231. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

106/2021 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira, modu esperimentalean, Lanbide Heziketaren espezializazio ikastaroak eta 2021-2022 ikasturterako zehazten baitira haien antolaketako zenbait alderdi eta onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak Nafarroako Foru Komunitatean.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 1. eta 2. artikuluetan ezartzen du Lanbide Heziketako sistemaren helburuetako bat dela funts publikoekin ordaintzen den prestakuntza-eskaintzak aukera ematea prestakuntza bizitza osoan zehar jasotzeko, betiere aurreikuspen eta egoera pertsonal eta profesional desberdinetara egokituta, eta eraginkortasunez erantzunda eskaera sozial eta ekonomikoei prestakuntza modalitateen bidez.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 39. artikuluan, Lanbide Heziketa erregulatzen du hezkuntza sisteman, eta zehazten du helburua dela ikaslea prestatzea lanbide arlo batean jarduteko, haren bizitzan zehar lanean izan daitezkeen aldaketetara egokitzea, ekarpenak egitea haren garapen pertsonalerako eta herritartasun demokratikoan eta baketsuan aritzeko, eta aukera ematea hezkuntza sisteman aurrera egiteko, bizitzan barnako ikasketaren esparruan. Artikulu horretan berean sartuta daude espezializazio ikastaroak, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren barnean.

Aipatu legeak xedatzen du, 6. artikuluan, hezkuntza-administrazioek zehaztuko dutela lege horrek araututako irakaskuntzen curriculuma, ezarriz eskola ordutegien zer portzentaje izanen duten ikastetxeek etapako gaitasun guztien garapen integraturako eta zeharkako zer eduki sartu behar diren arlo, irakasgai eta esparru guztietan. Orobat, aukera ematen du hezkuntza-administrazioek espezializazio ikastaroak portzentaje horietatik salbuesteko, beren eskaintza egin baitezakete norberaren oinarrizko curriculumarekin.

Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duenak, bere 27. artikuluan arautzen ditu Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroak, eta zehazten du zer betebehar eta baldintza konplitu behar dituzten espezializazio ikastaro horiek. Artikulu berean zehazten da ikastaroak izanen direla erreferentziako tituluen ezagutzan sakonduko duten alorrei buruzkoak, edo ikastaroetako gaitasunak handituko dituztenei buruzkoak. Hortaz, espezializazio ikastaro bakoitzean zehaztuko da Lanbide Heziketako zer titulutatik sar daitekeen.

Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroak “Digitalizazioa eta Lanbide Heziketa” esparru estrategikoan txertatzen dira, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak sustatutako Lanbide Heziketa Modernizatzeko Planaren barnean, eta, halaber, kokatuta daude Lanbide Heziketa bultzatzeko plan estrategikoko Lanbide Heziketaren eskaintza berriz dimentsionatzeko jarduketan, zeina sartuta baitago Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 20. osagaian.

Oraingo esparru teknologikora egokitzen diren gaitasunak eta prestakuntza dituzten langileen eskaria dela eta, hezkuntza-administrazioak malgutasuna izan behar du prestakuntza ereduak garatzeko orduan, helburua izanik Nafarroako produkzio sektoreak espezializazio mailarik handienarekin eskatzen dituen gaitasun profesionalak eskuratzea. Malgutasun horren ondorioz, prestakuntza ereduek espezializazio maila handiagoa izan behar dute, eta horretarako, ezinbestekoa da Nafarroako Lanbide Heziketaren eskaintzak eskakizun berri horiei heltzea.

Horrenbestez, ikusita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena, espezializazio ikastaroen ezarpenari dagokionez, eta helburua izanik 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean ikastaro horiek antolatzeko alderdien eta onarpen prozeduraren egutegia eta jarraibideak ezartzea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Espezializazio ikastaroak modu esperimentalean ezartzea onestea, 2021-2022 ikasturtean, ebazpen honen 1. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

2. Espezializazio ikastaroetan onartua izateko prozeduraren egutegia eta jarraibideak onestea, baita haiek antolatzeko zenbait alderdi ere, ebazpen honen 2. eta 3. eranskinetan zehaztutakoarekin bat.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Eskolatze Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 15ean.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen eskaintza.
2021-2022 ikasturtea

1. Eskaintza.

1. Lanbide Heziketako goi mailako graduaren espezializazio ikastaroen eskaintza ondotik zehazten diren ikastaroen unitate batekoa da:

