236. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92E/2021 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen deialdi bat, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean. DDBN kodea: 583853.

2017-2025eko Turismoko Plan Estrategikoak, “Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea” deritzon III. programaren barruan, zehazki “Kalitatea areagotzea produktuen eskuliburuen eta antzemandako kalitatearen sistemen bidez” izeneko 3.07 neurrian, jasotzen du produktuen eskuliburuen prestaketa bultzatu behar dela eta bidaia-proposamenak egin behar direla, ekoizleen eta merkaturatzaileen arteko konpromisoa izan dezaten, eta jarduera turistiko nagusiei buruzko (ostatu emate, jarduera eta abarri buruzko) zerbitzu emateko eskuliburuak garatu behar direla, eta ETEentzako laguntzak ezarri behar direla kalitate-ziurtagiriak lor ditzaten.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuen kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategian. Horregatik, funtsezkoa da ez soilik bultzatzea turismo establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratzea eta hari eustea, baizik eta bultzada ematea ere bestelako ziurtagiriak eta aitortzak eskura ditzaten ingurumenaren, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren arloetan.

Halaber, plan horretan jasotzen da Nafarroa helmuga turistiko gisa sustatuko dela eskura dauden merkatuetan, eta horretarako Espainian zein atzerrian bizi direnei zuzendutako berariazko ekintzak eta aurkezpenak aurrera eramanen direla sektorearentzat interes handiena duten hirietan.

Bestalde, plan horretako VI. programan (“Adimena eta berrikuntza turismoan”), zera planteatzen da: batetik, sektorearen berrikuntza teknologikoa, merkatuarekiko loturak hobetzeko, eta, bestetik, kudeaketa-eredu berriak garatzea. Neurri horien artean dago, jakina, honako hau: komunikazio-, sustapen- eta marketin-politika hobetzea Nafarroako turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainetan, jarduketa berritzaileak abiaraziz.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrietarako gastuari. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, hainbanatu eginen da deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua .

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen deialdi bat onestea, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-4709-432102 partida, “Turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Kalitatea eta berrikuntza produktu eta zerbitzuetan” izenekoa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdia honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko irailaren 15ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzen deialdia, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak nola eman erregulatzea dute xede oinarri arautzaile hauek, nagusiki, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten, baina baita ere bestelako ziurtagiriak lor ditzaten ingurumenaren, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren arloetan.

Halaber, bultzada eman nahi zaie Nafarroako bidaia-agentziei, aurkezpenak, ekitaldiak edo azokak egin ditzaten Nafarroa sustatzeko helmuga turistiko gisa, jarduketa berritzaileak gauzatuz horretarako.

Azkenik, zera sustatzen da: Nafarroako turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainek bere egitea jarduketa berritzaileak, turismo establezimenduaren edo enpresaren proposamena edo produktua komunikatzeari eta sustatzeari dagokionez. Horretarako, bada, laguntzak emanen dira web-orriak eguneratu eta egokitzeko gastuetarako eta marketinaren edo komunikazioaren arloko txosten berritzaileak idazteko.

Horren guztiaren helburua, azken batean, zera da: eraldaketa digitalerako prozesua bultzatzea turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainetan eta pizgarriak ematea jarduketa berritzaileak egin ditzaten.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 100.000 eurokoa da.

3. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epea.

Diruz lagungarritzat joko dira 2021eko urtarrilaren 1etik 2021ko abenduaren 13ra bitartean egin eta fakturatzen diren gastuak (bi egun horiek barne). Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu dela epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Nafarroako Foru Ogasunaren subjektu pasiboa izatea dirulaguntzaren xedeko jarduera ekonomikoari dagozkion zergei dagokienez.

1.2. Ez egotea entitate onuraduna izateko ezarritako debeku egoera batean, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluari.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.3. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.4. ETE eskatzaileek pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat eratzen dutenean, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako bat, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.

1.5. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, aurkeztuko da eskabide orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena.

2. ETE eskatzaileek honako betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren egunerako:

2.1. Turismo establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresaren titular gisa agertzea Nafarroako Turismo Erregistroan.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.

