236. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

370/2021 EBAZPENA, irailaren 3koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako PROA+ programan 2021-2022 ikasturtean parte hartzeko deialdia arautzen duena. Deialdi honen xedea da 2021-2022 ikasturtean hezkuntza inklusioa eta eskola arrakasta hobetzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, oinarrizko hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoko ikasketak ematen dituzten diru publikoz finantzatutako ikastetxeetan.

XXI. mendeko espainiar gizarteak argi du hezkuntzaren kalitatea hobetu beharra dagoela eta hezkuntzak hiritar guztientzat egon behar duela eskuragarri, inongo bazterketarik gabe, ekitate printzipioari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOMLOE) aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren oinarrian dagoen funtsezko printzipioa honako hau da: herritar guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea hezkuntza sistemaren maila guztietan. Helburu hori lortzeko emaitza orokorrak hobetu behar dira, eta oinarrizko hezkuntza titulurik lortu gabe bukatzen duten ikasleen zein eskola-uzte goiztiarraren tasak gutxitu.

Nafarroako Foru Komunitatean ekitatearen eta hezkuntza inklusioaren printzipioak sustatzea komeni da; horregatik, Hezkuntza Departamentuak deialdi publiko hau egiten du, PROA+ programan parte hartu nahi duten ikastetxeetan printzipio horiek garatzeko.

Hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako programak, hemendik aurrera PROA+ programa, zeina bideratuko baita Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, oinarrizko hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dituzten diru publikoz finantzatutako ikastetxeetara, ardatz nagusi du hezkuntza zailtasun handiak dituzten ikastetxeei errefortzua ematea haien antolakuntzan behar diren aldaketak egin ditzaten ikasle guztien eskola-arrakasta bermatzeko, eta arreta berezia eskain diezaieten kalteberenak diren ikasleei.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioak zein Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Mekanismoak finantzatzen dute programa, eta Europar Batasunak ere bai, Mekanismo horren baitakoa den heinean.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak helburu hori lortzera bideratzen du bere ahalegina; era horretan, eredu malgu bat eskaintzen du ikastetxeek autonomia handiagoa izan dezaten irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen diseinu eta garapenean, bai eta ikasleen eskola emaitza eta gaitasunen garapen hobea ere, batez ere kalteberenak direnena, ziurtatzeko metodologiak ezartzeko garaian.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. PROA+ programan parte hartzeko deialdia onestea, zeina zuzenduta baitago diru publikoz finantzatutako ikastetxeei, gutxienez ikasleen %30 kalteberatasun egoeran badute eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Oinarrizko hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoko ikasketak ematen badituzte, antolakuntzan behar diren aldaketak egin ditzaten ikasle guztien eskola-arrakasta bermatzeko xedez, eta arreta berezia eskain diezaieten kalteberenak diren ikasleei.

2. Hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako PROA+ programan eskaera egin eta parte-hartzeko prozedura ezartzea, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako moduan.

3. PROA+ programan parte hartzen duten ikastetxe guztiek sinatu beharreko Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen arteko akordio eredua onestea, ebazpen honen III. eranskinaren araberakoa.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta haren eranskinak Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Inklusio Atalera igortzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 3an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako PROA+ programaren garapena

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza bideratu, bilakatu eta aberasteko lurralde lankidetzako programak, hemendik aurrera PROA+ programa, zeina bideratuko baita Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, oinarrizko hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoa ematen dituzten diru publikoz finantzatutako ikastetxeetara, ardatz nagusi du hezkuntza zailtasun handiak dituzten ikastetxeei errefortzua ematea haien antolakuntzan behar diren aldaketak egin ditzaten ikasle guztien eskola-arrakasta bermatzeko, eta arreta berezia eskain diezaieten kalteberenak diren ikasleei.

Programa honek hezkuntzakoak eta hezkuntzakoak ez diren eta ikasleen eskola arrakasta oztopatzen duten trabetan jartzen du azpimarra, eta itunak sortzen ditu ikastetxean bertan, honen eta hezkuntza administrazioaren artean eta ikastetxearen eta haren ingurunearen artean.