GOI MAILAKO ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

ECTS

LANBIDE ARLOA

IKASTETXE INTEGRATUA

FABRIKAZIO GEHIGARRIA

36

Fabrikazio Mekanikoa

Virgen del Camino IIP

ZIBERSEGURTASUNA OPERAZIO TEKNOLOGIEN INGURUNEAN

43

Elektrizitatea eta Elektronika

Donapea IIP

ADIMEN ARTIFIZIALA ETA BIG DATA

36

Informatika eta Komunikazioak

María Ana Sanz IB

KULTIBO ZELULARRAK

36

Kimika

Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa II

2. Lanbide Heziketako erdi mailako graduaren espezializazio ikastaroen eskaintza ondotik zehazten diren ikastaroen bi unitatekoa da:

ERDI MAILAKO SPEZIALIZAZIO IKASTAROA

ORDUAK

LANBIDE ARLOA

IKASTETXE INTEGRATUA

INTERNETERA LOTUTAKO SISTEMEN (IoT) INSTALAZIOA ETA MANTENTZE LANAK

360

Elektrizitatea eta Elektronika

ETI IBP

3. Talde bakoitzaren ratioa hamabost lanpostukoa da, oro har.

2. ERANSKINA

Espezializazio ikastaroetan ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia. 2021-2022 ikasturtea

1. Betebeharrak.

Espezializazio ikastaroetan ikaspostua eskatzeko, eduki behar dira espezializazio ikastaroan sartzeko bidea ematen duten erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluak, ebazpen honen 4. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

Horretaz gain, erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako beste titulu batzuk dituzten ikasleek ere izena eman dezakete ikastarootan, ebazpen honen 4. eranskinean zehaztutakoa betez. Izen-emate horiekin ikaspostua lor daiteke ikaspostu guztiak bete ez direnean sartzeko baldintzak betetzen dituzten inskripzioekin. Ikasle horiek ez dute espezializazio ikastaroaren ziurtagiri ofizialik jasoko, ezpada Hezkuntza Departamentuaren ziurtagiri bat.

2. Onartzeko irizpideak.

1. Zerrenda bat eginen da espezializazio ikastaroetan izena eman duten ikasleekin, eta hurrenkeran jarriko dira, honako irizpide hauei jarraituz:

–Lehenik: sartzeko betebeharrak konplituta Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen dutenak, edo, azkeneko bost urtean, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena: sartzeko betebeharrak konplituta, aurreko egoeran ez daudenak.

–Hirugarrena: sartzeko betebeharrak konplitu gabe, izena emateko bidea ematen duten ebazpen honen 4. eranskineko beste titulazioetako bat daukatenak.

2. Aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren hiru taldeetako bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehenbizikoa: Lanbide Heziketako teknikariaren edo goi mailako teknikariaren tituluaren notaren arabera, handienetik txikienera, hura baita sartzeko betebeharra edo sartzeko bidea ematen duena, kasua zein den.

Espedientetik edo ziurtagiritik batez besteko nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena: Puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2021-2022 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3. Ikasleak onartzeko prozesua.

1. Epe bakar bat dago Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen eskaintzan onartua izateko: epe arrunta. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Onarpen prozesuaren epe arruntean parte hartuko dute inskribatzen direnek sartzeko baldintzak betetzen dituztela edo izena emateko bidea ematen duten titulazioak dauzkatela frogatuta. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, espezializazio ikastaroaren hasiera egunetik 15 eguneko epean ikastaroa hasten ez dutenei baja emateagatik, ofizioz.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

4. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala beterik, espezializazio ikastaro bakar baterako, egokituko dena Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko ‘Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen’ online modalitateko fitxan inskribatzeko agertzen diren ereduei. Honako helbide honetan daude ereduak:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/cursos-especializacion

2. Inskripzio-orria aurkezteko epea 2021eko urriaren 4tik 8ra arte da (14:00ak arte, aurrez aurre aurkezten diren eskaeren kasuan, 23:59 arte, era telematikoan aurkezten diren eskaeren kasuan).

Zer espezializazio ikastaro aukeratu den, hura ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskripzio-orria.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) Erregistro telematikoaren bidez, Educa-Ataritik, aukeratutako espezializazio ikastaroa eskaintzen duen ikastetxeari zuzenduta, eranskin honetako 4.1 jarraibidean adierazitako ‘Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen’ Tramiteen Fitxako estekatik abiatuta.

b) Aurrez aurre, aukeratutako espezializazio ikastaroa ematen duen ikastetxean.

3. Ezin da espezializazio batean baino gehiagotan aurkeztu inskripzio-orria. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

4. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, kasuan kasuko espezializazio ikastaroan inskribatzeko bidea ematen duten titulazioak dituztela edo sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek.

5. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

5. Izena emateko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Atzerritarrek eskubidea dute espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskripzio-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako espezializazio ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, edo 3. eranskinean zehazten diren eta inskribatzeko bidea ematen duten beste titulazio batzuk dituztela frogatzen duena.

–Lanbide Heziketako tituluaren batez besteko nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Hala badagokio, Nafarroako errolda edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 6. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

6. Laneko esperientzia eta Nafarroako errolda frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Beren konturako langileak: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangaiaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, ikastetxeak informazio osagarria eska dezake.

7. Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak, baita erreklamazioak egiteko prozedura ere.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

8. Zozketa.

2021-2022 ikasturteko onarpen prozeduretan berdinketak hausteko zozketa, ebazpen honetan aipatzen dena, Hezkuntza Departamentuan egin zen, eta haren emaitza aplikatzen da Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroetan onartzeko prozeduran, beharrezkoa izanez gero. Zozketa hori 2021eko maiatzean egin zen.

9. Onarpena.

Ikaslea espezializazio ikastaro eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 3. jarraibidean ezarritako kasuen ondorioz.

10. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala.

Zerrenda horiek espezializazio ikastaroak ematen dituzten ikastetxeetan paratuko dira ikusgai, baita Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko ‘Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroen’ tramiteen fitxan ere (eranskin honen 4.1 jarraibidean zehazten da).

2. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren ikasleen behin-behineko zerrenda 2021eko urriaren 13an argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den inskripzio-orria, hango zuzendaritzari igorri beharko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, dokumentazioa aurkeztean edo erregistratzean egindako akatsak zuzentzeko, 2021eko urriaren 13tik 15era bitarte (14:00ak arte).

4. Lanbide modulu bakoitzean onartzen diren ikasleen behin betiko zerrenda 2021eko irailaren 18an argitaratuko da, onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den toki beretan.

5. Onartzen direnek 2021eko urriaren 18tik 20ra bitarte egin beharko dute matrikula, ikaspostua lortu duten ikastetxean bertan.

6. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

7. Matrikula espezializazio ikastaroetan egin duten ikasleak, arrazoirik azaldu gabe, 15 eguneko epean klaseetan hasten ez badira ikastaroa hasten denetik, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

8. Matrikula egiteko, hurrengo jarraibidean (“Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa”) adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11. Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horiei buruzko datuak: Espezializazio ikastaroa eta maila (erdi mailakoa edo goi mailakoa den espezializazio ikastaroa); hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira legezko balioa duen identifikazio dokumentazioan agertzen direnekin.

–Ikastetxeak bestelako dokumentazio gehigarriak eska diezazkieke ikasleei.

2. Matrikulazioa egiteko eskatuko den dokumentazioa ikusgai jarriko da ikastetxearen iragarki-taulan eta webgunean.

3. Matrikula egiteak eskubidea ematen du oro har 2022ko ekainean egitekoa den amaierako ebaluazioko deialdi arrunt bat izateko.

12. Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

13. Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Onarpen prozesuaren epe arrunta bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Ikastaroaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak behin betiko itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

14. Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Egun bereziren bat jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen dio ikastetxeak.

15. Matrikulen bateraezintasuna.

2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako espezializazio ikastaro baten matrikula egitea bateraezina da beste egoera hauekin:

–2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko irakaskuntzen ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.

–2021-2022 ikasturtean Nafarroako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan matrikulatzearekin, eskaintzaren edozein modalitatetan.

16. Argitalpena.

Ebazpen hau eta eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, haiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

17. Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

18. Komunikaziorako bideak.

–Lanbide Heziketako espezializazio ikastaroa irakasten duten ikastetxeak.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atala. Telefonoak: 848 426628 - 848 426036.

–Faxa: 848 426987.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es

19. Espezializazio ikastaroak antolatzeko alderdiak.

19.1. Modu esperimentalean ezarritako espezializazio ikastaroen ikasketen egutegia.

–Lehenbiziko eskola eguna 2021eko urriaren 20a izanen da, eta azkena, berriz, 2022ko ekainaren 22a.

–Irakaskuntza horien iraupena kontuan izanik, 720 ordutik beherakoa baita eta eskola-karga 60 ECTS kreditutik beherakoa baita, ikastetxeek programatuko dituzten ikasketa-jarduerek 30 eskolalditik beherako eskola-karga izanen dute.

–Ikastetxe bakoitzak izena emateko epe arrunta hasi baino lehenago eman beharko du programatutako eskola-ordutegiaren berri.