Diruz lagunduko den jarduera hartzen duen turismo establezimendua edo jarduera egiten duen bidaia agentzia edo turismo aktibo eta/edo kulturaleko enpresa Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon behar da 2020ko urriaren 1a baino lehen.

2.2. Web-orria eta posta elektronikoa edukitzea, eta biak jardunean egotea. Enpresa enpresa-talde bateko kide bada, baldintza horiek betetzat joko dira enpresa eskatzaileari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu.

3. Turismo establezimenduek eta bidaia agentziek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezten duten egunerako:

3.1. Ostatuen establezimenduak.

Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:

–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta ostatu-etxeak).

–Landetxeak.

Onartuko dira, baita ere, EJZn 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak (“Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua” eta “Landalurreko higiezinen alokairua”, hurrenez hurren).

–Apartamentu turistikoak.

Onartuko dira, baita ere, JEZean 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak (“Hirilurreko ondasun higiezinen alokairua” eta “Landalurreko higiezinen alokairua”, hurrenez hurren).

–Turismo kanpalekuak.

–Turismoko aterpetxeak.

3.2. Jatetxeak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 671. taldean. “Jatetxe zerbitzuak”.

Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.

3.3. Bidaia agentziak.

EJZn alta emanda egon behar dute, 755. taldean, “Bidaia agentziak”.

3.4. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalak horren harira errekerimendurik jakinarazten badu eta horretarako epea amaitu denean enpresak ez badu egin zaion errekerimendua bete.

3.5. Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.

4. Organo kudeatzaileak baieztatuko du 2.1 eta 3.4 apartatuen baldintza espezifikoak betetzen ote diren, Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalaren bidez; eta organo kudeatzaileak baieztatuko du gainerako baldintzak betetzen ote diren. EJZ baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, web lotura honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.

Honako jarduketa hauek izanen dira diruz lagungarriak:

A) Ziurtagiri eta/edo aitortza hauek lortzea eta horiei eustea:

a) Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria

b) EMAS (EB 1221/2009 Erregelamendua).

c) ISO14001 Ingurumenaren kudeaketa.

d) ISO 500001 Efizientzia energetikoaren kudeaketa.

e) ISO 21401. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema ostatuetan.

f) UNE170001 Irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa.

g) Ecolabel etiketa.

h) “Calculo-reduzco-consumo” zigilua.

A.1) Honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Markari atxikitzeko kuota, eta hasierako ziurtagiria edo aitortza lortzekoa.

b) Kanpoko auditoretza hasierako ziurtagiria lortzeko, eta berritzeko edo jarraipeneko kanpoko auditoretzak.

c) Kalitate edo aitortza sistemak ezartzeko edo berritzeko kanpoko aholkularien laguntza teknikoa.

A.2) Auditoretzako gastuen mugak kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren kasuan.

Gastu hauek soilik ordainduko dira:

a) 1. eta 2. jarraipen-auditoretzak.

b) 1. berrikuntza-auditoretza, hasierako ziurtagiria edo aitortza lortu eta hiru urtera.

A.3.) Gastuen mugak kanpoko kontsulten laguntza teknikoengatik:

c) Hasierako ziurtagiria edo aitortza lortzeko laguntza teknikoarengatik diruz laguntzen ahal den gastua 2.500 eurokoa da, gehienez.

d) Jarraipenarengatiko edo berritzearengatiko laguntza teknikoak diruz laguntzeko gastua 1.000 eurokoa da, gehienez, establezimendu edo enpresa turistikoaren hasierako ziurtagiria lortzen den urtearen ondorengo hiru urteetako bakoitzean.

B) Turismo produktu eta baliabide berritzaileak aurkezteko bidaietako gastuak.

Diruz laguntzen ahalko dira bidaia agentziek dauzkaten gastuak (joan-etorriak, ostatua eta mantenua) Nafarroa helmuga turistiko gisa modu presentzialean aurkezteagatik Nafarroatik kanpoko azoka, ekitaldi eta aurkezpenetan, baldin eta aurkezpen horietan alderdi berritzaileak sartzen badituzte aurreko edizioekin alderatuta.