PROA+ programan parte hartzen duten ikastetxeek prestakuntza, laguntza eta baliabide gehigarriak jasoko dituzte, abiapuntuan duten egoraren eta Nafarroako Foru Komunitaterako dagoen aurrekontu-zuzkiduraren arabera.

Bigarrena.–PROA+ programaren oinarri pedagogikoak eta ildo estrategikoak.

Programaren muina osatzen duten oinarri pedagogikoak hauek dira:

a) Ekitatea, ikastetxeen barruan aukera-berdintasuna bermatzeko beharrezkoa baita.

b) Hezkuntza inklusiboa.

c) Irakasleek ikasle guztien arrakastarako aukeran sinestea.

d) Ikasteko zailtasunen jarraipena, prebentzioa eta hautemate goiztiarra, eta errefortzurako mekanismoak abian jartzea.

e) Arreta berezia ematea ikasleen esparru sozio-afektiboari.

f) Ezagutza metatua erabiltzea irakaskuntza-ikaskuntza prozesua etengabe hobetzeko.

Oinarri pedagogiko horien inguruan ardazten dira programaren zutoin diren bost ildo estrategikoak:

1. Ikasleen hezigarritasunerako gutxieneko baldintzak bermatzea.

2. Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei laguntza ematea.

3. Ikastetxean jarrera positiboak lantzea.

4. Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua hobetzea gaitasun garrantzitsuenekin zerikusia duten arloetan.

5. Ikastetxea antolatu eta kudeatzeko modu berriak aplikatzea ikasle guztien hezkuntza arrakasta hobetzeko helburuz.

Hirugarrena.–PROA+ programaren helburuak.

Programa honen helburu nagusia da laguntzako mekanismo bat abian jartzea diru publikoz finantzatzen diren ikastetxeen artean hezkuntza zailtasun handienak dituztenak sendotzeko, 2021-2022 ikasturtean egiten dituzten jarduketak sustengatzeko.

Helburu nagusi hori lortzeko, eta abiapuntua zein den kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak honako helburu espezifikoak erdietsi beharko ditu:

3.1. Tarteko helburuak:

–Eskola-absentismoaren tasa murriztea.

–Ikaskuntza kognitibo eta sozio-emozionalen emaitzak hobetzea.

–Errepikatze-tasa murriztea.

–Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleen kopurua murriztea.

3.2. Ikastetxearen jarrerari dagozkion helburuak:

–Ikastetxean inklusio giro egokia sortzea eta horri eustea.

–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan gogobetetze maila ona lortzea eta horri eustea.

–Irakasleek ikasle guztiengan itxaropena izan dezaten lortzea eta itxaropen horri eustea.

–Eskola inklusiboaren eta barne segregaziorik gabeko ikastetxe baten aldeko urratsak egitea.

3.3. Estrategiak eta palanka jarduerak garatzeko helburua:

–Estrategiak eta palanka izaerako jarduerak aplikatzea (irakaskuntza partekatua) tarteko helburuak eta ikastetxearen jarrerari buruzkoak lortzeko bide gisa.

3.4. Baliabideen inguruko helburuak:

–Ikastetxeetako irakasle eta profesional taldeak egonkortzea programak irauten duen bitartean, eta lidergo pedagogikoan eta eskola-uzte goiztiarra saihesteko behar diren gaitasunetan trebatzea, programaren helburuak lortu ahal izateko.

–Hezkuntza formala, ez-formala eta informala bateratzea tarteko helburuen mesedetan.

–Eskura dauden baliabideak erabiltzea programaren helburuak modu eragingarri eta efizientean erdiesteko.

3.5. Ingurunerako helburuak:

–Ikasle guztientzako hezigarritasun baldintzak bermatzen laguntzea.

–Ikastetxeen arteko segregazioa gutxitzen laguntzea.

Laugarrena.–Aplikazio esparrua eta hartzaileak.

