236. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

82/2021 FORU DEKRETUA, irailaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren, bai eta egitura organikoa arautu ere. Foru dekretu horren VI. tituluan arautzen da Tuterako Osasun Barrutiaren egitura, eta bertan txertatzen da Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak esparru horretan dagoen egitura aldatzeko proposamena egin du, bermatzeko bat datorrela, laguntzaren prozesu orokorrari ematen zaion arretaren arloan, etorkizun hurbilerako diseinatu diren lehentasun, helburu eta ekintzekin, kontuan hartuta oinarrizko osasun laguntzaren erreforma dela heldu beharreko lehentasunezko helburuetako bat.

Osasun laguntzaren arloan gaur egun dugun ereduarekin bateragarriak diren teknologia berriak ezartzeko eta zenbait beharri erantzuteko –hala nola osasun etxeetan administrazio tramiteak erraztea, egungo baliabideei eta azpiegiturei neurri berriak ematea, profesionalen rolak berriz definitzea eta osasun publikoarekin, sektore soziosanitarioarekin eta osasun mentaleko sarearekin hobeki koordinatzea–, egitura egokiak beharko dira aldaketaren kudeaketa zuzena izan dadin eta prozesu horretan profesionalek ere, zalantzarik gabe, funtsezko zeregina betetzeko aukera izan dezaten.

Alde horretatik, egituraren aldaketa zehatzetako bat da Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzua zuzendariordetzaren kategoriara igotzea, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren egituren pareko izan dadin, bi xederekin. Batetik, ahalik eta gehien konpentsatzea barruti hori bere gain hartzen ari den lan bolumena, bereziki zerbitzuen hobekuntza etengabeari begira erreforma eta garapen handia behar duen egitura izanik; bestetik, oinarrizko osasun laguntzaren egitura desberdinen maila bateratzea, antzeko ezaugarriak eta edukia dituzten zerbitzuak egitura organiko berean elkartuz, oinarrizko osasun laguntzaren arlorako esparru estrategiko beraren barruan ahalik eta homogeneitate handiena bermatzearren. Era berean, aldaketa honen ondorioz, aldatu beharko dira 171/2015 Foru Dekretuaren 91. artikulua, Tuterako Osasun Barrutiaren osaketa arautzen duena, eta 99. artikulua, Batzorde Tekniko Asistentzialaren osaketa arautzen duena.

Horrez gain, COVID-19aren pandemian zehar osasun laguntza antolatu eta koordinatzeko lan handia egin da adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza baliabideen arloan. Koordinazio hori egoitzen arloko osasun laguntzaren unitateak egin du, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren menpe. Unitate horren zuzendaritza lanak Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren menpe dagoen Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuko burutzak bete ditu. Batetik, osasun arretaren unitateari adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza baliabideetan egonkortasuna eta jarraitutasuna emateko eta, bestetik, erizaintzako profesionalen lanaren garapena sustatzeko, proposatzen da Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetza sortzea, Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzua amortizatu ondoren.

Bestalde, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren ekainaren 12ko 386/2018 Ebazpenaren bidez, egiaztatu zen Nafarroako Ospitaleguneak betetzen dituela ospitale unibertsitarioa izateko oinarrizko bi arauzko baldintzak, hots, unibertsitate bati loturik egotea hitzarmen edo itun bidez, eta itun horrek ospitale osoa hartzea, edo ospitaleko zerbitzu eta/edo unitate asistentzial gehienak. Horregatik, aurrekoarekin bat, Nafarroako Ospitalegunearen izena aldatzen da eta, hemendik aurrera, formalki, “Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa” izanen da.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko irailaren 29an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak aldatzen dira, honela:

Bat. 57. artikuluari 5 bis) apartatua gehitzen zaio, eta testu hau izanen du:

“5 bis) Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetza”.

Bi. 62. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“62. artikulua. Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetza.

Zainketen, Etxeko Arretaren, Arreta Soziosanitarioaren eta Ekintza Komunitarioen Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasun eta gizarte zainketak emateko irizpide teknikoak ezartzea oinarrizko osasun laguntzaren arloan.

b) Osasun zainketak emateko irizpide teknikoak ezartzea arlo soziosanitarioan.

c) Erizaintzako unitateen eta gizarte lanekoen irizpide teknikoak eta haietako langileen jarduerak ezarri, koordinatu eta ebaluatzea.

d) Langileen kudeaketan, irakaskuntzan, ikerketan eta prestakuntzan irizpide bateratuak erabiltzen direla ziurtatzea.

e) Erizaintzako langileek osasun eta gizarte zainketen arloan betetzen dituzten jardueren (arreta, irakaskuntza eta ikerketakoak) kalitatea sustatu eta ebaluatzea.

f) Oinarrizko osasun laguntzaren arloko etxeko arreta sustatzea.

g) Lehen mailako arreta soziosanitarioa sustatzea.

h) Oinarrizko osasun laguntzako jarduera eta zainketa asistentzialak koordinatzea ospitaleko laguntzarekin, osasun mentaleko sarearekin eta arreta soziosanitarioarekin.

i) Erizaintzako eta gizarte laneko langileen arloan dauden beharrak planifikatzea.

j) Eriak beren osasunaren zaintzaz ardura daitezen sustatzea eta horretarako gaitasuna ematea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean.

k) Administrazio Publikoaren jarduerak sustatu eta koordinatzea esparru komunitarioan.

l) Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak berariaz esleitzen dizkion gainerako eginkizunak”.

