246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Udal ordenantza, obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2021eko ekainaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Valtierrako udal mugapean obra txikiak egiteko hirigintzako lizentziak arautzen dituen ordenantza. Haren iragarkia 2021eko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, zeina maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza fiskalean egindako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Valtierran, 2021eko irailaren 29an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

UDAL ORDENANTZA, VALTIERRAKO UDAL MUGAPEAN OBRA TXIKIAK EGITEKO HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintzako lizentziak emateko prozedura arautzea, haien tramitazioa erantzukizunpeko adierazpenaren araubideko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.

2. artikulua. Esparru materiala.

Obra txikiak, obra handitik bereizten den aldetik, ezaugarri hauek ditu: teknikaren aldetik erraza da eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.

Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

Kontzeptu horretatik kanpo daude:

–Indarreko legediaren arabera, proiektu teknikoa izan behar duten eraikuntzako obra handiak.

–Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

–Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).

–Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera bat ezartzea edo baimendutako jarduerarekin zerikusi txikia duen jarduera bat ezartzea berekin dakarten obrak.

–Jarduera sailkatuak ezartzea edo horiek funtsean aldatzea dakarten obrak.

–Lurzoru urbanizaezinean kokatutako jarduerak.

LEHEN TITULUA

Jakinarazpen araubideari lotutako obra txiki errazak

3. artikulua. Tipologia.

Honako hauek obra txiki errazak dira, eta erantzukizunpeko adierazpen bidez jakinarazitako hiri lurzoruko jarduketa moduan izapidetze erraztuaren xede dira.

1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

2. Fatxadetako eta estalkietako obrak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:

–Estalkiak konpontzea eta teilaberritzea.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

Inola ere ezin izanen dira obrak jakinarazitako jarduketa gisa tramitatu, aldamioak jarri behar badira, edozein modutan eremu publikoa okupatzen bada, edo aldi baterako lan batzuk altueran egiten badira, edo garabi ibilgailuak erabiliz, aurrez zirkunstantzia horiek jakinarazi eta lanok egiteari dagokionez udal zerbitzuekin koordinatu gabe. Katalogatutako eraikin edo elementuetan egiten diren obrak ere ezin izanen dira jarduketa jakinarazien gisan tramitatu.

4. artikulua. Baldintza dokumentalak eta teknikoak.

4.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira Valtierrako Udaleko Erregistroan.

1. Udalak normalizatutako inprimakia jarduketa jakinarazien obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea).

2. Lanak deskribatzeko memoria.

3. Partidetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.

4.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lan motaren arabera: fatxadetako eta/edo estalkietako jarduketetan, obretako elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.

4.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuari jarraikiz, ordaindu izanaren frogagiriarekin batera.

5. artikulua. Jarduketa jakinarazien prozedura berezia.

1. Jakinarazpena Valtierrako Udalaren inprimaki normalizatuan egin beharko da. Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztuko da, eta interesdunaren helbideaz eta identifikazio datuez eta higiezinaren datuez gainera, kasu bakoitzaren berariazko dokumentazioa ere aurkeztuko da.

2. Jarduketa jakinarazien jakitun geratzeko tramitea egin behar duten Udaleko langileek segituan aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa, eta, ondotik, honako hau gerta daiteke:

a) Dokumentazioa aztertu ondoren, zerbait falta denean: kasu horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer agiri ekarri behar duen. Eskatzaileak aurrez behar bezala beteta eta osorik aurkeztu beharko du eskabidea erregistroan.

b) Dokumentazioa aztertuta, irizten da jarduketak ez diola jarraitu behar jarduketa jakinarazien prozedurari. Kasu honetan, egin behar duen jarduketa dagokion lizentzia motarako ezarritako arauen arabera egokitu behar duela jakinaraziko zaio interesdunari, eta, zer obra-klase egin behar duen, horri dagokion inprimakia emanen zaio, betetzeko.

c) Dokumentazioa aztertuta, ulertzen da zuzena dela: Kasu horretan, sarrerako erregistroa eginen zaio erantzukizunpeko adierazpenaren jakinarazpenari, tributuen autolikidazioaren ordainagiriarekin batera, eta prozedura amaitutzat joko da, eta jakinarazpena beste izapiderik gabe artxibatuko.

3. Baldin eta, aparteko arrazoiak direla medio, jarduketa jakinarazietan jakitun geratzeko tramitea egin behar duten udal-langileek ez badute agiriak berehala aztertzerik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari dokumentazioan akatsak aurkitu direla edo egitekoak diren obrei ez dagokiela jarduketa jakinarazien prozedura. Baldin eta, 15 egun balioduneko epea iraganik, interesdunak inolako komunikaziorik jasotzen ez badu, jarduketa bidezkoa dela joko da, eta interesdunak hasiera ematen ahalko die obrei.