Deialdi honetan parte har dezakete, diru publikoz finantzatutako eta gutxienez ikasleen %30 (datuak ofizioz hartuko dira EDUCA erroldatik) kalteberatasun egoeran duten Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, oinarrizko hezkuntza (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko mailako heziketa zikloak) eta Batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeek.

Ikasle kalteberatzat hartuko dira, ondoren aipatzen diren egoeretako bat dutenak:

a) Laguntza zerbitzuen premia: elikadura, etxebizitza, oinarrizko hornidurak eta abar.

b) Eskola premiak: etxeko giro desegokia, arrakala digitala, eskolako materiala, eta abar.

c) Gizarte-hezkuntza premiak: jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eta abar.

d) Hezkuntza premia bereziak eta beste ADHN batzuk.

e) Premiak ase gabe dituztelako ikasteko zailtasunak. pobrezia eta baztertze arriskua, indarkeriaren biktima, ikastetxe estigmatizatuak, eta abar.

Bosgarrena.–Aldeen konpromisoak.

Hezkuntza Departamentuak akordio bat eginen du (IV. eranskina) PROA+ programan parte hartzeko onartuak izan diren ikastetxeetako bakoitzarekin; bertan jasoko dira ebaluazioaren xede izanen diren jarduketa eta adierazle guztiak

Hezkuntza administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Laguntza eta sostengua ematea ikastetxeei haien plan estrategikoa eta palanka jardueren plana aplikatzeko prozesuan Hezkuntza ikuskatzailetzaren eta kanpoko laguntza-zerbitzuen bidez.

2. Ikastetxeei tresnak eskaintzea, gai hauek lantzeko: ikastetxearen barne balorazioa, kudeaketa eta antolaketa ereduak, jarduketa plan koordinatuen garapena eta ezarpena, eta prozesu osoaren balorazioa.

3. Astean ordu batzuk ematea programa ezartzeko (ez da finkagarria izanen), horretarako dagoen aurrekontu-zuzkiduraren arabera, eta ikasle kalteberen ehunekoa eta matrikulatutako ikasleen kopurua kontuan hartuta. Orduen zuzkidura honako helburu hauetarako izanen da:

–Ikastetxean PROA+ programa bultzatu eta koordinatuko duen pertsonaren ordu murrizketarako (Hobekuntzarako plan estrategikoa –HPE– eta Palanka jarduera).

–Irakaskuntza partekatua bultzatzeko palanka jarduera orokorra gauzatzea.

4. Kalitateko prestakuntza ahalbidetzea zuzendaritza-taldeek eta irakasleek programa ezar dezaten. Horiez gain, parte hartzaile guztiei emanen zaie ziurtagiria.

5. Ikastetxeen sareko lana sustatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak eta hezkuntza arrakasta lortzeko jarduketak zabaltzea.

Ikastetxeak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

1. Akordioan jasotako Hobetzeko plan estrategikoa (HPE) bere Hezkuntza planaren esparruan garatzea, eta ikasturte bakoitzerako palanka jardueren plangintza zehaztea; plangintza hori ikasturtetik ikasturtera alda daiteke, plangintzaren aplikazioaren ebaluazioaren emaitzaren arabera.

2. Klaustroko kideen bitartez (kide horietako bat zuzendaritza taldekoa izanen da, beste bat ikastetxean programa koordinatuko duen pertsona) modu aktiboan parte hartzea programan trebatzeko hasierako prestakuntzan, etengabeko prestakuntzan eta PROA+ sareko ikastetxeen sareko bileretan.

3. Behar diren neurriak ezartzea ikastetxearen ohiko funtzionamenduan txertatzeko PROA+ programaren ezarpena.

4. Urtero, ezarritako helburuen lorpenen berri ematea xede horretarako sortutako batzordeari.

5. PROA+ programaren jarraipenerako eta ebaluaziorako eskatzen diren datu guztiak ematea.

6. PROA+ oinarri pedagogikoak aplikatu, zehaztu eta garatzea, eskola inklusiboa eredu hartuta.

7. Barne segregaziorik ez egitea ikasleen artean.

Akordioan finkatutako jarraipen eta ebaluazio mekanismoak aplikatzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek. Ikastetxe batek exekuzio planaren edo hitzarmenaren zati garrantzitsu bat betetzen ez badu, horrek zuzkidura gehigarria edo baliabide gehigarriak aldi baterako kentzea ekar lezake, eta beste PROA+ ikastetxe bateko baliabideak osatzeko erabiltzea.