Hiru. 91.1 a) artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Tuterako eta Lizarrako Osasun Barrutiak eremu horietako biztanleei arreta integratua ematen dieten osasun erakundeak dira, bai oinarrizko osasun laguntzan bai laguntza espezializatuan.

Barrutien egitura:

a) Zuzendaritza organoak.

–Barrutiko Kudeatzailetza.

–Barrutiko Zuzendaritza Batzordea.

–Osasun Barrutiko Zuzendaritza Asistentziala.

–Tuterako Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetza.

–Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzua, Lizarrako Osasun Barrutiaren kasuan.

–Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzua.

–Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzua.

–Osasun Barrutiko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua”.

Lau. 94 bis artikulua eransten da. Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzaren eginkizunak.

“94 bis. Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzaren eginkizunak.

1. Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzak eginkizun hauek ditu:

a) Esparru jakin batean osasun laguntzako zereginak eta osasun laguntzaz kanpokoak zuzendu, koordinatu, planifikatu eta gauzatzea, atxikitzen zaizkion baliabideen bidez.

b) Bere menpeko zentroen jarduerak zuzentzea, prebentzio, sendaketa eta errehabilitazioaren arloko laguntzari dagokienez, Oinarrizko Osasun Laguntzaren Barrutiko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzari atxikitako langileen eta baliabideen bitartez.

c) Laguntzaren prozesuaren jarraitutasuna bermatzeko behar diren jarduketak betetzea, Tuterako Osasun Barrutiko Zuzendaritza Asistentzialarekin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gainerako osasun zentroekin koordinatuta, bai eta sektore soziosanitarioarekin eta osasun mentalaren sarearekin ere.

d) Bertaratu beharrik gabeko sail arteko kontsulten, telemedikuntzaren, erresoluzio handiko zirkuituen eta definitzen diren beste modalitate asistentzial batzuen plangintza operatiboa bere esparrura egokitzea.

e) Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza Hobetzeko Plana sustatzea Osasun Barrutiko osasun eskualde oinarrizkoetan osotara gara dadin.

f) Osasun Barrutiaren esparruan garatzea Paziente kronikoei eta pluripatologikoei arreta emateko Estrategia, Estrategia Soziosanitarioa eta Osasun Planean aurreikusitako gainerako estrategiak.

g) Kalitate zientifiko-teknikoaren hobekuntza, eragimenarena eta segurtasunarena, humanizazioarena eta erabakitzeko ahalmenarena sustatzea oinarrizko osasun laguntzan.

h) Teknologian eta antolakuntzan berrikuntza sustatzea, bai eta garapen profesionala ere, ezartzen diren prestakuntza planen bitartez.

i) Laguntza, irakaskuntza eta ikerkuntzari lotutako jarduerei buruzko jarraibideen, prozeduren, funtzionamendurako arauen eta protokoloen proposamenak egin, hartu eta gomendatzea, haiek onesteko eta, onetsita direla, haiek administratzea, betiere horietan esku hartzen duten profesionalen eskumena, erantzukizuna eta berezko autonomia galarazi gabe.

j) Zuzendariordetzaren helburuen proposamenak, jarduketak eta urteko txostena prestatzea.

k) Zentro edo zerbitzuetako zuzendaritza edo arduradun hierarkikoekin laguntzaren kalitatea hobetzeko helburuak eta mota guztietako baliabideen beharrak ezartzea, Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari igortzeko.

l) Bere eginkizunen esparruan, unitateetako arduradunak ebaluatzea, eta emaitzen berri ematea.

m) Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari aholku ematea modu iraunkorrean.

n) Osasun Administrazioaren ordezkari izatea eskualde oinarrizkoetako osasun kontseiluetan, haien funtzionamendua bultzatzeko.

ñ) Esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak langileriaren arloan, bere menpeko langileei dagokienez.

o) Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak”.

Bost. 99.1 artikulua, Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialari buruzkoa, aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Batzorde Tekniko Asistentziala Osasun Barrutiko Zuzendaritza Batzordeari aholku emateko organoa da. Kide hauek osatua egonen da:

Berezko kideak:

–Osasun barrutiko kudeatzailea, edo berak eskuordetzen duen pertsona, batzordeburua izanen dena.

–Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua.

–Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordea.

–Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua, Lizarrako Osasun Barrutiaren kasuan.

–Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzuko burua, idazkari arituko dena.

–Osasun Barrutiko Harreraren unitateko arduraduna.

–Osasun Barrutiko Gizarte Laguntzaren eta Eriarentzako Arretaren unitateko arduraduna.

Kide hautetsiak:

–Zerbitzu, atal eta unitate asistentzialetako burutzen ordezkari bat.

–Fakultatibo espezialista albokoen ordezkari bat.

–Fakultatibo egoiliarren ordezkari bat.

–Ospitaleko erizaintza unitateetako burutzen ordezkari bat.

–Ospitaleko osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

–Osasun barrutiko osasun arloko langile titulugabeen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako zuzendarien ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako familia medikuen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat”.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateen amortizazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak aldatzen dituen foru dekretu hau onesteak berekin dakar Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzua eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzua amortizatzea.

Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Ospitalegunearen izena aldatzea.

Nafarroako Ospitalegunearen izena aldatzen da, eta hemendik aurrera “Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa” izanen da; beraz, foru dekretu honetan Nafarroako Ospitaleguneaz egiten diren aipamen guztiak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioari dagozkiola ulertu behar da.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 29an–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2114384