B.1) Gastu diruz lagungarrien mugak:

a) Bidaia gastuen %50.

b) Joan-etorria auto partikularrean eginez gero, bidesari, aparkatze eta kilometroen gastuak onartuko dira. Kilometroen kasuan, entitate eskatzailearen egoitza dagoen tokitik azokaren tokira dagoen kilometro kopurua kalkulatuko da, kilometro bakoitzeko 0,33 euro aplikatuta. Erregai gastuak, ordea, ez dira onartuko.

c) Ostatu eta mantenu gastuen %50, eta 160 euroko aurrekontua gehienez egunean.

d) Onartuko dira pertsona baten gastuak enpresa bakoitzeko, eta 3 egunetako gastuak, gehienez, joan-etorri bakoitzeko.

B.2) B) apartatuko gastu guztiak kontuan hartuta, diruz lagun daitekeen gutxieneko gastua 500 eurokoa da.

B.3) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoa: Koordinatuta egotea Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuarekin edo zerbitzu horren oniritzia edukitzea.

C) Establezimenduaren edo enpresaren produktuaren edo proposamenaren komunikazioan edo sustapenean egindako lan berritzaileetako gastuak.

C.1. Honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

1) Komunikazio eta sustapen arloen berrikuntzarako proiektu berria edo marketin plan berria idaztea enpresarentzat hurrengo bi urte naturaletarako.

2) Aurreko apartatuetan adierazitako proiektu eta planetako berariazko produktu eta eskaintzei buruzko komunikazio eta sustapen kanpainak, digitalak eta on line.

3) Web-orrien eguneratzea eta egokitzapena, alderdi berritzaileak sartuz aurreko bertsioekin alderatuta:

a) Edukien marketinaren gaineko diseinua eta estrategia.

b) Irudia hobetzeko gastuak: bideo edo argazki berriak eta eduki digitalak sortzea.

c) Segurtasun eta irisgarritasun baldintzak egokitzeko gastuak: web orria irisgarri egitea desgaitasuna dutenentzat (entzumena, ikusmena...), cookien tratamendua, jabetza intelektuala, aholkularitza juridikoa eta abar.

d) Web-orriari bilatzaileetan kokapen hobea emateko planak (SEO, SEM ekintzak).

e) Web-orria itzultzeari lotutako gastuak.

C.2) Web-orriek baldintza hauek bete behar dituzte gastuen justifikazioa aurkezten den egunerako:

a) Gailu mugikorretan erabiltzeko egokituta egon behar dute.

b) Aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

C.3) C.1) apartatuko hiru gastu motetako bakoitzean (1, 2, 3) diruz lagun daitekeen gutxieneko gastua 1.500 eurokoa da.

C.4. Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoa: Turismoko Marketinaren eta Nazioartekotzearen Zerbitzuaren oniritzia.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

a) Establezimendu edo enpresa turistikoko langileek egiten duten aholkularitza, laguntza edo kontsultoretzaren gastua.

b) Auditoreen eta kanpoko kontsultoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorrietako gastuak.

c) Programa informatikoen edo web orrien kasuan, horiek erabiltzeko lizentziak eskuratzeko, abian jartzeko, domeinua berritzeko eta hosting-ari lotutako gastuak edo inbertsio izaera dutenen gastuak.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo):

JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIAREN MOTA

DIRULAGUNTZA

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA

A) Ziurtagiriak edo aitortzak lortzea eta horiei eustea

%50

B) Turismo produktu eta baliabide berritzaileak aurkezteko bidaietako gastuak

%70

500 euro aurkezpen bakoitzeko

C) Establezimenduaren edo enpresaren produktuaren edo proposamenaren komunikazioan edo sustapenean egindako lan berritzaileetako gastuak

%60 (web-orria euskarara itzultzea)

%50 (gainerako gastuak)

8.000 eskatzaile bakoitzeko

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Sector+turistico/Inicio.htm (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoek, halaber, aurrez aurre aurkezten ahal dute eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan jasotako erregistroetako batean.