Seigarrena.–Palanka jarduerak.

PROA+ programaren helburuak lortzeko eta haren ildo estrategikoak garatzeko, irakaskuntza partekatuko palanka jarduera orokorra gauzatu beharko dute programan onartuak izan diren ikastetxe guztiek. PROA+ programan sartzen diren ikastetxeek baliabide gehigarriak izanen dituzte palanka jarduera hori gauzatzeko.

Gainera, ikastetxeek beren ikastetxean egiteko beste palanka jarduera batzuk ere aukeratu ahal izanen dituzte palanka jardueren katalogotik; jarduera horiek ikastetxe bakoitzeko testuingurura egokitu beharko dira.

Zazpigarrena.–Hobetzeko plan estrategikoa (HPE).

Hobetzeko plan estrategikoaren (HPE) xedea izanen da ikastetxeak ikasle guztien arrakasta lortzea bere hezkuntza proiektuaren esparruan.

Proiektu bakarra izanen da, eta ikasleen eskola-emaitzetatik abiatuta ikuspegi inklusibo batetik erantzun beharko die ikastetxearen beharrei, bertan sarturik ikastetxea partaide den planen jarduketa ildoak, programak edo proiektuak ere.

2021-2022 ikasturtean PROA+ programan parte hartzeko aukeratutako ikastetxeen %20 (9 ikastetxe) erreferentziazko PROA+ ikastetxetzat hartuko dira. Ikastetxe horien ikasturte horretan diseinatu beharko dute HPEa. Hezkuntza Departamentuko zenbait zerbitzuk emanen diete horretarako behar den prestakuntza, aholkularitza eta sostengua. 2022-2023 ikasturtean programan parte hartzen duten ikastetxeen %90era (31 ikastetxe) iritsi arte handituko da ehuneko hori, eta gainerako %10ek (5 ikastetxe) 2023-2024 ikasturtean ekinen dio.

Ikasturtea amaitutakoan ikastetxeak bere Hobetzeko plan estrategikoaren ebaluazioa eginen du, emaitzak baloratu eta akordio berri baten diseinuaren nondik norakoak ezartzeko, hala badagokio.

Balorazio honetatik ateratako ondorioak eta hurrengo ikasturterako hobetzeko proposamenak ikastetxearen urteko memorian jasoko dira.

Zortzigarrena.–Ikastetxeetan PROA+ programa koordinatzeko ardura duten irakasleen eginkizunak.

Honako hauek izanen dira PROA+ programaren koordinatzailearen eginkizunak:

a) Palanka jardueren garapena dinamizatu eta koordinatzea.

b) Hobetzeko plan estrategikoa prestatzen laguntzea PROA+ erreferentziazko ikastetxeetan.

c) PROA+ ikastetxeetarako ezarritako berariazko prestakuntzan parte hartzea.

d) Ezarritako koordinazio bileretan parte hartzea.

e) PROA+ programari buruzko agiriak (palanka jarduerak eta/edo HPE) prestatzen parte hartzea eta haiek zuzen betetzen direla zaintzea, hala nola Hezkuntza Departamentuak eskatzen ahal duen beste edozein.

Bederatzigarrena.–Parte hartzeko baldintzak eta ikastetxeak hautatzeko irizpideak.

Gehienez ere 45 ikastetxe hautatuko dira.

Ikastetxeek parte hartzeko baldintzak honako hauek dira:

a) Ikastetxean dauden ikasle kalteberen ehunekoa (EDUCAko 1. erroldan erregistratuak) %30ekoa edo hortik gorakoa izatea.

b) PROA+ programan parte hartzeko klaustroko irakasleen %70en onespena beharko da gutxienez.

c) Eskola Kontseiluak gehiengo soilez onestea.