19.2. Espezializazio ikastaroen prestakuntza jardueren ezaugarriak.

–Espezializazio ikastaroen prestakuntza jarduerak bete beharko du espezializazio ikastaroa ezartzen duen kasuan kasuko errege dekretuan ezarritakoa.

–Espezializazio ikastaroen prestakuntza jarduera hala ikastetxean nola ikastetxez kanpoko beste toki batzuetan egin daiteke.

–Kontuan izanik espezializazio ikastaroen izaera esperimentala, eta irakatsiko dituzten ikastetxeen ahalmenak zein diren, ikasketarako metodologia aktiboak erabiliz antolatzen ahal dira lanbide moduluak.

19.3. Koordinazioa eta tutoretza.

Ikastetxe bateratuko zuzendaritzak espezializazio ikastaroko koordinatzaile bat izendatuko du ikastetxeko irakasle taldeko kideen artetik. Hark taldeko tutoretzaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, koordinazioaz eta tutoretzaz indarreko araudian aurreikusten diren eginkizunekin.

19.4. Irakasleak.

Lanbide moduluetan irakaskuntza-eskumena duten espezialitateetako irakasleek irakatsiko dituzte lanbide moduluak, edo irakasle espezialistek, espezializazio ikastaroetako bakoitza ezartzen duen errege dekretuaren III A) eranskinean zehazten denarekin bat.

19.5. Espezializazio ikastaroaren urteko memoria.

Ikastetxeak urteko memoria prestatuko du 2022ko uztailaren 31 baino lehenago, non jasoko baitira Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak zehazten dituen alderdiak.

19.6. Ezarpen esperimentalaren jarraipena eta ebaluazioa.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren bidez, jarraipena eginen dio espezializazio ikastaroen ezarpen esperimentalari.

19.7. Espezializazio ikastaroen curriculuma.

Espezializazio ikastaroa ezartzen duen eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituen errege dekretuan ezarritakoa izanen da.

19.8. Ikasleen antolaketa eta ebaluazioa.

Ebazpen honetan curriculumaren antolaketaz eta ebaluazioaz jasotzen ez diren alderdi guztiek bete beharko dituzte Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak oro har erregulatzen dituzten arauak.

19.9. Ziurtapena.

Sarrerako baldintzak betez sartuta espezializazio ikastaro bat gainditzen dutenek gainditutako espezializazio ikastaroaren ziurtagiri ofiziala jasoko dute, Espainia osoan balioko duena.

Sarrerako baldintza gisa ezarritakoaz bestelako titulazio batzuekin sartuta espezializazio ikastaro bat gainditzen dutenek ikastetxearen ziurtagiri bat jasoko dute, gainditutako moduluak egiaztatzen dituena eta Nafarroako Foru Komunitatean balioko duena.

20. Finantzaketa.

Ebazpen honen babesean espezializazio ikastaroak ezartzea jarduera finantzagarri bat da Lurralde arteko Lankidetza Programa Bereziaren barnean (Hazkunde ekonomiko eta sozialerako eta enplegagarritasunerako Lanbide Heziketako Planaren jarduketetarako), eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatuta daude.

3. ERANSKINA

Onarpen eta matrikulazio prozesuaren egutegia

EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Inskribatzeko eskaerak jasotzea.

(Inskribatzeko epea)

2021eko urriaren 4a

2021eko urriaren 8a (aurrez aurre: 14:00ak arte / telematikoa: 23:59 arte)

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea.

2021eko urriaren 13a

Onartuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkeztea.

2021eko urriaren 13a

2021eko urriaren 15a (14:00ak arte)

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea.

2021eko urriaren 18a

Ikaspostua lortu duten ikasle onartuen matrikulazioa ikastetxean

2021eko urriaren 18a

2021eko urriaren 20a

DATA GARRANTZITSUAK

Ikastaroko eskolen hasiera

2021eko urriaren 20a

Eskolen bukaera

2022ko ekainaren 22a

Eskolen ordutegia eta egutegia

Espezializazioaren ikastaroa ematen duen ikastetxeak zehazten ditu

4. ERANSKINA

Espezializazio ikastaroetan sartzeko betebeharrak

ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

TITULAZIO BALDINTZAK

FABRIKAZIO GEHIGARRIA

–Audiologia Protesikoko goi mailako teknikaria.

–Fabrikazio Mekanikoaren Arloko Produkzioaren Programazioko goi mailako teknikaria.

–Metalezko Eraikuntzetako goi mailako teknikaria.