3. Eskaerak eginen dira erabiliz laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Eskaera bakarra aurkeztuko da enpresa bakoitzeko.

5. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak:

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskabide ereduak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta de minimis laguntzei buruzkoa (11. oinarrian aipatzen dira).

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokio, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, horren memoria deskribatzailea, gutxienez ere, informazio hau jasotzen duena:

–Jarduketa horiek egitera bultzatzen duten arrazoiak eta aurreikusitako helburuak.

–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren eta/edo egiteko diren jarduketen deskribapena.

–Dirulaguntza eskatzeko unean jarduketa zer gauzatze egoeratan dagoen.

–Diruz lagunduko den aldian egin diren edo egiteko diren jarduketen zenbateko xehatua.

b) Diruz lagunduko den aldian egindako nahiz aurreikusitako jarduketen zerrenda baloratua eta zehatza; hori justifikatzeko, aurrekontuak erabiliko dira, edo proformako fakturak edo fakturak (jarduketak ordurako gauzatuta badaude); ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

c) Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (aholkularitzako edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintza hautatu izana justifikatu beharko du eskaera inprimakiko «Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa» apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

d) Laguntza eskatu bada ziurtagiri edo aitortzei eusteko, haiei atxikita daudela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

e) Laguntza eskatu bada turismo produktu eta baliabide berritzaileak aurkezteko bidaietako gastuetarako, aurkezpen horretan erabilitako materialaren kopia aurkeztu beharko da (baldin eta aurkezpena egina badago eskaera aurkezten den egunerako).

6. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.

2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela emanen da:

a) Laguntza har dezaketen ekintzei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 5. oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada aurreko puntuan zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako kreditua hainbanatu eginen da diruz lagungarritzat jotzen den gastuaren zenbatekora arte.

3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Enpresa onuradunen zerrenda eta diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.

4. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Jarduketen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2021eko abenduaren 13an (egun hori barne).

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 6.2 oinarrian aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, eginiko jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasierako aurreikuspenetan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

Web-orrien eguneraketa eta egokitzapenen kasuan, txostenean jasotako informazioak bide eman behar du ikusteko zer berrikuntza egingo diren diruz lagundutako aldian eta web-orriaren egoera aztertzeko jarduketa horien aurretik eta ondoren.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako jarduketei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak berriro aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Hala badagokio, aurkeztutako eskabidean ageri den aitortza edo ziurtagiria lortu izanaren egiaztagiria, erakunde egiaztatzaile eskudun batek emana.

g) Hala badagokio, egindako aurkezpen turistikoan erabilitako materialaren kopia.

h) Hala badagokio, marketin edo komunikazio planaren kopia.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2021eko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, hamar egun balioduneko epean laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarria ez bada ezarritako aldian egin behar.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako jarduketetan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin eta beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

f) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 2 urtean, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera:

–Web-orrian testu hau sartuko da: “Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen dizkie turismoaren arloko enpresa txiki eta ertainenei, kalitatea eta berrikuntza bultzatzeko produktu eta zerbitzu turistikoen komunikazioan eta sustapenean. Enpresa hau laguntza horien onuradun izan da 2021eko deialdian.”

–Halaber, Nafarroako turismoaren ikurra jarri beharko dute web-orrian, bai eta turismoko webgune ofizialerako esteka hau ere: https://www.visitnavarra.es/eu/

g) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

h) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) 12.1.a) oinarrian ezarritako gardentasun betebeharra duten onuradunek 59/2013 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2021eko abenduaren 13ra arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2021eko abenduaren 14tik 2021eko abenduaren 21era bitarte (bi egun horiek barne), %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako gastuen ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri arautzaile honen 1.c) apartatuan adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den gastu diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan eskatutako gutxieneko zenbatekoak baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.f) apartatuan ezarritako epea betetzen ez bada, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

11. oinarria–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak kontzeptu diruz lagungarri berberetarako emandako beste batzuekin; hala ere, bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo estatuko zein nazioarteko partikularrek emandakoekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

13. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2113881