6. artikulua. Eremu publikoa okupatzea eta baliabide osagarriak erabiltzea.

Bide publikoaren okupazioaren eta/edo aldamioen, karga jasogailuen, hesien eta antzekoen ezarpenaren baimena erantzukizunpeko adierazpenaren jakinarazpenean jasoko dira, aldez aurretik udal zerbitzuekin koordinatzeko ezartze hori.

Hala ere, horretatik aparte ere eskatzen ahal da, baina obra lizentzia eman ondoan baimenduko da soilik. Eskaera aparte eginez gero, obra lizentziaren espedientea aipatu beharko da eskaeran, edo, bestela, obrak egiteko agindua.

Obra lizentziarekin batera nahiz aparte eskaera egitean, honako hau aurkeztuko da:

–Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazten duena.

–Aldamioak, karga jasogailuak edo gisako baliabide osagarriak erabiltzen badira, baliabide osagarriak paratzeko eta kentzeko lanak teknikari eskudun batek zuzendu eta gainbegiratuta gauzatuko direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da. Baliabide osagarri gisa garabidun ibilgailuak erabiltzen badira edo aldi baterako lanak goragune batean egiten badira, obra zuzendaria edo obra gauzatzeko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko edo kentzeko lanak teknikari eskudun batek zuzendu eta ikuskatuko dituela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.

7. artikulua. Hondakinen kudeaketa.

Jakinarazleak bere erantzukizunpean adieraziko du ezen 23/2011 Foru Dekretua (Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena) betez, honako aukera hauetako baten alde egiten duela:

a) Obrak 0-50 kilo sortzen baditu, ez da beharrezkoa izanen justifikazioa aurkeztea.

b) Obrak sortutako EEHen bolumena 50 kg eta 50 m³ artean badago, obra (<50 m³) EEHen Erregistroan inskribatutako eraikitzaile bati kontratatu beharko zaio, edo EEHen kudeatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, 23/2011 FDaren 2D eranskinean ezarritako ereduan, obra amaitu ondoren.

c) Obrak sortutako EEHen bolumena 50 m³ baino gehiago bada, obra (>50 m³) EEHen Erregistroan inskribatutako eraikitzaile bati kontratatu beharko zaio, edo abal bat aurkeztu beharko da, 23/2011 FDaren 6.2.a) artikuluan ezarritako kopuruaren arabera. Itzultzeko, kudeatzaile batek 23/2011 FDaren 2.D) eranskinean xedatutako moduan eginiko ziurtagiria aurkeztuko da.

BIGARREN TITULUA

Ordenantza honetako prozeduraren bidez obra txikietarako emandako lizentzien ondorioak eta baldintza orokorrak

8. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.

1. Tramitatutako lizentziak ez dira ezein kasutan isiltasun administratiboaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketari ez dagozkiola jarduketa komunikatuaren prozedura edo tramitazio laburrekoa, edo espedientearen tramitazioari eta ebazteari dagokien beste edozein gauza.

2. Aurreko ataletan jasotako prozedura-araubideak ez dizkie arintzen jarduketen titularrei zergak ordaintzeko betebeharrak, zeinak dagozkien ordenantza fiskalen arabera bete beharko baitituzte.

3. Honako baldintza hauek betetzearen menpe egonen da lizentzia:

a) Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako lagunaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek besteekin dituen egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira egin. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, galarazi gabe bestenaz ezartzen ahal diren zehapenak.

d) Interesdunak Udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo jakinarazpen eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

e) Lizentzia erantzukizunpeko adierazpen bidez jakinarazita eman eta hiru hilabete igaro baino lehen hasi beharko dira obrak, eta lizentzia eman edo jakinarazi eta sei hileko epean amaitu beharko dira.

f) Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

g) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.

h) Ezin izanen dira arrazoitzat aipatu, baimendutako jarduketetan aritzean titularrek izan lezaketen erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko.

i) Lanak egitean obren ondorioz bide publikoetan eta ondoko gainerako espazioetan sortzen diren kalteak konpondu, eta espazio horiek segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintza onetan mantendu beharko dira.

j) Debekatuta egonen da kaleetan, plazetan eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak paratzea, baita zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duten eta berariazko baimenik ez duten edozein motatako eraikuntza objektuak eta materialak ere.

4 Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko. Horren ondorioz, aldeko eginbideak eta prozedura laburreko lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.

9. artikulua. Udalaren kontrolaren eta ikuskapenaren araubidea.

Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu aurretik hasitako prozedurak, hemen araututako jakinarazpenaren araubideari loturik egon daitezkeen obrei dagokienez, hasi zirenean indarra zuen araudiari jarraikiz ebatziko dira.

Iragarkiaren kodea: L2114363