín jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: Eduard Llobet Valero jauna, Rovira i Virgili Unibertsitateko katedraduna.

–Ordezko 2. batzordea:

Batzordeburua: Concepción Aldea Chagoyen andrea, Zaragozako Unibertsitateko katedraduna.

1. batzordekidea: Manuel López-Amo Sainz jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna.

2. batzordekidea: José Luis Sánchez de Rojas Aldavero jauna, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna.

Iragarkiaren kodea: F2114884