–Patroigintzako eta Modako goi mailako teknikaria.

–Automozioko goi mailako teknikaria.

–Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi mailako teknikaria.

–Sukaldeko Zuzendaritzako goi mailako teknikaria.

–Oinetakoen eta Osagarrien Diseinu eta Produkzioko goi mailako teknikaria.

–Eraikuntza Proiektuetako goi mailako teknikaria.

–Energia Berriztagarrietako goi mailako teknikaria.

–Obra Zibileko Proiektuetako goi mailako teknikaria.

–Metalen eta Polimeroen Moldeaketan Produkzioa Programatzeko goi mailako teknikaria.

–Diseinuko eta Altzari-hornikuntzako goi mailako teknikaria.

–Ehunekoen eta Larruzko Jantzien Diseinu Teknikoko goi mailako teknikaria.

–Automatizazioko eta Robotika Industrialeko goi mailako teknikaria.

–3D Animazio, Joko eta Ingurune Elkarreragileetako goi mailako teknikaria.

–Neurrirako Jantzietako eta Ikuskizunetako goi mailako teknikaria.

–Karakterizazioko eta Makillaje Profesionaleko goi mailako teknikaria.

–Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako goi mailako teknikaria.

ZIBERSEGURTASUNA OPERAZIO TEKNOLOGIEN INGURUNEAN

–Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuetako goi mailako teknikaria.

–Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikaria.

–Automatizazioko eta Robotika Industrialeko goi mailako teknikaria.

–Telekomunikazio eta Informatika Sistemetako goi mailako teknikaria.

–Mantentze-lan Elektronikoko goi mailako teknikaria.

ADIMEN ARTIFIZIALA ETA BIG DATA

–Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko goi mailako teknikaria.

–Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapeneko goi mailako teknikaria.

–Web Aplikazioen Garapeneko goi mailako teknikaria.

–Telekomunikazio eta Informatika Sistemetako goi mailako teknikaria.

–Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikaria.

–Automatizazioko eta Robotika Industrialeko goi mailako teknikaria.

KULTIBO ZELULARRAK

–Analisiaren eta Kalitate Kontrolaren Laborategiko goi mailako teknikaria.

–Produktu Farmazeutikoen, Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi mailako teknikari titulua.

–Laborategi klinikoko eta biomedikoko goi mailako teknikaria.

–Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikaria.

INTERNETERA LOTUTAKO SISTEMEN (IoT) INSTALAZIOA ETA MANTENTZE LANAK

–Sistema Mikroinformatikoetako eta Sareetako teknikaria.

–Instalazio Elektriko eta Automatikoetako teknikaria.

–Kimika Lantegiko teknikaria.

–Telekomunikazio Instalazioetako teknikaria.

–Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpeneko teknikaria.

–Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpeneko teknikaria.

–Lorezaintzako eta Lore-lanetako teknikaria.

–Beroa Sortzeko Instalazioetako teknikaria.

–Hotz eta Girotze Instalazioetako teknikaria.

–Mantentze-lan Elektromekanikoko teknikaria.

–Uren Tratamendurako Sare eta Araztegietako teknikaria.

–Sistema Aeronautikoetako Egituren eta Instalazioen Muntaketako teknikaria.

5. ERANSKINA

Nafarroako espezializazio ikastaroetan izena ematea ahalbidetzen duten beste titulazio batzuk

ESPEZIALIZATZEKO IKASTAROA

NAFARROAN IZENA EMATEA AHALBIDETZEN DUTEN BESTE TITULAZIO BATZUK

FABRIKAZIO GEHIGARRIA

–Bero eta Fluido Instalazioen Proiektuak Garatzeko goi mailako teknikaria.

–Bero eta Fluido Instalazioen Mantentze-lanetako goi mailako teknikaria.

–Mekatronika Industrialeko goi mailako teknikaria.

ZIBERSEGURTASUNA OPERAZIO TEKNOLOGIEN INGURUNEAN

–Informatika eta Komunikazioak lanbide arloko goi mailako teknikariak.

ADIMEN ARTIFIZIALA ETA BIG DATA

–Mantentze-lan Elektronikoko teknikaria

KULTIBO ZELULARRAK

–Elikagaien Industriak lanbide arloko goi mailako teknikariak.

–Kimikako eta Ingurumen Osasuneko / Ingurumen Osasuneko goi mailako teknikaria.

INTERNETERA LOTUTAKO SISTEMEN (IoT) INSTALAZIOA ETA MANTENTZE LANAK

–Elikagaien Prestakuntzako teknikaria.

Iragarkiaren kodea: F2113779