246. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Gizarte Zerbitzuetako Alorreko zinegotzi eskuordetua izendatzea

Urriaren 4ko 7/2021 Dekretua.

Jarraikiz Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari, zeina onetsi baitzen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez, Alkatetzak eskuordetzan ematen ahal dizkie eskudantzia batzuk Tokiko Gobernu Batzarreko kideei, barnean direla bai behar diren zerbitzuak zuzentzea, bai oro har kudeatzea.

Gizarte Zerbitzuetako Alorrak eskumen-eremu oso zehatza eta espezializatua du, eta horrek errazten du Alkatetzaren eskumenak eskuordetzan ematea. Horregatik, justifikatutzat eta bidezkotzat jotzen da horiek eskuordetzan erabiltzea.

Eskuordetzeak bere baitan hartzen ditu gizarte zerbitzuen alorrarekin lotutako jarduerak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea, barnean dela hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena. Halaber, eskuordetzeak bere baitan hartzen du aurrekontuen kudeaketa (gastuen baimentze- eta xedatze-faseak), barnean dela dirulaguntzak ematea. Kudeaketa horrek eragiten die aurrekontuaren honako kode funtzional hauei:

23111: harrera eta orientazio soziala.

23112: etxeko laguntza.

23113: haurrak eta familia.

23114: komunitate-sustapena.

23115: gizarteratzea.

23181: zentro zibikoa.

Jasota gelditu da Uxua Olcoz Velazek onartu egin duela eskuordetze proposamena.

Erabiliz ematen zaizkidan eskudantziak, honako hauen bidez eman ere: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak) eta Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.3, 44. eta 45. artikuluak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez);

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Gizarte Zerbitzuetako Alorraren eskuordetze orokorra egitea, Tafallako Udaleko zinegotzi den Uxua Olcoz Velazen alde, dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.–Aditzera ematea dekretu honen bidez eginiko eskuordetzea honako araubide juridiko honi loturik dagoela:

a) Ematen diren ebazpenetan, agertu beharko da eskumen eskuordetuak erabiltzen ari direla, jarraikiz urriaren 9ko 40/2015 Legearen 9. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

b) Bat etorriz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuarekin, Alkatetzak segitzen du ahalmena izaten informazio zehatza jasotzeko eskuordetzan emandako eskumenen kudeaketaz eta eskuordetzaren ondorioz emandako egintzez eta xedapenez. Era berean, ahalmena du erabaki inportanteak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko.

c) Zinegotzi eskuordetuak egintzak ematen dituenean eskuordetzan emandako eskudantziak erabiliz, ulertuko da organo eskuordetzaileak eman dituela (Alkatetzak), eta, horrenbestez, azken horri dagokio jartzen diren errekurtso administratiboak ebaztea.

d) Alkatetzak noiznahi berreskuratzen eskuordetzan emandako eskumenak, edo eskuordetza erreboka dezake. Azken kasu horretan, Alkatetzak berrikus ditzake eskuordetutako Zinegotzitzak hartutako ebazpenak, egintza administratiboak ofizioz berrikusteko ezarritako kasu eta baldintza berberetan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea zinegotzi eskuordetuari, kargu hori onartzen duela adieraz dezan, edo, bestela, horri uko egiten diola adieraz dezan idatziz, Alkatetza honen aurrean.

Laugarrena.–Aipatu eskuordetzearen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta argitaratzea Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

Bosgarrena.–Dekretu hau igortzea Tafallako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorrera, Udalaren gainerako alorretara, Udal Idazkaritzara eta Aholkularitza Juridikora, jakinaren gainean egon daitezen.

Seigarrena.–Udalbatzari dekretu honen berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Zazpigarrena.–Ezartzea eskuordetze honen eraginkortasuna sortuko dela dekretu honen datan, betiere aurretik jasotzen bada zinegotzi eskuordetuak kargua onartu duela; halaber, eskuordetzea mugagabetzat hartu behar da, errebokatzen den arte.

Tafallan, 2021eko urriaren 4an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

Iragarkiaren kodea: L2114760