Puntuaziorik onena lortzen duten berrogeita bost ikastetxeak hautatuko dira. Honako hauek izanen dira hautaketa irizpideak (III. eranskina):

1. Ikasle kalteberen ehunekoa.

2. Ikastetxean matrikulatutako ikasleak. Eskualde berean dauden landa eskola osatugabeek baterako eskabidea aurkezten ahalko dute Hezkuntza kontseilariaren irailaren 14ko 86/2008 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

3. Eskarmentua inklusioarekin lotutako jardunbide egokietan (ofizioz eginen da Aniztasunari Erantzuteko Planaren 2020-2021 ikasturteko berrikuspenaren arabera).

Berdinketa kasuetan, ikasle kalteberen ehuneko handiena duen ikastetxea hautatuko da.

Hamargarrena.–Hautaketa, jarraipen eta ebaluazio batzordea.

Hezkuntza Departamentuak batzorde bat eratuko du PROA+ programan parte hartzea eskatzen duten ikastetxeen hautaketa, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Hautaketa, jarraipen eta ebaluazio batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

–PROA+ programan parte hartuko duten ikastetxeak hautatzea, ebazpen honen bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

–Hautatutako ikastetxe bakoitzerako hitzarmenean xehatuko diren konpromisoak zehaztea.

–Ikastetxeei programa ezartzeari eta hartutako konpromisoak betetzeari buruzko aholkuak ematea.

–Hitzarmenean ezarritakoaren arabera konpromisoak zenbateraino garatzen ari diren ebaluatzea.

–Txosten bat egitea, ikasturtea amaitutakoan ikastetxe bakoitzak PROA+ programan jarraitzearen gaineko proposamenarekin.

Hamaikagarrena.–Ebaluazioa.

2021-2022 ikasturtea amaitzean, Hobetzeko plan estrategikoa diseinatu duten ikastetxeek haren ebaluazioa aurkeztu beharko dute. Era berean, parte hartu duten ikastetxe guztiek hitzarmenaren betearazpenean eta palanka jardueren aplikazioan lortutako emaitzak aurkeztu beharko dituzte.

Ebaluazio horiek Hezkuntza Departamentuak ezarritako ereduari jarraikiz eginen dira.

Hamabigarrena.–Datuen zabalpena eta babesa.

1. Hezkuntza Komunitate osoari emanen zaio PROA+ programan parte hartzeari buruzko informazioa.

2. PROA+ programaren komunikazio, deialdi, publizitate, ebazpen eta jakinarazpen orotan honako aipamen hau txertatu beharko da berariaz: “Hezkuntza Eta Lanbide Prestakuntzaren Ministerioak eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak diruz lagundutako programa”, baita beste aipamen hau ere: “Europar Batasunak Mekanismo horren baitan diruz lagundutako programa”, Europar Batasuneko ikurrarekin batera.

3. Era berean, PROA+ programan parte hartzeak berekin dakar datuen tratamendua honako hauei jarraikiz gauzatzea: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 679/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesa arautu zuena datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zuena 95/46/EE Zuzentaraua.

Hamahirugarrena–Aurkeztu beharreko agiriak.

–II. eranskina. Ikastetxeko Zuzendaritzaren ziurtagiria, ziurtatzen duena Klaustroaren eta Eskola-Kontseiluaren onespena, eta gutxienez ikastetxeko irakasleen %70en parte-hartzea. II. eranskina betetzearekin batera klaustroaren eta eskola kontseiluaren aktak erantsiko dira.

Hamalaugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Hamahirugarren oinarrian adierazten den dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunetan aurkeztu behar da, jasotzailea Inklusio Atala dela adierazita, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan azaltzen den bezala. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio.

ERANSKINAK

II. Eranskina.–Ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria, Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren onespena ziurtatzen duena.

III. eranskina–Hautatzeko irizpideak.

IV. eranskina.–Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen artean sinatutako akordioa.

Deskargatu II. eranskinetik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2113416